Ume ixarra

 

Egurgin bi etxerantz joyazan baso-ziar.

      Neguko gau txarra zan.

      Lurra ta zugatzak edurrez beterik egozan.

      Ibai ta latsak (errekak) letuta aurkitzen ziran.

      Menditik bera mor-mor jausten zan urari be, Otz-Bakaldunak mosu-egin eutson, bai?, ta ura letu zan.

      Otz andija zalako, basaberiak (basoko aberiak) ezekijen zer egin.

      Txut! iñuan otsuak, baso-erditik ebillala, buztana anka-artian eskutauta. Auxe da otza, milla arrayetan! Zer dala-ta eztau gobernubak ezer egiten otz au gitxituteko?

      Txorrotxiotxi! abestuten eben txorijak. Ilda dago lurra, zapi zurijagaz estalduta.

      Lurra ezkonduten ei-dua. Auxe ei-da eztegurako jantzija usuak alkarri esaten eutsoen.

      Orrek astakeri galantak dira! otsuak, asarrez, esan eban. Ostera be dirautzubet, gusti au gobernubaren erruba dala. Eta ziñestu nai ezpa-daustazube, iruntsi biarko zaitubet.

      Tira, ba. Orregatik ez asarratu landara batek esan eban Dana-dala, gustijok autortu biar dogu otz andija dala.

      Eta orixe zan, benetan.

      Ezin otz andijagorik ixan.

      Izai-(abeto)-barruban bixi ziran katagorrijak alkarri surra igortziten eutsoen, berotuteko.

      Kuyak (konejuak) zuluan sartu ta kukurtuten ziran, kanpora begiratu barik.

      Gautxorijak ziran, barriz, pozik ebiltzanak.

      Egakijak (lumak) letuta eukezan. Baña orri begiratu barik, begi orijak eta zabalak batera-bestera erabilli ta alkarri dei-egiten eutsoen:

      Tu-juit, tu-ju! Tu-juit, tu-ju! Auxe da eguraldi ederra!

 

 

Egurgin bijok aurrera joyazan, atzamarrai putz-egiñaz ta oski (zapata) lodijakin edurra zapaldubaz.

      Bein, zulo sakon batera jausi ziran. Eta bertatik zuri-zuri eginda urten biar ixan eben, errotarijen antzera.

      Beste bein, letuta eguan oxin (pozu) baten larrapast-egin eta egurrak lurrera jausi yakezan.

      Gerotxubago, ikaratu ziran gustiz, etxerako bidia galduta eukelakuan.

      Baña bidaztijen zaindarija dan Martin Deunari otoi (erregu)-egin eta baso-ertzera eldu ziran.

      Eta pozik eldu be, bixi ziran baserriko argijak andik ikusten ebezan-eta.

      Arrezkero barre-algarak egin ebezan.

      Eta lurra, zidarrezko lorea irudi yaken. Eta illargija urrezko lorea.

      Orratiño, barre-eginda gero estutu ziran, txiruak (pobriak) zirala gogoratuta.

      Eta euretarik batek bestiari esan eutson:

      Zer dala-ta poztu, mundu onetako bixitxa gixon aberatsentzat bakarrik dala ikusita, ta ez gu-lako lander-entzat? Obe litzakigu, ementxe bertan otzez iltia.

      Gixon batzuk larregi ta bestiak gitxijegi dauke lagunak erantzun eutson . Baña danok il biar.

      Auxe esaten egozalarik, gauza ikuskarrija uartu eben.

      Ixar dizdiratsu bat ortzetik (zerutik) sarats-artera jausi zan.

      Nok topauko ete-leuke lapikobete urre ori! bijok batera esan eben, ariñeketan asita.

      Euretarik bat bestia baño ariñago joyan. Eta sarats-artetik sartuta, beste aldera eldu zan. Edur-gañian jausita eguan urre-margodun (koloredun) gauza bat ikusi eban.

      Gauza au eskubetan artu ta ikusi eban urrezko jantzabal (kapa) ederra zala, ixarrak ergalunduta (bordata) eukona. Jantzabal au toloztuta eguan.

      Gure gixonak orduban didar-egin eutson lagunari, zerutik jausiriko gordalluba (tesorua) topau ebala esanaz. Eta laguna beragana elduta, bijok edur-gañian jezarri ta jantzabala zabaldu eben, urrezko amaseikuak-edo topauko ebezalakuan.

      Baña a ixan zan atsekabia!

      Jantzabalak ezeukon urrerik, ez ezetariko gordallurik. Bakar-bakarrik eukon, lo gozuan eguan umetxu bat.

      Eta lagun batek bestiari esan eutson:

      Geuria ixan da etsipen (desengaño) andija! Zori txarra daukogu. Zetarako biarko ete-gendun orain olako umerik? Bertan-bera itxi (laga) biarko dogu, txiruak garalako ta umiak eurrez daukoguzalako. Gure umioi ogirik emon-eziñik ibilten garanezkero, zelan arrayo atonduko ete-giñian iñorenari emoteko?

      Baña beste egurgiñak erantzun eutson:

      Ez, zitalkeri andija ixango litzake, olako umetxu samurrik edur-artian gosez ta otzez ilten istia. Eta zeu baxen txirua ixan eta zeuk beste ume euki-arren, etxera eruango dot umetxu au, emaztiak zaindu ta azi dagijan.

      Eta umia besuetan artu ta jantzabalaz alik ondoen estalduta, etxerantz zuzendu zan, lagunak bere lepotik barre-egiten ebala.

      Baserrira elduta, lagunak esan eutson gure gixonari:

      Zeuk umia daruazu, ezta? Ekarri, ba, jantzabala. Bakixu, gordallubagaz erdi-bana egingo gendubala esan gebala.

      Baña egurgin zintzuak erantzun eutson:

      Ezin ori. Jantzabala ezta zeuria, ez niria, umiarena baño.

      Eta agur-egin ondoren, etxera juan eta atian jo eban. Emaztiak atia zabaldu eban. Eta senarra osasunaz ta ondo etorrela ikusita, besarkatu eban.

      Egur-pillua sorbaldatik lurrera eratsiten lagundu ta oskijetan (zapatetan) eukon edurra kendu eutson.

      Baña egurgiñak esan eutson:

      Basuan gauza bat aurkitu dot, bai?, ta emen dakatzut, ondo zaindu dagixun.

      Zer da, baña? emaztiak itandu eutson. Arin esan, gurian gustitariko gauzak biar dira-ta.

      Gixonak, orduban, jantzabala zabaldu ta lo eguan umetxuba erakutsi eutson.

      Ut ortik, zorigaizto! emaztiak, asarrez, esan eutson Gure umiai jaten emon-eziñik gabiltzalarik, beste umerik dakastazu? Batek bai-daki gero, beronegaz zori txarra etorriko ete-danik! Baña zelan demontre konponduko ete-gara berau azteko?

      Ume au ume ixarra da.

      Eta esan eutson zelan aurkitu eban.

      Baña emaztia, baketu-biarrian amurragotu zan. Eta senarrari, garrazika, esan eutson:

      Gure umiai emoteko beste ogi eztaukogu, ta iñorenari emon biarko ete-dautsogu? Zer ixango da gugaz? Nok emongo ete-dausku jaten?

      Ez ardurarik ixan. Jaungoikua'k danok zainduten gauz (gaitu). Ormatxorijai be ez-ete-dautse jaten emoten? senarrak erantzun eutson.

 

 

Basotiko axe otza sartzen zan barrura, zabalik eguan atetik.

      Emaztiak, dardarez, gixonari esan eutson:

      Itxixu ate ori. Axe otza sartzen dala ez-ete-dozu ikusten?

      Bijotz gogorrik dagon etxera, axe otza baño ezta sartu biar egurgiñak esan eban.

      Emaztia, ezer erantzun barik, su-ondora urreratu zan.

      Andik laster, begijak malkoz beterik eukozala, senarrari begiratu eutson.

      Gixonak, orduban, umia artu ta emaztiaren altzuan ezarri eban.

      Onek mosu bat emon eutson. Eta lotan ipiñi eban etxeko umerik txikijena lo eguan siaskatxuban (kunatxuban).

      Urrengo goxian egurgiñak urrezko jantzabala artu ta kutxa baten sartu eban.

      Umiak lepotik dingillizka eukon anbarezko idustuna be emaztiak artu ta kutxan jabon eban.

 

 

Ume ixarra egurgiñaren umiakin azten zan. Eurekin jan eta eurekin ibilten zan jolastuten (olgetan).

      Geruago ume ederragua zan. Baserriko gustijak ikaratuta egozan Ume Ixarraren edertasunagaz.

      Margo edo kolore zurija eukon, bolija (marfilla)-lakua. Ule kizkurra zan bere ulia. Ezpanak eukozan kerexa-antzera. Eta begijak, argi-argijak.

      Edertasunok, baña, kaltia baño ezeutson ekarri.

      Ume arro, ankerra ta berekoya egin zan.

      Egurgiñaren semiak eta baserriko umiak destañez erabilten ebazan. Euroi esaten eutsen, eskale ta lander batzuk baño etzirala. Bera, barriz, andikijen ondorengua zan, ixar batetik etorrija. Ume gustijak jopubak (esklabuak) lez erabilten ebazan.

      Ez eskekuentzat, ez itxubentzat, ez errenentzat ezeban errukirik ixaten. Barriz, arrika-egiten eutsen, erri-mugaraño euron atzetik juanaz.

      Bere bildurrez etzan baserri atara ogi edo diru-eske eskalerik sartzen.

      Eder-zalia zan-eta, lepoker, elbarri, erren eta ostantzekuai irri ta iñaka egiten eutsezan.

      Buruba bakarrik mate eban.

      Eta udan, abadiaren patiñera juan eta atsegiñez ikusten eban arpegijaren edertasuna ur-ispilluban.

      Egurgiñak eta emaztiak sarri agiraka-egin eta esaten eutsoen:

      Ezkenduban zeugaz geuk egin, geidiagaz (lagun-urkuagaz) egiten dozunik. Zer dala-ta zara ain ankerra errukarrijak diran notiñakin (lagunakin)?

      Bein baño geyagotan abadiak esaten eutson:

      Eulija arrebea dozu. Ez miñik egin, ba. Baso-ziar dabiltzan txorijak azke (libre) dira: ez kendu azkatasuna. Jaungoikua'k zizarija (lonbriza) ta satorra egin euzan. Eta bakotxari bere ardurea ta lana emon eutsozan. Nor zara zeu, ba, edonori miñik egileko? Basoko artaldiak be Jaungoikua onesten (bedeinkatuten) dabe. Eta zeuk eztozu olakorik egingo?

      Baña Ume Ixarrak jaramonik ez.

      Abadiaren esanak entzun eta lagunakana bigurtuten zan, gura eban lez oneik erabilteko.

      Lagunok atzetik juaten yakozan beti, ederra zalako ta izta (anka) ariñak eukozalako. Orrez gañera, dantza-egiten eta txillibituba joten ekijan sekuleko edertoen.

      Ume Ixarrak bidalduten ebazan lekura, lagunak, txitik esan-barik, juan biar ixaten eben, eta aginduten eutsen gustija be beriala egin.

      Eta Ume Ixarrak, zumel zorrotzagaz abere bati begijak ataraten eutsozanian, lagunok barre-egiten eben. Eta eskeko ta usteridunai (lepradunai) arrika-egiten ba-eutsen be, astakirtenok barre-algarak egiten ebezan.

      Ibilli ta ibilli, bera baxen ankerrak ixatera eldu ziran. Bera baxen lotsagaldukuak.

 

 

Alako baten, andera eskale bat baserrira eldu zan. Janzkija urratuta ta oñak odolez beterik eukozan, bide txarretatik luzaro ibillija zan-eta.

      Itxura negargarrija eukon.

      Nekatuta etorralako, gaztañondo baten azpijan jezarri biar ixan zan atsedenduten (deskantsua artzen).

      Baña Ume Ixarrak emakume errukarrija ikusi ta lagunai esan eutsen:

      Ara, beitu zugatz aren azpijan jezarrita dagon eskale ziztrin-loi a... Tira, neugaz etorri, bertatik alde-eragiteko, zikin-zatarra da-ta.

      Eta bere ondora elduta, arrijak bota ta irri-egin eutson.

      Andera gaxuak, ikaraz, begirada samurrak jaurtiten eutsozan.

      Egurgiñak ikusi eban ume ankerrak egiten ebana. Eta beroni eldu ta agiraka-egin eutson, esanaz:

      Egiz esan leike bijotz gogorrekua zarala ta iñoren errukirik eztaukozula. Zer egin ete-dautzu andera errukarri orrek, orren txarto erabilteko?

      Ume Ixarrak, asarrez gorrituta, erantzun eutson:

      Eta nor ete-zara zu, olako konturik niri artzeko? Zeuk enozu seme ta eztautzut lotsarik zor.

      Egija diñozu gixonak esan eban. Orratiño, errukija erakutsi neutzun, basuan aurkitu zindudazanian.

      Andera eskalia itz orreik entzun eta lurrera jausi zan konorte barik.

      Egurgiñak berau artu ta etxera eruan eban. Eta emaztiak zintzoro zaindu be bai.

      Konortera etorri zanian, jaten eta edaten emon gura ixan eutsoen.

      Baña andereak, jateko-edatekorik ukutu-barik, egurgiñari itandu eutson:

      Eztozu len esan umia basuan aurkitu zendubala? Noiz ixan ete-zan ori: orain amar urte?

      Eta egurgiñak erantzun eban:

      Bai, basuan topau neban orain amar urte.

      Eta etzenduban beragaz ikurrik (señalik) aurkitu? Umiak ezeukon anbarezko idustunik? Ezeguan estalduta urrezko eunagaz egindako jantzabal bategaz, ixar asko egalunduta (bordata) eukozanaz?

      Bai orixe. Zeuk diñozun letxe eguan.

      Eta kutxatik jantzabala ta idustuna atarata, erakutsi eutsozan.

      Andereak gauza orreik ikusita, pozaren pozez, negarrari emon eutson. Orduban esan eban:

      Orixe dot neure semia, basuan galdu nebana. Arren dei-egijozube, bere billa ludi (mundu)-ziar nabil-eta.

      Egurgiñak eta emaztiak Ume Ixarrari didar-egin eta esan eutsoen:

      Zuaz etxera ta ama aurkituko dozu, begira dagokixu-ta.

      Mutilla ariñeketan eta pozik etxera sartu zan.

      Baña itxaroten egokijona ikusi ebanian, barreka asi ta destañez esan eutson:

      Nun ete-dago ama, baña? Emen eztakust eskale iguingarri bat baño.

      Eta eskaliak erantzun eutson:

      Neu nozu ama.

      Zoratuta zagoz, itxuraz Ume Ixarrak, amurru bixiz, esan eutson. Nik etzaitut ama, zeu eskeko motz eta loya zara-ta. Alde emetik, ba, olako arpegi zikin-iguingarririk beste bein ez-ikusteko!

      Zeu zara, bai, ene semetxuba, basuan galdu zindudazana andriak berresan eutson.

      Eta bere aurrian auzpeztu ta besuak luzatu eutsozan.

      Lapurrak ostu ta laga zindubezan, gero gosez il zedizantzat ama errukarrijok esan eutson. Baña orain ikusi ta ezagutu zaut. Bai ta gañian zeukozan ikurrak (señaliak), urrezko jantzabala ta anbarezko idustuna be ikusi ta ezautu dodaz. Jaungoikuarren eskatzen dautzut neugaz etorteko, ludi-ziar zure billa ibilli naz-ta. Etorri zadiz nigaz, ene semia, zure matasunaren biar-ixan andijan nagolako.

      Baña Ume Ixarra zutunik eta tente eguan, bijotzeko atiak itxita. Ama zorigaiztokuak negarrari emoten eutson.

      Azkenez, Ume Ixarrak itz-egin eban. Eta gogor ta garratz egin be.

      Benetan nire ama ba'zintzaz esan eutson, obeto egingo zeunke olako itxura magargarrijaz nigana ez etorri. Nik uste neban ixarren baten semia ixango nintzala, ez zu-lako eskale batena, diñozunez. Ut ortik, ba, ostera be ikusi etzagidazan!

      Oi, ene semia! andereak, zotiñez, esan eutson. Ez-ete-daustazu, ni juan baño lenago, mosurik emongo? Zeu ikusteko jasan (sufridu) biar ixan dodana!

      Ez, eztautzut mosurik egingo Ume Ixarrak esan eutson. Iguingarrijegija zara, bai?, ta nayago neuke suge bateri mosurik emon zeuri baño.

      Anderea, ori entzunda, jagi ta basorantz abijau zan, negar baten.

      Ume Ixarrak, urrin ikusi ebanian, poz andija artu eban.

      Eta lagunakana atzera juan zan, jolastuten.

      Baña oneik, ikusi ebenian, bere lepotik barre-egin eta esan eutsoen:

      Kunkuna (sapuba) baxen motz eta larrasugia (víbora) baño iguingarrijagua zara. Alde emetik, zeugaz eztogu jokatu gura-ta!

      Eta jaurti eben euren ondotik.

      Ume Ixarrak betozkua ipiñi ta kolkorako esan eban:

      Zer ete-yiñuek oneik? Patiñera juango nok, ur-ispilluban arpegija ikusten. Eta urak erakutsiko yaustak betiko edertasuna.

      Patiñera elduta, uretara begiratu eban. Baña a zan ixatekua!

      Arpegija kunkunarena lakua eukon. Eta gorputza larrasuge baten antzekua.

      Orduban bedar-gañian etzun eta negar samiñez esan eban:

      Itxuraz, jaungoikua'k zigortau (kastigau) nai ixan yaustak, oben (pekatu) andija egin yuadalako. Ama etxuat artu gura ixan, eta nire ondotik alde-eragin yautsot. Arrua ta ankerra ixan nayakok. Baña orain mundu-ziar bere billa juango nok. Eta berau idoro (topau) arte, enok geldituko.

      Orduban egurgiñaren alabatxubak berari eldu ta eskubaz sorbalda-gañian ukututa, esan eutson:

      Lengo edertasuna galdu dozula-ta ez ardurarik ixan. Geugaz lotu zadiz ta neuk beintzat eztautzut irririk (burlarik) egingo.

      Baña mutillak erantzun eutson:

      Ez, enaz emen geratuko. Amagaz bijotz gogorra ixan nazalako, Jaungoikua'k zigortau nau. Juan biar dot, ba, ludi gustitik, ama idoro ta bere azketsa (parkaziñua) jaritsi-arte.

      Eta basora urtenda, amari didar-egiten eutson. Baña alperrik.

      Egun gustijan ariñeketan eta deika ibilli zan. Eguzkija ostendu zanian, orbel-artera, deskantsua artzen, etzun zan.

      Basaberiak eta txorijak igeska ebilkijozan, seme ankerra ixan zalako. Eta burubagaz bakar-bakarrik geratu zan.

      Urrengo goxian jagi ta zugatzetatiko orri batzuk artu ta jan ebazan.

      Eta bidiari barriro ekin eutson, negarrez urtuta. Bidian aurkitzen ebazan ixaki gustijai itanduten eutsen ia bere ama ikusita ete-euken.

      Satorrari esan eutson:

      Lur-azpitik ibilten zaran sator orrek, esan: nire ama an ete-dago?

      Eta satorrak erantzun eutson:

      Zelan jakingo neban ori, zeuk begijak atara zeustazan-eta?

      Kardantxorijari esan eutson:

      Zugatz-ganetik eta baso-ziar egaiz egin daikezun-ezkero, esan: nire ama ikusi ete-dozu?

      Eta kardantxorijak erantzun eutson:

      Egalak mozta zeustazan-eta, zelan atonduko ete-nintzan egaiz-egiteko?

      Izai-barruban bakar-bakarrik bixi zan katagorrijari itandu eutson:

      Nire ama ikusi ete-dozu? Nun egon leiken bakixu?

      Eta katagorrijak erantzun eutson:

      Zeuk umiak il zeustazan. Zure etxekuak be il gura ete-dozuz?

      Ume Ixarrak negar ta negar egiten eban. Eta buruba makurtuta, danoi azketsa eskatzen eutsen.

      Eta beti aurrera ta aurrera, amaren billa.

      Ibilli ta ibilli, basoko beste aldera eldu ta ibarrera jatsi zan.

      Uri ta baserri-atzetik joyanian, umiak irri-egin eta arrijak botaten eutsoezan.

      Baserritarrak itxi ez aletegi ta ukulubetan lorik egiten.

      Ezeban iñok beraganako errukirik erakusten.

      Iru urtetan ibilli zan olan. Baña alperrik, amaren barririk ezeutsoen emoten-eta.

      Sarri iruditen yakon, ama agertzen yakola urrundik. Eta orduban, berari deika, atzetik juaten yakon, bideko arrijak oñak mindu ta odoletan ipiñi-arren. Baña ezin iñoiz be amari eldu.

      Iru urtiotan ludi-ziar ibilli zan, nekez ta miñez ba-da be. Eta orduban ikusi ta ikasi eban munduko gixonik asko arruak eta gaiztuak zirala, bera iñoiz ixan zan-lakoxiak.

 

 

Goiz baten arresiz (arri-esiz) inguraturiko guturi (ciudad) batera eldu zan.

      Gustiz nekatuta eguan-eta, bertora sartu gura ixan eban.

      Baña atia zainduten egozan gudarijak (soldauak), abots garratzez, itandu eutsoen:

      Zetan zatoz ona?

      Amaren billa nabil mutillak erantzun eban. Mesedez eskatzen dautzubet guturira sartzen itxi nagixuben, bertan ete-dagon ikusteko.

      Gudarijak, baña, lepotik barre-egin eutsoen.

      Euretarik batek esan eutson:

      Uste dot neuk, ama eztala poztuko zeu ikustiaz, zingiretako kunkuna baño motzagua ta basa-artian narrezka ibilten dan larrasugia baño iguingarrijagua zaralako. Alde emetik! Zure ama ezta guturi onetan bixi.

      Beste gudarijak itandu eutson:

      Nor ete-da zure ama ta zer dala-ta zabiltz bere billa?

      Ume Ixarrak erantzun eban:

      Ama da neu-lako eskekua. Bein txarto erabilli neban, biar zan baño gogorrago. Arren guturira sartzen itxi nagixube, azketsi (parkatu) dagistan obena, emen ba-dago beintzat.

      Baña gudarijak ezpatea atara ta jo egin eutson.

      Ume errukarrijok alde-egiten ebala, beste gudari batek eldu ta lagunai itandu eutsen ia nor ete-zan mutil iguingarri a.

      Eskale bat baño ezta, beste eskale baten semia. Nai-ta-ez emetik alde-eragin biar ixan dautsogu.

      Zer dala-ta? barreka esan eban. Mutil ori joputzat (esklabutzat) salduko geunke, bai?, ta dirubaz ardao-dangada ona edan.

      Eta bertatik igaroten zan agure malmutz batek, ori entzunda, gudarijoi esan eutsen:

      Saldu gura ba-daustazube, neuk erosiko dautzubet.

      Diruba emon eta Ume Ixarra eskutik artuta, guturira sartu eban.

      Kalerik-kale luzaro ibillita gero, ate txiki zar batera eldu ziran.

      Agureak atia ukutu ta zabaldu zan.

      Zurubi (eskillera) batetik jatsi ta itxura txarreko baratz batera jo eben.

      Agureak Ume Ixarrari begijak estaldu ta bultz-egin eutson, aurrera juateko.

      Begi-aurreko zapija kendu eutsonian, espetxe (kartzel)-antzeko gela illunian ikusi eban buruba gure mutillak.

      Agureak, orduban, aurrian ogi-zati bat ipiñi ta esan eutson:

      Jan egixu.

      Eta pitxarbete ur ipiñi ta esan esan eutson:

      Edan egixu.

      Umiak jan-edan ebanian, agureak alde-egin eban, atia giltzagaz ondo itxita gero.

      Bijaramoneko goxian agureak (Libia'ko zorgiñik malmutzenak) txakira (gelara) sartu ta Ume Ixarrari esan eutson:

      Emetik urrun eztagon oyan (baso) baten iru txindi edo diru dagoz. Bata urre zurizkua da, bestia urre orizkua ta irugarrena urre gorrizkua. Gaur bertan ekarri biarko daustazu urre zurizko txindija. Ekarten ezpa-dozu, astiñaldi galanta emongo dautzut. Zuaz len-bai-len. Iluntzijan baratzeko atian egongo nayatzu begira. Kontuz ibilli urre zurija ekarten, bestelan txarto ibilliko zara-ta. Jopuba zaitut, guturiko atian erosi zindudazalako.

      Eta umiari begijak estalduta, baratzetik ziar eruan eban. Eta zurubitik eruanda, kale-erdijan itxi eban.

 

 

Ume Ixarra guturiko atetik urten eta zorgiñak esandako oyanera eldu zan.

      Kanpotik begiratuta itxura polita eukon. Edonok esango eban txori abeslariz (kantariz) ta lora usaindunez beterik egongo zala. Orregatik mutilla pozik sartu zan bertara.

      Baña sartuta beriala igarri eban sastraka ta sasijak baño ezeukozala.

      Asunak zizti-zazta egiten eutsoen. Eta kardaberak oñetan sartuten yakozan.

      Gure ume gaxua naigabez eguan.

      Goxetik illuntzirarte oyaneko bazter gustijak arakatu, baña urre zurizko dirurik agiri ez.

      Eguzkija mendi-ostez jatsita, guturirantz zuzendu zan, negar baten, gauza onik etorriko etxakola igarten ebalako.

      Oyan-ertzera elduta, garrazi bat entzun eban.

      Ara begiratu ta erbi bat ikusi eban, lakijuan jausita. Umia erbijagaz errukitu zan. Eta lakijotik azkatu eban, esanaz:

      Jopu errukarri bat baño enaz. Baña azkatasuna emongo dautzut zeuri.

      Erbijak erantzun eutson:

      Emoten daustazun azkatasun onen ordez, zer emongo ete-neuskixu, baña?

      Ume Ixarrak erantzun eban:

      Urre zurizko txindi baten billa nabil, eta ezin topau. Ugazabari eruaten ezpa-dautsot, gogor astinduko nau.

      Etorri nigaz erbijak esan eutson. Txindi ori dagon lekura eruango zaitut. Bakit nun eta zetarako dagon.

      Ume Ixarra erbijagaz juan zan.

      Eta arte baten zuluan urre zurizko txindija ikusi eban. Pozez beterik artu ta erbijari esan eutson:

      Egite on baten ordez (truke) beste egite on bat egin daustazu. Gauza onik egin ba-dautzut be, obia egin daustazu zeuk.

      Ez erbijak erantzun eban. Nik eztautzut egin, zeuk egin daustazuna baño.

      Eta ariñeketa baten aldendu zan.

      Ume Ixarra guturirantz abijau zan.

      Guturi-atian gixon usteridun (lepradun) bat aurkitu eban.

      Arpegija estalduta eukon eun bategaz ta onen zulo bijetatik begijak, txingarrak lakuak, ikusten yakozan.

      Umia ikusita, zurezko katillubagaz lurrian jo ta arranari eranginda gero, dei-egin eutson, esanaz:

      Txindirik emoidazu, Jaungoikuarren. Bestelan ilgo naz. Guturitik bota nabe, bai?, ta ezta iñor nigaz errukituten.

      Bai Umiak esan eutson , baña nik eztaukot diru bat baño. Eta ugazabari eruaten ezpa-dautsot, joko nau, joputzat nauko-ta.

      Baña usteriduna eske ta eske egon yakon. Eta Ume Ixarrak, beronegaz errukituta, urre zurizko diruba emon eutson.

      Eta zorgiñaren etxera eldu zanian, onek atia zabaldu ta itandu eutson:

      Ba-dakazu urre zurizko txindija?

      Umiak erantzun eutson:

      Ez, eztakat.

      Agureak, orduban, zartada batzuk emon eutsozan. Eta jan-edateko, azpilla (platera) ta pitxarra utzik aurkeztu eutsozan.

      Urrengo goxian zorgiñak esan eutson:

      Gaur ezpa-dakastazu urre orizko txindija, betiko joputzat eukiko zaitut.

      Umia oyanera juan eta egun gustijan ibilli zan batera ta bestera, urre orizko dirubaren billa. Baña ezin topau.

      Eguzkija ostendu zanian negarrari emon eutson.

      Negarrez egualarik, lengo erbija eldu yakon.

      Zer dala-ta negar-egiten dozu? Zeren billa zabiltz orain? erbijak itandu eutson.

      Eta Ume Ixarrak eranizun eban:

      Emen eskutauta dagon urre orizko txindijaren billa nabil. Idoroten ezpa-dot, ugazabak jo ta betiko joputzat artuko nau.

      Etorri nigaz erbijak esan eutson.

      Eta oyan-ziar bijok alkarregaz juan ziran, oxin (pozu) batera jo-arte. Oxiñian bertan eguan urre orizko txindija.

      Eskarrik asko, erbi laztana. Auxe da zeuk egiten daustazun bigarren mesedia.

      Zeu ixan ziñan nigaz errukitu ziñan lenengua erbijak esan eutson. Eta arin juan zan.

      Ume Ixarra urre orizko txindija artu ta sakelian sartuta, guturirantz zuzendu zan.

      Baña gixon usteridunak ikusi eban. Eta aurrian auzpeztu yakon, esanaz:

      Emoidazu, Jaungoikuarren, txindirik! Ostantzian, ilgo naz.

      Ume Ixarrak erantzun eutson:

      Aldian eztaukot urre orizko txindi bat baño. Baña ugazabari emoten ezpa-dautsot, jo ta betiko joputzat etsiko nau.

      Usteriduna, baña, eske ta eske ebilkijon-eta, umiak, beragaz errukituta, urre orizko diruba emon eutson.

 

 

Agurearen etxera elduta, onek atia zabaldu ta itandu eutson:

      Urre orizko txindija ba-dakazu?

      Ez, eztakat Umiak erantzun eutson.

      Zorgiñak orduban zartada gogorrak emon eutsozan.

      Eta estuntzaz (katiaz) lotuta, zulo baten sartu eban.

      Urrengo goxian agureak etorri ta esan eutson:

      Gaur ba-dakastazu urre gorrizko txindija, azkatasuna emongo dautzut. Baña ostantzian, ilgo zaitut.

      Ume Ixarra oyanera juan eta egun gustijan ibilli zan urre gorrizko txindijaren billa.

      Baña alperrik.

      Illuntzijan jezarri ta negarrez asi zan.

      Eta negarka egualarik, erbija etorri yakon, auxe esaten:

      Biar dozun urre gorrizko txindija, orko aldetik dagon leiz sakonian aurkitzen da. Orixe dala-ta ez negarrik egin, barre gozua baño.

      Zegaz ordainduko (pagauko) ete-dautzut irugarren eskar zu? Zeu ixan zara ona niretzat!

      Zeu ixan ziñian nigaz errukifu ziñan lenengua erbijak esan eban. Eta beste-barik, ariñeketan asi zan, anka-joko galantan.

      Ume Ixarrak lexara sartu ta bazter baten idoro eban urre gorrizko txindija.

      Eta sakelera sartuta gero, guturira zuzendu zan. Gixon usteriduna bidera urten yakon. Eta oñetan auzpeztuta, oyuka esan eutson:

      Emoistazu urre gorrizko txindija, bestelan il biarko naz-ta.

      Umia ostera be errukitu zan. Eta urrezko diruba emon eutson, esanaz:

      Zure biarra, itxuraz, niria baño andijagua da.

      Orratiño, baña, itun (triste) jarri zan, ugazabak txarto erabilliko ebalakuan.

 

 

Baña guturiko atetik barrura sartzen zala, gudarijak buruba makur-makur egin eta esan eutsoen:

      Gustiz ederra da gure Jauna.

      Eta gixataldiak (gixoztiak), bere atzetik juanda, batera esaten eban:

      Urrian, ludi gustijan eztago bera-lako mutil ederrik.

      Ume Ixarrak, orixe entzunda, negarrari emon eutson, esaten:

      Nire lepotik barre-egiten dabe, itxuraz.

      Gixataldia geruago andijagotu zan-eta, bide batetik juan-biarrian bestetik juan zan mutilla.

      Pizkat ibillita gero, jauregi ikuskarrija eguan zelaira jo eban.

      Berialako baten bertako ate nagusija zabaldu zan. Eta ate onetatik urten ziran zaldun eta agintarijak beragana eldu ta, auzpeztuta, esan eutsoen:

      Zeu zara itxaroten gendun gure Jauna, Bakaldunaren Semia.

      Ume Ixarrak erantzun eutsen:

      Ni enaz Bakaldunaren semia, andera eskale batena baño. Eta polita nazanik diñozube, motza ta zatarra ixanda?

      Orduban gudari batek ikurdija (eskudua) jaso ta esan eban:

      Ederra eztala gure Jaunak diño?

      Ume Ixarrak ikurdijari begiratu ta ikusi eban lengo itxura ederra eukola. Begijetan ikusten eban, len ikusten ezebana.

      Eta jauparijak (abadiak) eta agintarijak bere aurrian belaunbikotu ta esan eutsoen:

      Lendik iragarrita eguan gaurko egunian etorriko zala gure Bakaldun barrija. Artu egixuz, ba, urre-zigorra ta burestuna (zetrua ta koroya), ta emetik aurrera ixan zadiz gure Bakalduna.

      Baña mutillak erantzun eutsen:

        Ni enaz orretarako duña, sortu ninduban ama gaiztetsi nebalako. Eta ezin egon berau idoro ta azketsa jadetsi-arte. Itxi nagixube, ba, juaten. Ludi-ziar ibilli biar dot.

      Eta orixe iñuala, guturiko atera joten eban kalera begira jarri zan.

      Une atan, gudari-inguruban eguan gixatalde-artian ikusi eban ama eskalia. Onen onduan agura usteriduna aurkitzen zan.

      Pozik eta ariñeketa baten eurokana juan zan. Eta lurrian auzpeztuta, amaren oñak malkuakin busti ebazan.

      Buruba makur-makur eginda ta intziriz, bijotza lertu-zorijan, amari esan eutson:

      Ama, arrua ta ankerra nintzan zorigaiztoko aldi atan gaiztetsi zindudazan! Orain otzan-apala naz-ta, besuetan artu nagixu! Ama, nik gorrotua erakutsi neutzun! Emon egistazu matasuna! Ama, nire ondotik alde-eragin neutzun! Artu nagixu zeuk orain!

      Baña andera eskekuak ezer eziñuan.

      Mutillak, besuak luzatu ta usteridunaren oñai elduta, esan eutson:

      Iru bidar errukitsuba ixan nayatzu! Eskatu egi-jozu amari itz-egiteko niri, bein baño ezpa-da be! Baña gixon usteriduna be ixillik eguan.

      Umiak, intziriz ta negarrez, barriro esan eban:

      Ara, indarrik eztaukot min ikaragarri au jasateko (sufritzeko)! Azketsi (parkatu) ta itxi nagixu basora atzera juaten!

      Eskaliak, orduban, eskuba umiaren buru-gañian ezarri ta beroni esan eutson:

      Jagi zadiz!

      Eta usteridunak be buru-gañian eskuba ezarri ta esan eutson mutillari:

      Jagi zadiz!

      Mutillak zutundu ta eskale ta usteridunari begiratu eutsen. Baña oneik ezeuken arrezkero lengo itxurarik, Bakaldun eta Bakalemiarenak (Erregiñarenak) baño. Bakalemiak esan eutson mutillari:

      Auxe dozu ata, iru bidar sorosi (sokorridu) dozuna.

      Eta Bakaldunak:

      Auxe dozu ama, malkuakin oñak garbitu dautsozuzana.

      Orixe esanda, bijok batera umia laztandu ta jauregira eruan eben.

      Janzki ederrakin apaindu ta buruban burestuna ta eskuban urre-zigorra ezarri eutsoezan.

      Ordutik aurrera Ume Ixarra guturiko Bakalduna ixan zan.

      Danoi errukija ta zuzentasuna erakutsi eutsezan. Zorgin ankerra bakalderritik (erreñutik) jaurti eban. Eta egurgiñari ta emaztiari bezuza (erregalo) ederrak bidaldu eutsezan, bata onen seme-alabai be.

      Eta egindu barrija egin eban, abere ta txorijai kalterik ez egiteko esanaz.

      Gustijoi matetasuna, ontasuna ta errukija irakatsi eutsezan.

      Txiruai ogija ta billoxik egozanai gorputza berotzeko biar ebezan janzkijak emoten eutsezan.

      Orretara, bakalderri atan dana zan bakia, dana zan zorijona.

      Orratiño, etzan luzaro Bakalduna izan.

      Bai, ba. Gastetan asko jasan (sufridu) biar ixan eban-eta, iru urte-barru il zan.

      Eta bere ondoren etorri zan Bakalduna etzan ain zintzua ixan.

 

 

© Oscar Wilde

© itzulpenarena: Joseba Altuna

 

 

Ipuñak, Oskar Wilde
Irakurle euzkeldunari / Bakaldungai zorijontsuba / Urretxindorra ta larrosa
Erraldoi berekoya / Benetako adizkidia / Ziziriko ospetsuba / Ume ixarra

 

 

"Oscar Wilde" orrialde nagusia


susa-literatura.com