Lear Errege, William Shakespeare

 

I. ekitaldi

 

 

I. AGERLEKU

 

Lear Errege-Yauregiko Errege-arazo-etxoki. Kent, Gloster eta Edemunda datoz aurrera.

 

KENT: Erregek Albani'ko Dukea Kornuol'goa baño maiteago ebala uste neban nik.

GLOSTER: Uste orretan izan gara beti, baña orain, bakalderria banakeran, ezta agiri zein dauen maiteago; eta izan be, zatien bardinen bardinez, yakingureak ezin dau obetsi ez erdikin bata ez bestea.

KENT: Zure seme dozu ori, ala, ene yaun?

GLOSTER: Neugan izan dot au aztea, yaun; berau niretzat autortzen lotsarren gorrituaren gorrituz, orrekiko lotsea galdu dot.

KENT: Ezin zaut sortu (ulertu) nire buruan.

GLOSTER: Gazte onen amak bai al izan eban; arrezkero sabela borobildu egin yakon, eta bere oerako senarrik baño lenago izan eban bere seaskarako seme. Oben-sundaren bat artzen ete dozu?

KENT: Oben ori deusezterik ezin gura nengike, orren ondorena orren egokia danezkero.

GLOSTER: Baña ba-dot beste seme bat, yaun, lege-bidezkoa, au baño urteen bat zarragoa, au baño maiteagoa izan ezarren; saskil au ludi onetara iñok deitu baño len lotsabakotxo etorri izan-arren, onen ama liraina zan; yoko onez egina da, ta sasikume au niretzakotzat autortu-bearreko da. Ezagun dok zaldun argi au, Edemunda?

EDEMUNDA: Ez, ene yaun.

GLOSTER: Kent'eko ene Yauna dok: aurrerantzean nire adiskide adeigarritzat gogoan izan egik.

EDEMUNDA: Nire otseintzea zutzako, yaun.

KENT: Maite-bearreko aut, eta obeto ezagutu-bearreko.

EDEMUNDA: Zure maitasungarri izateko aleginduko naz.

GLOSTER: Bederatzi urtean etxetik at izan da, ta barriro be alde egingo dau etxetik. Errege ba-dator. (Adar-ots-dei barruan.)

 

Lear, Kornuol, Albani, Gonerile, Erregane, Kordele, ta Yarraigokoak aurrera.

 

LEAR: Pantze ta Borgoña'ko Yaunei lagun egin ik. Gloster.

GLOSTER: Bai, ene Nagusi.

 

(Gloster'ek eta Edemunda'k alde dagie.)

 

LEAR: Bitartean gure asmo iluna azalduko dogu. Ekatzue an dagon lutirudia. Yakin egizue gure bakalderria iru zati egin dogula; eta gure asmo ta erabagi sendoa dala gure adina ren ganetik ardura ta arazo oro aztindu ta uxatutea: zer guztiok indar gazteagoen gain egotziko doguz, gu geu zamage arinduta eriotzarantza tarraz goazan artean. Kornuol'go gure seme, ta zu, ni gitxiago maite enozun Albani'ko ene seme, une onetan gure alaben ezkontsariak ezagutuazoteko guraria dogu, gerorako asarre-bideai ateak orain isteko. Gure alabarik gazteenaren maitasun-leikide dirian errege-semeak, Pantze'koa ta Borgoña'koa, gure errege-etxean maite-egotaldi luzea eginak dira, ta emen dagoz erantzunaren begira. Oraindik atxina agintzea, lurrak dakarrena ta bakalderri-ardurak gure buruari kentzen dautsaguzanezkero, esan egidazue, ene alabok, zeinek maite nozuela geiago esango dodan, izamena ta ibaziak alkarren leiaz nor-geiagoka dabilkozanari esku-zabalago izan nakion. Gonerile, zu gure zarrena zareanezkero, zuk itz egin lenen.

GONERILE: Yaun, itzez esan datekean baño maiteago zaut nik; nik zu nire begiak, tokia ta azkatasuna baño maiteago zaut; eder nai bakan, aldin izan datekean edozer baño geia go; ez bizitz, edergarri, edertasun eta adei baño gitxiago; egundo, seme-alabok maite izan naiz aitak iritxi izan dauen aña; bera azaltzeko arnasa oro txiro ta itz oro meko dirian maitasuna dautzut; neurriz gora maite zaut.

KORDELE: (Beretzat) Zer egingo Kordele'k? Maite izan, eta ixilik egon.

LEAR: Muga guztiotatik, lerro onetatik lerro onetarañokoaren andera egiten augu, baso itzaltsu ta landa ederrakaz, ibai ugari ta bedartza ertz-zabalokaz; bedi au betiko ire ta Albani'ren seme-alabentzako. Zer diño gure bigarren alabeak? gure Erregane maite-maite, Kornuol'en emazteak? Itz egin.

ERREGANE: Ni ta nire aiztea gai beragaz eginak gara-ta, enagizu etsi ori baño gitxiagotzat. Orrek nire maitasuna berbera aipatu dauela dakust nire biotz zintzoan; auxe: ori laburregi ibili dala; sentzumenaren txatalik ederrenak izan daikezan beste poz guztien arerio nazala agirian dautort, eta ni zorioneko egiten nauen zer bakarra zu nagusi orreganako maitasuna dala.

KORDELE: (Beretzako) Orrezkero Kordele'n errukarri! Eta orraitiño ez, nire maitasuna miña azaldu-ezina dala ba-dakiteta.

LEAR: Itzako ta ire ondorengoentzako ta betiko gelditzen don gure bakalderri eder onen iruren luze-zabal au; Gonerile'ri emona baño ez lurrez, aldinez eta atseginez txikiago. Orain, azkenengo izan-arren gitxien etzarean gure poz orrek; zure maitasun gazteari buruz Pantze'ko maastiak eta Borgoña'ko esnea urduri ta alkarren leiaka dabiltzan orrek; zer esan daikezu zuk zure aiztena baño iruren eder-bikainagoa zeuganatzeko? Itz egin.

KORDELE: Nik ezebez, ene yaun.

LEAR: Ezebez!

KORDELE: Deusik bez.

LEAR: Ezebezetik ezebeza etorriko da; itz egin ostera be.

KORDELE: Nire zoriaren txarra; ezin dot eragi nire biotza nire agora: nik zure nagusitasuna nik bear aña maite dot; ez geiago ez gitxiago.

LEAR: Zer diñozu, zer diñozu, Kordele! Adabau ta orraztu apur bat zure itzak, zure etorkizuna lorrindu ta muskildu eztagizun.

KORDELE: Ene yaun on, zuk sortu nozu, zuk azi nozu, zuk maite izan nozu; egoki danez zorrok ordaintzen dautzudaz: zure esanak egin, zu maite izan, ta zuri iñori baño lotsa geiago izan. Zer dala-ta dabez nire aiztak euren senarrak euren maitasun guztia zutzako ba'da? Zorionez, ni ezkondu naitenean, nire ezkon-itza artzeko eskua luzatuko daustan yaunak nire maitasun-erdia, nire ardura-erdia ta nire adei-erdia be eroango dauz: bai orixe, ni egundo be enaz ezkonduko nire aiztak lez aita bakarrik maite izateko.

LEAR: Biotzez eta benetan ete diñozu ori?

KORDELE: Bai, ene yaun on.

LEAR: Orren gazte ta orren bioz-gogor?

KORDELE: Onen gazte, ene yaun, eta onen zintzo.

LEAR: Bedi olan; beraz bedi zure zintzotasuna zure ezkontsari; eguzkiaren argitasun begiragarria-arren, Ekate'n [1] ixilkizunak-arren eta gaua-arren; izanazo ta manatuten gabezan ortzeko zer borobilen egiteak-arren; ementxe ta oraintxe erantziten dot aitaren alabeaganako ardura osoa, senidetasuna, odolkidetasuna, ta oraindik atxina nire biotzarentzako ta nitzako erbestetar izango zaut. Bein nire alaba izaneko ori bestean auzokotzat, errukigarritzat eta lagungarritzat etsiko dot nire biotzean Eskitiar [2] basatia edo-ta yan-galea asetzeko bere umeak urunbituten dauzana.

KENT: Ene nagusi on...

LEAR: Ixilik, Kent! Ez adi sartu iransuge ta iransugearen suminaren bitartean. Nik ori geien maite naioan eta nire atsedena orren begirapen maitagarripean yarteko asmoa naioan. Alde emendik, eta ez akit begien aurreratu! (Kordele'ri.)

          Bedi ilobia nire gentza, nik orren aita-biotza orregandik emen aldenduten dodan legetxe! Dei egin Pantze'ri: nor doa? Dei egin Borgoña'ri. Kornuol eta Albani, ausi zuok beste iru rena be nire alaba bien ezkontsariakin batera; berorrek xalo tasuna deritxon arrokeria ezkondu daitela orrekin. Bioi batera damotzuet nire aginpidea, gorentasuna ta nagusitasunari darraikion ondorengo-mordoa. Gu geu ta gutzako gelditu eragiten doguzan eun zaldunak zuonetara yoango gara ileka, bein batanera, bein bestearenera, zuok guri bizigaiak emoteko ta zuonean biziteko. Gutzako errege-izena ta erregetzari darraikioen beste zertxoak bakarrik izten doguz! agintzea, zergak artzea ta ganetikoa egitea, seme maiteok, bedi zuona; eta onen sendagarritzat eutzie burestun au ta bion artean erdibitu egizue (Burestuna emon damotse.)

KENT: Lear errege, beti izan dautzut nire erregeri dagokon lotsa, nire aita legetxe maite izan zaut, nire ugazabari legetxe yarraitu, nire otoietan nire zaindari andia legetxe gogoratu izan zaut.

LEAR: Makoa makurtuta ta ugela ten-eginda yagok; ken akio geziari aurretik.

KENT: Ez, betorkit ganera, naiz-ta bere kakoa nire biotz-aldean sartu: bedi Kent baldar Lear burutik eginda dagoenean. Zer egiteko zara, agure? Ala uste dozu egin-bearra itz egiteko bildur izango dala aginpidea zurikerian makurtzen yakonean? Zintzotasuna xalo izan-bearreko da nagusitasuna zoratzen danean. Eutsiozu agintzeari zure eskuetan; eta zure itsumustukeri itsusia astiro ausnartu egizu: nire biziak erantzun begio nire eretxiari, zure alabarik gazteenak etzau zu gitxien maite, eta ez dira biotz uts-arroak euren ots motelak arro-antzik eztabenak.

LEAR: Kent, eure bizia-arren, ez geiagorik.

KENT: Nik nire bizia beti etsi izan dot baitzat zure arerioen aurka ebalteko; eta bera galtzeko bildurrik be eztot, zu yagote-arren izanezkero.

LEAR: Alde nire aurretik!

KENT: Begira obeto, Lear; eta nadin ni oraindik zure begiko egiazko zuria.

LEAR: Orain, Apol-arren [3]...

KENT: Orain, Apol-arren, errege, alperrik zin egiten dautsazue zure yainkoai.

LEAR: Yopu ori! Zital ori! (Eskua ezpata-ganean dauela.)

ALBANI ETA KORNUOL: Epea artu, yaun maite.

KENT: Egin egitekoa; eran zure osagillea, ta saritu gaitz zakarra. Eskuratu egizu atzera zure emaitza; ostantxean nire estarriak gedarrik egin daikean artean txarto egiten dozula esango dautzut.

LEAR: Entzun egidak, dollor orrek! Ire menpekotasuna-arren, entzun egidak! Nik eginiko agindua ausi eragiten alegindu azanezkero, ta nik etxoat oraindik egundo ausi izan, eta arrokeriaren arrokeriz gure erabakia ta gure indarraren bitartean yarri azanezkero eta olangorik ezin yasan daike ez nire izateak ez eta nire toki onek be nire almenari dagokionez, artu egik ire saria. Bost egun emoten dauskadaz ire burua ludi onetako zoritxarretatik yagoteko dirian gertakuntzak egiteko; eta seigarrenean nire bakalderriari ire bizkar gorrotagarria emongo dautsak; ortik amargarren egunean ire soin erbesteratu-bearrekoa nire bakalderrian aurkitu ba'ledi, bertatik izango dok eriotzea. Alde! Tzeu-arren [4] nik nire erabagian etxoat atzerarik egingo.

KENT: Yarrai onik eta ondo, errege: zeuk olan gura dozunezkero, azkatasunak alde dagi emendik, eta erbesteratzea emen da. Yainkoak euren estalpe gozoan artuko al zaue, neska, (Kordele'ri) zure eretxia zuzena ta zuk esana egi-egia dira-ta; eta zuon egitez sendetsiko al dozuez zuon itzaldi luzeak (Erregane ta Gonerile'ri), maitasun-itzetatik egiteko onak sortu daitezan. Errege-alabok, onan agur egiten dautzue guztioi Kent'ek berak bere zartzaroa lurralde barrian atonduko dau. (Alde dagi.)

 

Zaamiola (eresia). Barriro datoz Gloster, Pantze ta Borgona ta onein Yarraigokoak.

 

GLOSTER: Emen dira Pantze ta Borgoña, ene yaun zindo.

LEAR: Borgoña'ko ene yaun, errege onekin nire alabearen esku-billa alkarren leian ibili zarean orrentzat nire lenengo itzak: zer eskatuko dozu gitxienez aren ezkontsaritzat, eta ostean aren maitasunarekikoa bertan-bera itxi?

BORGOÑA: Errege nagusi-nagusi ori, nik eztot gura zure nagusitasunak eskeinia baño geiagorik, eta zuk be eztozu ori baño gitxiagorik opatuko.

LEAR: Borgoña zintzo-zintzo, No maitagarri yakunean maite geban; baña orain aren aldina bera yoan da. Yaun, or dozu bera; sointxo orren barruan dagonik ezer edo-ta dana, gure asarreaz Latera, ta besterik ezer ez, yaun orreri atsegin ba' yatzu, or dago bera, ta zurea dozu.

BORGOÑA: Eztakit zer erantzun.

LEAR: Nire adiskidetasuna galdu dau, nire areriak alabatzat artu-barri dau, nire añena dau ezkontsaritzat, eta nire ziñez erbestetartua da; artu ala itxi egingo dozu dauzan gaitz orreikin?

BORGOÑA: Azketsi, errege yaun, ezin autu daiket baldintza orreikin.

LEAR: Orrezkero itxi egizu, yaun, ni egin nindun almena-arren, esan dautzut orren ondasun guztia. Zuri buruz, errege andi (Pantze'ri), zure maitasunetik eneunke orrenbestean ald-endu gura, zu nik gorroto dodanakin buztartuta; au dala-ta, arren-bai-arren, izamena bera beretzat autortzen ia lotsa danagana-barik egokiago dan besteren bategana aldatu egizu zure maitasuna.

PANTZE: Andia be andia da auxe, oraintxe-oraintxe arteño zure zerik onen, zure goragarri, zure urteen goragarri, onen, maiteen izan danak une baten olango gauza itzalik egin izatea, maitasunaren orrenbeste alos manatu izatea. Ezpaibage orren utsa orren itsusi izateko osoan izateaz besterako izan bear, edo orrentzako zure lengo maitasuna ezta orbanbagea; eta au No orretaz sinisteko sinismenik adimenak ezin landatu daike nigan alatz-bage.

KORDELE: Oraindik zure nagusitasunari otoika nago, itz egin eta emoneko itza ez beteteko asmoa estaltzeko terbetasun itz-dariotsu ta labanik ez ba'dot; asmo onez erabagiten do dana itz egin-aurretik egingo dodanezkero, yakin eragin dagizula zure niganako begi ona ta biotza galazo daustazana ez dala izan izatez besterako orbanik, iñor ilterik, lotsagarrikeririk, ez likiskeririk, naiz izen garbia kentzeko oinkadarik, egin-eginean be bera ez izatearren aberatsago nazan zertxo bat nigan ez izatea baño, ots, begi ixil-muxilka deikaria ta nik neutzako gurako eneunkeana lango miña, naiz ta olangorik ez izanak galazo niri zure maitasuna.

LEAR: Oba yanan iri ez yaio, niri ori baño atsegin geiago emon ez baño.

PANTZE: Ez ete da au baño besterik, ots, berezko geldotasuna, esateko dana sarritan esateke izten dauena baño? Borgoña'ko ene yaun, zer dirautsazu zuk andera orreri? Maitasuna ezta maitasun arira eztatozan gauzakin nastauta ta bere itutik aldenduta ba'dago. Artu gura dozu No ori ala? Ori berori da ezkontsaririk asko.

BORGOÑA: Ago beteko errege, emoizu zuk eskeiniko zatia bakarrik ta emen artzen dot Kordele eskutik Borgoña'ko no-duketzat.

LEAR: Deusik bez; zin egina nozu; ni tinko nago.

BORGOÑA: Min artzen dot, baña orrezkero, aita galdu dozulako senarra be galdu dozu.

KORDELE: Ez bedi artegatu Borgoña! Orren maitasuna ondasunekikoa ba'da, ni enaz izango orren emazte.

PANTZE: Zure txirotasunean aberats-aberatsa, ezin-oba bertan-bera itxia; eta maite-maite izana ez aintzakotzat etsia zarean Kordele lirain-lirain! emen artzen dodaz niretzat zu zeu ta zure ekandu onak. Bedi legezko, ondakintzat ortik zear egotzia artzen dot nik. Yainkook, Yainkook! andia be andia da zuon yaramonik-ez otzenetik nire maitasunak lotsa-garrak ateraterañoko sua artzea. Errege, ezkontsaribageko zure alabea, nire bidera egotzia, nire erregeno da, nire ta gure, ta nire Pantze lirainarena: Borgoña urtsuko duke guztiak be ezin erosi dagiste neurriz gorako neska eder au. Agur egiezu, Kordele, eurak begi oneko izan ez-arren: toki oberik aurkitzeko galtzen dozu au.

LEAR: Zurea dozu, Pantze: bedi zure, nik ez dot olango alabarik, ezta egundo geiago bere arpegirik ikusiko be-ta. Orrezkero yoan nire eskar onbage, nire maitasunbage, nire onespenbage. Erdu, Borgoña zindo.

 

(Eresi alai. Lear, Borgoña, Kornuol, Albani, Gloster, eta Begiraleak alde dagie.)

 

PANTZE: Egin agur zure aiztai.

KORDELE: Gure aitaren pitxiok, begiak ezaturik izten zauez Kordele'k; ba-dakit zuok nortzuk eta zertzuk zarien; eta zuon aiztea nazanezkero lotsa be lotsa naz zuon akatsai euren benetako izena emoteko. Maite egizue benetan gure aita; agirian autortuko zuon biotzetan izten dot nik; baña, ai ene! ni ak begi onez ikusiko ba'nindu, toki oberik baño obetsiko neunke nik a. Agur, ba, bioi.

ERREGANE: Ez ibili guri gure egitekoak aipatzen eta agintzen.

GONERILE: Bedi zure ardurea zure yaunaren guraria egitea, zoriaren ukarrez artu zau-ta. Menpekotasun-urri izan zarata, ondo zor yatzu nai zenduanaren eza.

KORDELE: Gerora agertuko da azerikeri kakomakotsuak estalia: euren akatsak estali daroezanai azkenean lotsariak irri egiten dautse. Ondo doakizuela!

PANTZE: Goazan, ene Kordele lirain.

 

(Pantze'k eta, Kordele'k alde dagie.)

 

GONERILE: Aizta, ezta gitxi gu bioi ur-ur dagokigunaz esateko dodana. Nire ustez gure aitak gau onetan alde egingo dau emendik.

ERREGANE: Ori eskier-eskierra da, ta zukin alde egingo be; urrengo ilebetea gukin.

GONERILE: Ba-dakutsu a aldakor utsa dala bere urteakaz; orretaz oartu doguna ezta gitxi be: ak beti eban maiteen gure aiztea; eta orain ze buru gitxigaz etxetik egotzi dauen argiegi agiri da.

ERREGANE: Ori bere adinak dakarren makaltasuna yatzu; orraitiño be ak beti be bere burua oso gitxi ezautu dau.

GONERILE: Bere biziko egunik onen eta zindoenetan be itsumustuka ibiltekoa izan da; au dala-ta gertu egon bear dogu agandik akats zar-sustartuak artzeko ezeze zartzaro makal-asarrekorrak berakin batera ekarten dauzan burukeri ta txibizkeri eskuratu-ezinak artzeko be.

ERREGANE: Kent erbesteratzea langoxe urteera aldakorrak izateko gara, urrean, agandik.

GONERILE: Orrez ganera, or dozu Pantze'ri agur egiteko zelango txerea erabili dauen. Otoi, aizta, yo daigun biok batera: gure aitak berak dauen yokabidez agindu ba'dagi agindu, berak egin-barri dauen azken-gurari au gutzat irain utsa da.

ERREGANE: Geroago ausnartuko dogu ori.

GONERILE: Zeozer egin bear dogu ta berotan egin be. (Alde dagie)

 

 

 

II. AGERLEKU

 

Gloster'ko Kondearen Gazteluko Bebarru. Edemunda dator aurrera gutunaz.

 

EDEMUNDA: Zu, izamen, zu zara nire no-yainko; zure legeari lotuak dira nire otseintzak. Zegaitik men egin nik ekandu denganiñoari ta errien iñondikotasunari ni esku-utsik izten itxi, ni nire anaiea baño amabi-amalau bat il-ebete atzerago etorri nintzalako? Zegaitik ni sasi-kume? Zegaitik beeko? Nire neurriak andera garbiaren semearenak añako egokiak eta beteak, nire gogoa arena aña zindoa, eta nire soina arena bestean lerden-txairoa danezkero? Zer dala-ta eransten dauskue beko-atza burni goriz? Zer dala-ta erantsigi guri beekotasuna? Zegaitik sasikumetasuna? Beekoak, beekoak? Izamenaren ixil-muxileko egite aragikoiez sortuak ez ete dira sortzen lo ta itzarri-bitartean oe ilun, ustel eta nekatuan sortzen dirian motel-mordoak baño ederrago ta adoretsuago? Beraz, ederto, legebidezko Edegarta, nireak izan bear yok, ire lurrak; gure aitak Edemunda sasikumea maite yok. Lege-bidezkoari buruz, gutun au bizkor ibili ba'dadi, ta nire asmoak ondo urten, Edemunda beekoa lege-bidezkoaren ganean yarriko dok. Aziaz noa; aurrera noa. Orain, yainkook, yarri zuok sasikumearen alde!

 

Gloster dator aurrera.

 

GLOSTER: Kent onan erbesteratu-bearra! eta Pantze'k asarre-suminduta alde egin dau! eta erregek arratseon alde egin! Bere agintza-iztea izenpetu dau! Bera ikusgarritzat baztar turik! Dan au itsumustuan eginda! Edemunda, emen augu! Ze barri dok?

EDEMUNDA: Yaun orreri ondo ba-deretxatzu, bapez. (Gutuna ezkutau egiten dau.)

GLOSTER: Zegaitik gordeten dok orren urduri gutun ori?

EDEMUNDA: Eztakit barririk, ene yaun.

GLOSTER: Ze papel irakurten erago dok?

EDEMUNDA: Ezebez, ene yaun.

GLOSTER: Ezebez? Orrezkero zegaitik sartu bear izan dok orren iraduz ire sakelean? Ezebezak ez yok olan ostondubear gorririk. Dakusgun; goazan, ezebe ez ba'dok, ez yoat bearko betaurrekorik.

EDEMUNDA: Arren-bai-arren, azketsi egidazu; nire anaieagandiko gutuna da ta oraindik ez dot guztiz irakurri; eta arineketan irakurritik agiri danez, ezta zure begiak beragan yarteko enoki.

GLOSTER: Ekak gutun ori, yaun.

EDEMUNDA: Zuri emon naiz emon ez, bietara irain egingo dautzut. Nik erdi-ulertu dodanez, gutunak dauena ezta erruge.

GLOSTER: Dakusgun, dakusgun.

EDEMUNDA: Nire anaiearen zurigarritzat, ak gutun au idazlantzat bakarrik edota nire zintzotasuna norañokoa dan kiñatzeko idatzi al izango eban.

GLOSTER: (Irakurri dirakur) «Egipide onek eta adinarekiko lotsa onek ludi onetan gure urterik onenak mingoztu egiten dauz; gure ondasunak gugandik urrin daukaz, gu zartu ta euren gozotasuna ezin somatu al izan arte; bear danez-barik, yasaten danez agintzen dauen zarren agintzea yoputzea ergel eta bidebakotzat esten asia nozu. Zatoz nigana, zer orreri buruz luzaroago eragoteko. Eure aitak nik iratzarri-arte lo egingo ba'leu, aren etorrien erdia zutzako izango litzateke betiko, ta zure anaiearen maite izango zintzatekez. Edegarta.»

          Tz! Nagusi-aurkako alkar-artzea! «Nik iratzarri-arte lo egin», «aren etorrien erdia zure gozagarri litzateke». Nire seme Edegarta! Ete eban ak eskurik au idazteko? Biotzik eta bururik onangorik euretan sortu-eragiteko? Noz eldu yakan au? Nok ekarri yoan?

EDEMUNDA: Ez eban iñok ekarri, ene yaun, eta ortxe dago egon be orren lupukeria: leiopetik bariura egotzita aurkitu neban nire etxokian.

GLOSTER: Ete dakik idazkera ori ire anaiearena dana?

EDEMUNDA: Gaia ona ba'litz, ene yaun, zin egingo neunke arena dala; baña aren ederra-arren gurago neunke arena ezpa'litz.

GLOSTER: Arena dok.

EDEMUNDA: Aren eskutikoa da, ene yaun; baña bere biotza ez al dago gutunak dakarrenean.

GLOSTER: Olangorik lenago ez ete dausk aipatu?

EDEMUNDA: Egundo bez, ene yaun; baña sarritan entzun izan dautsat esaten bein semeak adin osora eldu ta aitak aguretuezkero egoki litzatekela aitak semeen yagola edo olangoren bat izan eta semeak erabili aiten etorria.

GLOSTER: Zital-zitala! Bere eretxia berbera gutunean! Zital gorrotagarria! Izamenaz besterako, iguingarri, mandako zitala! Oa, yauntxo, oa aren billa; baitu egingo yoat. Zital iguingarria! Non dok bera?

EDEMUNDA: Ez dakit ondo, ene yaun. Nire anaiearen asmoai buruzko zure asatrea agiri argiagorik izan arte geroagoratzea ondo ba'deretxatzu, bide oberik artuko dozu; aren as moak oker aituta, indarrez eta itsumustuka yokatu ba'dagizu yokatu, ba-leiteke zure entzute onari akats andia ezartea ta aren biotzeko menpetasuna betiko birrinduta iztea. Nik nire bizia yokatuko neunke aren alde, ak egin dauena nire zuganako zintzotasuna norañokoa dan zirikatze-arren egin dauela ta ez zuri okerrik egite-arren.

GLOSTER: Ori uste dok ik?

EDEMUNDA: Zure izen onari egoki ba'deretxo, ak eta nik, biok, gai onetaz esango doguna entzuteko tokian yarriko zaut, eta zeuk entzunetik ebatziko dozu; eta au geroagorakobarik arrats onetan berean izango da.

GLOSTER: A ezin izan leitekek olango mandakorik.

EDEMUNDA: Izan be ezta, urrean.

GLOSTER: Samur eta biotz osoz maite dauen aitarentzako. Zeru-lurrak-arren! Edemunda, billatu egidak a; arren-baiarren, eroan nagik agana kakomakoka: atondu egik arazoa ire zurtasunez. Nire erabakia okerrekoa izatea gurako naieunkek.

EDEMUNDA: Bertatik billatuko dot, yaun; arazoa al dodanez burutu ta egina iragarriko dautzut.

GLOSTER: Eguzki-iretargiak oraintsu izan dabezan ilunaldiak ez dauskue iragarten gauz onik; izadi-yakitunak ilunaldiok onako onegaitik edo orrako orregaitik izan diriala eraku tsi-arren, orraitiño be orrein ondorenak izadia bera zigortatzen dabe: maitasuna otzitu egiten da, adiskidetasuna utsean gelditu, anai-arrebak alkarregandik banandu egiten dira; urietan uritarrak asaldatu egiten dira; errien arteko alkar ikusi-egina sortzen da; yauregietan, azpikeria; eta aita-semeen arteko lokarriak eten egiten dira. Nire zital au be iragarpen oneitan sartzen da: amen semea aitaren aurka; errege lurrera doa izadiak orretara beartuta: aor aita semearen aurka. Gure egunik onenak ikusiak gara: azpikeriak, guzurtikeria, azpi-yalekeria ta guztitariko okerrak yarrai datorkuz gure il-obietaraño. Billa egidak zital ori, Edemunda; orretan eztok ezer galduko; abil arduraz. Eta Kent zintzoa ta biotz-zindoa erbesteraturik! Aren akatsa zintzotasuna! Andia da gero. (Alde dagi.)

EDEMUNDA: Au da ludi onetako zorakeriaren zorakeria gure arazoak txarto dabiltzanean sarri-sarritan gure yokabidearen erruz, gure okerren errudun eguzkia, iretargia ta izar rak iruditzen yakuz, gu geu zitalak ezin-bestez baigintzaz; gu burubidebageak, gu orretara ortzekoak bearturik; zitalak, lapurrak eta azpi-yaleak, izarrak guri geiago eginda; moskortiak, guzurtiak eta ezkontza-orbanleak, izarren egitekoari men egin-bear gorriz; eta gure gaiztakeri guztiak, Yaungoikoa bitartean sartu yakulako; igespide ederra gizon izortzalleak bere izorkeriaren errua izarrai egoztea. Nire gurasoak «Iransuge-buztan» aroan alkarganatu ziran aragiz, eta ni yaio nintzanean «Otseme Nagusi»-aroa zan; eta ortik dator ni aragikoi ta indarkeri-zale izatea. Uxa! Nazana izango nintzan ni, ni sasikumetu ninduenean ortzean izarrik garbienak kiñu egin izan ba'leu be.

 

Edegarta dator aurrera.

 

          Oin-ots! Beinolako antzerkiko azkena (Katastrophe) bailitzan dator etorri be: nire azkenengo itzak goibeltasun zitala iragarriko dabe, zoro-asperen eta guzti. Ara! izar-ilunaldiok iragarri diragarrez banantzeok! fa, sol, la, mi.

EDEGARTA: Nolan ago, Edemunda anai? Ze burutapen sakoneri daragoiok?

EDEMUNDA: Lengo egunean irakurriko iragarpen bateri buruz oldoztu ta oldoztu yaragoioat, anai, izar-iluntze onein ondorena zer izango ete dan.

EDEGARTA: Orreri daragoiok ekin eta ekin?

EDEMUNDA: Yakik ak idatziko ondorenak zoritxarrez yazo egin diriala; esaterako aita-semeak alkarrekingo ar-emonetan izateaz ez besterakoak izatea; eriotzak, yan-edanik-eza, adiskidetasun zarrak manatzea; lege-errietan, alderdiak; zemaiak eta añenak bakaldunen eta andikien aurka; bidebageko susmoak, adiskideak erbesteratzea, lagun kutunak manatzea, ezkonduak alkarregandik alde egitea, eta batek ba-yakik beste zer.

EDEGARTA: Noztik augu izarlarietariko?

EDEMUNDA: Tiruk, tiruk; noz ikusi indun i azkenengoz nire aitak?

EDEGARTA: Bart.

EDEMUNDA: Egin enduan itzik berakin?

EDEGARTA: Bai, ordu bien batera.

EDEMUNDA: Adiskide banandu ete zinien? Oartu euntsan mukertasunik itzez naiz arpegiz?

EDEGARTA: Ezetarikorik bez.

EDEMUNDA: Gogoratu egik zetan min emon izan dautsakan: eta zati baten ez akio eldu aurrera, nire onuz, aren asarrea apur bat otzitu arte; aren asarrea orain suak artuta yagok-eta, iri egingo leuskikan okerraz nekez arinduko litzatekek.

EDEGARTA: Zitalen batek kalte egin yaustak.

EDEMUNDA: Neu be orrexen bildur nok. Arren-bai-arren, artu egik epeaaren asarrea apur bat arindu arte; eta, neuk dirauskat, ator neukin nire etxokira, ta egoki danean neuk eroango aut nire yaunari entzuteko; oa, arren; eutso nire giltzea. Andik alde egin ba'dagik, oa izkillu ta guzti.

EDEGARTA: Izkillu ta guzti, anai?

EDEMUNDA: Anai, ire onerako emoten dauskat onua; ni enok gizon zintzoa itzako gogo onik dagoanik esan ba'dagiskat; nik or ikusi ta entzunaren izkitxo bat esan dauskat, ez gauzearen irudia ta itzaltasuna bera; alde egik, arren.

EDEGARTA: Laster izango ete yoat ire barririk?

EDEMUNDA: Arazo onetan ire otsein nok.

 

(Edegarta'k alde dagi.)

 

          Aita sinispera! eta anai zintzo. Onen izakerea iñori okerrik egitetik urrin dago-ta, iñok egin leikionaren susmorik ez dau; onen zintzotasun zoroaren ganean errez doakez iztertolaka nire asmakeriak! Nik ondo dakust nire lantegi-lana. Yaiotzez ez ba'da, betoz asmakeriz lurrak nigana. Egokitzat asmau dagikedan oro egoki datorkit niri.

 

(Alde dagi.)

 

 

 

III. AGERLEKU

 

Albani'ko Dukea'ren Yauregiko Etxoki. Gonerile ta Osualda datoz aurrera.

 

GONERILE: Yo egin eban nire aitak nire andikia aren ergelari agirika egin eutsalako?

OSUALDA: Bai, andera.

GONERILE: Egunez eta gabaz egiten daust ak okerren bat; ordu oro egiten dau itsumustuan oker andiren bat edo beste ta ezkau baketan izten; enago olangorik yasateko. Aren zaldunak geroago ta asalelariago dira, ta berak edozein uskerig aitik agirika egiten dausku. Eizatik datorkenean eztautsat egingo itzik: ondo ezik nagola esan egiok. Ik len egiten euntsazan otsein-bearretan i nagi ta geldo ba'abilko, ondo egingo dok; uts orreri neuk erantzungo yautsat.

OSUALDA: A ba-dator, andera: ba-dantzut.

 

(Adar-ots barruan.)

 

GONERILE: I ta ire lagunak ardurarik nagienaz ibili; ori txarto artuko al dau; atsegin ez ba'yako, doala nire aiztearenera, ondo dakidanez, aren asmoa ta nirea iñok guri ganetik ez egiteari buruz bat dira-ta. Aginpide iñori emonak ostera be berak erabili gurako leukezan apure alperrarena! Orain, nire bizia-arren diñot, ergel zarrak barriro umetu egin dira; eta zurikerietan ibilteke geldituazo egin bear yakie, okerrik dagienean. Ez egik aztu nik esana.

OSUALDA: Ondo dago, andera.

GONERILE: Eta aren zaldunei begirakune otzagoak egin zuok; ez izan ortik zer etorrikoaren ardurarik; orretaz yakitun imini ire lagunak; emendik atxina itz egiteko bideak gura neun kez eta billatu egingo dodaz, itz dagidan. Bertatik idatziko dautsat nire aizteari, ak be nire bidea bera artu dagian. Gertau egik bazkaria.

 

(Alde dagie.)

 

 

 

IV. AGERLEKU

 

Albani'ren Yauregiko Bebarru. Kent dator aurrera, kokomarrotuta.

 

KENT: Nire burua ezagun-gaitz egiteko itz-egikerea iñori zorrean artu al ba'nengio orixe bakarrik nire asmoa iñoren antza ar-azo daustan ondoren osora eldu leiteke. Orain, Kent erbesteratu ori, gaitz-etsita agoan toki onetan lagundu al ba'dok lagundu, ik maite doan ugazabak i neke-lorrez beterik aurkitzeko izango al dok.

 

Adar-otsak barruan. Lear Errege, Zaldunak eta Yarraigokoak datoz aurrera.

 

LEAR: Ez nagizue euki bazkariaren begira unetxo baten be; oa ta gertatu egik. (Begirale batek alde dagi.) Ara! Zer augu i?

KENT: Gizon, yaun.

LEAR: Ze ogibide dok irea? Zer gura dok emen gurean?

KENT: Nire antzak diñoan baño gitxiagorik enaz bere uste ona nigan yarriko dauenari zintzo lagun egingo dautsat; zintzoa maite izango dot; zur eta itz gitxiko danari itz egingo dautsat; epaiari bildur dautsat; besterik ezinean burruka egitekoa naiatzu; eta arrainik ez yatekoa.

LEAR: Zer augu?

KENT: Biotz on oneko gizon, eta errege aña txiro.

LEAR: A erregego-arloan añan i menpekotasun-arloan txiro ba'az, txirorik asko az. Zer gura dok

KENT: Otseintza.

LEAR: Noren otsein izan gura dok?

KENT: Zure otsein.

LEAR: Ezagun ete nok, lagun?

KENT: Ez, yaun; baña zuk ba-dozu zerbait zure arpegian zuri ugazaba deituazoko leuskidana.

LEAR: Zer dok orrako ori?

KENT: Aginpidea.

LEAR: Ze arlotan egingo eunke otseintza?

KENT: Ni aolku onari men egiteko gai naz, baita zaldiz ibilteko, arin egiteko, edestuten daragoiodan iñondiko ipuina lorrinduteko, ta gezna laua kakomakobage plaustadaz emo teko, erriko edozein aitaren semek oigin daroan legetxe; ni orretarako egoki nozu: eta nik dodanik onena zolitasuna yatzu.

LEAR: Zenbat urte dozak?

KENT: Abestuten dakiala-ta emakumerik maite izateko zarregi, yaun; ezta edozein uskerigaitik akin maitek-erietan ibilteko lain zar be: berrogei ta zortzi urte daroadaz bizkarrean.

LEAR: Ator nire yarrai; nire otsein izango aut; bazkal-ondoan gitxiago maite ez ba'aut, bein-beinean nikin izango az. Bazkaria, eee! bazkaria! non da nire kirtena? nire ergela? Oa ta esan egiok nire ergelari ona etorteko.

 

(Begiralarik alde dagi.)

 

Osualda dator aurrera.

 

          I, i, yauntxo, non dok nire alabea?

OSUALDA: Atsegin izango al yatzu...(Alde dagi.)

LEAR: Zer diño arako ak? Dei egiok atzera asta-buru areri. (Zaldun batek alde dagi.) I, non dok nire ergela? Ludia lotan dagola dirudit.

 

Atzera dator Zalduna.

 

          Oindo! Non dok a txakur zistrina?

ZALDUNA: Zure alabea ondo-ezik dala diño ak, ene yaun.

LEAR: Zegaitik etzoan etorri yopu a nik deitu neuntsanean?

ZALDUNA: Ene yaun, ak argi ta garbi erantzun eustan etzala etorriko.

LEAR: Etzala etorriko!

ZALDUNA: Ene yaun, nik eztakit zer yazoten dan: baña nire ustez ez dago zutzako beinola egiten yatzun txera argi-yaramontsurik; bai zure menpekoen aldetik, bai dukea beraren eta zure alabearenetik zuganako maitasuna asko gitxituaz doala agiri da.

LEAR: Ostera! Ori uste dok?

ZALDUNA: Azketsi egidazu, arren, ene yaun, nire eretxia okerra ba'da; zure nagusitasunari oker egiten yakola uste dodanean, ni ixilik ezin egon naiteke-ta.

LEAR: Ik nire ustea bera gogoratu ta sendotu baño ez daustak egiten; oraintsu yaramonik-ez andi-andia oartu yoat. Nik ori niganako maitasunik eztzat eta beren-beregiko asmo tzat-barik nire burukeri ustzat nigandik uxatu egin gura izan yoat; aurrerantzean orreri buruz adiago ibiliko nok. Baña non dok nire ergela? Egun biotan ikusi be etxoat egin a.

ZALDUNA: Nire andera gaztea Pantze'ra yoan danezkero, yaun, ergela asko yausi da.

LEAR: Olangorik ez egidak aipatu; neuk be ondo oartu yoat. Oa ta esan egiok nire alabeari berakin itz egiteko gogo dodala. (Begirale batek alde dagi.). Oa i, deitu egiok ona nire ergelari. (Beste begiralek alde dagi.)

 

Osualda dator ostera be.

 

          O! i, ene yauntxo, ator ona, yaun: nor nok ni, yaun?

OSUALDA: Nire anderearen aita.

LEAR: Nire anderearen aita! nire yaunaren kirtena i emagaldu-seme txakur ori! i txakur zistrin ori

OSUALDA: Ni enaz orretarikorik ezer be, ene yaun; azketsi egistazu.

LEAR: Ni begiratzen azartzen az zital ori? (Yo dagi yo).

OSUALDA: Ni enau iñok yoko, ene yaun.

KENT: Ezta iñok zangoetatik elduta yausi eragingo be, ostiko-pelotari zantar ori? (Orpoetatik elduta zerraldo yausi eragiten dautsa.)

LEAR: Eskerrik asko iri, lagun; otseintzea ederto egiten daustak-eta, maite izango aut.

KENT: Tiruk, yaun, yagi adi ta oa emendik! neuk irakatsiko dauskat nor nor dan: alde! alde! Baldartzar orrek ire soinaz lurra neurtu gura ba'dok, ago or baña alde! oa emendik; ete dok sentzunik? Olantxe.

 

(Bultzaka ateraten dau Osualda.)

 

LEAR: Orain, kirten adiskide ori, eskerrak emoten dauadaz: eutso ire otseintzaren sendagarri-agiritzat. (Dirua damotso Kent'eri.)

 

Ergela dator aurrera.

 

ERGELA: Ori be nik alogerean artu dagidala; eutso nire ergel-txapela. (Kent'eri bere txapela damotso.)

LEAR: Yauntxo, ene kirtentxo! nolan abil

ERGELA: Yauntxo, iri nire ergel-txapela artzea oba litzakik.

KENT: Zegaitik, ergel?

ERGELA: Zegaitik? Ondo ikusia eztanaren alde yarri azalako. Eguzkia nora, zapiak ara eroaten ezpa'dakik, laster ikusikok zer datorkikan; aiko, ar-egik nire ergel-txapela: ara, bere alabak diriala-ta, onek onako onek bi erbesteratu yozak eta bere gogoaz bestera irugarren alabeari sekuleko onespena emon yeutsan; onen yarrai ba'oa, nai ta nai ez eroan bear dok nire ergel-txapela. Ara, osaba! Ergel-txapel bi ta alaba bi al neuz!

LEAR: Zegaitik, ene mutil?

ERGELA: Nire bizibide osoa emongo ba'neuntse, neuk eukiko neunkez nire ergel-txapelak. Eutsi nirea; eskatu beste bat zure alabai.

LEAR: Abil arduraz, yauntxo, zigorra...

ERGELA: Egia, txakurrak txakurtegira yoan bear dau; bizkarra berotu bear yako, txakurremea sutondoan atsa dariola dagon artean.

LEAR: Beaztun atsitua nitzako

ERGELA: Yauntxo, itzalditxo bat irakatsiko dautzut.

LEAR: Ekiok.

ERGELA: Entzun adi-adi, osaba:

                              Izan erakusten dozun baño geiago,

                              Dakizun baño gitxiago esan,

                              Dozun baño gitxiago emon zorrean,

                              Oinez baño geiago ibili zaldiz,

                              Sinisten dozuna baño geiago ikasi;

                              Itxi zure edana ta zure emagaldua,

                              Euki zure burua etxe-barruan,

                              Eta ogeiren aldean amarreko bi baño

                              Geiago izango dozu.

KENT: Au utsa dok, ergel.

ERGELA: Orrezkero legegizon ordaindubagearen arnasea langoxea da, ez daustazu ezer ordaindu nik esanagaitik. Ezin dozu ezer egin utsagaz, osaba.

LEAR: Ez, ba, mutil; ezebezetik ezebe ezin egin.

ERGELA: Arren-bai-arren, esan egiozu orreri orrexenbeste dala orreri berorren lurrak emoten dautsoena: ez dautso sinetsi gura ergelari. (Kent'eri.)

LEAR: Ergelaren zorrotza!

ERGELA: Ezagun ete dozu, ene mutil, ze alde dagon ergel zorrotz eta ergel gozoaren artean?

LEAR: Ez, mutil, euk irakatsi egidak.

ERGELA: Imini egizu emen nire aldamenean

                              Zure lurra iñori emoteko

                              Aolkua emon eutzun yauna,

                              Egizu zuk aren ordekotzea

                              Ergel zorrotza ta gozoa

                              Bertatik agertuko dira

                              Bata ergel-yantziz emen,

                              Bestea or agiri da.

LEAR: Ergel ereisten daustak, mutil?

ERGELA: Beste izen guztiak iñori emonak dozuz; yaiotzetikoak esan gura dot.

KENT: Au ezta ergel-ergela, ene yaun, ez guztiz ergela.

ERGELA: Nik dodazala ergel guztiak? Ez orixe; ez al dodaz bait! Yaunak eta andikiak ez leuskide itxiko olangorik egiten; ergel guztiak neuretuta ba'neuz, arei be emongo neuns kiez, bai moltsoka be: areik ez daustie itxiko ergel guztiak neuretzako eukiten; arrapataka kenduko leuskidez. Osaba, ekatzu arrautza, ta nik burestun bi emongo dautzudaz.

LEAR: Ze burestun bi ta burestunbako?

ERGELA: Ba! Arrautzea erdi-erditik ebagi ta barruko mamia yan dagiodanean, arrautzearen burestun (koskol) biak. Zure burestuna erditik ausi ta erdi biak iñori emon zeuntsiezanean; zure astoa zure bizkarrean yarri zendun eta zeu lupetzan gelditu; zure buru-koskor soilean (ulduan) sentzun gitxi izan zendun zure urrezko burestuna iñori emon zeuntsanean. Nik niri (ergelari) dagokidanez itz egin ba'dot, bedi zigorra au lenen erakutsi dagianarentzat

          Ergelak ez dira egundo urtebetean gitxiago atsegin izan. (Abestuaz.)

          Gizon zurrak ergelduaz doaz-ta,

          Eta ez dakie euren buru-argitasunaz zer egin,

          Matxango-antzera yokatzen dabe-ta.

LEAR: Noztik augu orren abesti-ontzi, yauntxo?

ERGELA: Zure alabak zure amatu zenduzanezkero, osaba: eta izan be, zuk ai zure agintza-makillea emon eta zure galtzak (parkak) erantzi zenduzanean,

          Aik otoz-otoko pozez negar egin eben (Abeska)

          Eta nik naibagez abestu neban:

          Andia dok onango errege oston-osteka

          Eta bere burua zoro egitea.

          Arren-bai-arren, osaba, niri guzurra esaten irakasten dakian irakasle euki egizu; guzurra esaten yakin gura neunke.

LEAR: Guzurrik esan ba'dagik, yauntxo, zigortau eragingo aut.

ERGELA: Ez dakit nik ze senide zarien zu ta zure alabak: aik, nik egia esanagaitik, zigortau eragingo nabe, zuk, ostera, nik guzurra esanagaitik: eta batzuetan ixilik egonagaitik be zigortzen nozue. Gurago neunke ergel baño beste edozer izan; eta a ta guzti be nik eneunke gurako zu izaterik, osaba; zuk zure buru-zorroztasunari ertz biak moztu dautsazuz eta bitartean ezer itxi ez: emen dator mozketa bata.

 

Gonerile dator aurrera.

 

LEAR: Amen gure alaba! Nondik datortzu bekokiko ori? Nire ustez oraintsu betozkotsu zabilkuz.

ERGELA: Zu bestelango gizon zintzan iñoren betozkoren ardurarik etzendunean; orain aldamenean zenbakibako 0 (utsa) zara: ni zu baño geiago naz: ni ergel naz, zu ezebez. Bai orixe, nire mina lotuko dot; orixe (Gonerile'ri) agintzen daust zure begirakuneak, zuk ezer esan ez-arren. Ixilik! Ixilik!

                    Ez kuzkurrik ez mamirik eztauenak,

                    Guztiaz asperturik, zeozer bearko dau.

                    Ori idarrak yalgiko idar-zeruka yatzu. (Lear erakutsiaz.)

GONERILE: Yaun, zure ergel lotsagaldu onek ezeze zure yarraigo lotsabakotiko beste batzuk be txitean-pitean or daragoioe txarto esaka ta marmarka, ta burruka ta asarrerik ugari ta eroan ezinak sortzen dabez. Yazoten dan au zuri yakinazoezkero, okerrok arteztuko ziriala uste neban nik; baña zuk beranduegi esan eta, egin dozunetik bildur naz zu zeu be egikera orrein alde zagozala ta zuk, ederretsiz, aurrera-bidea emoten dautsezuela; eta ori egia ba'litz, zure utsa ditzake geldituko txarretsibage, ezta zuzentza lo be; au erri-osasun zindoaren ardureak eraginda, ba-leiteke zuk min artzea, ta min egite au ostean lotsagarri litzatekean-arren, or egipide zurra litzateke.

ERGELA: Ba-dakizu, ba, osaba, otatxoriak kuku-kumei luzaroegi yaten emonda, areik areri burua moztu eutsoena. Olantxe, argizagia itxungi egin zan eta gu ilunetan gelditu gintzan.

LEAR: Gure alaba ete zaugu zu?

GONERILE: Dakidanez buruan dozun zurtasun onari bear eragingo al zeuntso; eta urrindu zugandik gogaldiok, oraintsutik zu zuzenez zareanetik aldendu egiten zaue-ta.

ERGELA: Ez ete daki astok noz daroan burdiak zaldia. Arre! Ia! Maite aut.

LEAR: Emen iñok ezagun ete nau? Au ezta Lear: Lear onan ibilten ete da? Onan itz egiten ete dau? Non dira aren begiak? Edo-ta aren adimena makaldu da, aren burubidea lo-zorroan dago. A! Itzarrik? Ez. Nok esan leiskit ni nor nazan?

ERGELA: Lear'en itzala.

LEAR: Orixe yakin gura neunke; eta izan be, nagusienaren ezaugarrietatik, yakituriak eta argibideak guzurrez sinetsi eragingo leuskite alabarik ba-dodala.

ERGELA: Eta orreik esaneko egingo dabe aita.

LEAR: Zure izena, andera lirain?

GONERILE: Zure arritze au, yaun, ondo dator zure oraintsuko beste izkirimiri barrien aldamenean. Arren-bai-arren, nire asmoak ondo ulertu egizuz: zar eta lotsarigarri zareanezkero, zur izan bear zeunke; emen daukazuz eun zaldun eta ikurdidun; gizonok saskil be saskilek, ekanduz gaiztoak eta lotsagalduak dira-ta, gure errege-etxe onek, euren oitura zikinak dirala-ta, ostatu asaldatu dirudi: atsegin-zalekeriak eta lizunkeriak gure etxea errege-etxe begiko baño ardandegi ta emagaldutegien antzekoago egiten dabe. Lotsea bera dago osapide-eske gedarrez; beraz, zure yarraigoa apur bat gitxiagotu egizu, ostean lotsa orrek berak eskatzen dauena iritxiko dauta; eta geldituko dirianak bediz euren buruak eta zeu aintzakotzat artuta zure urteai egoki datorkiezanak.

LEAR: Ilunbe ta denganiñoak! Imini nire zaldiai zaldi-yarlekuak; batu daitezala nire yarraigokoak. Sasikume lotsagaldu! Ez daunat emongo kezkarik baña oraindik beste alaba bat dot.

GONERILE: Zuk nire etxekoak yoka darabiltzuz; eta zure lagun saskil-ganorabakoak eurak baño obeak dirianak euren otseindu egiten dabez.

 

Albani dator aurrera.

 

LEAR: Beluegi damututen yakonaren zoritxarreko! (Albani'ri). Ara, yaun, etorri zara? Zure guraria ete da ori? Esan, yaun. Gertau nire zaldiak. Eskerbakokeri i atxurdin-biotzeko txerren, seme-alabagan agertzen azanean itxas-mamuek baño be iguingarriago azan ori!

ALBANI: Artu epea, yaun, arren.

LEAR: Miru gorrotagarri! guzurra diñon: (Gonerile'ri) Nire yarraigokoak euren egitekoak ondo dakiezan gizon autu-autuak eta zein baño zein obeak dozan; eta euren izen onan dagokon begirunea alik eta zeatzen beteten dabenak. Kordele'gan ain itsusi agertu intzan akats txiki-txiki ori! Ik nire izakerea bere toki tinkotik eraso egin enduan, tramankuluaren antzera; nire biotzetik maitasun oro atera enduan eta beaztuna geitu. Ai, ene Lear, Lear, Lear! Yo egik ire zorakeriari sartzen eta ire sentzunari urteten itxi eutsan ate au! (Bere burua yoten). Zoaze, zoaze, nireok.

ALBANI: Ene yaun, nik ez dot errurik, zuri zek eragin dautzunik be ez dakit-eta.

LEAR: Ba-leiteke ori, ene yaun. Entzun, izamen, entzun; yainko no maite, entzun; izaki au ernaltzeko asmorik ba'zendun, bego utsean asmo ori bein-beinean! Antzutasuna ekarri bere sabelera! Igartu egizuz bere barruko azikinak; eta bere izen-edergarritzat bere soin zimel-iristutik ez bedi egundo sortu umerik! No orrek ganaz egin bear ba'dau, bedi bere umea barearenduna, bizi dan artean amaren oñazegarri itsusi-oker izan daiten! Bere bekoki gaztean izurrak ezarri begioz; masailetan negar-darioak arekak egin begioz; seme orrek amari neke ta egite onak barreka ta iñakaz ordaindu begioz: ama orrek bere buruan ikasi dagian esker txarreko umea izatea sugearen agina baño zorrotzago dala! Goazan, goazan!

 

(Alde dagi.)

 

ALBANI: Onangorik! Gurtu daroaguzan yainkook, nondik sortu da au?

GONERILE: Ez atsekabetu, orretaz geiago yakin-gurarik; beragoio bere txotxakeriak dakartson aldikadea azazkatzen.

 

Ostera be aurrera Lear

 

LEAR: Zer, nire yarraileetarik berrogei ta amar zartada baten! Amabost egunen barruan!

ALBANI: Zer yazoten yatzu, yaun?

LEAR: Esango dautzut Bizi ta eriotz!... Ik (Gonerile'ri) nire gizatasunari onan ikara eragiteko indarra izateaz lotsatuta naiagon; besterik ezinez nire begiei darien negar-tantan goriok eurak-garr egingo al indue. Axe-boladak eta lañoak ire ganera! Aitaren gaitzespenaren zauri ezkutuak zulatuko al dabe ire oarmen oro! Begi maitabera zarrok, negar egizue ostera be zer onegaitik, atera egingo zaituet, eta ortikzear yaurtin, zuok galtzen dozuen uragaz buztina beratzeko. Bai! Orixe egingo dot: beste alaba bat be ba-dot, eta a, eskier nago, maitagarri ta txeratsu da: ak zuk egina yakin dagianean bere atzazalez urratuko dautzu arpegi ori. Or ikusiko don nik betiko ortik zear egotzi dodala uste donan antz eta izakerea barriro neugandu dodala.

 

(Lear, Kent eta Begiraleak alde dagie.)

 

GONERILE: Oartu dozu ori?

ALBANI: Dautzudan maitasun andiak ezin yarri naike orrenbesteraño zure alde, Gonerile.

GONERILE: Zagoz nasai, arren. Zer, Osualda, ee! I, yaun, ergel baño zitalago ori, ik yarrai egiok ire ugazabari (Ergelari).

ERGELA: Osaba Lear, osaba Lear, etxon, artu ergela zukin.

                              Azeri-emea oratu danean,

                              Eta onango alabea,

                              Biak yoan bear leukie arakinenera,

                              Nire txapelak lokarririk erosi al ba'leu:

                              Olantxe doa ergela atzetik. (Alde dagi.)

GONERILE: Gizon onek burubide ona izan dau. Eun zaldun! Sentzunezko ta bildurrik ez izateko yatzu gizon oneri eun zaldun gertu-gertu eukiten iztea: bai, edozein amesegaitik, ots bakotxeko, irudipen bakotxeko, edo gogaldi txar bakotxeko bere indarrakaz bere txotxakeria yagon eta gure biziak bere eskuko izan dagizan. Osualda, non ago?

ALBANI: Ba! ba-leiteke zure bildurra andiegi izatea.

GONERILE: Uste geiegi izatea baño oba da au: uxatu dagidazan oraindik bildur dautsedan galbideak, oraindik otozotoan atzeman (oratu) nagienaren bildurrik ez izateko: ba-dazaut nik aren biotza: ak esana idatzi dautsat nire aizteari: nik egoki eztala erakutsiezkero, ak emon gura ba'dautse bizibidea ari ta aren eun zaldunai...

 

Osualda dator ostera be.

 

          Kaxo, Osualda! Zer, idatzi dok nire aiztearentzako gutuna?

OSUALDA: Bai, andera.

GONERILE: Artu lagunen batzuk, eta arin zaldi-ganera iragarri egiok zelango ta zeren bildurra dodan; eta nire argibideak sendotzeko ire batzuk be ezantsi egizak. Oa, eta atorke arin. (Osualda'k alde dagi.)

          Ez, ez, ene yaun, zure yokera bigun, leun eta epel ori, nik gaiztetsi ez-arren, orraitiño, eta azketsi au niri, zu zurtasunik ezagaitik agirakarriago zara, biguntasun kaltegarriagaitik txalogarri baño.

ALBANI: Nik eztakit zure begiak noraño ikusi daikienik: sarritan oberen billa, ondo dagona alperrik galdu baño eztogu egiten.

GONERILE: Ba, orrezkero...

ALBANI: Ondo dago, ondo dago; geroak esango dau. (Alde dagie.)

 

 

 

V. AGERLEKU

 

Albani'ko Dukea'ren Yauregi-aurreko Araspela. Lear, Kent eta Ergela datoz aurrera.

 

LEAR: Oa Gloster'gana gutunokaz; nire alabeari ez egiok emon bere gutunean eskatzen dauena ez beste ik dakian barririk. Ire egitekoa arin ezpa'dagik egin, an nok neu i baño lenago.

KENT: Ez nau loak artuko, ene yaun, zure gutuna emon arte. (Alde dagi.)

ERGELA: Gizonaren garaunak aren orpoetan ba'legoz, ez ete legokez ospel-zauriak urteteko bidean?

LEAR: Bai, mutil.

ERGELA: Orrezkero, otoi, zagoz pozik; zure buru-zorroztasunak ez dau egingo berantza.

LEAR: Ja, ja, ja!

ERGELA: Beste alabeak txera ona egingo dautzula ikusiko dozu; eta izan be, baso-sagarra sagarraren antzeko dan legetxe zure beste alabea onen antzeko izanarren, orraitiño nik esan daiket esan daikedana.

LEAR: Zer esan daikek, mutil?

ERGELA: A ez yatzu izango au baño gozoago, baso-sagarra baso-sagarra baño gozoago ez dan lez. Zuk ezetz igarri zegaitik dogun surra gure arpegi-erdian.

LEAR: Ezin yoat.

ERGELA: Ba, gure begiak surraren aldamen banatan eukiteko, ta, olan, gizonak usainez oartu ezin dauena begiz ikusteko.

LEAR: Nik no a iraindu egin naioan.

ERGELA: Esan ete daikezu zela egiten dauen ispelak bere kozkola?

LEAR: Ez.

ERGELA: Ez neuk be; baña nik esan daiketzut zegaitik dauen barakulloak bere etxea.

LEAR: Zegaitik?

ERGELA: Ba, bere burua barruan eukiteko; bere alabai ez emoteko, ta bere adarrak kutxabage ez izteko.

LEAR: Nor nazan be aiztu egingo yatak. Ni izan nazan aita maitati! Nire zaldiak gertu ete yagozak?

ERGELA: Zure astoak yoan dira areitara. Zazpi izarrak zegaitik ez dirian zazpi baño erakusten dauen argibidea argibide polita yatzu.

LEAR: Zortzi ez dirialako ala?

ERGELA: Bai, izan be; zuk ergelarena ederto egingo zeunke.

LEAR: Barriro indarrez artuko ete? Eskertxarraren mamu

ERGELA: Zu nire ergel ba'zintz, osaba, nik zigortu eragingo zindukedaz aldiz aurretik zartuagaitik.

LEAR: Zelan dok ori?

ERGELA: Zuk etzendukean zartu bear zurtu arte.

LEAR: O! zoriontegi maitagarri, ez al naz zoratuko, ez al naz zoratuko; ez al naz asarretuko: eneunke zoratu gura!...

 

Andiki dator aurrera.

 

          Eta? zaldiak gertu ete dira?

ANDIKIA: Gertu, ene yaun.

LEAR: Gaioazan, mutil.

ERGELA: Orain neska izan-arren, nik alde egitean barre dagiana ez da izango luzaro neska, lokarria laburtu ezik.

 

 

1. EKATE au, Elade ta Erromatarren siniskeraz, su-lezetan agintza andiko andera yatzun. Birgili olerkari andiak: «Eaelo Ereboque potentem» (Eneis VI, 247) bai ortzean, bai su-lezan altsua, ereisten dautso.

2. Eskitiar. Eskitia Yosu Kisto aurretik zazpi bat gizaldi Itxaso Baltzaren iparraldeko ertzean bizi zan erriari eresten yako. Ekanduz gordintsuak izan edo-ta eskitiarrak gizon gordin eta biotz-gogortzat artzen dabez idazle zarrak.

3. APOT, APOLON. Izen biok darabilguz, baña bigarrena osoagoa da. Apolon au Eladetarren yainko aizun ugarietatik bat yatzu, irakurle. Tzeu ta Leto'ren seme au Delos izaroan yaio ei zan. Eladetarrak igarle anditzat eben eta Delpoi'ko bere yauretxera euretariko asko eltzen ziran etorkizuna yakin-gurarik. Apolon oneri Peba be eresten yako. Omer'ek alan be, eurrez erabilten dau Phoibos Apollon izena yainko aizun au aipatzeko.

4. TZEU.Tzeu dalako au Eladetarren artean gorengo yainko aizun, Koronos edo Aldiaren seme. Erromatarrak Yobe nai Yupiter eresten eutsoen.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Lear Errege, William Shakespeare
Notin antzeztuak / I. ekitaldi / II. ekitaldi / III. ekitaldi / IV. ekitaldi / V. ekitaldi
Sarrera / Itz gitxi ezagun batzuk

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


susa-literatura.com