Ekatxa, William Shakespeare

 

II. ekitaldi

 

 

I. AGERLEKU

 

Izaroko beste arlo. Albontsa, Sebasten, Andoni, Gontzal, Adiran, Pantzeska ta abar aurrera.

 

GONTZAL: Arren, yaun, izan txitxari: Ba-dozu (eta bai guztiok be) pozkarririk; galdu eztoguna galduaren aldean andi da-ta: gure lor-iskia guztiena da, edo askorena beintzat; egunoro dabe itxas-gizonen baten emazteak, saleroste-ontzi-yabeak, eta salerosleak berak be gure gaia bera lortzat: milloien artetik be gitxik alde egin daikie guk lez: orrezkero, yaun on, ezarri zur alkarren ondoan gure lorra ta gure pozbidea.

ALBONTSA: Ago ixilik, arren-bai-arren.

SEBASTEN: Aiko, orrek bere buruko zorroztasun-erloiuari arilduten yaragoiok, eta nozik-bein txilinak yoko yok.

GONTZAL: Yaun...

SEBASTEN: Bat. Esan.

GONTZAL: Datorkon lorrari barruan eragon eta ereiten yakonean, daragionari etorri datorko...

SEBASTEN: Urre-imiña.

GONTZAL: Eztiñot nik imiñik, biotz-minik baño; untzetik alborago yo dozu.

SEBASTEN: Zuk bai nik este baño untzerago yo dozula.

GONTZAL: Orrezkero, ene yaun...

ANDONI: Ostera be! Orrek yok azur-bakoa geldi euki-ezin gorria!

ALBONTSA: Arren, ez egik olan alperrik erabili ire miña.

GONTZAL: Tiruk, ba, bego: baña orraitiño be...

SEBASTEN: Orrek izketan eragoko yok.

ANDONI: Ori ala Adiran, bietarik zein asiko ete dok lenen kukurrukuka, zeinek obeto egin kukurruku, tema on bategaitik?

SEBASTEN: Ollar zarra.

ANDONI: Ollar gaztea.

SEBASTEN: Egina: zer tematuko?

ANDONI: Barre-karkaxa.

SEBASTEN: Nor geiagoketa.

ADIRAN: Izaro onek basamortu-irudia izan-arren...

SEBASTEN: Ja, ja, ja!

ANDONI: Orrezkero, zuk ordaindu dozu.

ADIRAN: Iñor bizi ezin leitekeana, ta larri-larri bertora elgatxa...

SEBASTEN: Orraitiño...

ADIRAN: Orraitiño...

ANDONI: Ezin gelditu izan zan bertoratu barik.

ADIRAN: Izaro onek, edozelan, izakera me, samur bigunekoak izan bear dau.

ANDONI: Orrako izakera neska bigun yatzun.

SEBASTEN: Bai, eta me be, orrek orren yakintsu esan dauenez.

ADIRAN: Eguratsak emen leun-leun eta firi-firi putz egiten dausku.

SEBASTEN: Biriak, eta eurak ustelduta baileuz.

ANDONI: Edo-ta oxin usteletiko lurrunez andurtua bailitz.

GONTZAL: Emen edozer da biziaren aldeko.

ANDONI: Egiz, bizigarririk ba'lego egon.

SEBASTEN: Orretarikorik arean bez, edo gitxi-gitxi dago.

GONTZAL: Bedarrak bai emoten dauela guri ta mardul orren musker!

ANDONI: Izan be lurra gorri agiri da.

SEBASTEN: Musker-iskitxo dauela.

ANDONI: Orrek ez dau galduaren oroipen andirik.

SEBASTEN: Ez; orrek egia guztiz okerretara artu dau.

GONTZAL: Baña iñondikorik iñondikoena auxe dozu (eta larri-larri sinistu-ezineko yatzu)...

SEBASTEN: Olangoxeak dira aintzakotzat doguzan beste iñondikotasun asko be.

GONTZAL: Gure soñekoak, bein itsasoko urez busti-bustirik egonak izan-arren, barri-barri ta orratzetik arako dirudie; gezalez zikinduek barik margoztu-barrien antza emoten dabela.

ANDONI: Orren sakel batak beintzat itz egin al ba'leu, ez ete leuke esango orrek guzurra diñoala?

SEBASTEN: Bai, edo ostean orrek diñoana osoan itzulietara artuta sakelean sartu.

GONTZAL: Nire eretxiz, gure soñekoak Apirka'n, erregeren alaba lirain Karibele Tunixa'ko erregekin ezkondu zanean, lenengoz yantzi genduzanean baxen barri dagoz.

SEBASTEN: Aik eztegu gozoak izan zirian, eta etxerakoan ondo ibili gintzan.

ADIRAN: Tunixa'k eztau egundo izan euren erregenoa ederrez bardintzekorik.

GONTZAL: Ez Dide alargunaren aldia-ezkero.

ANDONI: Alargun? Utikan! Nolan alargundu zoan? Dide alargun!

SEBASTEN: Eta zer Enea be gizon alarguna zala esan izan ba'laiok? Yaun on, ori euk zetara artu dok

ADIRAN: Dide alargun zala esan dok? Ik ari buruz ni buruari azka yarten nok: a Kartago'koa zoan, ez Tunixa'koa.

GONTZAL: Tunixa au len Kartago izana da.

ADIRAN: Kartago ete?

GONTZAL: Bai, Kartago zoan.

ANDONI: Orren itza arako arpa miraritsua [2] baño geiago dok.

SEBASTEN: Orrek arresia eragi yok eta bai etxeak be.

ANDONI: Zer gauza ezin erreztuko este yok orrek urren?

SEBASTEN: Nire ustez orrek izaro au sakelean eroango yok etxera, ta bere seme-alabei emon sagartzat.

ANDONI: Eta aren aziak itxasoan ereinda, izaro barriak sortu.

GONTZAL: Bai ete?

ANDONI: Laster, gero!

GONTZAL: Yaun, orain erregeno dan zure alabearen ezteguetan Tunixa'n zirian aña barri dirudiela gure soñekoak esaten daragoiogu guk.

ANDONI: Eta ara egundo eldu zirianetatik iñondikoenak.

SEBASTEN: Zirtzildu, arren, Dide alarguna.

ANDONI: Ba! Dide alarguna; bai, Dide alarguna.

GONTZAL: Ez ete dago nire yakea nik lenengoz erabili nebanean bestean barri? Gitxi gora-bera esan gura dot nik.

ANDONI: Gitxi gora-bera orregaitik arrantzuan egin bear izan gaienduan.

GONTZAL: Zure alabearen ezteguetan erabili nebanean, ala?

ALBONTSA: Itzok nire entzumenaren urdalleari okada eragiteko birrinduten daustazuz belarrietan: Ez al neu nik ara egundo alabarik ezkondu! nire semea andik onakoan galdu da-ta; eta nitzako, bai alabea bera be, Itali'tik ain urren yoan danezkero, nik a egundo geiago eztot ikusiko-ta. Napoli ta Milano'ren nire oñordeko yabe ori, i iñondiko arrainek izan au bere yakitzat!

PANTZESKA: Yaun, ba-leiteke a bizirik izatea; nik a urutuekaz burruka ta arein bizkar-ganean iztartolaka ikusi neban; ak ostikoz ura yo, aren areria baztartu, ta aurrera etorkozan urutu arro-yagiai bere bularra emoten eutsen; ak bere buru adoretsua urutu mukerren ganean eukiten eban, eta bere burua itxas-ertzerantza eroateko arraun-ordeko aren beso sendoak egiten eben; ari lagun egiteko bailitzan, burua makurtzen eutson itxas-ertzera; nik neuk eztot ezpairik a legorrera bizirik eldu zanenik.

ALBONTSA: Ez, ez, arenak egin dau.

SEBASTEN: Yaun, galtze au dala-ta zuk zure buruari eskerrak emon bear zeunskioz; zuk zure alabearen bidez gure Europa onetsi baño, Apirkarrari emonda, galdu gurago izan do zun orrek; a beintzat an dago zure begien aurretik urrin ta bere zori txarra begietako urez bustiteko eskubiderik askogaz.

ALBONTSA: Ago ixilik, arren.

SEBASTEN: Gu guztiok zure aurrean belauniko yarri gintzan, eta osteango bidez be eska ta eska egon gintxatzuzan; eta a bera be, lotsa ta esaneko izatearen bitartean yarrita, ape aren zein aldetan sakatu ta berantza eragingo egoan. Zure semea betiko galdu ete dogunaren bildur naz: Milano ta Napoli'k arazo onetan andera alargun geiago dabe guk euren pozkarritzat gizonetan emongo dautsegun baño: zeurea da errua.

ALBONTSA: Izan be, orrexegaitik au galtzerik andiena da.

GONTZAL: Ene yaun Sebasten, zuk diñozun egia gordinegia da, ta onetarako aldia be ezta au; zu zauriari azka zabiltz, osakaia ezarri bear litxakionean.

SEBASTEN: Ondo be ondo.

ANDONI: Eta bai osa-ebaketeari oso egoki dagokion lez be.

GONTZAL: Yaun on, zu odeitsu zagozanean, guk guztiok eguraldi txar dogu.

SEBASTEN: Egualdi txar?

ANDONI: Oso txar.

GONTZAL: Izaro onetan lur landu-arlorik ba'neu, ene yaun...

ANDONI: Asun-azia ereingo leuke orrek.

SEBASTEN: Naiz lapatxak, naiz zigainak (mamukioak).

GONTZAL: Eta bertoko errege ba'nintz, zer egingo ete neunke?

SEBASTEN: Mozkortu ez beintzat, ardaorik ezagaitik.

GONTZAL: Errian nik gauzak okerretara egingo neunkez: eta izan be, nik salerosteari eneunskio lekurik emongo; agintarienik izenik bez; idatzikorik ezautu be elitzateke egingo; ezetariko otseintzarik ez, ez aberatsik, ez txirorik; ez egiunerik, ezta ondorengotzarik be; lur, alor eta maastietan ezetariko mugarik ez; ez da erabiliko metalik, gari-artorik, ardaorik, naiz oriorik: ez ezetariko lantegirik; gizon guzti-guztiak arkolo; eta bai emakumeak be; baña erruge ta garbi: nagusitasunik ez.

SEBASTEN: Eta ori ta guzti be ori orko errege litzatekek.

ANDONI: Erri orren atzenari asierea aiztu egin yakok.

GONTZAL: Izamenak berez, izerdi ta lanbage, emon daikean oro guztientzako izango da: azpikeri, zitalkeri, ezpata, aztamakil, aizto, su-izkillo, naiz ezetariko beste taramankulurik eneunke izango nik; izamenak berak, ostera, bere kitetik emongo leuke edozetariko ugaritasuna, edozetariko gonburutasuna erri errugeari yaten emoteko.

SEBASTEN: Ezkontzarik be ez ete orren bendekoen artean?

ANDONI: Garaurik bez, gizon; guztiak alperkeri utsean; emagalduak eta lotsabakoak be bai.

GONTZAL: Nire yaurgoa olangoxe osoa litzateke, arako urrezko aldiak lotsatuta itxiko leukezana.

SEBASTEN: Gora i errege ori!

ANDONI: Gora ta gora Gontzal!

GONTZAL: Aitu ete daustazu, yaun?

ALBONTSA: Yaungoikoa-arren, ez geiagorik: ik esaten daustakana aletz utsa dok.

GONTZAL: Egia diño zure nagusitasunak; eta esana esan ba'dot, edozein umekeriri barre egiten dautsoen biri gilberadun yaunoi barre-bide emote-arren esan dot.

ANDONI: Guk zuri zeuri egin dautzugu barre.

GONTZAL: Eta ni ergelkeri txitxariotan ezer enaz zuontzako; orrezkero, yarraitu baño eztozue, ta utsari barre egin ostera be.

ANDONI: Orrek bai yo gauzala bete-betean.

SEBASTEN: Bai, bera betean lurrera yausi ezpa'litz.

GONTZAL: Zuok gizon zindo odol-beroak zarie: zuok iretargia bere bidetik aterako zeunkie, bost astean an aldatzeke iraungo ba'leu.

 

Ariel, ikus-ezinik, aurrera, eresi bena yoten.

 

SEBASTEN: Orixe egingo geunke egin be, ta gero saguzarrak oratzen urten.

ANDONI: Ez, ene yaun on, ez asarratu.

GONTZAL: Ez, nire itza, olangorik ez; nik nire bereizgoa eztot yarriko galbidean orren errez; motel be motel nago-ta, lotan nagoala be barre egingo ete daustazue?

ANDONI: Oa lotara, ta entzun egiskuk.

 

(Albontsa, Sebasten eta Andoni ez beste guztiak loak artuta.)

 

ALBONTSA: Zer, guztiak orren arin lotan? Nire begiak eurak itxiaz nire oldozpenak be itxiko al dabez; orixe egiteko leiea dabe.

SEBASTEN: Arren, yaun, esku-erakutsi aztun ori artu egizu: ori naibageari gitxitan etorten yako; eta datorrenean aringarri da.

ANDONI: Guk biok, ene yaun, yagongo zaugu zu, zu atseden artzen zagozan artean, ta zu begiratu okerrik etorri eztakizun.

ALBONTSA: Eskerrik asko: itzalez nago aztun... (Albontsa loak artu dau. Ariel'ek alde dagi.)

SEBASTEN: Iñondiko logurea egin da orren yabe!

ANDONI: Ori lur onetako eguraldiak dakarrena da.

SEBASTEN: Orrezkero, zegaitik eztautsez alkarreri lotzen gure betazalak be? Ni enaz logura.

ANDONI: Ez ni be; nire gogoa argi ta bizkor dago. Orreik guztiak batera yausi dira, alkar aituta lez; orreik tximisteak yota lez itzuli dira lurrera. Ze indarrek eratsi ete dauz, Sebasten zergarri? Eneee! Ze indarrek? Ez geiagorik. Eta orraitiño, zuk zer izan bear zendukean zure mosuan dakusadala dirudit: eretia deiez dagotzu; eta nire irudimen bizi-sendoak buruntza dakus zure buru-ganera yausten.

SEBASTEN: Zer, itzarrik ete ago?

ANDONI: Enozu entzuten itz egiten, ala?

SEBASTEN: Bai; eta egin-eginean be erdi-lotan dagoanaren izkerea darabilk; eta ik lotan agoala itz egiten dok: zer esan dok? Iñondiko atsedena dok au, begiak zabalik, zutunik, itz eginez, ibiliz lo egitea, ta orraitiño arria lez lo.

ANDONI: Sebasten zindo, zuk zori onari lo egiten ezeze, ilten izten dautsazu; begiak itxi-idigi egiten dozuz lotan.

SEBASTEN: Ik igarri-igarrian lo-arrantzak egiten dozak; ire lo-arrantzok zerbait iragarten yoek.

ANDONI: Ni oi dodan baño benago nago: zuk be onantxe egon bear zeunke, niri yaramonik egitekotan; eta au egitekotan, zuk zure burua dana lango iru egingo zeunke.

SEBASTEN: Ondo yagok, ni ur geldi nok.

ANDONI: Neuk irakatsiko dautzut ibilten.

SEBASTEN: Egidak orixe: atzeraka yoaten nire aurrekoen nagikeriak irakatsi yaustak.

ANDONI: Ara, zure elburuak zelango txera argia egiten dautzun bakarrik ba'zenki, zuk olan irri egiten dautsazun bitartean! Billustuago ta yantziago egiten dozula ba'zenki! Atzeraka doazan gizonak, euren bildur nai nagikeriagaitik, geienetan orrexegaitik barruren sartzen dira uretan.

SEBASTEN: Yarraik, arren; ire begi ta inosuen ereikerak iri zerbaitek urten bear dauskala iragarten yoek; eta ire umegintza orrek itzalezko ume-minetan au i, erdira-ezinik.

ANDONI: Olantxe da, yaun; oroimen makaleko gizon onek, lurperatu dagienean be, orain baño oroimen gitxiago izango eztauen gizon onek oraintsu erregeri aren semea bizirik dala larri-larri sinistuazo-arren (eta izan be gizon au iñori sinistu-azoteko bakarrik da): a eztala ito, ezina da, emen lotan dagoan au uger dabilela letxe.

SEBASTEN: Nik ez yoat a ito-ezaren itxaropenik.

ANDONI: Ara, arenik ez, baña zuk beste zerbaitena dozun itxaropena bai ba-dala andia! Bide atatik itxaropenik ez izatea, beste bidetik itxaropena lango itxaropena izateko da, andiagorik asmau be ezin leike asma-egarririk andiena izanda be ta, begi-itxi idigiz bakarrik an idoroko dauela eskier (seguru) dago. Nikin batera autortuko ete dozu Perdinanda ito dala?

SEBASTEN: Arenak egin yok.

ANDONI: Orrezkero, esaidazu, nor da aren urren Napoli'ren yaun eta yabe?

SEBASTEN: Karibele.

ANDONI: Tunixa'ko erregenoa; gizonaren bizia baño amar legoa arago bizi dana; eguzkia bidari izan ezik Napoli'tiko gutunik ezin artu daikeana (eguzkiko gizona orretarako geldoegi da) yaioparria kazkondu ta arpegian bizardun izateraño azi arte; arenetik gentozala itxasoak gu guztiok iruntsi ginduzana, naiz ta gero gutariko batzuk itxasoak okadaka atzera egotzi izan; eta ori dala-ta, ori egitekoaren aurreko baño eztala, gu egikizuna egiteko para; zer etorriko, zure ta nire eskuetan dago.

SEBASTEN: Ze arazo dok au? Zer diñok ik? Egia dok, nire anaiearen alabea Tunixa'ko erregeno dok, eta orrezkero Napoli'ren yabegai; eta lurralde bien bitartean ba-yagok bitarte onik.

ANDONI: Lur-bitarte orretako beso bakotxak «zelan neurtuko gu Karibele'k Napoli'ra bidean?» gedar egiten dauela dirudi.  Zagoz zu Tunixa'n eta Sebasten itzarriko al da!  Dagigun, orreik benderatu dauzana eriotzea dala; ba, orrezkero elegokez dagozan baño txartoago: Ba-dago Napoli'n lotan dagoan orrek bestean ondo yaurri leikeanik; bai Gontzal au bestean itz-dario ta itz-ontzi izan leitekezan yaunik asko be; nik neuk be egin daiket nire burua hela barritsu, orrek bestean sakon itz egingo leukeana. Eneeee! zuk ba'zenduz nik dodazan asmoak! Lo au bai ba-letorkela iñozkorik ondoen zure aurrerapiderako! Bai ete dakizu nik zer esan gura dodan?

SEBASTEN: Baietz uste yoat.

ANDONI: Eta zuk zeuretik zer eskeintzen dautsazu zure zori onari?

SEBASTEN: Nik gogoan yoat ik Posper ire anaiearen lekua bete enduala.

ANDONI: Egia: eta begira, ez ete datorkidaz ondo be ondo yantziok? Lenago baño egokiago ta beteago: nire anaiearen otseinak aldi atan nire kide ta lagun ziran, orain nire gizon dira.

SEBASTEN: Baña, zure yakinkidetzea...

ANDONI: Bai, yaun; non da orrako ori? Ozpel-arrakal ba'litz, oñetako bigun-nasaiak yantziazoko leuskidaz: baña nik eztot oartzen nire bularrean olango yainkorik; ni ta Milano bitartean legokezan ogei yakinkidetza be gozatu ta urtu leitekez ni kezkatu baño len! Emen datza zure anaiea, ta ez berau ganean dauen lurra baño obea, orain dirudiana ba'litz: eta nik ori nire esaneko galtzaidu onen iru atzondoz betiko oeratu nengike: eta zuk, egitekoa onan eginda, agokada zar au, gure bideak eragotzi bear eleuskiguzan Zurtasun yaun au betibeti kiñu egingo leukean tokira bidaliko zeunke. Ganetikoari buruz, zure azalbena guztiak artuko dabe katuak esnea edaten dauen letxe; guk aroari au, naiz ori orado datorkola esan ba'dagigu, beste guztiak ontzat artuko dabe.

SEBASTEN: Ik egina izango dok, adiskide maite, nik egitekoaren aurretiko; ik Milano iritxiko eraz lortuko yoat nik Napoli. Atera ire ezpatea; zartada batek yareiko au i ik ordaintzen dokan zergatik; eta nik errege onek maite izango aut.

ANDONI: Atera zeuk be: eta nik nire eskua atzeratu dagidanean, zuk beste ainbeste egin, Gontzal'eri erasoteko.

SEBASTEN: Ara! Itz bat, ez besterik. (Eurak euretara izketan.)

 

Eresi. Barriera-barri aurrera Ariel, iñok ikus-ezinik.

 

ARIEL: Nire ugazabak aurre-yakitez ba-daki bere adiskideak zelango galbidean dagozan; eta neu bidaltzen nau ona, ostean aren asmoa, biziak bizirik eukitekoa, galdua litzateke-ta.

 

(Gontzal'en belarrira abeska)

 

                    Zu emen lo-arrantzaka zatzan artean

                    Azpikeriak begi-zabalik

                    Bere eretia artzen dau

                    Biziaren ardurarik ba'dozu,

                    Aztindu lo-zorro ta zagoz itzarrik:

                    Itzarri, itzarri!

ANDONI: Orrezkero, gabiltzan gu biok bizkor, eta zirti-zarta.

GONTZAL: Orain, angeru onok, yagon erregei (Itzarri egiten dira)

ALBONTSA: Ara! Zer dok au? Ara! Itzarri! Zetarako atera dok ezpatea? Zegaitik begirakune larri-itzal ori?

GONTZAL: Zer da?

SEBASTEN: Gu emen zure atsedena yagoten egon gareanean zezen, edo obeto esan, leoienaren antzeko orroa arroa entzun izan dogu: ez ete zau ak iratzarri? Ak larri-larri nire belarriai iztenak eragin izan dautsez.

ALBONTSA: Nik eztot ezer entzun.

ANDONI: Mamuren belarria ikaratzeko añako durundu izan da; lurra bera be ikaratzekoa! Leoiarena barik leoi-talde osoarena izan da, urrean.

ALBONTSA: Entzun dok olangorik, Gontzal?

GONTZAL: Nire izen ona-arren, yaun, nik entzun dodana iñondiko durundu izan da ta orrexek iratzarri nau: nik zuri eragin, yaun, eta gedar egin dautzut; begiak idigi dodazanean orrein ezpatak aterata ikusi dodaz: durundu izan dana egia da; yagon daiguzan gure buruak; edo-ta emendik alde egin: atera daiguzan gure ezpatak.

ALBONTSA: Yarri adi i aurretik, eta toki onetatik alde eginda, gaioazan nire seme gixaxoaren billa ostera be.

GONTZAL: Yarri adi aurretik eta gaioazan.

ARIEL: Posper nire yaunak yakin bear dan nik egina (Bere kitean); orrekero, errege, zoaz bildurge zure semearen billa. (Alde dagi.)

 

 

 

II. AGERLEKU

 

Izaroko beste arlo. Kaliban aurrera, lepokada egurregaz.

 

Odei-otsak entzuten dira.

 

KALIBAN: Eguzkiak zingira, iztinga, iztoki, oxin eta ur geldietatik edoski ta zurrut egiten dauzan kutsu guztiak betoz Posper'en ganera, ta yan dagianaren atzondo bakotxeko gaitz bat intsigiko al yako! Aren iratxoak entzuten dauste, baña a ta guzti be nik ari birao-darioka ibili bear. Baña orreik ez dauste orratzik sartuko, ez kirikiño latzik erakutsita bildurtuko, ez ni lupetzan sartuko, ezta, ilintiak lez, ilunetan nire bidetik aldenduazoko, ak ai agindu ezik; baña edozein aletz eta uskerigaitik ezarten daustaz: batzuetan, niri mosuak egin eta itz-ontzi diran eta gero usigiten dausten tximinoen antza artuta; beste bein, nire bide-bidean yarrita, nire oña euren gane-ganera yoanda, euren arrantzakaz nire oin gorrietan min egiten dausten kirikiño latzen antza artuta; beste batzuetan sugegorriak kirimilduten yataz soin osoan, eta euren min sardatuz txistu eginda, zoratu bearrean yarten nabe: Ara! Ara!

 

Tirinkul aurrera.

 

          Emen dator aren iratxoetatiko bat, eta niri elorrioak emoten dator egurrak astiro daroadazalako: luze ta soña betean etzango naz; ba-leiteke orrek ni onan ez oartzea.

TIRINKUL: Emen eztago ez txarakarik, ez ezetariko zugatz merrorik be egur-aldiaren erasotik nobere burua yagoteko, ta beste ekaitz datorku ganera; axearen txistuak iragarten daust; an aragoko odei baltz-eskarga ak bere zirina ixuri gurarik dagoan erlanagi motza dirudi: odeiak yo ba'dagi barrien-barri, len yo dauen lez, eztakit nire burua non ostondukorik a aragoko odeia kantinkadaka yausteko dago. Zer dogu emen? Gizon ala arrain? Bizirik ala ilik? Arrain: arrain-usaina dau beintzat; usain zantar eta arrain-sunda; makallaotxo gatzituen bat eta ez gatzitu-barriena. Iñondiko arrain berau! Ni orain Ingelanda'n ba'nengo (bein izan nintzan lez), ta arrain onen irudia bera euki, yai-egun-ergelen batek an onen irudiagaitik zidar-diru emongo leuskit: an mamu onek gizon egingo ninduke; an iñondiko edozein piztik edonor gizon egiten dau; eta eztabe emongo txakurtxikirik eskeko meikiri laguntzeko; amar emongo dabez, ostera, Inditarren baten gorpua ikuste-arren. Arrano, gizonarenen antzeko zangoak dauz! Eta onen egalak beso-antzekoak dira! Epel yagok, arranotan! Boa ortik zear nire lengo eretxia, oraindik aurrera enaz eretxi atako; au eztok arrain, izaro onetako lagunen bat baño, oraintsu oñaztarrien batek joa. (Ostots da). Ene! Ekatxa dator ostera be: nik egin daikedanik onena onen txartes-pera zirrist egitea da; alderdiotan eztago au ez beste legorrik: bearrak gizona iñondiko oelagunen ezagun egiten dau. Ementxe estali ta batuko dot nire burua ekatxaren ondarrak igaro arte.

 

Estepan aurrera abeska; eskuetan ardao-bonbil dauela.

 

ESTEPAN: Ez ni egundo geiago itxasora, itxasora,

          Emen ilgo naz legorrean ganoraz...

          Doñu zirtzil-zirtzila dok au gizonen iletan abesteko: ondo dago, amen nire poza (Edan egiten dau).

 

                    Ontziburuak, ontz yagoleak, ontz-zainak eta nik

                    Suaga-zainak eta aren lagunak

                    Maite genduzan Mari, Miren, Marine ta Katalin,

                    Baña guri iñori ardura ez Segunda;

                    Aren miñaren «tin-tan»-ak,

                    Ontzi-mutilari gedar egiten eutsan «Eure burua eskegik»;

                    No ari etxakon gogoko ui ta pike-sundarik,

                    Baña edozeinek atz eikion izanik azkurarik

                    Orrezkero, itxasora, mutilek, ak dagiala burua eskegi.

 

          Au berau be doñu zirtzila da: Baña, amen nire poza.

 

(Edan egiten dau).

 

KALIBAN: Enagik mindu: ai, ene!

ESTEPAN: Ze arraio dok au? Txerrenak ete doguz emen? Marroak egiten ete dauskuzuez basati ta Indietako gizonakaz? Nik etxoat uretan itotetik alde egin orain ire lau zan goen bildurrik izateko, eta izan be esakunea dok: «Egundo lau-oñean ibilikoa besteko benetako gizonek ezin eragin leio ari atzeraka», eta ostera be esango da Estepan'ek surretatik arnasarik artuko dauen artean.

KALIBAN: Iratxoak gorriak ikusiazoten daustaz: Ai, ene!

ESTEPAN: Au izaro onetako lau-oñeko mamuren bat dogu, ta, nire ustez, beroenaren aldikadea dau. Non denganiño ikasi ete dau gure izkuntza? Gaitz-aringarriren bat emongo dautsat, onentzako gai izatekotan. Osatu al ba'dagit, eta otzanik bare euki, ta beronekin Napoli'ra eldu, au bere biziko esku-erakutsi litzateke egundo narruzko oñetakorik yantzi izan dauen erregentzat.

KALIBAN: Enagik mindu, arren; bizkorrago etxeratuko yoat egurra.

ESTEPAN: Aldikadeak yo dau oraintxe; eta bere itzak ez dira sentzuntsuenak. Nire bonbilekoa zelangoa dan ikusiko dau: iñoz lenago ardaorik edan ezpa'dau, bere aldikadea larri-larri kendu egingo dautso. Osatu al ba'agit, eta bare euki, ire alde geiegirik etxoat artuko: onek au dauenari onen zorra ordainduko dautso, eta ondorik asko ordaindu be.

KALIBAN: Bein-beinean ez daustak egiten min andirik; laster bai egingo daustak; ori ire kareak iragarten yaustak; Posper'ek eragiten dausk orain iri.

ESTEPAN: Egik eure naierea; idigi egik agoa: katu ori, aiko amen iri itz eragingo dauskana; idigi ago ori: onek uxatuko yok ire ikarea, baietz uxatu, sinetsi egidak; ik ezin esan daikek nor dan ire adiskide: zabaldu ire masalla-azurrok ostera be.

TIRINKUL: Berbaro ori ezagun yat: urliarenak izan bear leuke izan, baña a itorik da; eta onako oneik txerrenak dira. Ene! Lagun zakidaze!

ESTEPAN: Lau oin eta berbaro bi: iñondiko mamu! Onen aurretiko itzaroa orain bere adiskideaz ondo esatea da; atzetiko itzaroa, ostera, zantarkeriak eta iñori buruz txarto esatea da. Nire bonbileko ardao guztiak zuzpertu al ba'dagi, onen beroenaren aldikadea benderatzen lagunduko dautsat: Tiruk... Olantxe! Ire beste agoan be ixuriko yoat arean.

TIRINKUL: Estepan...

ESTEPAN: Ire bigarren agoa ete yagok niri deiez? Ene! Ene! Au txerren yatzu, ez mamu. Itxi dagidan geldi; eztot txali luzerik.

TIRINKUL: Estepani... Estepan ba'zara zu, ukutu nagizu ta itz egidazu; ni Tirinkul naz-ta, ez izan bildurrik; ni zure adiskide on Tirinkul naz.

ESTEPAN: Tirinkul ba'az ator argitara; zangorik laburrenetatik indar egingo yoat; zangootarik arean Tirinkul'enik izatekotan, onaik dira arenak. Izan be i Tirinkul berbera az; zelan eldu az i yaiotzatiko ergel onen barrura? Onek puzka Tirinkulak egotzi daikez, ala?

TIRINKUL: Nik ori oñaztarriak ilekotzat artu naioan baña ez ete az ito, Estepan? Orain zu etzareala ito ustetan nago. Ekatxa yoana ete da? Ni, ekatxaren bildurrez, yaiotza tilko ergel il onen txartes-pean ezkutuan yarri naz. Bizirik zagoz, ala, Estepan? Ene Estepan, Napoli'tar bik igesi!

ESTEPAN: Arren, ez egidak birarik eragin; nire biuzturia larri yagok.

KALIBAN: Oneik iñondiko gauzak dira, ta iratxoak ezpa'dira, yainko indartsuen bat da, ta zerutiko edaria daroa bere aurrean belaunbiko yarriko naz.

ESTEPAN: Zelan urten dok ik onik eta ondo? Nolan eldu az ona? Bonbil auarren zin egik nolan eldu azan ona. Nik neuk itxas-gizonak ontzi-egaletik itxasora egotziko ardao-upel ganean igesi naioan, eta au itxasertzeratuezkero neure eskuz zugatz-azalagaz eginiko bonbil au-arren dirauskat

KALIBAN: Bonbil ori-arren zin egingo dautzut zure benetako bendeko izango nazala; orrek daukan edaria ludi onetakoa ezta-ta.

ESTEPAN: Eutso; orrezkero zin egik ik nolan igesi enduan.

TIRINKUL: Ataak legetxe uger egin neban izpasterrera, gizon; nik ba'dakit ataak lez uger egiten: orreri buruz zin egiten dot.

ESTEPAN: Eutso, mun egiok idazti oneri: ataak lez uger egin daikekan-arren, i antzarraren antzeko egin aue.

TIRINKUL: Ene Estepan, onangorik arean geiagorik ez ete dozu?

ESTEPAN: Upel-bete, gizon, upel-bete. Nire ardangela itxasertzeko artzulo dok; antxe yagok ostonduta nire ardaoa. Nolan ago, yaiotzatiko ergel ori? Zelan yoak ire beroenaren aldikadea?

KALIBAN: Zu ez ete zara yausi zerutik?

ESTEPAN: Iretargitik yausi nok, bai orixe. Ni len iretargiko gizona izana nok.

KALIBAN: Nik an ikusia zaut. Nire ugazaba-andereak erakutsi zindudazan, baita zure txakurra ta egur-sendorra be.

ESTEPAN: Tiruk, orreri buruz be zin egistak; mun egiok idaztiari; idazti ori barriro beteko yoat: zin egik.

TIRINKUL: Argi on au-arren; mamu au azal-azal da: Onen bildur izan? Mamu makal-makala da au; ...Iretargiko gizona! mamu gixaxo onen sinispera utsa: benetan, ondo margoztu aue, mamu.

KALIBAN: Izaro onek dauen lur emokorra atzondorik atzondo erakutsiko dautzuek; eta zure oñari mun egingo dautsat: arren-bai-arren, zakidaz nire yainko.

TIRINKUL: Argi au-arren, i mamu saltzalle-saltzalle ta mozkorti az; orren yainkoa loak artu dagianean, orrek bonbila ostu egingo dautso.

KALIBAN: Ire oñari mun egingo yautsat; zin egingo yoat ire bendeko izango nazala.

ESTEPAN: Orrezkero, tiruk; belaunbikotu ta zin egik.

TIRINKUL: Iztenak egin arteko barreak egingo dautsadaz buru bako mamu oneri: mamu zirtzil-zirtzil oneri! Nik i yo egin bear induket...

ESTEPAN: Tiruk, mun egiok.

TIRINKUL: ...mamu gixaxo au edaritan ezpa'lego; mamu onen askarri!

KALIBAN: Iturririk onenak erakutsiko dautzuedaz; arangarratzak, aubiak, masustak-eta batuko dautzuedaz; iri arrantzuan be egingo dauskat, eta itzako egurrik asko ekarri. Izurriak eroango al dau ni otsein naiakon lege bako gizona. Geiago eztautsat batuko abarrik, iri iñondiko gizon orreri yarrai baño.

TIRINKUL: Mamu onen barregarri! Mozkorti gixaxo iñondiko gizontzat dau-ta.

KALIBAN: Arren-bai-arren, itxi egidazu karramarroak azten diran lekura zu eroaten; eta nire atzazal luzeokaz eskuti-ogiak aterako dautzudaz lurpetik; eskillaso-abi erakutsiko dautzut eta irakatsi zelan oratu oragalluz tximino bizkorra; ur-mordontxiloetara eroango zaut, eta noizpeinka atxetatik itxasezti egin-barria ekarriko dautzut: yoan gura dozu nikin, ala?

ESTEPAN: Arren-bai-arren, itz-darioa itxita, erakutsi egidak bidea. Tirinkul, errege ta beste lagun guztiak ito dirianezkero, izaro onen yabe egingo gozak. Eutso (Kaliban'eri); eroaik nire bonbila. Yarrai Tirinkul'eri; ori nozik-bein ostera be bete egingo yoagu.

KALIBAN: «Agur, ugazaba; agur, agur» (Mozkor-antzera abesten).

TIRINKUL: Ausika daragoion mamu; mamu mozkor.

KALIBAN:

                    «Eztot egingo geiago arrainentzako ur-ormarik;

                    Ezta billatuko errekinik

                    Iñok aginduz,

                    Ezta olik igurdiko ta azpilik irukutziko;

                    Ban, ban, Ka-Kaliban'ek

                    Ugazaba barri dau. Gizon barri dau. »

          Azkatasun, eup, mutil! Eup, mutil, azkatasun! Azkatasun, eup, mutil azkatasun!

ESTEPAN: Mamu adoretsu ori! Oa i aurretik. (Alde dagie).

 

 

2. Shakespeare'k emen diñoanetik edonori burutanduko yako, Kartago'ko uri, arresi ta etxeak arinago eragiteko, Dide'k arotz eta arginai «arpa» deretxon ereskinaren otsa yoten eutsela. Olangorik ezta aipatzen Birgili'ren Enearenean. Ze arpa miraritsuri buruz ete daragoio?

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Ekatxa, William Shakespeare
Notin Antzeztuak / I. ekitaldi / II. ekitaldi / III. ekitaldi / IV. ekitaldi / V. ekitaldi
Antzerki onen ari-azurrak eta abar / Itz gitxi ezagunak

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


susa-literatura.com