Ekatxa, William Shakespeare

 

I. ekitaldi

 

 

I. AGERLEKU

 

Itxasontzian itxasoan. Ekaitz, Ostots eta Oñaztuakaz.

 

Ontziburu ta Ontziyagola aurrera.

 

ONTZIBURUA: Ontziyagola...

ONTZIYAGOLEA: Emen nozu, ugazaba: nolan zagoz?

ONTZIBURUA: Ni ondo: itz egin ontzi-mutilai: eldu arin lanari, ostean guztiok gozak ondora-ta; maneau, mutilak, maneau. (Alde dagi).

 

Ontzi-mutilak aurrera.

 

ONTZIBURUA: Eup, maiteok: gogotsu, gogotsu, maiteok; batu ta lotu arin-be-arin gorengo ontzi-oiala; yaramon ontziburuaren txistuari. Egiok putz ire eztarriak iztenak egin arte, astirik izatekotan!

 

Albontsa, Sebasten, Andoni, Perdinanda, Gontzal eta beste batzuk aurrera.

 

ALBONTSA: Ontziyagola on, ibili arduraz. Non da ontziburua? Gizonok yolasean daragoioe.

ONTZIYAGOLEA: Arren-bai-arren, bean egon zuok.

ANDONI: Non da ontziburua, ontziyagola?

ONTZIYAGOLEA: Ez dozu entzuten bera, ala? Zuok alperrik galtzen dozue gure nekea; egon zuon ontzi-txokietan: zuok ekatxaren lagun zarie.

GONTZAL: Tiruk, ba, adiskide, epe artu egik.

ONTZIYAGOLEA: Itxasoak artu dagianean artuko dot. Alde emendik! Zer ardura dautse orroegilleoi erregeren izenagaitik? Ontzi-txokira ixilik; ez emon guri zer-eginik.

GONTZAL: Ondo dago; orraitiño gogoan izan nor dozun ontzian.

ONTZIYAGOLEA: Ez neure burua baño maiteago dodanik. Zu etzara txarra iñori aolkuak emoteko; len-izakiok ixildu al ba'zenduz, eta une onetantxe bakea egin, guk ez geunskio ukutuko geiago lokarri bateri be; eragin lan zure aginpide orreri. Ezin ba'dozu, ostera, emon eskerrak orain arte bizi izan zarealako ta gertau ordu onetako zori txarrerako, olangorik yazo baidadi. Gogotsu, maiteok. Alde gure bidetik, arranook. (Alde dagi).

GONTZAL: Argia benetan lagun onek dakarstan poza: eztot uste onek iñoz urpera yoanikoren atzik dauenik; onen soña urkamendirakoren antz-antzeko da. Zori on, ekiok aurrera, ori eskegi dagigun! Orren etorkizunezko lokarri meaz lokarritzarra egik, gurea eztok gauz ezetarako-ta! Ori iñok eskegiteko yaioa ezpa'da, gu errukarri gara. (Alde dagie).

 

Ostera be Ontziyagolea aurrera.

 

ONTZIYAGOLEA: Eratsi ontzi-aga nagusia; arin; berago, berago; ikusi ia aga txikietako oialakaz ondo doan. (Barruan gedar). Denganiñoaren gedarra! Gedarrok axearenak baño zoliagoak dira, edo gure bealekua...

 

Ostera be Sebasten, Andoni ta Gontzal aurrera.

 

          Ostera be? Zer egiten dozue zuok emen? Bertan-bera itxi ta ito egingo gara, ala? Bai ete dozue ondora yoateko gogorik?

SEBASTEN: Eztarri ori ustelduko al yak! txakur ausikari, añenti ta erruki bako orreri!

ONTZIYAGOLEA: Orrezkero eldu zeuok lanari!

ANDONI: I eskegi, txakur txatxar, i eskegi! Emagaldukume, zaratatsu, lotsabako ori, itoteko bildur gitxiago yoagu guk.

GONTZAL: Egingo neunke nik ori ezetz ito ontzia intxaur-mokola baño sendoagoa izan ez arren, eta darion neskea baño eriotsuago izan arren.

ONTZIYAGOLEA: Yarri ontzia axea-begira, axea-begira bide bi emon: itxas-barrura ostera be, zuzendu itxas-barrurantza.

 

Itxas-mutilak aurrera, busti-bustirik.

 

ITXAS-MUTILAK: Dana galdu da! Otoietara, otoietara! Dana da galdurik! (Alde dagie).

ONTZIYAGOLEA: Zer, gure agoak otzik euki bear ete doguz?

GONTZAL: Errege ta erregegaiak otoitzari daragoioe lagun gakiezan, gure zoria areina langoxea da-ta.

SEBASTEN: Nik epea galdu dot.

ANDONI: Gure biziak moskortiak ostu dauskuez ziri ederra sartuta, masaila-zur andi zital ori; itoten al engo luze, amar izkoren sastamar ori!

GONTZAL: Oraindik ori eskegi egingo dogu; ur-tantan bakotxak ezetzaren alde zin egin eta ori irunsteko agoa zabalduala zabaldu-arren be (Zarata nastua barruan). Gurearen erruki! Arrakaldu gara, arrakaldu gara! Agur emazte ta umeak Agur, anai! Arrakaldu gara, arrakaldu gara, arrakaldu gara!

ANDONI: Goazan guztiok urpera erregekin! (Alde dagi).

SEBASTEN: Agur dagiogun. (Alde dagi).

GONTZAL: Orain itxasoko milla gizalan emongo neunkez nik lur antzuzko estatu bategaitik; astiñar, ida baltzeran, edozerdunagaitik: egin beitez Goikoa'ren gurariak! Baña nik gurago neunke legorrean il. (Alde dagi).

 

 

 

II. AGERLEKU

 

Izaroa; Posper'en txabola-aurrean Posper eta Mirande aurrera.

 

MIRANDE: Aita laztan-laztan, zure esku ta antzez imini ba'dozuz ur basatiok orroaka, otzandu egizuz; dirudienez, ortzeak ui andurrezko sua eralgiko leuke, itxasoak, ortzearen mosuraño yagita, su ori itxungiko ezpa'leu. Eneee! nik yasan dodana, orreik yasaten ikusita! Baiki barruan izaki argien batzuk eukazan ontzi txairoa birrindu-birrinduta gelditu da. Arein negar-arrantzak bioz-biotzean yo nabe! Gixaxoak! Yoanak dira. Ni almendun yainkorik izan ba'nintz izan, nik itxasoa legorrari iruntsiazo izango neuntsan, iruntsi dauen ontzi eder eta barruan zamatzat eukazan lagunak itxasoak irunstekotan.

POSPER: Seneratu zaite; arritzerik asko yatzu; zure biotz errukibereari iñok eztauela minik artu esan egiozu.

MIRANDE: Enee! Gaurko egunarena!

POSPER: Iñok eztau minik artu. Egin dodan oro zu yagote-arren egin dot; zu nire kutun ori! zu, nire alaba ori! Zuk eztakizu zu nor eta zer zarean, ni nondiko nazan eztakizu ta, txabola txiro betearen ugazaba Posper baño ta a baño asko argiago eztan zure aita baño askozaz obe nazanik be eztakizu zuk.

MIRANDE: Egundo eztot izan geiago yakiteko gurari biziagorik.

POSPER: Zuri geiago iragarteko aldia eldu da. Ekazu eskua ta erantzi egidazu nire yantzi liluratu au... Olantxe; (Lurrean izten dau beso-bako ganeko yantzi luzea). Atza or, nire antze. Legortu zure begiak; izan gogo-argi ta txitxari. Zu zure biotzeko erruki-errukian yo zindun ontzi-urperatzezko ikuskizun itzala nire aurre-ikusiz eta antzez esku-eskutik erabili izan dot-eta arimarik bat bera, ezta buruko ulerik bat bera be, ontzian negar baten entzun eta urperatzen ikusi zenduzan lagunetatik bat bera be ezta galdu. Yezarri zaite; oraintxe oraindik geiago yakin bear dozu-ta.

MIRANDE: Zu sarritan asi zara asi ni nor eta zer nazan esaten; baña beti erdi-esanean gelditu izan zara, ta iñora ezeko azterketetan itxi izan nozu, azkentzat esanaz: «Etxon, oraindik ez.»

POSPER: Eldu da orain tertzioa; une-uneak zure belarriak adi-adi eukiteko agintzen dautzu; izan esaneko ta egon buru-belarri. Gogoratu ete daikezu gu txabola onetara sartu aurretiko aldirik? Eztot uste zuk olangorik daikezunik, aldi atan zu iru urteko zintzan da.

MIRANDE: Zalantza barik, yaun, ba-daiket.

POSPER: Zertatik? Beste etxe nai lagunen batetik? Esaidazu zelangoa zan zuk gogoratzen dozun edozein gauza.

MIRANDE: Orreik antxinako gauzak dira-ta, nire oroimenak atakotzat zalantza barik emotekoak eztira, ta bai ames-antzekoagoak: ez ete nebazan nik beñola niri yaramoteko lau edo bost emakume?

POSPER: Ba-zenduzan eta bai geiago be, Mirande: baña onek zelan ete dirau zure gogoan? Zer besterik ikusten dozu zuk igaroko aldian eta aldiaren leza sakonean? Ona etorri baño lenagokorik oroituezkero, ona zelan etorri zintzan be oroitu bear zeunke.

MIRANDE: Orraitiño orrako ori eztot oroitzen.

POSPER: Zure aita Milano'ko Duke ta esku andiko gizon izan zanetik amabi urte, Mirande, amabi urte.

MIRANDE: Yaun, zu etzara nire aita, ala?

POSPER: Zure ama ekandu on utsa izan zan-da, ak nire alaba zintzala esan eustan, eta zure aita Milano'ko Duke izan zan; eta aren ondasunen yabegai bakarra duke-alaba. Orixe zara zu, ez bape gitxiagorik.

MIRANDE: Enee! Yaungoikoa-arren! Yoko txarren bat egin bear izan gendun guk andik alde egiteko; ala, ori gutzako onespen izan ete zan?

POSPER: Biak, biak, ene neskato: yoko txartzat dozunak atera ginduzan andik, eta zori onez yaurtin ona.

MIRANDE: Enee! Nire biotza odola dariola dago nik nire orrako oroipen orregaz ekarri dautzudan lorra gogoraturik! Aurrera, otoi, aita.

POSPER: Nire anai ta zure osaba, Andoni deretxona, a bai ba-dala iñondiko etoi, ta au gogoan izan egizu, arren! Zure urren maite, ta nik nire duke-erria yaurriten imini nebana; aldi atan nire dukegoa yaungo guztietarik gorengoa zan eta Posper gorengo dukea; adeigarritasunez eta antze-edergarriz entzute andiko ta bardin bako yatzun: antze-edergarriok izanik ni burubelarri irabazi ta eurekanatu ninduenak, eneuntson emon, ba, nire anaieari yaurgoa? Emon baineuntsan emon neuntsan. Nire dukegoarekiko ni geroago aldenduago nintzan, nire zaletasun eta ixileko ikasketai nire burua geroago emonagorik. Zure osaba zitalak... Adi ete zagoz.

MIRANDE: Yaun, adi be adi.

POSPER: Bein ondo ikasi ebanean eskatua noz eta nori emon, eta noz eta nori ukatu; nor eragi, ta nor moztu geiegi azi dalako; ak barrien-barri egin ebazan nireak izaneko lagunak; aldatu egin ebazala edo-ta era-barritu egin ebazala esan gura dot; aginpidedunaren eta agintzearen, bien giltzak berak eukita, biotz guztiak bere belarriei gozo yaken otsera yarri ebazan ak; orrezkero bera zan nire dukegoaren enbor-adarrai intsigi ta aren muskertasuna iruntsi eban untza. Zu etzagoz adi; arren-bai-arren, zagotaz adi.

MIRANDE: Ene yaun on, adi nagotzu.

POSPER: Nik mundu onetako arloa aintzat artu ez-ta, beti barruan egonda, ta oian bakarrik egonda nik nire gogoa giyetea erriaren niganako uste ona baño beinegotzat etsita, ni olan nengoala nire anaiearen izakera ta lera biurria biztu ta itzarri egin zinan; eta nire uste onak, guraso onaren antzera, zitalkeria sortu eban, nire uste ona añako zitalkeria, gauzak itzulietara esanda; nire uste onak izan, ez eban neurririk, atzenbako zan. A onan yaun eta yabe egonda, nire ondasun eta etorrien yaun eta yabe ezeze, orreiz ganera nik nire eskubidez eskuratu nengikeanaren yaun eta yabe be; ak bera zala dukea sinistu be egin eban, bere biziaren onerako, esanaren esanez bere oroimena egiarekiko obendi egiten dauenaren antzera; nire ordezkotzeagaitik eta bere yardunean erregetzearen ezaugarriak erabiliagaitik, ta orreri deutsoen zer bere-bereak erabiliagaitik: ortik aren biotzean geiagoaren egarria azita... Entzuten daustazu?

MIRANDE: Zure itzak, yaun, gortasuna bera be osatu egingo leukie.

POSPER: Edestuko atal onen eta berau antzeztu ebanaren bitartean argi-oztoporik ezarri barik, nai-ta-nai-ez bera izango da Milano'ren yaun eta yabe bakar: ni gizon onen zori txarreko! Nire idaztitegia dukego andirik asko izan da; ondasunekiko nire errege-eskubideetarako enau ni ak gaitzat. Napoli'ko erregeakin alkartu da, agintza-egarriren egarriz, ari urtero zerga ordaintzeko ta aren bendeko izateko; bere burestuntxoa aren burestunaren azpiko izateko, ta (enee! Milano'ren errukarri!) egundo iñori bururik makurtu eztautsan dukegoak ari lotsaririk andienaz makurtzeko.

MIRANDE: Ene Yaungoiko!

POSPER: Oartu aren baldintzea ta ondorena; eta esan gero ari anai deitu leikion.

MIRANDE: Nire amamari buruz uste txarrik ba'neu, oben egingo neunke: sabel onak seme gaiztorik sortu izan dabe.

POSPER: Orain arako baldintzea. Napoli'ko erregek, nire aspaldiko arerio gorri izan-da, gogo onez entzuten dau nire anaiearen eskaria; eta eskari ori etzan besterik ni ta nireak dukegotik bertatik erbesteratu ta Milano liraina ta omen guztiak nire anaieaganatzea; orren alde nire anaieak erregeri gorago aitatuko buru-makurtze ta nik eztakit zenbat zerga ordainduta Orrezkero, azpiyale-gudaroste batuta, zori txarrak orretarako gertauko gauaz, Andoni'k Milano'ko ateak idigi ebazan; eta gau ilunez asmo orren aldekoen bendekoak ni ta zu, negar baten, andik iradu gorriz atera ginduezan.

MIRANDE: Ene! Gure errukarri! Aldi atan negar egin nebanik oroitu ez-arren, orain barrien-barri negar egingo dot. Erdizka iragarri orrek nire begiak sakatu egiten dauz orretarako.

POSPER: Entzun apur bat geiago, ta orrezkero gure egiteko arlora eroango zaut; ori barik au egokiez-egokieza litzateke-ta.

MIRANDE: Zegaitik ez ete eben erabagi gu une atantxe iltea?

POSPER: Arira datorren itaun, neskato; nire itzaldi onek dakarrena da itaun ori. Maite, etzirian azartu; (Nire erriak maite-maite nindun ni) ezta euren egitekoari olango atz odoltsu rik ezarten be; euren asmo dongeak margo argiagoz margoztau gura ebazan. Labur esateko, iraduz eta arinka itxasontziratu ginduezan; legoa batzuetako bidean itxas-barruratu ginduezan; an ontzitxo zakar-ustel gertau euskuen; ez itsutarik, ez kako ta txirrikarik, ez axe-oialik, ez ontzi-agarik ez eban ontzi zakar-ustel; sagutoak eurak be, euren sentzunak eraginda, andik alginak ziran: ara aldatu ginduezan ontziz, orroaka eragoion itxasoari guk negararrantzak egiteko; axeai gure larri-arnasotsak egozteko, ta axeak euren arnas-ots errukiorrez erantzunda okerreko errukia erakutsi euskuen.

MIRANDE: Enee! Ni enintxatzun izango aldi atan eragozpen makala!

POSPER: Bai, zera! Zu ni yagon nindun kerubea izan zintxatazan! Nik itxasgana tantan gaziz estaltzen nebanean, goitiko sendotasunez zuk irribarre egiten zeunstan; nire zama aztunaren azpian urrumeka neragoionean, zuk adorea ezarten zeunstan zer yazokoari arpegi emoteko.

MIRANDE: Zelan eldu gintzan izpasterrera?

POSPER: Yaungoikoz. Yakirik arean ba-gendun, bai ur-pitin be, Gontzal izeneko Napoli'tar gizon zindoak errukiz emonak (Gontzal au zan arako asmo zitala beteteko izentauriko ontziburu); yantzi eder, liño-miesa, oial eta osteango bearrekoak be emon euskuzan, eta zerok arrezkero ederto be ederto etorri yakuz; eta ni idazti-zale nintzala ak yakinik, bere biotz onez, nire idaztitegitik nik nire dukegoa baño aintzakoagotzat dodazan idaztiak be emon eustazan.

MIRANDE: Egunen baten ikusiko al dot a gizona!

POSPER: Orain ni yagiten noa; zu geldi egon yezarrita; ta entzun gure itxaslorraren azkena. Ona izaro onetara eldu gintzan; eta emen, zure irakastegi-irakasle onek, beste erregek baño on andiago egin dautzut, aik eurak astia uskerietan emon eta euren semeak nik zuri baño gitxiago yaramoten dautsenen ardurarpean izten dabez-ta.

MIRANDE: Yaungoikoak ordainduko al dautzu guzti ori! Eta orain, arren, yaun (Oraindik nire gogoan iraun dirau-ta), zer dala-ta eragi dozu itxas-ekaitz au?

POSPER: Auxe bakarrik yakizu bein-beinean. Iñondiko alan-bearrez, orain nire andera maite dan Zori esku-zabalak nire arerioak izpaster onetara ekarri dauz; nik aren eraginari yarrai bearrean, yarrai ezpa'dagiot, oindik aurrera nire zori ona iristuz eta merrotuz yoango da. Ez itaunik geiago, zu lo-gura zara-ta; moteltasun ori ongarri da ta itxi egiozu bere bidea artzen; badakit zuk besterik ezin-dozuna. (Mirande loak artzen dau).

          Agertu akit, otsein, ator: oran gertu naiagok ni; urreratu akit, ene Ariel.

 

Ariel dator aurrera.

 

ARIEL: Agur, ugazaba argi! Agur, yaun ben! Ni emen nozu zuri naierak egiteko; dala egaz egiteko, uger egiteko, surtan mosuz-aurre sartzeko, naiz odei kirimilduen ganean iztartolaka ibilteko; izentau lana Ariel'eri ta bere gaitasun guztiai zure agindu zorrotzez.

POSPER: Iratxo orrek bete-betean eta utsik egiteke sortu ta osotu ete dok nik iri aginduko ekatxa?

ARIEL: Zeatz-zeatz. Erregeren ontziratu naz; bein musturre'an, bein garrian, ganean, etxoki bakotxean, itzal-ikarea sugarretan imini dot: aldiz, zatitu ta sua ainbat tokitan ixitu izan dot; ontzi-aga nagusi-ganean, ontzi-oialetan, eta ontziaurraldeko agen suak ixitu dodaz, eta gero su guztiai bat eragin: Yupiter'en yusturi, ostots ikaragarrien aurrendari bizkorragorik eta beingoanagorik ezta egundo izan. Ango su ta sulpurrezko orroiak ateraten izan dabezan karraskadak entzun eta ikusirik, esan eitekean ontzia Netun [1] indartsu-indartsuak inguratu ebala, ta urutu azarriak, bere iru, ortzeko sarda bildurgarriz aztinduta, ikaratu egiten ebazala.

POSPER: Nire iratxo azarri ori! Nor izan dok iñondiko naste-borraste orretan bere burua ez galtzeko lain sendo ta yarri?

ARIEL: Ez iñortxo be; bestera, guztiai zoratu egin yakien eta etsiena egiten eben; itxas-mutilak ez, beste guztiak gezaletan murgildurik ziran eta ontzitik alde egin eben, gero guztiak surtan nikin; Perdiñanda, errege-semea, buruko uleak zutunik ebazala (iiak zirudien, ez uleak), izan zan ontzitik larrien yauzi egin ebana: «Su-lezea ustu egin da, ta txerren guztiak emen dira» gedar egin eban ak.

POSPER: Ba! A nire iratxoa izan zan! Baña ez ete zoan yazo orrako ori izpasterretik ur?

ARIEL: Ur-ur, ene ugazaba.

POSPER: Baña onik ete dira aik, Ariel?

ARIEL: Ule bat-be eztau galdu iñok; deutsen soñekoetan orban bat be ezta agiri, len baño orratzetik arakoago dirudie; eta zeuk aginduaren arauz, izaro onetan moltsoka zabaldu dodaz; errege-semea bera-berera (lagun barik) itxi dot legorrean; a an itxi dot asperenka izaroko okoluan, axeak ozkirritu dagian, an yezarrita, aren guda-indarrak naste-borraste ta istillu gorki onetan dirala.

POSPER: Esaidak, zer egin dok errege-ontziko ontzimutil eta ganetiko ontzidiaz?

ARIEL: Errege-ontzia onik da kaian; gogoratzen ete dozu zuk bein Bermuda izaro ixil-geldietatik iñontza ekarteko gaberdiz dei egin zeunstanean ni non nengoan? Ba, angoxe okolu sakonean ostonduta dago. Ontzi-mutilak, ontzi-estalgiaren be-aldean dagoz pilatuta; eta euren lantegi neketsuari nire lilurapena erantsita, lotan itxi dodaz; eta nik sakabanatuko ontzidi enparaua ostera be batu da; eta Lurrarteko Itxasoan dira, gogo-yausita, Napoli euren aberrira yoteko asmotan, erregeren ontzia urperatzen eta errege andia itxas-ondoratzen ikusi ebelakotan.

POSPER: Ariel, ik ire egitekoa zeatz egin dok; baña oraindik egikizun geiago yagok. Eguneko ze tertzio dok orain?

ARIEL: Eguerdi-ostea.

POSPER: Gitxienez ordu biak: oraindik eta seirak arteko aldia guk biok garrantzi andiko egitekoak burutzeko dok.

ARIEL: Lan-arlo geiago ete dogu? Neke-lorrak emon daustazuzanezkero, itxi egidazu zuk oraindik betetako dozun zure agindua gogoratzen.

POSPER: Zer yoagu? Gogaldi txar? Zer dok eskatzen dokana

ARIEL: Nire azkatasuna.

POSPER: Epea bete-aurretik? Ez al dok aitatuko olangorik!

ARIEL: Arren, oroitu egizu, nik zuri eginiko otseintzea zergarri da; eztautzut esan guzurrik, eztautzut egin okerreko gauzarik, marmarka barik egin dautzut otseintzea: zuk urtebete osoa laburtuko zeunstala esan zeunstan.

POSPER: Aiztu egin ete yak nik zelango neke-lorretatik yarei indudan?

ARIEL: Ez.

POSPER: Bai, aiztu yak iri; eta ik askotzat dok gezal sakoneko lupetza zapaldu izana; ipar-axe zorrotzaren ganean arin ibiltea; lurraren zanetan nitzako lan egitea, lurra leiez estalita dagonean.

ARIEL: Ez, yaun.

POSPER: Guzurra diñok, zer oker orrek! Iri aiztu egin yak arako Saikoratz atso sorgin zikina, adinagaitik eta iñori eutsan ikusi-ezinagaitik uztaituta egoana? Aiztu egin ete yak?

ARIEL: Ez, yaun.

POSPER: Bai, iri aiztu yak: Non yaio zoan a? Itz egik; esaidak.

ARIEL: Algeria'n, yaun.

POSPER: Ara! An ete zoan? I zer izan azan ilean bein azaldu bear dauskat, iri aiztu egiten yak-eta. Saikoratz sorgin askarri ori, bere okerren ugariekaitik eta gizakien belarrietarako itzalegi dirian sorginkeriekaitik, ik euk dakianez, Algeria'tik erbesteratu egin yoen; berak eginiko zertxo bategaitik ez yeutsoen kendu bizia: eztok au egia, ala?

ARIEL: Bai, yaun.

POSPER: Itsutu-aginiko atso sorgin ori onaxe ekarri yoen bere umeakin, eta emen itxi yoen itxas-ontzi-mutilak: i, ire burua aintzakotzat dokan nire yopu ori, i aldi atan aren yopu intzan; eta i aren agindu zakar eta iguingarriak egiteko iratxo minberatiegia izan-da, ik aren agindu andiak egin gura ez-ta, aren otsein indartsuagok ari lagunduta, i ak bere asarre gorrian ler birrintzatuan sartu induan; eta birrintza atan sartuta elorrioak ikusten egon intzan i amabi urtean; a bitarte orretan il eta i an itxi induan: i an engoan urrumeka ta negar-arrantzaka axe-errotako txirrinkeak bira egiten dauen baño sarriago: panera, aldi atan izaro onetan ez yegoan beronen edergarritzat gizon-antzeko izakirik, ak emen eginiko seme sorgin-kume nazkagarria ez besterik.

ARIEL: Bai: Kaliban aren semea.

POSPER: Gauza argia axe! A, arako Kaliban, nik orain nire otseintzan dodana. Ik euk dakik ondoen i nik zelango elorriotan aurkitu indudan: ire negar-intziriak otsoai be ausi eragitekoak eta artz asarreen biotzetan be sartzekoak zoazan; ire elorrio gorria gaiztetsiai ezartekoa zoan eta Saikoratz'ek berak be ez yeukan alik berak egina deusezteko; nire antzea, nire almena izan zoan ori egin ebana, ni ona eldu ta lerraren arako birrintzea nasaitu ta i azkatu induana.

ARIEL: Nire eskerrik beroenak zuri, ugazaba.

POSPER: Marmarka ekin ba'dagiok ekin, areitz birrintzatuko yoat ta aren erraietan zotza lez sartuko aut, an negar-arrantzaka amabi negu egin arte.

ARIEL: Azketsi, ugazaba: zure aginduari erantzungo dautsat, eta nire iratxo-egikizunak zeatz eta zoli egin.

POSPER: Egin olantxe; eta egun bien buruan opor emongo dauskat.

ARIEL: Nire ugazabaren zindoa! Zer egingo dot? Esan zer? Zer egiteko nozu?

POSPER: Oa, artu egik itxas-neska-antza; ez agiala neuk ez bestek ikusi al; adi ikusi-ezin beste edozeonen begibelarrintzako. Oa, artuik antz ori ta ator ona beragaz: alde zoli emendik! (Alde dagi Ariel'ek.)

          Itzarri akit, biotz zindo, itzarri akit! Lo ondo egin don; itzarri adi!

MIRANDE: Zure itzaldiaren iñondikoak sargoriarena egin dau nigan.

POSPER: Aztindu egin aztuntasun ori; tirun; gure yopu Kaliban, egundo erantzun txeratsurik emon eztauena ikusten yoango gonazan.

MIRANDE: A zital utsa da, yaun, ez yat gogoko a begiratzerik.

POSPER: Baña dalakoa dala, a izteko ezkara: ak egiten dausku sua, a yoaten da gutzako egurretan; eta ondo datorkuzan otseintzak egiten dauskuz. Eee! Yopu! Kaliban! Lupetz ori! Itz egik.

KALIBAN: (Barrutik) Egurrik asko dago barruan.

POSPER: Urteik, mutil; beste zereginik dok itzako: urten egik, txaberama (turtube) orrek! Eure bizian urtengo ete dok?

 

Ariel aurrera ostera be, ur-neska-antzez.

 

          Agerpenaren zoragarri! Nire iñondiko Ariel, entzuik.

ARIEL: Ene yaun, egingo dot. (Alde dagi.)

POSPER: I yopu zitaltsu ori, txerrenak berak ire amagan, sortu orrek, urten egik!

 

Kaliban aurrera.

 

KALIBAN: Nire ama zanak egundo iztoki usteletik belaegakiz batuko iñontz galgarria bestean galgarria etorriko al da zuon bion ganera! Egoe-sarkaldetiko axeak putz egingo al dautzue ta zuon narru osoa baba-zorroz bete.

POSPER: Orregaitik, baiki, arratseon ik zanbatuak izango dozak, saietsetako zastadak, i arnasarik artu-ezinik eukiko abenak; iratxoak, lan egin al daben gaualdi osoan, iri euren egite koak etentzaka egingo dauskez; ik erlategiko abaiak baño zastada geiago izango dok, eta zastada bakotxa erlauntzeko abaiak egin dabezan erleena baño mingarriago izango dok.

KALIBAN: Bazkaldu egin bear dot. Izaro au neurea dot, nire ama Saikoratz'ek niri emona ta zuk niri kendua. Zu ona lenengoz etorri zintzanean, zuk eskua estutu zeunstan, eta aintzakotzat artu ninduzun; barruan aletxoak ebazan ura emoten zeunstan; eta egunez eta gabaz argi andiagoa ta txikiagoa egiten daben zeren izenak irakasten zeunstazan: eta aldi atan nik zu maite zindudan, eta izaro onek dauzan zer on guztiak erakutsi neuntzuzan: iturri ozkirri ur-gardenak, oxin gezaltsuak, lur emorrak eta antzuak: añena ori egin neban onentzat! Saikoratz'en lilurapen guztiak, kunkunak, kakarraldoak, saguzarrak zuon ganera etorriko al dira! Eta izan be, bein nire buruaren errege izan au nozue zuon bendeko bakar; eta emen naukazue aitz gogor onen barruko artzuloan, izaro enparaua zuontzako niri kendua.

POSPER: Yopu guzur-ontzi ori, bizkarrekoak, ez txera onek eragiteko ori! I sats utsa izan-arren, nik i gizoni dagokionez artu aut beti; eta neronen txabolan euki aut, i nire alabatxo onen entzute ona nolan loituko asmoetan ibili arte.

KALIBAN: Ara! Ara! Egin al nenduan egin! Zuk ez zeunstan itxi, ostean Kalibandarrez bete izango neban izaro au.

POSPER: Yopu askarri ori; edozein okerrerirako gai izan-da, ezetariko ontasun atzik ezin artu izan dokan ori! Nik nekearen nekez irakatsi neuskan itz egiten, aldien zer bat edo beste irakasten neunskan: basati orrek euk zer esaten enduan be ez enkianean, orren ordez abereen urrengo azan orrek naste-borrasteka itz egiten enduanean, ire asmo-eretxiak erazagututeko eurai nik itzak emon naieuntsezan; baña ire leñu ziztriñak, ik ikasi ikasi-arren, an yeukan izaki onek ezin izan dauena: orrexegaitik baztertu indugun i, ik euk irabazita, artzulo onetara, ik espetxea baño txarragorik irabazi izan-arren,

KALIBAN: Zuk izkuntzea irakatsi zeunstan; eta nik ortik atera dodan onureak bost ardura daust; elgorriak ondatuko al zau zuk niri zure izkuntzea irakatsiagaitik.

POSPER: Sorgin-kume, alde emendik! Ekarri egistak errekina barrura; abil arin; i beste zer baterako intzake onena. Sorbaldak eragiten dozak, zital orrek? Nire agindurik egin ez, naiz gogoz bestera egin ba'dagik, burdin-kako ugertuakaz orraztuko aut burutik beraño ta ire azurrak be mindu: arrantza eragingo dauskat, ire durunduaz piztiak be ikaratu-alekoak.

KALIBAN: Ez, ez olangorik, arren! Esaneko izango naz: (Beretzako) Orren antzea andia be andia da. Orrek nire amaren yainko Setebotz be berorren eskuko leuke ta berorren otsein egin.

POSPER: Orrezkero, yopu, alde emendik! (Kaliban'ek alde dagi.)

 

Ostera be Ariel ikus-ezina aurrera, yoten eta abestuten;

Perdinanda aren atzetik.

 

Ariel'en Abestia:

 

                    Erdu ondartza bellegiotara,

                    Eskuak alkarri estututera:

                    Zuon txera-munak eginezkero,

                    (Urutu basatiak ixil dauz, gero),

                    Zapaldu lurra an-or-emen txairo:

                    Iratxo maiteok, eroan zama gogaro.

                    Entzun, entzun!

                    Pur-pur, bau, bau (meatz)

                    Txakur zañak ausika:

                    Pur-pur, bau, bau (meatz)

                    Entzun, entzun! Ba-dantzut

                    Ollar arro-ots indartsu;

                    Gedar dagi kukurruku.

 

PERDINANDA: Non arrano ete da eresi au? Eguratsean ala lurrean? Ixildu da: eta egiz izaro onetako yainkoren batentzako da, urrean. Ni aulki-ganean yezarrita, nire aita erregeri buruz ostera be negarrez nagoala, eresia nire aldamena zear uren ganetik tarraz yoan da; bere ots gozoagaz aren asarrea ta nire oñazea arinduten: orrexegaitik nik yarraitu egin dautsat, edo obeto esan, berak eroan nau ni: Baña yoan da. Ez, ostera be ba-daragoio.

 

Ariel abeska.

 

                    Bostetan sei oin oso bean datza zure aita;

                    Aren azurrak koralduak dira:

                    Aren begiak orain pitxi dira:

                    Arena zan oro, ezta deusezturik, nork nai-ta,

                    Itxasoko zerbaitera aldaurik da;

                    Zer eder-eder iñondikotuik da.

                    Itxas-ur-neskak aren il-yoaleak ordu oro yoten dabez:

                    Entzun! orain ba-dantzudaz, yo din, dan, yoale, errukibage.

                    Yo ileta, din, dan, gau ilun ilunbetsuan atertzake.


PERDINANDA: Abestitxoak nire aita itoa oroitzen dau: Au ezta ilkorren arloa, ezta lurrak dauen abestirik: orain nire buru-ganean dantzut.

POSPER: Aurreratu zure betazal txintxirridunezko kurtxoinak, eta esan zer ikusten dozun an aragoan.

MIRANDE: Zer da a? Iratxoen bat, ala? Yaun, aren begirakunea! Sinistu egidazu, yaun, ak ibilkera txairo-lerden dau: baña izan, a iratxo da.

POSPER: Ez, neskato; ak yan eta lo egiten yon, eta ak gureak langoxe oarmenak yozan. Ik dakusanan zer lerden-eder a be ontzia urperatzean an izana don, eta edertasuna yaten dauen naibage-orbantxorik ezpa'leu aldean, ik lagun ederra dala esango eunkenana: ak bere lagunak galdu yozan eta aldarrai yabiln euren billa.

MIRANDE: A yaungoikozko zeren bat dala esan nengike nik; izaki ain zindorik egundo eztot ikusi-ta.

POSPER: A nik eragin-ala yoaten da batera ta bestera; iratxo, iratxo lirain! Egun bien buruan azkatuko aut onegaitik. (Bere kitean.)

PERDINANDA: Egi-egiz doñuok yoten yatzuzan yainkono! Indazu, nire otoiak yakin dagiala zu izaro onetan egotez zagozanentz; eta irakatsi dagistazula nik nolan eroan emengo bizitzea nire lenengo eskaria ta azkenen oguzten dodana, itzal ori! zu neska zarean ala ez da.

MIRANDE: Ni itzalik enaz, egi-egiz neska bai, ostera.

PERDINANDA: Neronen izkuntzea! Ene Yaungoiko! Izkuntza au egiten dabenen artean neu naz onena, berau egiten dan tokian ba'nengo egon.

POSPER: Ostera! Onena? Napoli'ko erregeak entzun beiskian ori! Orduan engoke i ona!

PERDINANDA: Oraintxe nazan zer bakarra, ta zu Napoli'ri buruz itz egiten entzunaz arrituta nagoana nintzateke ta nengoke! Orrek entzuten daust! eta orrek entzuten daustalako nik negar egiten dot: neu naz Napoli; arrezkero egundo izperarik eztaben nire begiokaz nire aita errege itoten ikusi nebana.

MIRANDE: Ene! Orren errukarri!

PERDINANDA: Bai, benetan, eta aren yaun guztiak be bai: Milano'ko dukea ta aren seme adoretsu, birki zana.

POSPER: Milano'ko dukeak eta aren alaba adoretsuagoak benderatu engikie i orain, orretarako aldi egokia ba'litzok (Bere kitean); alkar ikusiaz bat yosi dautsez orreik alkarri begiak Ariel samur, nik i onegaitik azkatu egingo aut! Itz bat, yaun; zuk zure buruari okerren bat egin dautsazunaren bildur nozu itz bat.

MIRANDE: Zer dala-ta egiten dau nire aitak itz orren latz? Au da nik egundo ikusiko gizonetatik irugarrena; egundo lenengoz aspera eragin daustana: Erruki, eragin nire aitari, nire lerearen alde yarri daiten

PERDINANDA: Ara! neska ba'zara, ta zure maitasuna yoana ezpa'da, Napoli'ko erregeno egingo zaut nik.

POSPER: Geldi or, yaun; itz bat geiago. Orreik bata bestearen bendeko dira; baña nik bertatiko arazo au arduraz erabagi bear dot, arinegi irabazteak ordaina arindu eztagian (Bere kitean).  Itz bat geiago; nik diñodanari adi egoteko agintzen dauskat: ik irea eztan izena iñori ostu dautsak emen; eta ik ire burua barrandaritzakoan yarri dok izaro onetan, au niri, emengo yaun eta yabe nazan oni, kentzeko.

PERDINANDA: Ez, ostean enintzateke gizon.

MIRANDE: Orrena lango yauretxen ezin izan leiteke olangorik. Txerrena olango etxe ederren bizi izanezkero, gauza onak arekin biziten aleginduko litzatekez.

POSPER: Yarrai egidak (Perdinanda'ri). Zuk ez egin itzik onen alde; au azpiyale da.  Ator, ire esku ta oñak alkarreri lotuko yautsedaz: itxas-ura izango dok edaritzat; ire yanaritzat, ur gozotako txirlak, zustar zimelak eta ezkur-txapelak izango dozak: Yarrai.

PERDINANDA: Ez; nik olango deiari entzungor egingo dautsat, nire arerioak ni benderatu arte. (Ezpatea ateraten dau.)

MIRANDE: Aita laztan, ez egizu erabili ori orren zakar, ori zindo ta bildur bako da-ta.

POSPER: Zer? Astoak astazainari «arre» ta idiak itzaiari «aida»? Olangorik! Zorroratu egik ezpata ori, azpiyale; nik i onegaz izkillo barik itxi-ezinik, eta iri ire izkilloa lurrera egotziazo-ezinik ez yoat-eta.

MIRANDE: Otoi, arren, aita!

POSPER: Alde emendik; ez eskegi zure burua nire soñekoetatik.

MIRANDE: Yaun, erruki zadiz; neuk erantzungo dot orregaitik.

POSPER: Ixilik! Itz bat geiago esan egin, bai, ta agirika egingo dausnat. Zer? Guzurtiren aldeko? Ixilik, gero! Ik ori ta Kaliban, ez besterik ikusi ez-ta, orren antzeko besterik eztala uste don: neskatoaren zoroa! Gizonik geienentzat au be Kaliban don eta aik oyen aldean angeruak dozan.

MIRANDE: Orrezkero, nire gurariak apal-zirtzilak dira; nik eztot au baño gizon oberik ikusteko leiarik.

POSPER: Tiruk; egik agindua (Perdinanda'ri); ire kirioak ostera be euren umearoan yagozak, eta ez yoek kemenik.

PERDINANDA: Olangoxeak dira izan be: amesetan lez nire kemen-adoreak lotuta dagoz. Nire aita galdu izana, oartzen dodan nire makaltasuna, nire adiskide guztiak itxas-ondora yoan izana, edo-ta bere bendean nauen gizon onen zemaiak, arinak baño ez yataz, ire espetxetik egunean bein neska au ikusi al izanezkero: munduko beste okolu guztiak eurentzat izan dagiezala gizon azkeak; lekurik asko dot nik olango espetxean.

POSPER: Ondo doa gauzea:  Tiruk. Ederto egin dok, Ariel bikain! Yarrai egidazue (Perd. ta Miran.'ri).

          Entzun egik ik eginen ganera zer egin bear daustakan (Ariel'eri).

MIRANDE: Zagoz nasai; nire aita bere itzak iragarten daben baño izakera obeduna da; orain ari urtena, aren ekandua ez, besterako da.

POSPER: I mendiko axeak baxen azke izango az: baña orrezkero agindua zeatz-zeatz bete egik.

ARIEL: Zeatzik zeatzen.

POSPER: Ator, yarrai egidan: ez egin itzik orren alde. (Alde dagie.)

 

 

1. Erroma'rentzako, Netun itxasoen yaun, yabe ta yainko zan. Itsasoa asarratu gura ebanean, itxaso urak bere iru-ortzeko sardeagaz aztindu ta itzultzen ei ebazan, luginak laiagaz lurra, naiz larrinean garia aztintzen dauen lez. Erromarrentzako Netun zana, Poseidaon zan eladetarrentzako.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Ekatxa, William Shakespeare
Notin Antzeztuak / I. ekitaldi / II. ekitaldi / III. ekitaldi / IV. ekitaldi / V. ekitaldi
Antzerki onen ari-azurrak eta abar / Itz gitxi ezagunak

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


susa-literatura.com