Macbeth, William Shakespeare

 

IV. ekitaldia

 

 

I. AGERLEKU

 

Artzulo iluna. Erdian maskillua irakiten. Ostotsak. Iru sorgiñak datoz aurrera.

 

I SORGIÑA: Katu nabarrak iru aldiz egin dau miau.

II SORGIÑA: Iru bidar; eta kirikiño latzak bein egin dau irrintze.

III SORGIÑA: Txerrenak gedar dagi: «Tertzioa da, tertzioa da».

I SORGIÑA: Zoaze bira-biraka maskilluaren baranoan; egotzi barrura barruzki edenduak. Arripe otzean ogei ta amaika gau ta egunez lo-eginda, izerdi-edena sortu dokan kunkun orrek irakin egin lenen ontzi liluratuan!

IRURAK: Beste ainbestetu, beste ainbestetu lana ta nekea; su-egin, erre; eta ik, maskillu, puxekak atera.

II SORGIÑA: Zingira-sugearen galartzua (edea) irakin-eragin eta egosi maskilluan; suge-linderearen begia ta ugaraxoaren beatza, saguzarraren ulea ta txakurraren mina, suge-gorriaren izpia eta ziraun-agiña, muskerraren zangoa ta ontzearen egoa, su-lezako salda-antzera irakin-eragin eta puxekak atera, lilura indartsu ta kalte-giña lortu dagiguntzat.

IRURAK: Beste ainbestetu, beste ainbestetu lana ta nekea; su-egin eta erre; eta ik, maskillu, puxekak atera.

III SORGIÑA: Iransuge-ezkatak, otso-agiña, sorgiñen soin igarra, itxaso asarre-gaziko marrazoaren biusturia, gabaz aterako otzerri-bedar-susterra, Yudar biraotiaren gibela, suntzaren beaztura, iretargi-ilunaldian aterako agin-azal-edeak, Turkarraren surra ta Tartaritarraren ezpanak, bide-ertzeko arekan emagalduak erdiratu ta erdiratu-ala itotako sein-atza. Zer guztiokaz salda lodi ta eraskorra egizue; eraantsi orreri katamotzaren barruzkiak, maskillukoen geigarritzat.

IRURAK: Beste ainbestetu, beste ainbestetu lana ta nekea; su-egin, erre, eta ik, maskillu, puxekak atera.

I SORGIÑA: Otzitu orain tximino-odolaz, eta orrezkero liluragaya sendoa ta ona da.

 

Hekate dator aurrera

 

HEKATE: Ederto be ederto egiña! Alegiñak-alegin egingo al dozuez, sari bana izango dozue-ta. Eta orain abestu maskillu-baranoan, mamu ta koko-marroen antzera estuna eginik, barruan artzen dozuen oro liluratzeko.

 

ABESTIA

 

          «Espiritu baltz eta zuriak, espiritu gorri ta urdiñak, nastu, nastu, nastu, nastu al dozuenok.»

 

(Hekate'k alde dagi.)

 

II SORGIÑA: Atz-orkoroak minberatu egiten yataz-eta, zer zantarren bat ba-dator onantza; yo dagianak yo dagiala atea, idigi, erskayok!

 

(Macbeth dator aurrera.)

 

MACBETH: Zelan zagoze gaberdi-sorgin ezkutu ta baltzok? Zeri daragoyozue?

IRURAK: Izenik eztauena egiten daragoyogu.

MACBETH: Zuon ogibidearen izenez nagotzue eske; dakizuen lez dakizuela, erantzun egistazue; axeak azkatu bear ba'dozuez be ta elexak lurreratzen itxi; naiz-ta ugin bistzuak itxas-ontziak nastu ta iruntsi; naiz-ta oraindik bedar dan garia lurrera eratzi ta zugatzak lurreratu; naiz-ta gazteluak ikara egin eta euren yagoleen buru-ganera yausi; naiz-ta yauregiak eta arri-meta zorrotzak makurtu ta euren oñarriari mun-egin; naiz-ta izadiko zer guztien aziak eurak be yausi ta ezereztu; ondamendia bera asetu ta okadaka asiarteraño ba'da be, erantzun egiozue nire eskariari.

I SORGIÑA: Itz egik.

II SORGIÑA: Eskak.

III SORGIÑA: Erantzungo dauagu.

I SORGIÑA: Esan egik gure agoetatik ala gure ugazabaenetatik entzun gura dokan.

MACBETH: Dei-egiezue, ikusi dagidazantzat.

I SORGIÑA: Egotzi barrura bere bederatzi umeak janeko txarri makerearen odola; egotzi garretara abetik eskegiko erallearen koipe-antzeko izerdia.

IRURAK: Erdu goiko naiz beko; erakutsi zeure burua ta zure ogibide antzetsua!

 

(Ostotsak dira. Izkilluz estali. Buruaren Kokoa yagiten da.)

 

MACBETH: Esan egistazu, indar ez-ezagun orrek.

I SORGIÑA: Itz-egin-bearrik ez dok; orrek ire barrua irakurten yok; orren itzak entzun, baña euk ez esan ezer.

KOKOA: Macbeth! Macbeth! Macbeth! Kontu Macduff'ekin; kontu Fife'ko thaneakin. Itxi egistak alde egiten.

 

(Yatzi egiten da.)

 

MACBETH: Zareana zareala, eskerrik asko zure aolku onagaitik; egin-eginean be nire bildurren erara yo dozu, baña itz bat geyago.

I SORGIÑA: Orreri ez yako gogoko iñok aginduterik; or yatok beste bat lengoa baño altsuagoa.

 

(Ostotsak.  Ume odolduaren Agerkizuna yagiten da.)

 

AGERTUA: Macbeth! Macbeth! Macbeth

MACBETH: Iru belarri ba'neunkaz, irurakaz entzungo neunskizu.

AGERTUA: Izan adi odoltzale, kementsu ta erabagiko; barre egik giza-almenari irri-egiteko, emakumegandik yagok Macbeth'eri gatxik ez dautso egingo-ta.

 

(Agertua yatzi egiten da.)

 

MACBETH: Orrezkero bizi adi, Macduff; zer dala-ta izan bear ire bildur? Baña au ta guzti be segurutasuna beste ainbestetu egingo dot, eta zoriari lokarri bat kendu, ez, ez az biziko; bildur biotz-zurbillari «guzurra diñok» esan eta ostotsak gorabera lo-egin dagikedantzat. Zer dogu au?

 

Ostotsak dira. Buruntz-dun Umeren Agerkunea, eskuetan zugatza duelarik, errege-semeren antzera yagi ta buru-tontorrean erregetza-iragarkin borobilla dakarrena.

 

IRURAK: Entzun egiok, ez baña itzik egin.

AGERTUA: Izan adi leoi-izakerako, arroa, baña ez bekik ardura nok minberatzen, nok asarratzen auan, edo-ta ire aurka azpi-yana egiten nor dabillen yakitek; Macbeth ez dau iñok iñoz menderatuko arik eta Birnam'go baso andia Dansinane'ko mendi garaira bere aurka etorriarte.

 

(Agertua yatzi egiten da.)

 

MACBETH: Olangorik egundo ez da yazoko. Nok eroan leike basoa? Nok agindu zugatzari lurrari deutson sustarrari izteko? Iragarki gozoak! Ondo yagok! Matxinada-buru, ez adi yagi Birnam'go basoa yagiarte, ta gure Macbeth goyan yarria izakereari deritxon-arte biziko da, ta gero, gizon ilkorrari berez dagokion tertzioa eldu daitenean, arnasea atertu. Baña oraindik kezka bat dot biotzean; zure antzeak esan al ba'dagist, esan egistazu: Bankuo'ren ondorengorik iñoz izango ete da errege errege-erri onetan?

IRURAK: Ez ibilli geyago yakin-guraka.

MACBETH: Asko izango yat; ukatu egistazue au, eta betiko añena yausi bekizue ganera! Yakin-eragistazue. Zegaitik irunsten dau lurrak maskillu ori? eta ze zarata da au? (Zamiola-otsa.)

I SORGIÑA: Agertu!

II SORGIÑA: Agertu

III SORGIÑA: Agertu!

IRURAK: Agertu orren begien aurrean, eta bete oñazez orren biotza; erdu itzal-antzez eta alde egin!

 

Zortzi Errege agertzen dira eta alde dagie urrengorik-urrengo, azkenengoa eskuetan izpillua dabela; Bankuo dator euren yarrai.

 

MACBETH: Bankuo'ren mamuaren antzekoegi az; bera! Ire buruntza (koroi) orrek begi-bolak erre egiten yaustazak; eta ik, bekokia urrez inguraturik dokan beste orrek, lenengoak langoxe ulea dok; irugarrena aurrekoa langoa da. Sorgin txarriok! Zeagaitik erakusten daustazue au? Laugarrena be? Ikaratu, ene begiok! Zer da au? Erreskada au munduaren atzenerañokoa izango ete-da? Oraindik beste bat? Zaspigarrena? Ez dot ikusi gura geyago; eta oandik zortzigarrena agiri da, ta onek daroan izpilluan asko geyago dakustaz; eta batzuk bola bikotxak eta errege-makil irukotxak daroezala dakust. Ikuskizun ikaragarria! Orain dakust egia dana, eta izan be, Bankuo odolez txipirriztinduak irribarre dagist eta bere semetzat erakusten daustaz. Zer! Au onan ete-da?

I SORGIÑA: Bai, yauna, dan au onantxe da; baña zegaitik ete dogu Macbeth orren arriturik? Erdu, aiztak, ekarri poza onen gogoari, eta erakutsi pozkarritzat doguzan biderik onenak; nik nire aldetik aldea liluratuko dot ots-dagiantzat eta bitartean zuok zuon ingurutxo-dantza barregarria egin, gure omenak bere ondo-etorria ordaindu dabela biotz onez esan dagian errege andi onek.

 

(Eresia. Sorgiñak yantzan daragoyoe, eta gero ondatu egiten dira.)

 

MACBETH: Non dira areik? Yoanak ete? Egutegian beti-betiko dongetsitzat bego ordu zoritxarreko au! Goazan, goazan atera emendik.

 

(Lennox dator aurrera.)

 

LENNOX: Zer da adeigarri orrek gura dozuna

MACBETH: Ikusi ete dozak sorgin aiztak?

LENNOX: Ez, ene yauna.

MACBETH: Ez dira zure aldamena-zear yoan ala?

LENNOX: Ez, egiz, ene yauna.

MACBETH: Ustel bedi areik ganean daroazan aidea, eta bedi zoritxarrekoa arei entzinduten dautsena! Zaldi-apatx-otsa entzun dot. Nor izan da emendik-zear igaro dana?

LENNOX: Macduff Ingelanda'ra igesia dala zuri esaten etorriko bi edo iru yatzuz, yauna.

MACBETH: Ingelanda'ra igesia!

LENNOX: Bai, ene yaun ona.

MACBETH: Aldi! Ik ire egikizun andi-itzalak aurreratu egiten daustazak; igesi-asmoari ezin aurrerik artu, egitekoa asmoagaz batera yoan-ezik: une onetatik atxine nire biotzean lenen sortzen dana bera izango da nire eskuan lenen sortuko dana be. Eta oraintxe be, nire oldozkunak egiñenakaz osotuteko, bein oldoztua bedi bertatik egiña; otoz-otoan elduko naz Macduff'en gaztelura; Fife'ren yabe egingo naz; emon ezpata-agoari aren emazte, seme-alaba ta senitarte osoa; ez zoro-arrokeririk; egiteko au nire asmoa otzitu baño len beteko dot. Ikuskizunik asko dogu!  Non dira zaldunok? Zoaz eta ekardazuz dagozan tokitik. (Alde dagie.)

 

 

 

II. AGERLEKU

 

Fife. Macduff'en gazteluko gela bat.

 

Macduff Anderea, bere Semea ta Ross datoz aurrera.

 

MACDUFF ANDEREA: Zer egin ete eban arek bere erritik igesi eragiteko?

ROSS: Eroapena izan bear dozu, andera.

MACDUFF ANDEREA: Arek ez eban izan ezetarikorik; aren igesia zorakeri utsa izan zan; gure egiñak ezik gure bildurrak egiten gau etoi edo saltzalle.

ROSS: Zuk ez dakizu bildurra ala zurtasuna izan zan areri eragin eutsana.

MACDUFF ANDEREA: Ze zurtasun eta zurtasunbako! Zurtasuna ete da berak igesiko lekuan bere emazte, umetxo, etxe ta yauntzak iztea? Ez gau maite; ez dau arek berezko bioz-samurtasunik; egaztirik txikiena dan txepetx makalak berak be, umeak abian ba'dauz, burruka egingo dau mozolloagaz. Dana da bildurra, maitasuna ezer bez; olan bidebage iges egiten dan lekuan zurtasun gitxi dago.

ROSS: Lengusin maite-maite, zure buruari emon aolkuak, arren; zure senarra zindoa, zurra ta sentzun andikoa da, ta berak daki ondoen aldiari zer dagokion ondo. Ez naz azartzen asko geyago esaten; aldiok biotz-gogorrak yatzuz; etoyak, saltzaleak gara, geuk ez dakigularik; bildurrak zurrumurrua dakarsku, ta ez dakigu zeren bildur garean; itxaso asarre ta indartsuaren ganean gabiltz ara ta onaka. Ba-noa zure baimenaz; luzarobage emen izango nozu barrien-barri; txarrenean ez dabe iraungo gauzak, edo ori ezik gora-egin lenera yoteko. Ene lengusin lirain, Yaungoikoa lagun dakizula

MACDUFF ANDEREA: Aitaduna da, ta bai aitabagea be.

ROSS: Luzaroago ba'nengoke emen, zoroa nintzateke; zure ondamendia ta nire ardurea litzateke; agur dagitzuet bertatik. (Alde dagi.)

MACDUFF ANDEREA: Yauntxo, ire aita illik dok; eta orain zer egiteko ik? Nolan biziko az?

SEMEA: Txoriak legetxe, amatxo.

MACDUFF ANDEREA: Zer? Arrak eta euliak yanda?

SEMEA: Lortu dagidanaz, esan gura dot, eurak be beste onenbeste egin daroe-ta.

MACDUFF ANDEREA: Txori errukarria! Ik ez dok iñoz izan sare; zer eraskor, zulo, ezta beste arrapagalluren bildurrik.

SEMEA: Eta zegaitik izan bear neunke, amatxo? Txori makalak be ez dabe bildurrik. Nire aita ez da il, zuk diñozuna gora-bera.

MACDUFF ANDEREA: Bai, a ilik yagok; zelan egingo dok ik aitatzakoa?

SEMEA: Eta zuk zeuk zelan egingo dozu senartzakoa?

MACDUFF ANDEREA: Nik edozein merkatutan ogei erosi nayeikezak.

SEMEA: Olan izatekotan barriro saltzeko erosiko dozuz.

MACDUFF ANDEREA: Sentzun andiz itz egiten dok eta, egitan, iretzako sentzun geyegiz.

SEMEA: Nire aita etoya (saltzallea) ete zan, amatxo?

MACDUFF ANDEREA: Bai, etoya zoan.

SEMEA: Zer da etoya?

MACDUFF ANDEREA: Zin-egin eta guzurra esaten dauena.

SEMEA: Eta ori egiten daben guztiak etoyak ete dira?

MACDUFF ANDEREA: Ori egiten dauen oro etoya dok, eta eskegi egin bear litzatekek.

SEMEA: Eta zin-egin eta guzurra esaten daben oro eskegi egin bear ete dira?

MACDUFF ANDEREA: Guzti-gutiak.

SEMEA: Nok eskegi bear dauz?

MACDUFF ANDEREA: Nok, gizon zintzoak ez bestek?

SEMEA: Ori olan ba'da, guzurtiak eta zin-egilleak zoroak dira, eta izan be, guzurti ta zin-egillerik asko dago zintzoak benderatu ta eskegiteko.

MACDUFF ANDEREA: Orain Yaungoikoa lagun akik, tximinotxo orreri! Baña nolan yokatuko dok aitarik ezean

SEMEA: A ilik ba'lego, areri negar egingo zeunskio; egingo ez ba'zeuntso, ortxe litzateke ezagunen laster neunkakela aita barria.

MACDUFF ANDEREA: Barritsu errukarri ori! Nolan itz egiten doan!

 

Geznaria dator aurrera.

 

GEZNARIA: Yaungoikoa lagun bekizu, andera eder! Ez nozu ezaguna, nik neuk zure zindotasuna ondo ezagutu-arren. Galbideren bat ur-ur dozulakoaren susmoa dot; gizon lauaren ondo-esana aintzakotzat artu gura ba'dozu artu, ez al dozu emen yarraituko; alde emendik zure txikiakin; zuoi onan bildur-ikarea sartzeko basatiegia nazala uste dot; ur-ur dagotzuen au baño txarragorik zuoi egitea ankerkeri zatarra litzateke. Yaungoikoak gorde zagiezala! Ez naz azartzen emen luzaroago egoten. (Alde dagi.)

MACDUFF ANDEREA: Nora igesiko? Ez dautsat iñori okerrik egin, baña oraintxe gogoratzen yat ludi onetan bizi nazana; emen sarritan oker egin izana goragarri yatzu; on egin izana, ostera, aldiz, zorakeri kaltegarr'tzat artu oi da; Au dala-ta, «nik ez dot gatxik egin» ezko emakume-esi au eregiten dot nire burua yagoteko? Ze arpegi dira oneik?

 

(Eralleak datoz aurrera.)

 

I ERALLEA: Non da zure senarra?

MACDUFF ANDEREA: Ez al da aurkituko zu langoak idoro leiken toki dongean.

I ERALLEA: A etoya da.

SEMEA: Guzurra diñok, gizatxar ule-kirmil orrek.

I ERALLEA: Zer diñok, kakanarru orrek? (Sastakaikadak emon-ala). Etoi-kume orrek?

SEMEA: Eran (il) nau, amatxo! (Il egiten da.) Igesi, igesi, amatxo!

 

(Macduff Andereak alde dagi «Eralleak» gedarka eta Eralleak atzefik doakozala.)

 

 

 

III. AGERLEKU

 

Ingelanda. Errege-yauregi-aurrean. Malcolm eta Macduff datoz aurrera.

 

MALCOLM: Goazan bakarreko itzalperen baten billa, an gure biotzak asazkatuarte negar egiteko.

MACDUFF: Ori baño obe litzakigu yayotzatikoa dogun gure adorezko ezpateari gogor eutsin eta, gizon onen antzera, gure yayotza uren eta bera-yausiaren ganean iztartolaka yarri; egunabar barri bakotxak alargun barriai kallaziak eragiten dautzez, oñaze barriak yoten dabe zerua arpegian eta erantzun egiten dau zeruak, Eskolanda'ren miña berea bai'litzan, eta berak be kallazika daragoyo, oñazeari oñazez erantzuteko.

MALCOLM: Siñesten dodanari negar-arrantzea egingo dautsat; dakidana siñetsi egingo dot; eta ordeazkorik emon al ba'dagit erea nire alde dodanean, emon egingo dot. Zuk esana ba-leiteke egia izatea. Bere izenak berak miñean baba-zorroak ateraten dauskuzan errege anker au bein zintzoa zala uste zan; zuk maite-maite izan dozu; oraindik zuri ez dautzu ukutu. Ni gaztea nayatzu, baña irabazi einke aren aurrean nire bidez, eta zurtasunak, baketuteko, yainko-aizun asarreari bildots makal, gaxo ta errugea eskeintzea eskatzen dau.

MACDUFF: Ni ez naz etoya.

MALCOLM: Baña Macbeth ba-da. Gizona, ona ta onbidetsua izan-arren, urten leiteke bide onetik errege-agindua betete-arren; baña azketsi (parkatu) egistazu, arren; nire oldozpen eta susmoak gora-bera, zu zareana zara; ba-dago oraindik angeru onik, onenak yausi izan-arren; gauza zantar guztiak azal ederrez yantziarren, ederra beti izango da eder.

MACDUFF: Nik nire itxaropenak galdu dodaz.

MALCOLM: Bear ba'da nik nire susmoak nebazan lekuan be bai. Zer dala-ta itxi zenduzan, eurai agurrik be egiteke, alango leku gorrian zure emaztea ta semea, areik biotz-eragille yorriak, maitasunaren lokarri sendo areik? Erantzun egistazu, arren-bai-arren, nire espa ta susmoak zure entzute onaren gitxigarribarik nire buruaren yagongarri izan daitezan; zu izan zaitekez zintzoa nik besterik uste izan-arren.

MACDUFF: Erion odola! erion odola, erri gaxoa! Ankerkeri andi, sendotu egik ire oñarria, ontasuna ez dok azartzen iri «Geldi or» esaten-da. Aurrera ire okerreriakaz, ire yauntza bidea eskierra dok-eta. Ondo ibili, yauna; nik ez neunke izan gura zuk uste nozun gizatxarra gizon ankerraren bendean dagoan lur osoagaitik, eta Eguzki-alde aberatsa neuretzako ba'litz be.

MALCOLM: Ez zakidaz mindu; ez dautzut esan gura bildur osoa dautzudanik. Nire ustez gure erria buztarpean geroago berago doa; negarrez eta odola dariola dago; egunerik egunera ago bat geyago dabe bere zauriak; bai, ba, nire ustez, an esku asko eragiko litzatekez nire eskubideen alde; eta emen, Ingelanda maitagarri onek ainbat milla gudari opatu daustaz; baña, au ta guzti be, nik gizon anker aren burua ostikopean zapaldu, naiz neure ezpata-mokoan eroan dagidanean, nire erri errukarriak len baño akats geyago izango dauz; aren lekua beteko dauenak min andiagoak eta egundoko askotarikoagoak emongo dautsaz.

MACDUFF: Nor izan leiteke olangoa?

MALCOLM: Neure buruaz daragoyot; nigan guztitariko akatsak dozuz mentatuta ta euren pipilak idigi daitezanean, Macbeth baltza edurra baxen garbi irudituko yatzu; eta erri zoritxar rekoak a bildostzat eukiko dau nire neurribako okerren aldean.

MACDUFF: Su-leza ikaragarriko txerren-taldeetan ezin agertu leiteke Macbeth'en okerreriai ganetik egitekorik.

MALCOLM: Autortzen dot a gizon odoltzale, aragikoi, arpegibako, maltzur, lasterregi, azeri, lupu, ta izenik dauen guztitariko oben-kiratsa dariona dana, baña nire aragikeriaren sakonak ez dau atzenik: zuon emazte, zuon alaba, zuon emakume etxe-zain, eta zuon emakumezko otseñak ezin bete izango leukie nire lizunkeri-lezea; eta nire gurariak lereari eusteko eragiko orma ta esi guztiak lurrera eratsiko leukez: Macbeth bera obea da errege izateko onango au baño.

MACDUFF: Girriñen geyegikeri neurribakoa norbere burua yopu eragitekoa yatzu izan; egin-eginean be orixe izan da errege-aulki zoriontsua aldiz-aurretik ustu dauena, ta errege asko ren yaus-eragillea. Baña ori ta guzti be ez izan bildur zeurea dozuna artzeko; ase-bete zeinkez zure atsegiñak gonburuz eta a ta guzti be otzarena egin, iñok zure barririk ez dakiala. Emakumerik asko dogu euren kitetik orretarako gertu egongo dirianik; aragikerira orren itzulia izanarren, nagusitasunari euren burua euren kitetik opatuko dautsoen ainbeste iruntsi al izateko añako sairik ezin izan zeintekez.

MALCOLM: Onez ganera, nire girriña saskeletan zikozkeri neurribakoa be azten yatzu ta mizke azi be; izan be, ni errege ba'nintz, andikiai buruak moztuko neunskiez euren lurren yabe neu egite-arren; euren bitxiak eta onako beste onen etxea gurako neunkez; eta nik geyago izateak oraindik geyago izatearen gosea biztuko leuke; orretarako, bidebako auziak asmauko neunkez on eta zintzoen aurka ta aberastasunagaitik ondatu egingo neunkez.

MACDUFF: Zikozkeriak erro luzeak eta sakonak izaten dauz izan; uda-antzeko aragikeriaren aldean erro kaltegarriak emoten dauz, eta auxe izan da gure errege eranak(ilak) eran(il) dauzan ezpatea; baña ez izan bildurrik; Eskolanda'k badau zure guraria gonburuz beteteko lain ondasun, zeure-zeureak dirianetan; edergarrien ondoan yarriezkero, akatsok eroatekoak yatzuz.

MALCOLM: Baña nik ez dot ezetariko edergarririk. Erregeri dagokiozan edergarrietarik, esaterako, zuzentasuna, egiti-izatea, neurriko izatea, yarria izatea, esku-zabaltasuna, yarraipena, errukia, apaltasuna, zaletasuna, epea, oldarra, sendotasuna, nik ez dot onein sundarik be; baña gaiztakerien edozetariko erak eta merak aldean dodaz. Bai, nik agintzarik ba'neu izan, gogakidetasun-esne gozoa su-lezara egotziko neunke, alkarrenarteko bakearen aurka orroa-egin, eta lurreko batasuna nastu ta kirimildu.

MACDUFF: Eskolanda gaxoa! Eskolanda gaxoa

MALCOLM: Esan, onango gizona agintzeko gauza dan ala ez; ni esan dodana langoxea naz.

MACDUFF: Agintzeko gauza? Ez, ezta biziteko be! Erri orren errukarri! Eskubidebako ta agintza-makillea odolduta daukan agintaria dozu; noz ikusiko ete dozu barriro egun osasuntsurik, zure errege-aulkirako eskubiderik benetakoenak dauzana bere autorrez gauza izan ez eta bere zanetako odolaren lotsagarri ba'da? Zure aita errege errege guren-gurena izan zan; zu bere belaun-ganean bere oñen ganean baño sarriago ekarriko errege-anderea, bere bizian egunero ilten zan. Ondo ibilli! Barrien-barri zure buruari zeuk ekarriko gatxok dira egin-eginean be ni Eskolanda'tik erbesteratu nabenak. Ene biotz au! Ire itxaropena ementxe ta oraintxe amaitzen dok!

MALCOLM: Macduff, ire biozkada zintzo orrek, zindotasunaren seme dan biozkada orrek, nire gogotik kezka baltzak uxatu yozak, eta nire oldozpenak ire bene-benetako zindotasun eta omenaren adiskide egin yozak. Txerrenaren Macbeth'ek aleginik asko egin izan yok i legetxe etorriko askoren bitartez ni beraganatzeko; eta zurtasun-apurtxoak beti atzera eragin yeustak iraduz siñiste errezegitik; baña Goiko Yauna bedi gu bion tarteko! Ointxeganik yarten nok ire esanera, eta nik hire buruaren kaltez esanekoak ez esantzat emoten yoadaz; emen berton zin-bidez ukatuten yoadaz neure buruari ezarriko orban eta lotsakizunak, nirekin zer-ikusirik ez yoek-eta. Oraindik emakumeri ez yautsat ukutu; egundo ez yoat ziñik ausi; ozta-ozta izan yoat neureaganako lerarik; emoneko itzik ez yoat iñoz yan; txerrena bera ez neunskio salatuko bere lagunari; egia ez yoat maite bizia baño gitxiago; nik lenengoz esaneko guzurra neuri buruz esan yoadana dok; ni nazana ire ta nire erri zoritxarrekoarena dok, zuok agintzeko; izan be, i ona orduko, Siward zarra, orain nonbaiten aurkitzen dirian amar milla gizon kementsukin gure errirantza egiteko zoan; orain guztiak batera yoango gozak, eta ekinaldiaren atzena gure alde izango al dok, auzia bera gure aldekoa dan lez! Zer dala-ta ago ixilik?

MACDUFF: Olango gauza ondo etorriak eta txarto etorriak alkarregaz adiskidetzea gatxa da.

 

(Osagillea dator aurrera.)

 

MALCOLM: Ondo dago; laster ekingo barriro. Zu, errege urteteko ete da?

OSAGILLEA: Bai, yauna: errukarri-mordoa dago berak noz osatuko begira; euren gatxen osapidea yakintzaren alegin guztiak ezintzat emon dau, baña zeruak aren eskuari emoniko gurentasuna andia be andia da-ta, arek ukutuaz bertatik osatzen dira.

MALCOLM: Eskarrik asko, osagille. (Osagilleak alde dagi).

MACDUFF: Ze gatxeri buruz erago dautso orrek

MALCOLM: Gatx ori gexoa yatzu; errege on onek egite oso arrigarriak egiten yozak; emen Ingelanda'n izan nokan bitartean sarritan ikusi yoat neronek olango gauza arrigarriak egiten. Berak yakik ondoen zelan eskatzen dautsan zeruari baña orrek osatu egiten yozak gatxik bakanenak dabezan gizakiak zorroa legetxe puztu ta andituak, aragi bizia erakusteraño zaurituak, ikusiak berak erruki emotekoak eta osagilleak guztiz etsita itxiak; otoi-eginda, idunetik dingilizka urrezko guren-irudia iminten yautsek; eta, diñoenez, orren urren etorriko dirian erregeai osatzeko almena itxiko ei yautsek onespentzat. Almen bakan onegaz batera etorkizun dirian gauzak aurrezdik ikusteko almena be ei yok zerutik. Orren errege-aulkiari onespen andiak deutsoe ta, onegaitik, orreri «eskarrez betea» deritxoe.

MACDUFF: Begira, nor datorku emen?

MALCOLM: Neure erritarra da izan, baña oraindik ez dazagut.

 

Ross dator aurrera.

 

MACDUFF: Ene lengusu zintzo, ona ondo etorria augu.

MALCOLM: Orain ba-dazaut; Yaungoiko on, garaiz urrindu gugandik gu alkarganako ez-ezagun egiten gauzana!

ROSS: Olantxe bedi, yauna.

MACDUFF: Eskolanda lenean ete yagok?

ROSS: Erri errukarri-erukarriarena! Larri-larri bere burua ezagutzen be bildur da! Areri ezin esan gure ama, gure illobia baño; an ezer ez dakianak ez betee iñok, ez dau egiten irri-barretxo bat be; an asperenak, intziriak, kallaziak, eta alan be biotz-erdiragarriak egiten dira, ez egin-gurea iragarri; an atsebage gorriak eguneko lilurapena dirudi; il-kanpak entzuten dirianean, nekez itanduten da an norenak dirian; an gizon onen bizitzak lorak euren pipil-orritxoetan baño lenago amaitzen dira, gexotu baño be lenago ilda.

MACDUFF: Irudiaren ederra, eta zoritxarrez egi-egia!

MALCOLM: Zein da ointsuengo atsekabea?

ROSS: Orain ordubetekoak, esaten daragoyotenari «ixi!» diñotso; minutoko da barriren bat.

MACDUFF: Nolan lago nire emaztea?

ROSS: Zure emaztea onik.

MACDUFF: Eta nire seme-alabak?

ROSS: Areik be onik.

MACDUFF: Gizon biotz-gogor arek baketan itxi ete dauz?

ROSS: Bai, ondo bakez zinan nik agur egin neuntsenean.

MACDUFF: Ez adi orren itz-urri. Zelan yoazak gauzak?

ROSS: Ekarri dodazan barri aztunok ekarteko bidea artu nebanean gizon andiki asko argitara urtenak zirialakoaren zurrumurrua ebillen ibilli eta zurrumurru orren sendagarritzat gizon ankerraren indarrak batzen ikusi nayoazan neronek; oraintxe da arei gureai laguntzeko garaya; zu Eskolanda'n ikusiak berak gudariak sortuko leukez, gure emakumeai eurei be burruka eragingo leuskie, euren naibage ikaragarriak ganetik kentzeko.

MALCOLM: Ba-goazala ara yakitea bedi euren biotz-nasaigarri; Ingelanda biotz onekoak Siward adoretsua ta amar milla gizon emon dauskuz guri laguntzeko; Kistarren artean ez da agertu a baño gudari zarrago ta oberik.

ROSS: Biotz-nasaigarri oneri beste onango bategaz erantzun al ba'neyo erantzun! Baña nik esateko dodazen itzak belarrik entzuteko baño egurats utsean eta gedar egin-alean esateko obeak yatzuz.

MACDUFF: Zeri dagokoz? Guztioi batera? Ala norbaiten biotzari alogerantzo zor yakon atsekabea yatzu?

ROSS: Zintzo dan biotzik ezin gelditu leiteke zoritxar orretan kide-izateke, zatirik andiena zuretzako izan-arren.

MACDUFF: Niretzako ba'da, ekazu ta ekazu len-bañolen.

ROSS: Zure belarriak egundo entzun izan daben otsik gogorrena entzungo dabe-ta, ez al dautsoe betiko gorrotoa artuko nire miñari.

MACDUFF: Ba! Sundea artu dot.

ROSS: Zure gazteluan otoz-otoan sartu dira; zure emaztea ta zure umeak basatikeri itzalez eran (il) dabez; oreinok zelan il ebezan zuri esatea areinari zeure eriotzea eranstea litzateke.

MALCOLM: Yaungoiko errukiorra! Zer dok ori, gizon? Ez yantzi egundo ire buruan txapelik; ixuri atsekabe-itzak; ixileko atsekabeak txutxu-putxu egiten yautsak biotz beteegiari, ta eztanda eragin.

MACDUFF: Nire seme-alabak be bai?

ROSS: Emazte, seme-alaba, otsein, aurkitu al izan eben guztia.

MACDUFF: Eta nik andik urrin egon-bear! Nire emaztea be ilik?

ROSS: Esana.

MALCOLM: Nasai biotz ori! Atsekabe itzal au osatzeko, gure asperkuntza andia bedi osakai.

MACDUFF: Orrek ez dau seme-alabarik. Nire txikitxo guztiak ala? Guztiak esan dozu? Ai! su-lezako mirutzarra! Guzti-guztiak ete? Zer? Nire txitatxo maite guztiak eta euren amea bera-egazkada bakarrean?

MALCOLM: Gizon-antzera ekiok arazo orreri.

MACDUFF: Olantxe egingo dot; baña gizon-antzera artu bear dot min be; zelan gogoratu ez nik, orreixek izan ziriala nire ondasunik ederrenak? Ikusi ete eban Yaungoikoak ikusteko ori ta euren alde yarri ez? Macduff oben-ontzi, areik guztiak igaitik artu yoen artu eben zartadea! Nire ezereza! Euren erruz barik, nire erruz sakaildu ebezan areik: Yaungoikoak betiko atsedena emongo al dautse orain!

MALCOLM: Bedi auxe zure ezpatearen zorroztarri; naibagea asarre gorritu bedi; ez amuztu biotzik, asarrez bete baño.

MACDUFF: Ai! Nire begiak emakumearena egin lei ta nire miñak arroputzarena! Baña, Yaungoiko ona, bitarteko aldia laburtu egizu; Eskolanda'ko txerren au ta ni aurrez-aurre yarri gagizuz; imini egizu a nire ezpatea beteko bidean; igesi ba' dagi igesi, Yaungoikoa bedi aren erruki be.

MALCOLM: Esakera ori gizon-esakera dok. Ator, gayoazan erregegana; gure indarra gerturik yagok; gure egiteko bakarra agur egitea dok; Macbeth gari eldua dok yo ta ikaraz lurrera yalgiteko, ta goiko almenak gertu yaukiezak gari ori ebateko igitai zorrotzak. Nasai adi, al ba'dok; ostean egunik ez datorkon gama luze egiten dok.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Macbeth, William Shakespeare
Agertuko diran lagunak / I. ekitaldia / II. ekitaldia / III. ekitaldia / IV. ekitaldia / V. ekitaldia
Sarrerea / Itz gitxi ezagun batzuk

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


susa-literatura.com