Hamlet, William Shakespeare
Antzerkiaren haria
I atala
Elsinoreko errege-gazteluko begirariek, Hamlet Danimarkako erregegaiari, honen aita zenaren antz-antzeko mamu bat harresietan agertu delako berria ematen diote. Hau dela-eta, Hamletek mamua aurkitu eta, zer zela eta bere aita hil zen, harengandik jakitea erabakitzen du: baititu susmoak haren heriotzari buruz. Hurrengo gauean, Iratxoa ikusi eta harekin hizketan, egia ezagutzen du: Kauldi, errege zenaren anaia eta orain erregina alargunarekin ezkonduak, errege edendu zuen, hau lotan zegoelarik, jauralkia eta emaztea bereganatzeko. Iratxoa, Hamleti asperkundera haizatu eta itzaltzen da. Hamletek zin eragiten die bere lagunei gertatuaz hitz ez dagiten.
II atala
Ikasitako berriak eta bururatu behar duen lankizun ikaragarria direla bide, Hamletek burua nahastuxe eta eroarena egiten du bere asmoak hobeki estaltzeko. Eskutitz eragabe eta leratsuak idazten dizkio Opele bere maiteari (Poloni, jauregiko nagusiaren alaba). Garai horretan, antzezlari talde bat iristen da gaztelura eta, Hamleten aginduz, halako antzerki (komeri) bat antolatzen dute Errege, Erregina, eta jauregikoen aurrean emateko.
III atala
Antzerki horrek, Veneziako duke baten heriotza du gai. Heriotza honen gorabeherak, Danimarkako erregearen heriotzaren oso idurikoak dira. Komeria antzezten duteino, Hamlet bere osabaren aurpegiari eta higikunei begira-begira dago. Erregea, bere hoben estaliaren erredurak bultzatua bailitzan, irteten da heriosuhar, antzezkizuna geldiaraziz. Hamletek ez du harrezkero ezmezean jartzen Iratxoak esanaren egia, eta zin egin duen apena bururatzeko gertu egiten da.
Erregina, bestaldez, antzerkiaren esanahiaz oso kezkaturik, dei egiten dio Hamleti honi ahakar egiteko. Hamletek, ordea, ahakarra ahakar ordain ematen dio eta bere ama lotsaturik eta bihotz-zimikoz josita uzten du. Bitartean, Hamletek, elkarrizketa kuzkuzka zegoen Poloni hiltzen du, erregea delakoan.
IV atala
Guzti hori dela-eta, Erregeak Hamlet erbesteratzea erabaki eta England herrira bidaltzen du. Bi ikaskide (Rosencrantz eta Guildenstern) ditu bidaide eta hauek daramaten erregearen agirien arauz, Hamlet hil behar dute Englanden; baina, hura hil ordean, haren ikaskideak hiltzen dira, halabeharrez. Anartean, Opele, bere aitaren heriotzak, Laerte bere anaiaren urrutiratzeak eta Hamleten erbesteratzeak jota, burutik joaten da. Kantuz eta lore-sortak egiten ari delarik, lats baten ertzera joan eta ito egiten da. Etorri berria den Laerte gazteak, herria matxinatu eta badoa jauregira. Erregeak, ordea, emarazten du eta, azkenik, bien artean, Hamleten heriotza asmatzen dute.
V atala
Hamlet Danimarkara itzultzen dela, Opeleren ehortzeta topatzen du. Atsekabeaz beretik irtenda, hilobira jauzi eta Laerterekin borrokan ari da. Lagunek banantzen dituzte. Erregeak, ordea, gerturik dauka dagoneko, bere malmuzkeria: Hamlet eta Laerteren arteko ezpata-jokoaldi bat. Laerteren ezpata mutur-zorrotza eta edendua da. Erregeak, gainera, edari edentsu bat atondu du Hamletentzat, badaezpadan. Ezpataketa hasi eta berehala, Erreginak Hamlet-en osasunerako edan nahi eta edontzi edendutik hartzen du. Laertek Hamlet zauritzen du eta biak sumindurik, gogorrean ari direla, ezpatak trukatu eta Hamlet-ek, aldiz, Laerte, beronen ezpata edenduaz sakailatzen du. Erregina hiltzen da eta Laerte erortzen ere. Hil baino lehen, ordea, bere asmo beltza aitortu eta barkamena eskatzen dio Hamleti, Erregearen errua agertuz. Hamletek, orduan, zuzentzen du ezpata edendua Erregeagana hau hilaraziz. Hamlet hiltzen da.
© William Shakespeare
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga
Antzez-lagunak / Lehenbiziko atala / Bigarren atala / Hirugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Hitzaurrea / Antzerkiaren haria / Hiztegia