Ekatxa, William Shakespeare

 

Antzerki onen ari-azurrak eta abar

 

Or doatzu, euzkeldun irakurle, Shakespeare'k THE TEMPEST izenagaz eginiko antzerki zoragarria. Au nik euzkeraratuko beste irurak baño bareago yatzu, odol-antzerki barik barre-antzerki yatzu-ta. Emen agertzen dirian lagunak italiarrak dira, naiz-ta yazorik geiena izen bako izaro basamortuan yazo.

          Euzko-Ikaskuntza'ren Oñatiiko Batzarrari buruzko idaztiaren 650'gn. orrialdean, Allende-Salazar'tar Yon yaunak bere idazti-sallean auxe diño: «Aipamen berezi-berezigarri da Sankotze (Naparroa)'ko seme Eslaba'tar Andoni'k idatzi, 1609'gn. urtean irarri ta argitaratu, gero doitxeraratu, ainbat aldiz birrirarri ta, dirudienez, Shakespeare'k bere antzerkirik ederrenetariko THE TEMPEST'en gaitzat erabiliko idazti NOCHES DE INVIERNO (Negu-Gabak)». Allende-Salazar'ek aipatu doguzan bere itzen urren oar au iminten dausku: «Ikus Menendez Pelayo'ren ORIGINES DE LA NOVELA, 121-137 orrialdeak». Aor ba, aurrean dot MENENDEZ PELAYO ORIGENES DE LA NOVELA 1 ESPASA-CALPE ARGENTINA, S.A. Arakatu dot idazti eder au, ta bertan Eslaba'tar Andoni gure idazle naparra bein bakarrik aipatzen da, ta itzotan aipatu be: «... el pueblo se contentó con leer el «Fierabras», y ni siquiera parece haber conocido el libro popular italiano «I Reali di Francia», que sólo muy tardíamente explotó Lope de Vega para una comedia, «La Mocedad de Roldán», y el navarro Antonio de Eslava, para algunas de sus «Noches de Invierno», no impresas hasta 1609, fuera, por consiguiente, del período que ahora estudiamos.» (...baña erriak askotzat izan eban «Fierabras» irakurtea, ta ez dirudi italiar erri-idazti ezagun «I Reali di Francia» gure erriak ezagun ebanik be; orrako idazti ori berandu artu eban Lope de Vega'k «La Mocedad de Roldán» antzerkiaren gaitzat, eta Eslaba'tar Andoni naparrak bere «Negu-gau» batzuen gaitzat; idazti au etzan irarri 1609'gn. urterarte, ta, beraz, guk aztertzen daragoiogun arotik landa.) 535'gn. orrialdean Menendez Pelayo'k auxe diño: «Antiguos comentadores de Shakespeare, entre ellos Malone, afirmaron sin fundamento alguno que Shakespeare, en «La Tempestad», se había valido de la novela de Juan de Flores; no hay ni la más remota analogía entre ambas obras. Todavía hay quien habla vagamente de una novela española utilizada en esta ocasión por el gran dramaturgo inglés; pero esta novela, si existe, no es seguramente «Aurelio e Isabela.»

          (Shakespearein azaltzalle zarrak, eta euren artean Malone'k orretarako ezetariko oñarri ta bide barik, Shakespeare'k bere «Ekatxa» idazteko Juan de Flores'en elebarria erabili ebala esan dabe; lan biak ez dabe ezetariko alkarren antzik. Badago oraindik beste norbait be ingelandar antzerkigille andi orrek bere orrako lan orretarako gaitzat españar elebarriren bat erabili ebala diñonik, baña gauza argi ta zeatzik ez diño, ta olango elebarririk ba'dago egon «Aurelio e Isabela» ez da beintzat. )

          Agiri danez, okerreko lekura bidali gau Allende-Salazar'ek. Nik ez dot ez irakurri, ez ikusi gure Eslaba'ren idaztia ta, orregaitik, nik ezin esan «Ekatxa»'ren iturburutzat Eslaba artu geinkean ala ez.

          Menendez Pelayo etzan izan egundo be gure adiskide mami, ezta gitxiagorik be.

          Amen antzerkiaren ari ta azurrak. Posper yatzu Milano'ko Duke, baña Posper erririk yaurtzen eragoteko baño idazti artean biziteko egokiago izan-da, berak bere kitetik erria yaurteko eskubidea ta ardurea bere anai Andoni'ri ezarten dautsaz. Bitartean, bera idazti artean bizi da bere burua landuten, iñorentzako susmo txar barik.

          Andoni'k, bein zaldi-ganera igon eta zaldiaren ago-ugelak eskuetan ikusirik, zaldia berak nora-gura eroan-ezinik eztau; dukegoaz yabetuteko asuro-gurariak buru-biotzetan gili-gili egin dautsoe ta zaldia ara eroango dau, bein zaldiari ondo esanda, bein bizkarrean txibiteaz yota. Onako oni esku-erakutsi emon; orrako orri au naiz ori agindu ta abar. Aldi egokia eldu dala uste izan dauenean Napoli'ko bakaldunagana yo dau bere asmoen alde aren laguntza-eske. Napoli'ko bakaldunak arako ipuñeko leoiarena egiten dau: berak artu zatirik onena ta andiena. Andoni'ri lagunduko dautso, baña baldintza bigaz: Milano'k Napoli'ren bendeko izan bearko dau ta, orrez ganera, urtero onenbesteko zerga ordaindu; orrezkero, Andoni Milano'ko Duke izango da ta, Andoni'ren gurari-eskariak beteteko, Posper eta bereak erbesteratu egingo dira. Egiunea egin eta izenpetu da. Orain eretiaren begira.

          Eldu da ereti ori. Posper'entzako zori txarreko gabaz azpiyaleen gudaroztea Milano'ko urira sartzen da arresietako ateak zear, eta urrengo egunean Posper Milano'ko Dukea ta Mirande aren iru urteko alabatxoa orretarako gertu dagoan itxas-ontzian sartzen dabez, itxas-barruan beste ontzitxo zakar, zar, erdi-ustelera aldatu ta itxas-erdian bertan-bera izteko.

          Yaungoikoz, Posper eta bere alabatxoa iñor bizi eztan izarora eltzen dira. Iñor bizi eztanera esan dot, baña ez, an bizi da Saikoratz izeneko atso sorgin Apirka'tik erbesteratuaren seme motel-totel, astegun-arpegi, larri-larri gizon-antzik eztauen Kaliban.

          Orrez ganera, Ariel izeneko iratxo be aurkitzen dau zugatz birrintzatuaren birrintzan estu-estu sartuta elorrio gorrietan, arako Saikoratz'ek bera il-aurretik zigor-bidez an sartuta.

          Posper'ek Ariel iratxoa azkatu egiten dau ta Kaliban'eri gizakiri dagokiozan zertxoak irakatsi, epearen epez, baña astirik geien bere alabeari irakasten emonda.

          Posper'ek be bere aldetik bere asmoak dauz: barrien-barri eskuratu gura dau Milano'ko Dukegoa; amabost urte dauz Mirande bere alabeak, ezkontzeko gai da; bere idaztietan ikasiko bidez eta Ariel eta beste iratxoen laguntzeaz aurrera eroango dau bere asmoa. Napoli'ko bakalduna ta aren aundiki-maundikiak eta ontzidia Apirka'ko Tunixa'ra yoanak dira Bakaldunaren alaba Karibele ta Tunixa'ko bakaldunaren ezteguetara. Aik ezteguetatik etxerantza datozala, Posper'ek iñondiko ekatxa sortu ta eragiten dau Apirka ta Europa bitarteko itxasoan; Napoli'ko bakaldun-ontzia beste ortzietatik bakandu egiten da ekatxaren indarrez ta suak artu. Ontzikoak ontzitik yauzi egiten dabe uretara ta al dauena izpasterrera eltzen da igeri. Batzuk emen, beste batzuk or, besteak aragoan legorreratu dira, baña iñor be ezta galdu.

          Ariel iratxoak, legorreratuak moltsoka zabaltzen dauz izaroan eta bakaldun seme bakaldun-gaia bera beretara izten dau, Posper'en aginduen arauz.

          Bakaldun-semea Posper'en txabolara eltzen da, bere lagunen barririk eztakiala ta berealako baten Mirande'kin maiteminduta akin ezkondu egiten da. Napoliko bakaldunak bere semea bizirik aurkituta, pozaren pozez zoratuta gelditzen da. Posper'eri bere dukegoa atzera emoten dautso ta, orrezkero, guztiak doaz Napoli'ra oso-osorik aurkitzen dan bakaldun-ontzian.

          Bidea nondik eta nora doan erakutsi yatzu, irakurle, baña azur utsetatik azurrok izan dauzana liraina ala itxusia izan dan ezin igerri daiteke; orretarako azurrak mamiz eta narruz yantzi bear dira; olantxe, zuk be antzerki onen mamia ta narrua ikusi bear dozuz ederra dan ala ez yakiteko. Zeuk irakurri egizu, ba, ta astia pozik eta atseginez emongo al dozu. Agur.

 

Euskaratzalleak

 

 

© Bedita Larrakoetxea

 

 

Ekatxa, William Shakespeare
Notin Antzeztuak / I. ekitaldi / II. ekitaldi / III. ekitaldi / IV. ekitaldi / V. ekitaldi
Antzerki onen ari-azurrak eta abar / Itz gitxi ezagunak

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


susa-literatura.com