Ekatxa, William Shakespeare

 

IV. ekitaldi

 

 

I. AGERLEKU

 

Posper'en txabola-aurrea. Posper, Perdinanda ta Mirande aurrera

 

POSPER: Zigor aztunegia ezarri ba'dautzut, nik zuri orren ordezkotzat emonak kitututen dau ori; eta izan be, nik zuri nire biziaren ari emon dautzut, niri bizirik eusten daustan aria; eta bein barriro yarten dot ori zure eskuetan: nik zuri ezarriko lorrak zure maitasuna zelangoa dan ikusteko izan dira, ta zuk nire azterpen ori iñondiko eraz yasan dozu: emen, Zeruaren aurrean, sendesten dot nire esku-erakutsi bikaina. Perdinanda ori, ez egin niri irribarrerik, nik ori onan arro goratzen dodalako. Eta izan be, zeuk ikusiko dozu orrek gorapen guztiai geiago egin eta atzean urrin izten dauzala.

PERDINANDA: Sinisten dot nik ori, baita yainkoen batek besterik esango ba'leu be.

POSPER: Orrezkero, artu egik nire alabea, nire eskuerakutsitzat, eta ik euk ondo irabazitzat: baña egiteko zer guren guztiak zeatz bete-aurretik orren neska-lotsakizuna ausi ta apurtu ba'dagik, egiune au azteko onespen gozorik ez al dau ixuriko zeruak: bai, ostera, gorroto antzuak, ezespen betokerrak, alkarikusi-ezinak estaliko dabe zuon ezkon-oea, bedar txarren antzera, ta zuoi oe ori gorrotoazo egingo dautzue; orrezkero, abil arduraz, legezko ezkontza-argiak zuoi argi egin arte.

PERDINANDA: Egun baketsu, legezko seme-alaba ta bizitz luzearen itxaropena dodanezkero orain dodana langoxe maitasunagaz; okolurik ilunenek, erarik egokienek, iratxorik gaiztoenek burura ekarri dagiskedan zirikaldirik baltzenek eztau egundo loituko nire izen ona lizunkeriz; eztot, amustuko ezteguegun-aurretik leiearen ertz zorrotzik, egun atan nik edo Peba'n [5] zaldiak unatu ta ebagita gelditu diriala, edo-ta gaua an bean estuntzaz estuta gelditu dala uste izateko.

POSPER: Ederto esanda; yezarri, orrezkero, ta itz egin orrekin, ori eure dok-eta. Eeee! Ariel; nire esaneko zoli-asmotsu, Ariel.

 

Ariel aurrera.

 

ARIEL: Zer gura dau nire ugazaba altsuak? Emen nozu ni.

POSPER: Ik eta ire lagun i baño txikiagoak zuon azkenengo otseintzea egundokorik ondoen egin izan dozue; eta orain a lango beste ziltzi-maltzan erabili gura zauet: oa ta ekarri egik ona nik iri aren gain almen emoneko zarramarrea; bizkor ibiliazo egiek, bikonde onon begien aurrean nire arteak asmauko uskeria imini gura yoat-eta; nik onei agindu yautset eta oneik orrako orren begira yagozak.

ARIEL: Bertatik, ala?

POSPER: Bai, begiak itxi-idigian.

ARIEL: Zuk «ator» eta «oa» esan eta arnasea birritan artu-orduko; eta zuk «olan eta olan» gedar egin-orduko; bakotxa bere beatz-mokoen ganean datorrela emen izango dira mosuak egiten: maite ete nozu, ugazaba? Ez?

POSPER: Itzalez, ene Ariel me ori. Etzakidaz urreratu, zuk nire deia entzun arteño.

ARIEL: Ondo aitu dot. (Alde dagi).

POSPER: Begira ta zintzo izan; maitekerietan ez nasaitu geiegi lokarririk; zinik sendoenak odol beroaren suarentzat lasto baño eztira: neurriberago izan, ostean agur zure zina!

PERDINANDA: Nik itza damotzut, yaun: zagoz nasai. Nire biotzeko soin-osotasunaren edur zuri-otzak nire gibeleko beroa otzitu egiten dau.

POSPER: Ori ondo. Ator orain, ene Ariel: iratxo gitxiegi barik geiegi ekarrik orain: agertu ta lotsabako agertu be. Ez eragin miñi; bedi dana begi: ixilik egon. (Eresi samur).

 

Kokomarro. Iritz [6] dator aurrera.

 

IRITZ: Keretz [7], andera esku-zabal esku-zabal ori, zure garitza, zikiriotza, garagartza, zalketza, olotza ta idartza yori-aberatsak; ardiak moztuten dabezan zure mendi- bedartzak eta eurak eukiteko ardi-txabola tellatu-lau, lastoz estaliak; urneskak burestun argi-garbiak egiteko Yorrail apitzak, zure eskariz, zoragarriz yanzten dauzan zure ibai-baztar peoni ta liliz yantziak; eta neskak yaramoten eztautsen mutilzarrak arein itzala maite daben zure erraztiak; taketak deutsen zure maastiak; eta zuk an axe ozkirria (iparra) artzen dozun zure itxas ertz antu ta aitz gogorrezkoa: ni aren ostadar eta bidari nazan ortzeko Erregenoak [8] zuk ari zure orrako zerok izteko agintzen dautzu, bera onaxe bedatza onetara txairotasunik gorengoaz etorrita, emen yolasean eragotelko; aren paumak egaz egin-alean datoz ona; urreratu, Keretz aberats, ari ezaun egiteko.

 

Keretz aurrera

 

KERETZ: Gora, bidari nabar, Yoba'ren [9] emaztearen aginduei egundo ezetzik emoten eztautsezun ori; zure azaparan-egoz [10] nire loren ganera ezti-tantanak, euri-zaparrada ozkirritzalleak ixurtzen dozuzan ori; eta zure ostadar urdin orren adar biekaz nire baso-arloak eta nire zugatz-baleo beetako landak burestundu ta lur arroari iduneko lirain-ederra ezarten dautsazun ori; zegaitik dei egin daust ona zure erregenoak, bedartza bedarmotz onetara?

IRITZ: Maitasun biren egiune-yai egiteko; eta maitale onetsioi esku-erakutsi esku-zabalez egiteko.

KERETZ: Esaidazu, goitiko ostadar, erregenoak orain bere laguntzat Benus [11] naiz onen semea dakarren ala ez, zuk ba-dakizu-ta. Arein asmo ta azpikeriz ilunbeko Ditz'ek [12] nire alabea iritxi ebanetik eta geiago No aren eta aren seme itsuaren lagungo lotsabakoari agur egin dautsat.

IRITZ: Ez izan aren lagungoaren bildurrik. Yainkono ori Papotz'erako [13] bideko lañoak ebaten ikusi dot; baita aren semea be berakin usoak eroanda: orreik uste giben uste emen gizon eta neska onei lotsabako lilurapenen bat egin eutsela, Imen'en [14] kurtzulua ixitu arte oe-kutsuketarik ez egiteko zin eginda dagozan gazteoi; baña dana izan da alperrik; Marte'ren kutun beroa atzera yoan da, belarriak apal; aren seme erlabio-buruk ausi dauz bere gezirik, zin dagi eztauela geiago gezirik yaurtingo, aurrerantzean artatxoriekaz yolas egin eta mutiko ona izango dala.

KERETZ: Erregenorik gorengo, Yune andia ba-dator; bere ibilkeratik dot ezagun.

 

Yune aurrera.

 

YUNE: Nolan dago nire aizta esku-zabala? Zatoz nikin bikonde au onesten, zori oneko izan daitezan eta euren ondorengoak onein izenaren goragarri izan daitezan.

 

Abesti:

 

YUNE: Omen, ondasunak, ezkontza-onespen,

                                Luzaro iraun, eta ugaldu,

                                Eten bako pozak zuoi eldu!

                              Yune'k txera au dagitzue.


KERETZ: Lurrak dakarrena ta ugaritasun oro,

                                  Aletegi ta kutxarik ez iñoz utsik;

                                  Maastiak mordontxiloz bete-beterik;

                                  Landarak ugaritasunez adar-makur;

                                  Beranduenez udabarria betorkizue

                                  Uztearen azken-azkenetan!

                                  Urritasun eta ezak zuokandik alde begi

                                  Keretz'en onespena zuontzako auxe bedi.


PERDINANDA: Ikuskizun au andi-andia da, ta liluragarriz gozoa: onako oneik zerutar gogotzat artzen azartuko ete naz?

POSPER: Bai, gogoak, nik nire burubidez euren tegietatik ona nire burutapenak beteteko ekarriak.

PERDINANDA: Beti emen biziko al naz! iñongo iñondiko aita arrigarri-zurrak toki au Zoriontegi egiten dau.

 

(Yune'k eta Keretz'ek alkarrekin txutxuputxuka daragoioe, ta Iritz zereginera bidaltzen gabe.)

 

POSPER: Ixilik orain, maiteok; Yune'k eta Keretz'ek benetan daragoioe txutxuputxuka; beste zereginen bat da oraindik egiteko; ixil, ez egin itzik, ostean gure lilurapena alperrik galdua da-ta.

IRITZ: Naiada izeneko ur-neska errekatxu makurretakook, iizko burestundunok eta begirada beti errugedunok, itxi zuon ur-bide latzak, eta erantzun zelai musker onetara egiten yatzuen deiari: Yune da agintzen dautzuena. Erdu, ur-neska geiegikeri bako ta izan lagun egiazko maitasunaren egiune onetan; ez eldu beranduegi.

 

Ur-neska batzuk aurrera.

 

          Igitari eguzkiak erreok, Dagonillaz aspertuok, erdu zuok be sallatik, eta poztu; egin opor: ezarri zuon buruetan zikirio-lastozko txapelak, eta ur-neska gazteok baserritar yantzita aurkitu zagiezala.

 

Igitari batzuk aurrera, egoki yantzita; ur-neskakin yantza liraina egiten dabe; eta yantzaldiaren aizenerantza Posper agertzen da otoz-otoan, eta izketan daragoio; orren ondoren, geldo-geldo ondatuten dira iñondiko ots arro ta nastuz.

 

POSPER: (Bere kitean) Aiztuta neban nik Kaliban astakoak eta aren kideak asmautako azpikeri zantarra, nire biziaren aurkakoa; arein asmoak beteteko unea larri-larri eldu da. (Iratxoai) Ederto egin daustazue; bego; ez geiagorik.

PERDINANDA: Iñondikoa dogu au: zure aita gogor eragiten dautsan yasanen baten bendean dago.

MIRANDE: Gaur arte eztot ikusi nik ori olango neurribako asarre gorrik yota.

POSPER: Zuk, seme, larrituta baizengoz, begirakune bakan dozu; pozik egon, yaun: gure yai zaratatsua dagoneko amaitu da: orreik emen eragoioenok iratxoak yatzuzan, nik aurrezdik esan neuntzunez, eta eguratsetan urtu dira, egurats me-metan: eta ikuskizun orretako oñarri barik eragiko zer guzti ori legetxe banatuko dira nozbait odeietarañoko dorreak, yauregi arroak, eleiz benak, zer borobil andi au berau be bai, beronek dauen oro, ta mami bako erakusketa au geldi-geldi ondatu dan legetxe, eztau itxiko bere atzean ondakinik: gu ames-gaiz eginak gaiatzuz, eta gure bizitzatxoa loak artzen dau barruan. Yaun, nik gogaldi txar dot; yasan egizu otzan nire makal-aldi au; nire garaun zarrak eurenetik urtenda dagoz; ez larritu nire mengeltasun onegaitik; begiko ba'yatsue, alde egizue nire txabolara ta artu an atseden: ara-onaka yoan-etorri bat edo bi egingo dodaz, yoka dabiltan nire gogoa geldituazoteko.

          Perdinanda ta Mirande'k. Gentza opa dautzugu. (Alde dagie.)

POSPER: Atorkit, nik oldoztuaz bakarrik: eskerrik asko; Ator, Ariel.

 

Ariel aurrera.

 

ARIEL: Zuek oldozpenai deutset nik: zer da gogoko yatzuna?

POSPER: Iratxo, Kaliban'eri arrera egiteko gertu egon bear yoagu.

ARIEL: Bai, nire agintari; Keretz ekarri neuntzunean orretaz zerbait esan neuntzulakoan nago, naiz ta orduan nire bildurtxoa izan ez yatzula gogoko izango.

POSPER: Esaik barriro, non itxi enduazan ik askarriok?

ARIEL: Edanaren edanez piperra baño gorriago egozala esan neuntzun: adorearen adorez eguratsari be ezpatakadaka, arpegira putz egiten eutselako; lurra be yo egiten eben, euren oñak txistu egiten ebelako; baña orraitiño be euren asmorantza makurturik: nik orretan nire danbolina yo neban, eta orrezkero, ezi bako zaldizkoen antzera, belarriak arteztu ebezan, euren betazalak aurreratu, surrak eragi, eresi-usaina artu ebenekoxe; olan, nik arein belarriak liluratu egin nebazan, aik, txalaren antzera, aire orroyari yarraitzeko asuar artsu, ota arantzatsu, iñarralatz, eta arantza artea zear, eta arantza-arrak euren txandar samurrak zear sartzen yakiezan: azkenez, nik aik zure txabolea baño aragoan dagoan oxin zikinez estalian itxi nebazan: an eragoioen aik yantzan okotzetaraño uretan sartuta, iztinga zikinak arein oñak len baño zikinago ta andurtsuago izteko.

POSPER: Ori ondo be ondo egin enduan, ene txori orrek; adi oindokoarren iñok ikus-ezin; oa, ta ekarrik nire etxeko sastamar ori, lapurrok barrandaritzeagaitik oratzeko.

ARIEL: Ba-noa, ba-noa. (Alde dagi.)

POSPER: Txerren, yaiotzatiko txerren, egundo azikerarik ezin intsigi izan yakona; aren alde, gizatasunak eraginda, nik egin izan dodazan alegin guztiak, guzti-guztiak alperrik gal duak: eta urteen urtez aren soña geroago ta itxusiago egiten dan lez, aren gogoa be bizienak yaten daragoio: Kisto'nak eta geiago emongo dautsadaz nik ari.

 

Ariel ostera be aurrera, yantzi dizdizkorrezko lepokada ta beste zer batzukaz, zerok bizkarrean dakazala.

 

          Orroa egiteraño berotuko dautsat narrua: Tiruk, eskegi egizak burdin-ari onetatik.

 

Posper eta Ariel ikus-ezin dira. Kaliban, Esteban,

eta Tirinkul aurrera, guztiak busti-bustirik.

 

KALIBAN: Arren-bai-arren, lurra bigun zapaldu, sator itsuak oin-otsik entzun eztagian: orain aren txabolatik ur gara.

ESTEPAN: Mamu, ire iratxoak, ik esanez kalterik egiten eztagian ire iratxoak guri egin dauskunagaz arako ontzi-mutilak yokatu euskuen baño askoz obeto etxauskuk yokatu.

TIRINKUL: Mamu, sunda guztiak zaldi-txiz-andur egiten yatazak; eta au dala-ta nire surrak asarre gorrian dozak.

ESTEPAN: Nireak be olantxe yagozak. Entzuten dok, mamu? Asarrebiderik ez al daustak emongo, gero; abil arduraz, ostean...

TIRINKUL: Ireak egingo laieukek, mamu.

KALIBAN: Ondo, ene yaun, oraindik begiko izango al naiatzu: izan epe, nik emongo dautzuedan sariak ezbear au uskeritzat etsiko dau-ta; orrezkero, ez itz egin zarataka, oraindik dana dago ixilik, gaberdian legetxe.

TIRINKUL: Bai, baña guk gure bonbilak iztingan galdu izana be...

ESTEPAN: Orretan, mamu, ezbearra ta entzute ona galtzea ezeze, galtze itzala yoagu.

TIRINKUL: Orrako ori nitzako, ni busti-busti egitea baño okerrago dok; orraitiño au ire iratxo erruge mamua dok.

ESTEPAN: Ni nire bonbil-billa naioak, naiz-ta uretan ondatu nire neke-orde.

KALIBAN: Arren-bai-arren, ene errege, zagoz ixilik: begiratu au, auxe da txabolearen agoa: ez egin otsik, barrura. Egin arako okerreri ona, zu betiko izaro onen yaun eta yabe, ta ni, zure Kaliban, betiko zure oñetakoen miazkatzalle egingo nauena.

ESTEPAN: Ekak esku ori: burutapen odoltsuak izaten asia nok.

TIRINKUL: Estepan errege ori! Estepan zergarri ori! Begira emen zutzako dozuzan aldagarri bikainak.

KALIBAN: Itxik ori geldi, ergel orrek; ori aletz utsa dok.

TIRINKUL: Ara! Ara! mamu; guk geuk be ba-yakiguk aletza zer dan. Estepan bakaldun ori!

ESTEPAN: Erantzik yantzi luze ori, Tirinkul; esku au-arren, yantzi luze ori neutzako bear yoat.

TIRINKUL: Zure ederrak izango dau au.

KALIBAN: Kokaldeak itoko al dau ergel au! zer darabilk, kutxa ori orren kutun izateko? Goazan aurrera, ta eriotzea egin lenen: a itzarri ba'ledi, beatzetatik asita buruko ertzeraño gankadaka yosiko leukez gure narruak; iñondiko eginik itxiko gindukez.

ESTEPAN: Ago i geldi ta ixilik, mamu. Etzandera-ari [15], ez ete da au nire yakea? Orain yakea dago ariaren azpian yake, orain i ulea galtzeko zorian eta yake uldu izateko bzdean ago.

TIRINKUL: Aurrera, aurrera; guk neurrira ta aztara (pixura) dagigu lapurretan, gu ezkara zure ederraren antzeko.

ESTEPAN: Eskerrik asko izkirimiri orregaitik: eutso aldagarri bat saritzat: «Neurrira ta aztara ostutea» eztok buru-argialdi makala; eutso beste aldagarri bat orren alderako.

TIRINKUL: Mamu, ator, ezarri egiek atzai eraskin apur bana ta atera ondakinak.

KALIBAN: Orreitarik amen be eztot gura nik; astia alperrik galdu baño eztogu egiten-da, gu guztiok antzartu naiz matxangotu egingo gara gure arpegi zirtzilak lurra begira doguzala.

ESTEPAN: Mamu, ezarri ire atzak; eta lagundu guzti au nire ardao-upela dagoan lekura eroaten, ostean nire bakalderritik atera egingo aut: eldu, eroan au.

TIRINKUL: Au be bai.

ESTEPAN: Bai, eta bai au be.

 

Ostotsak entzuten dira. Iratxo batzuk aurrera, eiza-ixakurren antza artuta, ta al yarraitzen dautse. Posper eta Ariel txakurrak aiazoten.

 

POSPER: Axa, «Gorri», axa!

ARIEL: «Zuri», or doa, «Zuri!».

POSPER: «Tximist», «Tximist», arei, «Odoltzale», arei! Entzun! Entzun!

 

(Kaliban, Estepan eta Tirinkul uxatu dabez.)

 

          Zoazie, yarraitu nire iratxoak barraban askarri orreik euren azur-giltzak ereikera gogorrez eio dagiezan; laburtu euren zan eta mamiak luzaroko zainoratuz; eta zastada-antzezko orbanez katanabarra nai basakatua baño yosiago egin.

ARIEL: Entzun, orroaka daragoioe.

POSPER: Ondo be ondo eizatu aik: une onetan nire bendean dodaz nire arerio guztiak: nire lorrak laster dira amaitu ta i azke ta ire buruaren yabe izango az eguratsetan: yarrai egidak apur baten, eta izan adi nire otsein. (Alde dagie.)

 

 

5. Eladetarren miti-iztian Apolon'eri Poiba eresten yako batzuetan (geienetan Omer'ek izen biekaz), alan be eguzkiaren ordeko datorrenean. Zuk, irakurle, emen Poiba'ren ordez «eguzkia» irakurri egizu, bai, eta zoaz aurrera.

6. Iritz au yainkoen bidaria ta ostadarra yatzu. Omer'en Dias'enean eurrez agerten da, esaterako, 111, 129.

7. Keretz Erromarren yainkono da, Saturna ta Opits'en alabea. Gizaikiai lur-lantzea irakatsi ei eutsen. (Ikusi Birgili'ren GEORGICA, I, 117). Erromarrentzako Keretz zana, eladetarrentzako Demeter zan.

8. Ortzeko Erregenoa. Erromarrak Yune Yoba'ren arreba ta emazteari Ortzeko Erregeno eresten eutsoen. Here Tzeu'ren emaztea etzan orrenbestekorik.

9. Yoba edo Yupiter erromarren yainkorik nagusiena yatzu, eladetarren Tzeu legetxe. Yoba'ren gezia olaztarria ei da.

10. Azaparan dalakoa azi-zorro bellegidun landarea yatzu. Azi-zorrook, igartuta, gure yakiai margoa ta agokerea emoteko erabilten dabe sukaldariak. Euzkerazko izenik ba'dau, nik eztot ezagun.

11. Benuts. Eladetarren Apordite ta au bat dira izan, seme Kupido ta onen Heros dirian lez. Heros eta Kupido maitasun-yainkoak dira, ta itsuak ei dira.

12. Ditz nai Dispater izena erromarrak ilen erriko yainko nagusiari ezarten eutseen; eladetarrak, ostera, Pluton. Shakespeare'k emen Ditz'eri «dusky» (iluna) deitzen dautso, ilunbeko bakaldun dalako. Orregaitik, Ditz'eri abere baltzak eskeintzen eutsoezan. Emen aipatzen dan Keretz'en alabea Kore edo Persepone da. Keretz'ek yakiteke, Ditz ostu ta ilen errira eroan eban bere emaztetzat, ama-alaben gurariz bestera. Keretz estu ta larri, bideak betean, eta goiak eta beak yoten, luzaro ibili zan bere alabearen billa ortik zear.

13. Papotz, Kypros izaroko uri da. Uri onetan Benuts'ek entzute andiko yauretxea eban. Birgili'k (Enearena I, 415-417) auxe diño «Venus... ipsa Paphum sublimis abit, sedesque revisit laeta suas, ubi templum illi, centumque sabaeo thure calent arae, sertisque recentibus halant. Benuts eguratsa zear Papotz'era doa, pozik ostera be bere etxera, izan be, an yauretxe dan, eun opa-mai berotzen dauz Arabi'ko usain gozo-gaiak, eta lora-sorta barriai sunda atsegingarria darie».

14. Imen. Itz au eladetarrena da ta esan-gura bikoa. Lenen eta beinen, neska osoak umetokira-bidean, umetokia isteko dauen mintza esan gura dau. Bigarren esan-gurea lenengotik sortua da ta «ezkontza-yainko» izan be.

15. Etzandera-ari. Shakespeare'k emen «mistresse line» diño, baña «line» itza ingelanderaz esan-gura askokoa da-ta, emen Shakespeare ostera be berari gogo-gogoko yakozan zimardikakaz datorku. Emen «line» itzaren esan-guretatik arira datozan bi aipatuko dodaz: 1) emakumek yantzi ikuz-barriak eskegi ta legortzeko erabilten daben burdin-ari nai beste gaiezko aria. 2) Zerbait neurtzeko erabilten dan galartzua. Eztot uste Mirande'k yantziak eguzkitan eskegiteko neurtzeko galartzurik erabiliko ebanik, osteango ari sendoen bat baño, burdin-aririk ez izatekotan. Beraz, gure mozkorti txitxariok, «line» zimardikak ziriala-ta, gauza barregarriak esaten ekin eutsoen. Yantziak eskegiteko aria yantzien ganean yarri ta neurtzen daragoionarena egin, eta, olan, eurak beste lapurren eraz barik gauzak luzera-zabalera ta aztuna neurtuta ostuten ebezala esan. Ortxe dago egon be Tirinkul'en esakerearen gatza, ta Estepan'ek gatz ori sarigarri aurkitu eban. Bai ba, gure lapurrak, ez bestek, eztabe astirik galtzen olango zeretan, neurri barik al dauenak al dauena eroan baño.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Ekatxa, William Shakespeare
Notin Antzeztuak / I. ekitaldi / II. ekitaldi / III. ekitaldi / IV. ekitaldi / V. ekitaldi
Antzerki onen ari-azurrak eta abar / Itz gitxi ezagunak

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


susa-literatura.com