Hamlet, William Shakespeare

 

Lehenbiziko atala

 

 

AURRENENGO AGERRALDA

 

Elsinoren. Gaztelu aurreko zelaia.

 

PRAISKU, bere lekuan begirari. BEÑAT sartzen da, hargana: dioela [1]:

 

BEÑAT: Nor da?

PRAISKU: Ez, zuk erantzun. Gel eta burua agertu.

BEÑAT: «Gora erregea!».

PRAISKU: Beñat?

BEÑAT: Hura eta bera.

PRAISKU: Zure ordu-ordutan zatoz.

BEÑAT: Hamabiak jo berriak dira. Hoa lotara, Praisku.

PRAISKU: Eskerrik asko aldika honengatik. Hotz gorria ari da eta bihotz-esturik nago.

PRAISKU: Berririk ote?

PRAISKU: Sagu bat ere ez da higitu.

BEÑAT: Ederki. Gau on. Orati eta Markel, nere begiraldi-lagunak aurki baditzazu, esaiezu laster egiteko.

BEÑAT: Entzuten bide ditut. Gel! Nor da?

 

ORATI eta MARKEL sartzen dira.

 

PRAISKU: Herriaren adiskideak.

MARKEL: Eta Erregeren menpekoak.

PRAISKU: Gau on zuei.

MARKEL: Agur, gudari zintzo hori. Nork ordetu zaitu?

ORATI: Beñat duzue nire lekuan.

 

(Irteten da).

 

MARKEL: Kaixo, Beñat!

BEÑAT: Eup! Orati al dago hor?

ORATI: Haren zati bat.

BEÑAT: Ongi etorria, Orati. Ongi etorria, Markel zintzoa.

MARKEL: Agertu al da, berriz, zer hori gau honetan?

BEÑAT: Nik ez dut ezer ikusi.

MARKEL: Gure ameskeria hutsa dela dio Oratik, eta birritan ikusi dugun iratxo ikaragarri horrekikoa ez du sinetsi nahi. Eskatu diot, beraz, gurekin gau-aldi hau emateko, mamu hori berriz badator, gure begiak ontzat eman eta hitz dagion.

ORATI: Ba, ba! Ez da agertuko.

BEÑAT: Eser zaitez apur batez, bi gautan ikusi dugunaren historiari horren sinesgogor zaizkion zure belarriak eraso ditzagun berriz.

ORATI: Ea, bada; eseri eta entzun diezaiogun Beñat-i.

BEÑAT: Lehengo gauean, sartaldean agiri den izar hura bera, orain dirdiratzen den ortzi-aldea argitzeko bere bidea egina zuenean, Markel eta biok, joaleak ordu bata jotzean... [2].

 

IRATXOA sartzen da.

 

MARKEL: Ixil! Gel! Hara nondik datorren berriz ere!

BEÑAT: Errege zenaren irudia bera du.

MARKEL: Hitz egiozu, Orati; ikastuna zara eta.

BEÑAT: Ez al dirudi erregea? Gomazu, Orati.

ORATI: Irudi ere, badirudi: harrimen eta beldurrez ikaratzen nau.

BEÑAT: Hitz dagiotela edo nahi du.

MARKEL: Galdeiozu, Orati.

ORATI: Nor zara zu, gau ordu hau eta ehortzitako errege danimarkarrak zuen irudi agurgarri eta martzala zuretzen dituzun hori? Jainkoaren izenean larderiatzen zaitut, mintza!

MARKEL: Haserre dago.

BEÑAT: Begirazue! badoa buruzut.

ORATI: Tenk; mintza, mintza! Mintzatzeko agintzen dizut!

 

IRATXOA sartzen da.

 

MARKEL: Joana da, erantzun nahi ezik.

BEÑAT: Zer diozu, Orati? Dardaraka eta zurbil zakust. Ameskeria baino zertxobait gehiago ez al dugu hau? Zer deritzazu?

ORATI: Ala Jainkoa, ez nuen hau inoiz ere sinetsiko nire begi hauen aitor argi eta nabaria gabe.

MARKEL: Ez al da errege zenaren antzeko?

ORATI: Zu zeure antzeko zaren adina. Horrelakoxe altzairu-jantzia zeraman, Norvegiako errege handinahiarekin gudukatu zenean. Horrelaxe zimurtu zuen bekokia, elkar ikuste garratz batean, poloniarrak haien lerratik izotzeratu zituenean. Harritzeko da hau.

MARKEL: Horrelaxe, ba, dagoneko birritan eta ordu isil honetan bertan, gure begiraldian agertu zaigu bere ibilera martzalaz.

ORATI: Ez dakit zer uste izan honetzaz. Nire iritzi apalez, ordea, nahaspil bakanen bat gure aberrian iragartzen du honek.

MARKEL: Ongi, bada. Eser gaitezen eta dakienak diostala: zergatik begiraldi zorrotz eta latz hauek nekarazten dituzte honela, gauero, herri honetako menpekoak? Eta zergatik egunean-egunean horrenbeste burniorizko su-haga galdatzea eta atzerrian erositako guda-abasen biltze hau? Zertarako, igandea astegunetatik beren lan zailaz bereizten ez duten istinkari talde horiek? Nolako galzorian gaude, ariketa izerditsu horrek gaua egunaren lankide egin behar dezan? Nork azal diezadake?

ORATI: Nik diezazuket; dabilen zurrumurrua, behinik behin, hau da. Dakizuenez, Fortinbras Norvegiakoak inartzi gorrienak akuilatu eta, oraintsu irudia agertu zaigun gure atzeneko erregeari aup egin zion. Aupaka hartan, gure Hamlet kementsuak ezaguna dugun lur alde honetan horrelakotzat hartua izan baitzen Fortinbras hil zuen. Honek, zildaikatu eta ongi sendetsitako itun baten bidez eta iskilo legez, bizitza galtzean, bere nagusitzako lur guztiak garaileari zemazkion. Gure, errege, ordainez beste hainbesteko lur zatia Fortinbrasi ematera behartu zen, hau gainetik irten ezkero. Aitatutako itunez eta izenpetutako idazkaien arabera, bada, guztia Hamletengana zen. Orain, jauna, Fortinbras gaztea, izatez sutsua eta azturak ez ikasia, Norvegiako mugetan, han-hemen biltzen ari da, janari eta egunari orde, lege gabeko lagun-talde bat eginkizun galbidetsu baterako ausartua. Eginkizun hori ez duzu besterik, gure jaurlaritzak ongi ulertu duenez, haren aitak horrela galduriko lurraldeak, guregandik esku gogorrez eta zemai bidez berriz hartzea baizik. Eta hauxe duzue, nire gardiz, gure gertakuntzen eragile nagusia, gure begiraldion jatorria eta aberrian dabiltzan ariketa sutsu eta zaratatsu hauen iturburua.

BEÑAT: Horixe da, nik uste, eta horrexek adieraz dezake zergatik agertzen den iskiludun, gure begiraldi erdian, guda hauen bidea zen eta den erregearen irudi harrigarri hori.

ORATI: Adimenaren begia lausotzen duen izpitxo bat da hori. Erroma orri-loan zegoenean, Juli ahaltsua erori baino lehentxeago, hil-jantzitako gorpuak, hilobiak utzi eta kaleetatik zehar noraezean zebiltzan intzirika eta zitzipuzika. Zeruan ere, harrigarrizkoak ikusi ziren; suzko isatsdun izarrak, odol-euria eta eguzkian helkaitzak; itsasoen nagusi den izar hezatsua itzaldu zen, Ebazteguna heldu bailitzan. Eta gertari izugarrien aurretiko hauexek, halabeharraren aitzindariak eta hurbileko dordoen iragarleak, zeruak eta lurrak batera agertu dizkiote gure herriari [3].

 

IRATXOA sartzen da berriz.

 

          Baina, ixo! Begira. Hara nondik datorren ostera. Bideak hautsiko dizkiot, nahiz eta tximistaz jotzen banau ere. Gel, itzal hori! Ahotsik baduzu edo mintzo hari-biderik, hitz egidazu! Zuri laguntza eta niri Jainko-adeia ekarri diezagukeen lanen bat eginkizun badago, hitz egidazu! Aberrian gaitzurre isilen bat badugu, zuk ageri egin ezkero, eragotzi dezakeguna, oi, hitz egizu! Edo, bizi zinela, gaizki zureganatu urreta, lur erraietan gorde bazenuen, horregatik, bada, zuek hilok, alderrai omen zabiltzate askotan esadazu! Tenk eta hitz egizu!... (Oilarrak jotzen du) Geldieraz ezazu, Markel.

MARKEL: Joko al dut nire aztamakilaz?

ORATI: Jo, gelditu nahi ez badu.

BEÑAT: Hemen da!

ORATI: Hemen da!

 

IRATXOA joaten da.

 

MARKEL: Joana da! Gaizki ari izan gara, hain itzalgarri dela, indar-erakutsiak hari eginik. Haizea bezalako zauri-ezina da, eta gure alferreko ukaldiak, iseka zital bat.

BEÑAT: Mintzatzeko ari-arian zegoen oilarrak jo zuenean.

ORATI: Eta orduan dardaratu da, erruduna galde zorrotz baten azpian bezala. Oilarrak, goizaren turutak, bere ahots zoli eta zorrotzaz eguzkia iratzartzen du: dei honetara, nahiz itsasoan, nahiz lehorrean, nahiz suan, nahiz haizean, noragabe dabiltzan mamuak, zein berera ei doa lasterka. Oraintsu ikusi dugunak horren egia sendesten du.

MARKEL: Izan ere, oilarrak jotzean aienatu da. Gure Jaregilearen jaiotzaren jaia hurbiltzen den aldi oro, eguantzeko hegaztia gau osoan jotzen ari omen da. Eta orduan, diotenez, mamu bat ere ez da kanpora ausartzen; gauak osasuntsuak dira; orduan, ez izar kaltetsurik, ez maitagarriren liluratzerik, ez sorginkeriarik: Hain gurena eta eskerrez betea da aldi hura.

ORATI: Horrelaxe entzuna dut nik ere eta, aldez, sinesten dut. Baina, begira; gorriz jantzitako ortzargia, sortaldeko murru hartako ihintza oinkatuz dator. Utzi dezagun begiraldia. Nire aholkua on baldin bazaizue, goazen, gau honetan ikusi dugunaren berri Hamlet gazteari ematera. Arimaren gain!; guretzako mintzul den mamu hori, mintzatuko zaio hari. Ongi deritzazue hura jakitun ipintzea, gure maitazarreak eta beharkiak eskatzen dutenez?

MARKEL: Bai. Hori dagigun, arren. Badakit, goiz honetan, hura non aurki dezakegun.

 

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko jauralki-gela.

 

Turutotsa, ERREGE, ERREGINA, HAMLET, POLONI, LAERTE, VOLTIMAN, KORNELI, JAUNAK eta JAUREGIKOAK.

 

ERREGE: Hamlet gure anaia maitearen heriotz-oroia oraindik bizirik bada ere, eta gure bihotzari oinazea eta gure jaurerri osoari aurpegia minez zimurtzea dagokigun arren; hala ere, zentzuna izaeraz borrokan ari eta ari izanda, oinazea geure arduraz neurritzen dugu. Horretarako, bada, poz-galdu batekin, begi bat barrez eta bestea negarrez, hiletan poza eta ezteietan eresiak ditugula; hitz batez, atsegina eta atsekabea heinkatuz, gure atzoko arreba, gaur herri gudazale honen jauralki-lagun, erregina hau emaztetzat hartu dugu. Ez dugu honetan bazterka ezarri, zuen oldez gai honen alde erakutsi diguzuen iritzi zentzuduna. Guztiagatik, gure eskerrak zuei. Orain, goazen badakizuenera: Fortinbras gaztea, gure ahal izatea gutxietsiz, edo gure anaia maitearen heriotzaz gure aberri hau erauzia eta urratua dagola uste izanik, abagune baten ametsaz sendotuta, ez da geznaz gu estutzez aspertzen bere aitak galdu eta gure anaia azkarrak irabazitako lurralde haiek eskatuz. Hau berari buruz, orain, gutzaz eta batzar honetako gaiaz, hona hemen: idatzi diogu Fortinbras gaztearen osaba den Norvegiako erregeari elbarri eta oheratua, ilobaren asmoen berri ozta-ozta duena asmo horiek aurrera eramatea galaraz diezaion, gudari-biltze, lerrokatze eta gertakuntzak oro, haren menpeko tartean egiten baitira. Eta igortzen zaitugu, zu, Korneli on hori, eta, zu, Voltirlan, Norvegiako bakaldun zaharrari gure agurra daramaiozuen, errege horrekin ituntzeko eskubide gehiago ez damaizuegula, idazki honek mugatua baizik. Agur, bada, eta zuen azkuak zuen eginbeharra darakusazuela.

KORNELLI eta VOLTIMAN: Honetan, guztian bezala, gure menpetasuna agertuko dugu.

ERREGE: Ez dugu aloterik. Gure bihotzetiko agurra.

 

VOLTIMAN eta KORNELLI irteten dira.

 

          Eta orain, Laerte, zer berri? Ez diezaiokezu erregeri gauza bidezkorik eskatu alferrik. Eskatzen didazuna dena dela, nire eskainak aurrea hartuko dio eskariari. Ez baita burua bihotzaren bakideago, ez eskua ahoari nahipekoago, Danimark herriko jauralkia zure aitari baino. Zer nahi duzu, Laerte?

LAERTE: Zure baimena eta onespena, Frantziara itzultzeko, nire jaun itzalgarri hori. Pozik etorri nintzen handik zure buruntzatzean nire zina egiteko; baina eginbehar hau beteta, egia esan, nire gogamenek eta eraspenek Frantziara jotzen dute, apalik zure baimena eskaturik.

ERREGE: Ba al duzu zure aitaren baia? Zer dio Polonik?

POLONI: Badu, jauna; ekitearen ekitez, nire bai berandua idoki du, eta azkenik, haren guraria, nire baietz zailaz zildaikatu dut. Emaiozu, arren, jauna, irteteko baimena.

ERREGE: Aukera ezazu on zaizun ordua, Laerte. Zurea duzu aldia; goza ezazu zure gogora. Eta orain, Hamlet, nire semea, nire lehenbiziko...

HAMLET (berekiko): Ez lehenbiziko, ez hirebiziko [4].

ERREGE: Beti hodeiak zure bekoki gainean?

HAMLET: Ez horrelakorik, jauna; eguzki-begian nauzu beti.

ERREGINA: Hamlet maitea; gau-margo hori hastandu, eta begira ezazu erregea adiskidez. Ez egon beti betazalbera, hautsean zure aita zindoa bilatzen duzularik. Guztien zoria izan du. Bizi dena hil beharra da, heriotza-bidez, bizi honetatik betikora doala.

HAMLET: Bai, andrea, guztien zoria da.

ERREGINA: Hala bada, zergatik, horren bereziki hartzen duzula dirudi?

HAMLET: «Dirudi»! Ez, andrea; da. Nik ez dakit irudi egiten. Ez da soilik nire txabuxa iluna, ama on hari, ez dira ohiturazko janzkera beltz zorrotzak, ez itotako arnasaren adia lurrintsuak, ez begien ibai ugaria, ez aurpegiaren aieru beheratua, oinazearen era, bide eta erakuski guztiekin batera, nire egiazko gogoa adieraz dezaketenak. Guzti hori antz hutsa da, egiaz, gizonak irudi dagizkeen gauzak baitira; barnean dudanak, ordea, agerpen guztiok gainditzen ditu; horrako horiek oinazearen apain eta edergarriak baizik ez dira eta.

ERREGE: Eder eta goragarri duzu, Hamlet, zure aitarekiko eginbehar ilun hori betetzea. Alabaina hausnartu behar duzu, zure aitak bere aita galdu zuela, aita honek berea, eta bizi dena hilarekiko minera behartuta dagola, seme zor-pean, aldi batekotz. Amaigabeko goibelaldian irauteak, ordea, mukerkeria dongea aitortzen du; gizonari ez dagokion lorra. Jainkoari buruzko olde bihurria, bihotz ahula, menpetasun gabeko gogoa, adimen urri eta ezikasia darakusaz. Gerta-beharra izanik eta nonahikoa eta noiznahikoa dela dakigun ezkero, zergatik, horrelako mukerkeriaz eta horren estuan hartu? Uf! Zeruaren kaltezko ogena duzu hori, hilarentzako iraina, izaeraren aitzikoa eta oso nekagarria gogamenari; hau bada, gurasoen heriotza, gauzak berak dakarrena izanik, lehenbiziko zainduagandik hasi eta gaur hiltzen denaganaino, ez da aspertu hots egitez: «Horrela beharra da». Baztertu, bada, arren, alferreko atsekabe hori eta aitatzat ahal nazazu. Izan ere, gure jauralkiaren hurbilekoena zara, bekite hau guztiek, eta aita samurrenak bere semeari dion adinako maitasun aratzaz maite zaitut. Wittenbergeko [5] ikastetxera itzultzeko duzun asmoari buruz, gure nahiaren aitzikoena da. Hemen ekuratzeko daskaizugu, beraz, gure jauregiko aurrena, gure iloba eta semea.

ERREGINA: Ez iezaiozu utz amari alferrik eskatzen. Hamlet. Gelditu, arren, gurekin; ez joan Wittembergera.

HAMLET: Zure esanera jarriko naiz gogo oroz, andrea.

ERREGE: Horixe dugu erantzuera maitagarri eta atsegina! Izan zaitez Danimarkan nerau bezalaxe. Zatoz, andrea. Hamleten erabaki zintzo eta oldezko hori; barrekoi kokatzen zait bihotzean. Hori dela eta, ez da gaur hedaldi alairik Danimarkan izango, su-haga handiak hodeiari iragartzen ez diela, eta erregearen zurrut bakoitzean zeruak burrunbatzen ez direla lurraren ostotsa berriz eginik. Goazen.

 

(Turutotsa. HAMLET ez guztiak irteten dira)

 

HAMLET: Ene, haragi hau, haragi trinkoegi hau, urtu, gesaldu eta intzatu ahal baledi! Betikoaren legeak nork bere burua hiltzea gebendu ez baleza! Ene Jainkoa, Jainkoa! Bai gogaikarri, igazi, hutsal eta alferrekoak iruditzen zaizkidala bizi honetako egintza guztiak! Hau mundu nardagarria! Belartzar garratza eta zakarra hazten den baratza zara; ez dago zugan besterik. Hau gertatu beharra! Bi hilabete hil zela... Ez, ez horrenbeste, bi ere ez. Errege Hain guztizko bat, honen aldean Hiperion [6] aker-gizon baten aldean zena; nire amarekiko Hain maitekorra, zeruko haizeak haren aurpegia gogorregi ukitzea jasaten ere ez zuena. Zeru eta lur! Oroitu behar dut? Erregegandik zintzilikatzen zen bera, bere irriskeria asearen asez gehitu bailitzan. Eta hala ere, hilabete buruan... Ene, ez dut gogoratu nahi... Jauskortasuna, emea zara!!... Hilabetea ez dela, negar batean, Niobe [7] bat iduri, aita gaixoaren gorpuaren atzetik ibilitako oskiak zarbaildu baino lehen. Bera, bai, hura eta bera... Ene Jainkoa! adimen gabeko ihizi batek luzaroagoko mina izango zuen. Osabarekin ezkondua, aitaren anaia, bai, baina ez aitaren antzekoago ni Erkulena naizena baino. Hilabetea ez dela! Bere gezurrezko malkoen gatzak bere begi gorrituen jarioa utzi baino lehen... ezkondua! Hori arintasun dongea, ohe kutsatura [8] horren laster egitea! Hau ez da on eta ez daiteke ongi bukatu ere... Baina, hautsi zaitez, ene bihotza, mingainari eutsi behar baitiot.

 

ORATI, MARKEL eta BEÑAT sartzen dira.

 

ORATI: Agur, jaun hori!

HAMLET: Zu ongi ikusteaz pozten naiz: Orati... ala neure buruaz ahaztu naiz.

ORATI: Berbera, jauna, eta zure morroi apala beti.

HAMLET: Nire adiskide ona, esazu, ni zurea naizen bezala. Eta, zerk ekarri zaitu Wittenbergetik, Orati?... Markel?

MARKEL: Ene jaun ona.

HAMLET: Asko pozten naiz zuek ikusita. (BEÑAT-i) Arratsalde on, jauna. Baina, egiaz, Orati, zerk ekarri zaitu Wittenbergetik?

ORATI: Nire arloteriak, jauna.

HAMLET: Ez nioke hori esaten utziko zure etsairen bati, eta nire belarriari indar dagiozu zeure burua horrela iraindurik. Badakit arlote ez zarena. Zer ari zara Elsinoren? Irakatsiko dizugu hatsarraldi batez edaten, itzuli zaitezen baino lehen!

ORATI: Zure aitaren elizkarietara etorria nauzu, jauna.

HAMLET: Arren, ez egidazu irri, ikaskide; nire amaren ezteietara esan behar duzu.

ORATI: Hurbiletik jarraiki zaizkie, egiatan.

HAMLET: Zuhurtasuna, Orati, zuhurtasuna! Hileta-orritserako egositako jakiak, sakote izan ziren eztei-mahaian. Nire etsai kutunena zeruan jarrugitzea nahiago nuke, halako eguna ikusi izatea baino lehen, Orati! Nire aita... dakustala iruditzen zait.

ORATI: Non ote, jauna?

HAMLET: Nire gogomenaren begietan, Orati.

ORATI: Behin ikusi nuen; errege guztizkoa zen.

HAMLET: Gizon oso eta betea zen; ez dut haren idekorik inoiz ikusiko.

ORATI: Jauna, bart ikusi nuela uste dut.

HAMLET: Ikusi? nor?

ORATI: Erregea, zure aita, jauna.

HAMLET: Erregea, nire aita!

ORATI: Neurri ezazu apur batez zure harridura eta buru-belarriak ipini, zaldun hauen aitor-pean, harrigarria azaltzen dizudano.

HAMLET: Jainkoaren izenean, mintza zaitez!

ORATI: Bi gau jarraikitan, Markel eta Beñat zaldun hauek, gau erdiko bakartasun isilean begirari zeudela, zure aitaren idekoxe irudi bat, burutik oinetara burdinaz jantzia, aurrean jarri eta ibilkera itzalgarriz haien albotik igaro zen geldi eta handikiro. Hirutan igaro da, haien begi harritu eta ikaratuen aurrean, bere aiztagaren irispidean, haiek, beldurrak izoztu eta mintzulik, hitz bat esatera ausartzen ez zirela. Horren berri eman zidaten isil handi pean eta, hirugarren gauean egon nintzen haiekin begirari. Eta hantxe, esan zidaten ordutan doi-doi, eta era berean, iratxoa agertu zen, haien hitz guztiak egiazko eta zehatzak irtenik. Zure aita ezaguna nuen; ez dira eskuok elkarren antzekoagoak.

HAMLET: Non izan zen hori?

MARKEL: Begirari geunden zelaian, jauna.

HAMLET: Ez al zenion hitz egin?

ORATI: Egin nion, jauna. Ez zidan, ordea, ezer ere erantzun. Halaz ere behin batean, burua jaso eta mintzatzekoa egin bide zuen; une hartantxe, ordea, oilar goiztiarrak jo zuen ozenki eta, honen hotsaz, iratxoa ikaratu eta laster egin zuen, gure begietatik itzaltzen zela.

HAMLET: Handia da hori!

ORATI : Eta egi hutsa, nire jaun itzalgarria, arimaren gain! Eta haren berri eman behar dizugula uste izan dugu.

HAMLET: Bene-benetan, jaunak, kezkarazten nau horrek. Begirari al zaudete gau honetan?

MARKEL eta BEÑAT: Bagaude, jauna.

HAMLET: Burdinaz jantzia zegoela diozue?

MARKEL eta BEÑAT: Burdinaz jantzia, jauna.

HAMLET: Oinetatik bururaino?

MARKEL eta BEÑAT: Burutik behatzera.

HAMLET: Ez zenioten aurpegia ikusi, beraz?

ORATI: Bai, jauna; hegala jasorik zeraman eta.

HAMLET: Kopeta ilun al zegoen?

ORATI: Bere begitarteak, haserrea baino gehiago, mina zerakusan.

HAMLET: Zurbil ala gorririk?

ORATI: Ez, oso zurbil.

HAMLET: Eta zugan begiak tinkatu al zituen?

ORATI: Ari eta ari.

HAMLET: Oi, han egon banintz!

ORATI: Txundioak hartuko zintuen.

HAMLET: Baiki, baiki. Luzaro ekuratu al zen?

ORATI: Neurriz ehun arte zenbatzen deino.

MARKEL eta BEÑAT: Gehiago, gehiago.

ORATI: Ez nik ikusi nuenean.

HAMLET: Bere bizarra urdina zen, ez?

ORATI: Bai, urdin arren: bizi zela ikusi nion bezalaxe.

HAMLET: Zain nagoke gau honetan. Berriz datorke, apika.

ORATI: Egingo nuke baietz etorri.

HAMLET: Baldin aitaren irudia badu, mintzatuko natzaio, nahiz eta su-lezeak orroka isiltzeko agintzen badit ere. Ikusi duzuena orainokoan isilean eduki baduzue, eukazue oraindik ere, arren; eta gau honetako gertaria dena dela, gogora emaiozue, ez mingainera. Badakiket zuen maitazarreari erantzuten. Agur, bada. Hamaika eta hamabien artean joango naiz zelaira zuek ikustera.

GUZTIAK: Gure menpetasuna zuri.

HAMLET: Zure adiskidetasuna, nirea zuei bezala. Agur, (HAMLET ez, guztiak irteten dira). Aitaren iratxoa iskilutan! Hau ez dabil ondo. Belzkeriaren bat sumatzen dut. Gaua ahal balitz! Ordura arte, narerik, ene gogoa. Egin zikinak agertuko dira giza begien aurrean, nahiz eta lurraren ondoan ehortzirik badaude ere.

 

(Irteten da)

 

 

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

 

POLONI-ren etxeko gela bat.

 

LAERTE eta OPELE sartzen dira.

 

LAERTE: Nire tresnak ontzian zeuden. Agur. Arreba, haizea aldeko eta ontzia gertu zegoen guztian, ez lokartu eta hizkidan hire berriak.

OPELE: Uste ona izan.

LAERTE: Hamlet eta haren hitz-mitzei buruz, har itzan apeta eta odoletiko nahikeria bat bezala, gaztetasunaren udaberriko lili bat, goiztarra, baina ez luzaroko, leuna, ez iraunkorra, ordea, une bateko usai eta atsegina; besterik ez.

OPELE: Hori besterik ez ote?

LAERTE: Ez uste besterik. Izatea haztean ez baitun azkuz eta esteriz soilki handitzen; jauretxea zabaltzen dunan ginoan, ordea, gogoaren eta adimenaren barneko ariketa hedatzen duen ere. Orain maite hau, agian, eta oraindaino ez orbanek, ez bihurkeriak ez din haren asmoen garbitasuna lohitzen. Beldur izan behar dun, ordea, haren handitasunari begiratu eta, erregegaia ez dunala bere nahimenaren jabe, bere jaiotzaren menpeko duen-eta. Ez zaion zilegi, maila apaleko lagunei bezala, beretzat aukeratzea, bere aukerari baitagozkio, jaurerri osoaren osasuna eta zoriona. Bere aukera, beraz, burua zaion gorputzaren haupide eta baietzaz mugatu beharra da. Horrela, bada, maite hauela baldin bazion, gurbilki ariko haiz sinesten ez badion, bere maila eta aginpidearen barrenean, bere hitza bete dezakeeneraino baizik; hots, Danimark herriaren autarkiak laketzen duena baino ez harantzago. Hausnartu, bada, nolako galtzea izango litzatekeen, hire izen onerako, belarri sineskorregiz, haren leloak adituko baitun, hire bihotza harganatuz edo haren gaizki jaurritako ausarkeriei hire garbitasunaren altxorra zabalduz. Beldur hadi, Opele, beldur hadi, ene arreba maitea, hire lehiaren atzean gelditu hadi, nahiaren irispide eta galtzoritik at. Neska zogiena, zarrastelegi duen bere zoragarriak ilargiari agertzen badizkion. Garbitasunak berak, ezin din irainaren ukalditik ihes egin. Harrak maizegi oinkatzen ditin udaberri-alabak, [9] hauen kuskuak zabaldu baino lehenago ere, eta gaztetasunaren ihintza, goiztarrago eta garbiago den ginoan, errazago ere haize itsaskorrak igartzen. Ernai hago, bada; beldurra baino begirale hoberik ez dun. Gaztetasuna berez dun matxintzale, nahiz eta alboan zirikatzailerik ez eduki.

OPELE: Gogoan edukiko ditiat esakune osasuntsu horiek, nire bihotzaren zaintzat. Baina, ene neba ona, ez hadi ari aldarrikari zorrotz batzuen antzera; zerurako bide latz, lartsua besteei erakutsi, eta haiek, galuts harroak bezala, atseginen lorezko inda oinkatzen dutenak, beren onuei ez-axolak.

LAERTE: Ez beldur izan neregatik. Gehiegi luzatu naiz, ordea, eta hona hemen aita.

 

(POLONI sartzen da)

 

LAERTE: Onespen bikoitza, esker bikoitza; birritan agur egin ahal izatea zorionekoa da.

POLONI: Oraino hemen, Laerte! Ontzira, ontzira! Hau lotsa! Haizeak zure ontziaren txopan putz dagi eta lagunak zure begira dituzu. Zatoz hona; nire onespena zurekin! Eta ahalegin zaitez zure gogoan tinkatzen arau gutxiok. Ez eman zure gogamenei mingainik, ez gogamen egokiezei egiterik. Izan zaitez lagunartekoa; inolaz ere lagunabarra. Zure adiskide hartuak lotu iezaiezu zure gogoari altzairuzko kakoez, ez mazkurtu, ordea, zure eskua, edozein lagun berri laztanduz. Liskarrean sartzetik begira zaitez; sartuz gero, ordea, ekin, aitzikoa zuregandik begira behar dedin eraz. Eman guztiei zure belarria, gutxiri ordea, zure mintzoa. Entzun besteen espenak, baina ezkutatu zure iritzia. Jantzi zaitez zure ziskuak ordain lezakeen bezain garesti; gehiegikeria gabe, ordea: joririk, baina ez nabarmenki; izan ere, janzkeratik ezagutzen da gizona sarritan, eta Frantzian, maila eta nare goienetako lagunak ahoxuriak dituzu gai honetan. Ez hartu, ez eman maileguz: maileguz emateak, dirua eta adiskidea erabat galarazten baititu maiz; eta jesateak, zuhurtasunaren sorbatza kamusten du. Eta guztiz ere:izan zaitez zure buruarekiko egitea, eta horretatik datorke, egunetik gaua bezalaxe, inorekiko gezurtia ezin izango zarela. Ongi ibili: nire onespenak ondu dezala guzti hau zuregan!

LAERTE: Nire agur apala, jauna.

POLONI: Aldiak dei dagizu; zoaz, morroiak zure begira daude.

LAERTE: Agur, Opele, eta oroi zaitez nire esanaz.

OPELE: Nire oroimenean itxia duk eta heuk daukakek giltza.

POLONI: Zer zesaizun, Opele?

OPELE: Hamlet jaunari buruzko zerbait.

POLONI: Ongi esana, alegia! Esan didate orainagotik, gero eta sarriago ari dela zurekin berezian eta zeuk oso atseginez eta zabalik hartu duzula. Hau honela baldin bada oharpentzat jakinarazi didatenez esan behar dizut, ez duzula zure buruaz, nire alabari eta zure ospe onari dagokion uste garbia. Zer dago zuen artean! Aitor iezadazu egia.

OPELE: Bere maitazarrearen eskain asko egin dizkit orainagotik, jauna.

POLONI: Maitazarrea! Bo! Horrelako galbideak ez dazagutzan neska helduez bat bezala mintzatzen zara. Eta haren eskainak, deitzen dituzunez, sinesten al dituzu?

OPELE: Ez dakit zer uste izan behar dudan, jauna.

POLONI: Aladonea! nik esango dizut: uste ezazu, eskain horiek legezko dirutzar hartu dituen haur bat zarela; eskain ezazu zure burua sari goragoan, ala esakuntza gaixoa ez ler eragiteko ni naukakezu zuri eskainka [10].

OPELE: Irudi onez agertu dit bere maitasuna, jauna.

POLONI: Irudi, bai, ongi diozu; utikan!

OPELE: Eta bere hitzak, zeruko zin handienez, sendetsi zituen, jauna.

POLONI: Bai, istingorretarako arteak. Badakit zein oparo damazkion zinak gogoak mingainari, odolak dirakinean. Ez hartu, ene alaba horrek, sutzat, bero baino argi gehiago damaten pirrinta horiek, gehien agintzen duten unean bertan erabat itxugiten direnak. Zurrago izan zaitez, gaurdanik, zure neskatxa ageriari buruz; ez merkatu zurekin ihardukiteko eskerra, eragiteko dei huts bati amore dagiozularik. Hamlet erregegaiari buruz, gogora ezazu gaztea dela eta zuri ematen zaizun baino ibiltzeko soka lasaiagoa duela. Labur, Opele, ez sinetsi haren eskaintzak, bere janzkiak darakusan margoaren bitartekoak ez baitira; hobeki liluratzeko sainduki mintzatzen diren andrekari malmutzak baizik. Behin eta betiko: ez dut gaurgero nahi, argi eta garbi mintzatuz, Hamlet jaunarekin hizketan edo solasketan astirik gal dezazula. Begira gero; agintzen dizut. Zoaz.

 

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Zelaia.

 

HAMLET, ORATI eta MARKEL sartzen dira.

 

HAMLET: Haizeak suminki ausikitzen du; Hotz handia da.

ORATI: Haize gorri-gorria dago.

HAMLET: Ze ordu da?

ORATI: Hamabiak zintzilik daude, nik uste.

MARKEL: Ez, joak dira.

ORATI: Bai ote? Ez ditut entzun. Horrela ezkero, hurbil dugu iratxoa egurastu ohi den garaia. (Urrutiko turuta-otsa eta su-haga-dunbotsa) Zer da hori, jauna?

HAMLET: Erregea gau guztia xuritzen ari da, zurrut ugariz eta dantza zaratatsuz alderoka, eta, edontzi bat Rhin ardo husten duen bakoitzean, arratzak eta turutak irrintzi dagite haren afalondokoa goraipatzeko.

ORATI: Ohitura al da hori?

HAMLET: Bai, ohitura dugu. Alabaina, hemengoa naizen arren eta horrelako ekanduetara egina ohitura hori jarraitzea baino haustea egokiagotzat daukat. Jan-edan zakar horiek direla bide, belzten eta iraintzen gaituzte herriek, ekeratik oixezkiraino; gu hordiak deitu eta gure omena esakuntza zikinez orbantzen dute. Eta, egiz, nahiz eta gure egitsariak harrigarriak izan, beren aintzaren muina eta mamia galtzen dute horrekin. Horrelaxe gertatu ohi da sortzezko akatsen bat duten gizakumeetan, bai jaiotzez eta honetan ez dira errudun, nork bere jatorria ez baitezake aukeratu, bai, sarritan, gogamenaren hesiak lurreratzen dituen olderen baten nagusitzagatik, edo eta, haien gizabidea garrazten duen aztura batengatik. Honako lagun hauek, diot, halako akats baten xakia daramatenak [11], nahiz eta haien ekandunak oro, Jainkoaren eskerra bezain garbiak eta gizonak izan ditzakeen bezain ugariak badira ere, gutxietsiak izango dira guztien iritzian, noku berezi hargatik. Gaitz tanta batek beheratzen du, bere antzera, gorputz bikain osoa.

 

IRATXOA sartzen da.

 

ORATI: Hara, jauna, badator!

HAMLET: Aingeruak eta zeruko artekariak, babes gaitzazue! Nahiz gogo ongile, nahiz mamu gaiztoa izan; zeruko hatsa, nahiz su-lezeko putza; zure asmoa dela ontsua, dela dongea; horrelako itxuratan agertzen zara eta mintzatu nahi dizut: zuri nago, Hamlet, errege, aita, Danimarkako bakaldun, erantzun iezadazu! Ez nazazu oinazetu ez-jakiteaz; esadazu, arren; bizigabe ehortzitako zure hezur donetsiek, zergatik urratu dute beren hil-jantzia?; zer dela eta, bakez ezarria ikusi zintugun hilobiak, bere aitzurdinezko ahutz astunak zabaldu ditu zu egozteko berriz? Zer esan nahi du, zu altzairuz jantzitako hilotz hori, ilargitara itzultzeak, gaua izu-ikaraz bete eta gu, izadiaren jostailuok, gure gogoen irispidean ez dauden oldozkai minkorrez dardaratzen gaituzula? Esazu, zergatik guzti hau? Zer dela eta? Zer egin behar dugu?

 

IRATXOAk keinuak dagizkio HAMLETi.

 

ORATI: Berekin joateko aieruak dagizkizu, bakarrean zerbaiten berri eman nahi bailizun.

MARKEL: Begira nolako eskuketa adeitsuz, dei dagizun leku baztertuago batera; ez zaitez hargana!

ORATI: Ez, inolakoz.

HAMLET: Ez du mintzatu nahi; narraikioke, beraz.

ORATI: Ez egizu horrelakorik, jauna.

HAMLET: Zergatik? Zeren beldur naiteke? Ez nuke eskimel bat emango nire biziaren orde; nire gogoari buruz: berriz zer legioke, bera bezalako hilezina izanda? Berriz ere, jarraitzekoa egiten dit... Banoa.

ORATI: Eta uhinetarantz bazarakartza, jauna, ala itsaso gainean aurreratzen den harkaitz horren tontor ikaragarrirantz eta han, beste itxura izugarriren bat hartu eta, zure adimenaren nagusigotik erotasunera amiltzen bazaitu? Gogotan hartu hori. Lekuak bakarrik, beste ezer gabe, etsipenezko usteak sor litzake, itsaso sakona begiratu eta haren orroa azpian entzun dukeen edozeinengan.

HAMLET: Dei egiten dit oraindik ere. Hots, narraikizu.

MARKEL: Ez zara joango, jauna.

HAMLET: Kendu eskuok!

ORATI: Izan zaitez zentzuzko, ez harganatu.

HAMLET: Nire halabeharrak deiadarka dihardu, nire soinaren ari samurrena Nemaiko lehoiaren [12] kirioak bezain sendoa egiten duelarik. Dei dagit oraindik ere! Ken eskuok, jaunak! Ala Jainkoa, iratxo bihurtuko dut eragozten nauena! Alde, desaizuet! Zoaz, banarraikizu.

 

IRATXOA eta HAMLET irteten dira.

 

ORATI: Irudimenak beretik ateratzen du.

MARKEL: Garraizkion; ez diogu honetan men egin behar.

ORATI: Goazen haren atzetik. Nora joko du guzti honek?

MARKEL: Zerbait ustelik dago Danimarkako jaurerrian.

ORATI: Jainkoak ongitu dezala.

MARKEL: Hots, garraizkion.

 

(Irteten dira)

 

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Zelaiko beste leku bat.

 

IRATXOA eta HAMLET sartzen dira.

 

HAMLET: Nora naramazu? Mintza. Ez noake harantzago.

IRATXOA: Entzun nazazu.

HAMLET: Badantzut.

IRATXOA: Hurbil dago, sufrezko gar oinazegarrietara beharra naizen ordua.

HAMLET: Ene, arima gaixoa!

IRATXOA: Ez errukitu nitaz; ipini, bai, ordea, buru-belarriak agertuko dizudanari.

HAMLET: Mintza! Zuri entzuteko behartua nago.

IRATXOA: Nire apentzailea izateko zaudeke entzungo duzunean.

HAMLET: Zer?

IRATXOA: Zure aitaren arima naiz; aldi batekotz, gauez noragabe ibiltzera eta egunez garretan barutzera epaitua, bizitan egin nituen ogen higuingarriak xiratu eta garbitu daitezen arte. Nire espetxeko zadorrak ageri egitea gebendua ez balegokit, esango nizukeenaren hitz xumeenak zure gogoa ikaratu, zure odol gaztea izoztu, zure begiak izarrak antzo, haien betzuloetatik erauzi eta zure lakain estu eta zizurrok banatu egingo lituzke, ile bakoitza laztuz, arantzurde suminduaren ziak iduri. Betikotasunaren barne ostenok, ordea, ez dira haragizko belarrietarako. Adizu, adizu, oi, adizu! Inoiz maite bazenuen zure aita laztana.

HAMLET: Ene Jainkoa...

IRATXOA: Apendu ezazu haren heriotza zital, zikina.

HAMLET: Heriotza!

IRATXOA: Heriotza zitala, heriotza beti denez; hauxe duzu, ordea, zitalena, zikinena, eta izaera-kaltekoena.

HAMLET: Jakinaraz iezadazu berehala, irudimena edo maite-gogoetak bezain hego-arin asperkundera hegaz dagidan.

IRATXOA: Adoretsu zakustaz. Eta Letaiko [13] ertzetan berez sustraitzen den belar lodia baino sorgorragoa izango zinateke nire esan honek eragingo ez bazintu. Adizu, Hamlet: nire lorategian lotan nengoela suge batek ziztatu omen ninduen. Danimark herri osoaren belarriak atzipetu dituzte zakarki gezur-esan horren bidez. Jakizu, ordea, nire mutil zindo horrek; aitari horzkatu zion sugeak nire buruntza dauka orain.

HAMLET: Nire gogo igarle hau! Osaba!

IRATXOA: Bai, piztia ezkontza-nahasle eta ahaidekeria-egile horrek, bere sorgin-antzeaz eta bere emai maltzurren bidez, antze eta emai madarikatuak liluratzeko horrelako ahalmena dutenak nire erregina guztiz garbia zirudienaren gogoa, bere lizunkeria ahalkegarriaren jopu egin zuen. Oi, Hamlet, haren erorikoaren handia! Ni eta ezkontzean egin nion agintzarekin beti bat etorri zen aire maitasun garbia utzi, eta haren izatezko tasunak nireen aldean hain azpikoak diren doilor batenganaino beheratu! Baina garbitasuna beti ustel-ezina izango den bezala, nahi eta ari haragikeriak zeruko itxuraz zirikatu, horrela lasaikeria, aingeru distirakor bati lotua badago ere, ohe zerutarrean gogaitu eta sastegira beharra da bazka bila. Baina, geldi! goizeko haizea sumatzen dut eta labur izan behar. Nire lorategian, ohi bezala, abaro negien; nire hatsarte hartan, zure osaba sartu zen gerizka, ira-belarrezko gerli ainenekoa ontziño batean zekarrela eta nire belarri-atarian erion ustelkorra isuri egin zidan. Horren eragiteak, giza odolarekiko hain arerioa izanik, gorputzaren bide eta hodietan barna, zilarbizia bezain laster dagi eta, behingozko indarraz, esnean isuritako tanta garratzek bezala, odol mehe eta osasuntsua ziatu eta gantzagitu egiten du. Horrela jazo zitzaion nireari eta, sostean, legenar zikinak nire haragi leunean sartu eta zakar nazkagarriz josi zuen. Eta horrelaxe nik, lotan nengoela, bizia, buruntza eta erregina galdu nituen batera, anaiaren eskuz. Nire ogenen loraldi betean igitaitua, elizakoak hartzeke, atontzerik gabe, nire garbiketa egiteke, buru-gainean nire hutsegite guztiak nituela, ebazkuntzara bidali ninduen. Izugarria! Izugarria! Oi izugarriegia! Bihotzik baduzu ez ezazu jasan. Ez utzi Danimarkako errege-ohea lizunkeria eta ahaidekeria nardagarrizko etzangua izatea. Baina eginkizuna nolanahi bururatzen duzula, ez kutsatu zure bihotza, ez utzi zure gogoari amaren aurkakorik asmatzen. Eman hura Jainkoari eta ari zauritu eta ziztatzeko haren bularrean erne diren arantzei. Orain, agur! Ipurtargiak, zurbiltzen hasi den bere ñir-ñir kolokaz, goizaldearen hurbila iragartzen du; agur, agur, agur! Oroi zaitez nitaz.

 

(Irteten da)

 

HAMLET: Zeruko gudari taldeak! Lur hori! Aski da, ala su-lezea gaineratu behar dut? Ez, ez. Eutsi, ene bihotza; zuek, ene zainok, ez ahuldu ziztakoan eta zutik eduki nazazue. Zutzaz oroitzeko! Baiki, arima zorigabe hori, buru nahastu honetan oroimenak jarlekurik dukeeno. Zutzaz oroitzeko! Bai, ezabatu egingo ditut nire oroimenaren lerrokadan gaztetasunak eta ohartzeak irarri zituzten edozein gomuta alferrikako, liburuetako esan-mesanak oro, iragazitako bulko eta zirrara guztiak, zure agindua bakarrik bizi dadin nire burumuinaren idaztian, gai azpikoren nahasterik gabe; bai, ala Jainkoa! Zu emakume zin hausle hori! Zu, doilor, doilor, doilor irribera madarikatu hori! Nire oholtxoak! On izango da idaztea, beti irribarrez egon eta ere, zitala izan daitekeela gizona. Danimark herrian, behinik-behin, hori ikus daiteke (Idazten du). Hots, osaba, hemen zaude. Orain nire hitzera: «Agur, agur! Oroi zaitez nitaz!» Zin egotzi dut.

ORATI eta MARKEL (barrenean): Jauna, jauna!

MARKEL (barrenean): Hamlet jauna!

ORATI (barrenean): Jainkoak lagun dagiola!

MARKEL (barrenean): Hala biz!

ORATI (barrenean): Eup, eup, jauna!

HAMLET: Urra, txikitxo hori! Hator, txoritxo, hator! [14]

 

ORATI eta MARKEL sartzen dira.

 

MARKEL: Zer gertatu da, jauna?

ORATI: Zer berri?

HAMLET: Ene! harritzekoa.

ORATI: Esaguzu, jaun maite horrek.

HAMLET: Ez, ageri egingo zenukete.

ORATI : Ez nik, ala Jainkoa!

MARKEL: Ez nik ere, jauna.

HAMLET: Zer deritzozue, bada? Zein giza buruk sinets lezakeen inoiz? Baina, ahopean daukakezue?

ORATI eta MARKEL: Bai, Jainkoarren, jauna.

HAMLET: Ez dago Danimarka osoan doilor bat... zital oso eta betea ez dena.

ORATI: Hori guri esateko ez du iratxo batek bere hilobitik irten beharrik, jauna.

HAMLET: Bai, egia; egian zaude. Gehiagokorik gabe, beraz, eskuak elkar estutu eta joatea dagokigula uste dut: zeuek, zeuen egiteko eta atseginetara edozeinek baitauzka bere egiteko eta atseginak eta ni gaixo hau, aldiz, otoi egitera.

ORATI: Horiek ez dituzu adin eta zentzun gabeko hitzak baizik, jauna.

HAMLET: Mintzen zaituztelako garbai naiz bihotzez; bai, bihotzez.

ORATI: Ez dago minik, jauna.

HAMLET: Bai, Orati, badago, ala Patrizi gurena [15], eta handiegia gero. Agerkari horretaz esan behar dizuet iratxo agurgarri bat dela. Bera eta bion artean gertatua ezagutzeko zuen jakinminari buruz, ordea, beza ezazue ahal duzuen eraz. Eta orain, adiskide onak, adiskide eta iskilu-lagunak zaituzten ezkero, egidazue esker txiki bat.

ORATI: Zein, jauna? Zaude guri.

HAMLET: Ez agerrarazi, egun eta beti, gau honetan ikusi duzuena.

ORATI eta MARKEL: Inoiz ere ez, jauna.

HAMLET: Ongi da, alabaina, zin egizue.

ORATI: Nire hitza damaizut.

MARKEL: Bai eta nik nirea ere.

HAMLET: Nire ezpata gainean.

MARKEL: Zin egin dugu, jauna.

HAMLET: Hots, nire ezpata gainean, hots.

IRATXOA (lurpean): Zin egizue.

HAMLET: A, a, mutil! zeuk diozu hori? Hortxe zaitugu, lagun ona? Hots, badantzuzue adiskidea azpian. Zin egizue, arren.

ORATI: Erakuts iezaguzu zin egikera.

HAMLET: Ez mintzatu inoiz ere ikusi duzuenaz; zin egizue nire ezpata-gainean.

IRATXOA (lurpean): Zin egizue!

HAMLET: «Hic et ubique?» [16] Lekuz alda dezagun, bada. Bertara zaitezte, zaldunok. Ezarri itzazue eskuak nire ezpata gainean: ez mintzatu inoiz ere entzun duzuen honetaz; zin egizue nire ezpataz.

IRATXOA (lurpean): Zin egizue!

HAMLET: Ongi esana, sator zahar. Horren laster dagikezu lurpean? Hori aitzurlari sekulakoa! Beste lekura gaitezen, berriz ere, adiskide onak.

ORATI: Eguna eta gaua! Handia da hau, harritzeko beste!

HAMLET: Bestekoari bezala, bada, txera ona egiozu. Badira zeruan eta lurrean, Orati, zure filosofiak amets dagizkeen baino gauza gehiago. Zatozte, ordea. Zin egizue lehen bezala, eta Jainkoaren ederra zuekin bego, nire jarduera guztiz bakana eta nabarmena izan eta ere gaurgero gisa oiesak irudi egitea egokitzat edukiko ditut, apika; zin egizue, dasaizuet, horrelako gertarietan ikusiko nauzuenetan, inoiz adieraziko ez duzuela, honela besoak uztartuz edo honako zirkin hau buruari eraginda, edo honelako: «Bai, bai, jakin badakigu», edo «Nahi bagenu, bagenezake...» edo «Baldin hitz bagenegi...», edo «Bide balitzaio, badago norbait...» edo beste horrelatsuko hitzerdiren bidez, nitaz zertxobait badakizuela. Zin egizue eta Jainkoaren onginahiak eta errukiak lagun dagizuetela zuen larrialdietan.

IRATXOA (lurpean): Zin egizue!

HAMLET: Nare zaitez, nare zaitez arima erratua! (Zin dagite) Honela, bada, jaunok, zuengan jartzen dut nire ustekaria bihotz-bihotzez. Eta Hamlet bezalako gizon apal batek bere onerizko eta adiskidetasuna zuei erakusteko dagikeen guztia, ez zaizue peituko, Jainkoa lagun. Sar gaitezen elkarrekin. Eta eukazue beti, arren, hatza ezpain gainean. Gizartea nahaspilaturik dago. Oi, nire zorigaitza hura zuzentzeko jaioa naiz eta! [17]. Hots, zatozte, goazen elkarrekin.

 

(Irteten dira).

 

 

 

1. Ez dakigu ziur noiz idatzi zen «Hamlet». Ezta noiz eta non lehenengoz antzeztu zen ere. 1600 edo 1602. urtean idatzi zela uste dute gehienek.

2. Entzuleen gogoa bestetara eramateko ipintzen du Shakespearek Beñat-en hizketa hau. Beñat-ek izarra bekatzaz darakusan artean, Iratxoa beste aldetik agertzen da.

3. Oratiren hitz hauetatik argi ikusten da «Hamlet» idaztean, Shakespearek idatzi berria zuen «Juli Kaisar»ez beterik zeukala irudimena.

          «Izar hezatsua» ilargia da.

          Eleketa honen bidez, Shakespeare-k entzuleen gogoa barreiatzen du, berriz ere, Iratxoaren sarreraz gehiago ikara daitezen.

4. Zimardika edo hitz-joko bat dugu hemen. «Kin» (ahaide) eta «Kind» (on) hitzak darabilzki Shakespearek. Guk «lehenbiziko» eta «hirebiziko» erabili ditugu hoskide-joko bat dela gogoraturik.

5. Wittenberg-eko Ikastetxe Nagusia ez zen 1502. urteraino irasi. Shakespearek ordea, ez dio axolarik ematen horrelako hutsei.

6. Hiperion edo Apolon beste izenez, Edertasunaren Jainkoa zen helendarren baitan.

7. Apolok eta Dianek hamalau seme-alabak hil zizkioten Niobe hori, ama oinazearen iruditzat gelditu da.

8. «Ohe kutsatura» («incestuous sheets»). Arrebatzako eta nebatzakoen (koinaten) artean ezkontza, ahaidekeria zen aldi hartan.

9. «Udaberri-alabak»: loreak.

10. «Tenders» hitzaz Shakespeare-k dagitzan zimardikak. Euskarara bihurtzeko «eskain» erabili ditut nik.

11. Izan ere, Hamlet bera dugu, akats bat dela bide, bere tasun eta onbideak oro hondatzen dituena.

          Hemen ere; eleka luze honen bidez, entzuleak bestetaratzen ditu Shakespearek, Iratxoaren sarreraz harritu daitezen.

          Azkeneko neurtitzak:

                    «...the dram of eale

                    Doth all noble substance of a doubt

                    to his own scandal».

          ulerkaitzak dira.

12. «Nemaiko lehoia». Erkulek erail zuena.

13. «Letai», oroitezaren ibaia zen.

14. Hamletek ehiztariarena egiten du. Bere buru nahastua agertzen hasten da. Ondorengo neurtitzetan agiri da, harrigarriki, Hamlet bere zadorra esateko eta isiltzeko beraren buruaz borrokan.

15. Patrizi Gurena (Done Patrizi), Irelandeko zaindaria.

16. «Hic et ubique?». Laterazko esakera: «Hemen eta orotan?»

17. «Hitz hauetan dago Goethek dio Hamleten jokabide guztiaren giltza».

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 

 

Antzez-lagunak / Lehenbiziko atala / Bigarren atala / Hirugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Hitzaurrea / Antzerkiaren haria / Hiztegia

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


susa-literatura.com