Hamlet, William Shakespeare

 

Lenbiziko atala

 

 

AURRENENGO AGERRALDA

 

Elsinore'n. Gaztelu-aurreko zelaia.

 

PRAISKU, bere lekuan begirari. BEÑAT sartzen da, argana: dioala [1].

 

BEÑAT: Nor da?

PRAISKU: Ez zuk erantzun. Gel eta burua agertu.

BEÑAT: «Gora erregea!».

PRAISKU: Beñat?

BEÑAT: Ura ta bera.

PRAISKU: Zure ordu-ordutan zatoz.

BEÑAT: Amabiak yo berriak dira. Oa lotara, Praisku.

PRAISKU: Eskerrik asko aldika onengatik. Otz gorria ari da ta biotz-esturik nago.

PRAISKU: Berririk ote?

PRAISKU: Sagu bat ere ez da igitu.

BEÑAT: Ederki. Gau on. Orati ta Markel, nere begiraldi-lagunak arki ba'ditzazu, esaiezu laster egiteko.

BEÑAT: Entzuten bide ditut. Gel! Nor da?

 

ORATI ta MARKEL sartzen dira.

 

PRAISKU: Erriaren adiskideak.

MARKEL: Eta Erregeren menpekoak.

PRAISKU: Gau on zuei.

MARKEL: Agur, gudari zintzo ori. Nork ordetu zaitu?

ORATI: Beñat duzute nere lekuan.

 

(Irtetzen da).

 

MARKEL: Kaixo, Beñat!

BEÑAT: Eup! Orati al dago or?

ORATI: Aren zati bat.

BEÑAT: Ongi etorria, Orati. Ongi etorria, Markel zintzoa.

MARKEL: Agertu al da, berriz, zer ori gau ontan?

BEÑAT: Nik ez dut ezer ikusi.

MARKEL: Gure ameskeri utsa dala dio Orati'k, eta birritan ikusi dugun iratxo ikaragarri orrekikoa ez du ziñetsi nai. Eskatu diot, beraz, gurekin gau-aldi au emateko, mamu ori berriz ba'dator, gure begiak ontzat eman eta itz dagion.

ORATI: Ba, ba! Ez da agertuko.

BEÑAT: Eseri zaitez apur batez, bi gautan ikusi dugunaren ixtoriari orren siñesgogor zazkion zure belarriak eraso ditzagun berriz.

ORATI: Ea, bada; eseri ta entzun dezaiogun Beñat'i.

BEÑAT: Lengo gabean, sarkaldean agiri dan izar ura bera, orain dirdiratzen dan ortze-aldea argitzeko bere bidea egiña zunean, Markel eta biok, yoaleak ordu bata yotzean... [2].

 

IRATXOA sartzen da.

 

MARKEL: Ixil! Gel! Ara nundik datorran berriz ere!

BEÑAT: Errege zanaren irudia bera du.

MARKEL: Itz egiozu, Orati; ikastuna zera ta.

BEÑAT: Ez al dirudi erregea? Gomazu, Orati.

ORATI: Irudi ere, ba-dirudi: Arrimen eta bildurrez ikaratzen nau.

BEÑAT: Itz dagiotela nai edo du.

MARKEL: Galdeiozu, Orati.

ORATI: Nor zera zu, gau ordu au ta eortzitako errege danetarrak zun irudi agurgarri ta martzala zuretzen dituzun ori? Yainkoaren izenean larderiatzen zaitut, mintza!

MARKEL: Aserre dago.

BEÑAT: Begirazute! Ba-doa buruzut.

ORATI: Tenk; mintza, mintza! Mintzatzeko agintzen dizut!

 

IRATXOA sartzen da.

 

MARKEL: Yoana da, erantzun nai ezik.

BEÑAT: Zer diozu, Orati? Dardarka ta zurbil zakust. Ameskeria baiño zertxobait geiago ez al dugu au? Zer deritzazu?

ORATI: Ala Yainkoa, ez nun au iñoz ere siñetsiko nire begi auen aitor argi ta nabaria gabe.

MARKEL: Ez al da errege zanaren antzeko?

ORATI: Zu zerorren antzeko zeran aiña. Orrelakoxe altzairu-yantzia zeraman, Noruai'ko errege aundi-naiarekin gudakatu zanean. Orrelaxe zimurtu zun bekokia, elkar-ikuste garratz batean, poloniarrak aien lerratik izotzeratu zitunean. Arritzeko da au.

MARKEL: Orrelaxe, ba, dagoneko birritan eta ordu isil ontan bertan, gure begiraldian agertu zaigu bere ibillera martzalaz.

ORATI: Ez dakit zer uste izan onetzaz. Nire iritzi apalez, ordea, naspil bakanen bat gure aberrian iragartzen du onek.

MARKEL: Ongi, bada. Eseri gaitezan eta dakianak diostala: zergatik begiraldi zorrotz eta latz auek nekaratzen ditute onela, gabero, erri ontako menpekoak? Eta zergatik egunean-egunean orrenbeste burniorizko suaga galdatzea ta atzerrian erositako guda-abasen biltze au? Zertako, igandea astegunetatik beren lan zaillaz berezten ez duten istinkari talde oriek? Nolako galtzorian gaude, ariketa izerditsu orrek gaua egunaren lankide egin bear dezan? Nork azal dezadake?

ORATI: Nik dezaizuket; dabillan zurrumurrua, beiñik-bein, au da. Dakizutenez, Fortinbras Noruai'koak iñartzi gorrienak akullutu ta, oraintsu irudia agertu zaigun gure atzeneko erregeari aup egin zion. Aupaka artan, gure Hamlet kementsuak ezaguna dugun lur alde ontan orrelakotzat artua izan baitzan Fortinbras il zun. Onek, zildaikatu ta ongi sendetsitako itun baden bidez ta iskillo legez, bizitza galtzean, bere nagusitzako lur guziak garaileari zemazkion. Gure, errege, ordaiñez beste ainbesteko lur zatia Fortinbras'i ematera beartu zan, au gaiñetik irten ezkero. Aitatutako itunez ta izenpetutako idazkaien arauera, bada, guzia Hamlet'engana zan. Orain, yauna, Fortinbras gaztea, izatez sutsua ta azturak ez ikasia, Noruai'ko mugaetan, an-emen biltzen ari da, yanari ta egunari orde, lege gabeko laguntalde bat egikizun galbidetsu baterako ausartua. Egikizun ori ez duzu besterik, gure yaurlaritzak ongi ulertu dunez, aren aitak orrela galduriko lurraldeak, guregandik esku gogorrez ta zemai bidez berriz artzea baizik. Eta auxe duzute, nire gardiz, gure gertakuntzaen eragille nagusia, gure begiraldioen yatorria ta aberrian dabiltzan ariketa sutsu ta zaratatsu auen iturburua.

BEÑAT: Orixe da, nik uste, ta orretxek adiraz dezake zergatik agertzen dan iskilludun, gure begiraldi erdian, guda auen bidea zan eta dan erregearen irudi arrigarri ori.

ORATI: Adimenaren begia lausotzen dun izpitxo bat da ori. Erroma orrilloan zegonean, Yuli altsua erori baiño lentxeago, ilyantzitako gorpuak, illobiak utzi ta kaleetatik zear noraezean zebiltzan intzirika ta zitzipuzika. Zeruan ere, arrigarrizkoak ikusi ziran; suzko isatsdun izarrak, odol-euria ta eguzkian elkaitzak; itsasoen nagusi dan izar ezatsua itzaldu zan, Ebazteguna eldu bailitzan. Eta gertari izugarrien aurretiko auetxek, alabearraren aintzindariak eta urbilleko dordoen iragarleak, zeruak eta lurrak batera agertu dizkiote gure erriari [3].

 

IRATXOA sartzen da berriz.

 

          Baiñan, ixo! Begira. Ara nundik datorran ostera. Bideak autsiko dizkiot, naiz ta tximistaz yotzen ba'nau ere. Gel, itzal ori! Aotsik ba'duzu edo mintzo aribiderik, itz egidazu! Zuri laguntza ta niri Yainko-adeia ekarri ditzaiguken lanen bat egikizun ba'dago, itz egidazu! Aberrian gaitzurre isillen bat ba'dugu, zuk ageri egin ezkero, eragotzi dezakeguna, oi, itz egizu! Edo, bizi ziñala, gaizki zureganatu urreta, lur erraietan gorde ba'zenun, orregatik, bada, zuek illok, alderrai omen zabiltzate askotan esaidazu! Tenk eta itz egizu!... (Ollarrak yotzen du) Geldieraz ezazu, Markel.

MARKEL: Yoko al dut nere aztamakillaz?

ORATI: Yo, gelditu nai ez ba'du.

BEÑAT: Emen da!

ORATI: Emen da!

 

IRATXOA yoaten da.

 

MARKEL: Yoana da! Gaizki ari izan gera, ain itzalgarri dala, indar-erakutsiak ari egiñik. Aizea bezelako zauri-eziña da, ta gure alperreko ukaldiak, iseka zital bat.

BEÑAT: Mintzatzeko ari-arian zegon oillarrak yo zunean.

ORATI: Eta ordun dardaratu da, erruduna galde zorrotz baten azpian bezela. Oillarrak, goizaren turutak, bere aots zoli ta zorrotzaz eguzkia iratzartzen du: dei ontara, naiz itsasoan, naiz legorrean, naiz suan, naiz aizean, noragabe dabiltzan mamuak, zein berera el doa lasterka. Oraintsu ikusi dugunak orren egia sendesten du.

MARKEL: Izan ere, oillarrak yotzean aienatu da. Gure Yaregillearen yaiotzaren yaia urbiltzen dan aldi oro, eguantzeko egaztia gau osoan yotzen ari omen da. Ta ordun, diotenez, mamu bat ere ez da kanpora ausartzen; gauak osasuntsuak dira; ordun, ez izar kaltetsurik, ez maitagarriren lilluratzerik, ez zorginkeririk: ain gurena ta eskarrez betea da aldi ura.

ORATI: Orrelaxe entzuna dut nik ere ta, aldez, siñesten dut. Baiña, begira; gorriz yantzitako ortzargia, sorkaldeko muru artako intza oinkatuz dator. Utzi dezagun begiraldia. Nire aolkua on baldin ba'zaizue, goazan, gau ontan ikusi dugunaren berri Hamlet gazteari ematera. Arimaren gain!; guretzako mintzul dan mamu ori, mintzatuko zaio ari. Ongi deritzazute ura yakitun ipintzea, gure maitasarreak eta bearkiak eskatzen dutenez?

MARKEL: Bai. Ori dagigun, arren. Ba-dakit, goiz ontan, ura nun arki dezakegun.

 

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Gasteluko yauralki-gela.

 

Turutotsa, ERREGE, ERREGIÑA, HAMLET, POLONI, LAERTE, VOLTIMAN, KORNELI, YAUNAK eta YAUREGIKOAK.

 

ERREGE: Hamlet gure anai maitearen eriotz-oroia oraindik bizirik ba-da ere, ta gure biotzari oiñazea ta gure yaurerri osoari aurpegia miñez zimurtzea dagokigun arren; ala ere, zentzuna izaeraz burrukan ari ta ari izanda, oiñazea geron arduraz neurritzen dugu. Ortarako, bada, poz-galdu batekin, begi bat parrez ta bestea negarrez, illetan poza ta ezteietan eresiak ditugula; itz batez, atsegiña ta atsegabea einkatuz, gure atzoko arreba, gaur erri gudazale onen yauralki-lagun, erregin au emaztetzat artu dugu. Ez dugu ontan bazterka ezarri, zuen oldez gai onen alde erakutsi diguzuten iritzi zentzuduna. Guziagatik, gure eskerrak zuei. Orain, goazan badakizutenera: Fortinbras gaztea, gure alizatea gutxietsiz, edo gure anai maitearen eriotzaz gure aberri au irauzia ta urratua dagola uste izanik, abagune baten ametsaz sendotuta, ez da geznaz gu estutzez aspertzen bere aitak galdu ta gure anai azkarrak irabazitako lurralde aiek eskatuz. Au berari buruz, orain, gutzaz ta batzar ontako gaiaz, ona emen: idatzi diogu Fortinbras gaztearen osaba dan Noruai'ko erregeari erbal eta oeratua, illobaren asmoen berri ozta-ozta duna asmo oriek aurrera eramatea galeraz dezaion, gudari-biltze, lerrokatze ta gertakuntzak oro, aren menpeko tartean egiten baitira. Ta igortzen zaituzagu, zu, Korneli on ori, ta, zu, Voltirlan, Noruai'ko bakaldun zarrari gure agurra daramaiozuten, errege orrekin ituntzeko eskubide geiago ez damaizuegula, idazki onek mugatua baizik. Agur, bada, ta zuen azkuak zuen eginbearra darakusazuela.

KORNELLI ta VOLTIMAN: Ontan, guzian bezela, gure menpetasuna agertuko dugu.

ERREGE: Ez dugu aloterik. Gure biotzetiko agurra.

 

VOLTIMAN eta KORNELLI irtetzen dira.

 

          Ta orain, Laerte, zer berri? Ez dezaiokezu erregeri gauza bidezkorik eskatu alperrik. Eskatzen didazuna dana dala, nire eskaiñak aurrea artuko dio eskariari. Ez baita burua biotzaren bakideago, ez eskua agoari naipekoago, Danemark-erriko yauralkia zure aitari baiño. Zer nai duzu, Laerte?

LAERTE: Zure baimena ta onespena, Frantzi'ra itzultzeko, nire yaun itzalzarri ori. Pozik etorri nintzan andik zure buruntzatzean nire ziña egiteko; baiñan eginbear au beteta, egia esan, nire gogamenek eta eraspenek Frantzi'ra yotzen dute, apalik zure baimena eskaturik.

ERREGE: Ba al duzu zure aitaren baia? Zer dio Poloni'k?

POLONI: Ba-du, yauna; ekitearen ekitez, nire bai berandua idoki du, ta azkenik, aren guraria, nire baietz zaillaz zildaikatu dut. Emaiozu, arren, yauna, irtetzeko baimena.

ERREGE: Aukera ezazu on zaizun ordua, Laerte. Zurea duzu aldia; goza ezazu zure gogora. Ta orain, Hamlet, nire semea, nire lenbiziko...

HAMLET (berekiko): Ez lenbiziko, ez irebiziko [4].

ERREGE: Beti odeiak zure bekoki gaiñean?

HAMLET: Ez orrelakorik, yauna; eguzkibegian nauzu beti.

ERREGIÑA: Hamlet maitea; gau-margo ori astandu, ta begira ezazu erregea adiskidez. Ez egon beti betazalbera, autsean zure aita zindoa billatzen duzularik. Guzien zoria izan du. Bizi dana il bearra da, eriotza-bidez, bizi ontatik betikora doala.

HAMLET: Bai, andrea, guzien zoria da.

ERREGIÑA: Ala ba'da, zergatik, orren bereziki artzen duzula dirudi?

HAMLET: «Dirudi»! Ez, andrea; da. Nik ez dakit irudi egiten. Ez da soillik nire txabuxa illuna, ama on ari, ez dira oiturazko yazkera beltz zorrotzak, ez itotako arnasaren adia lurrintsuak, ez begien ibai ugaria, ez aurpegiaren aieru beeratua, oiñazearen era, bide ta erakuski guziekin batera, nire egizko gogoa adiraz dezaketenak. Guzi ori antz utsa da, egiaz, gizonak irudi dagitziken gauzak baitira; barnean dudanak, ordea, agerpen guziok gaindiatzen ditu; orrako oriek oiñazearen apain eta edergarriak baizik ez dira ta.

ERREGE: Eder ta goragarri duzu, Hamlet, zure aitarekiko eginbear illun ori betetzea. Alabaiñan ausnartu bear duzu, zure aitak bere aita galdu zula, aita onek berea, ta bizi dana illarekiko miñera beartuta dagola, seme zor-pean, aldi batekotz. Amaigabeko goibelaldian irauteak, ordea, mukerkeri dongea aitortzen du; gizonari ez dagokion lorra. Yainkoari buruzko olde biurria, biotz aula, menpetasun gabeko gogoa, adimen urri ta ezikasia darakusaz. Gerta-bearra izanik eta nunaikoa ta noiznaikoa dala dakigun ezkero, zergatik, orrelako mukerkeriaz ta orren estuan artu? Uf! Zeruaren kaltezko ogena duzu ori, illarentzako iraiña, izaeraren aitzikoa ta oso nekagarria gogamenari; au bada, gurasoen eriotza, gauzak berak dakarrena izanik, lenbiziko zanduagandik asi ta gaur iltzen danaganaiño, ez da aspertu ots egitez: «Orrela bearra da». Baztertu, bada, arren, alperriko atsegabe ori ta aitatzat al nazazu. Izan ere, gure yauralkiaren urbillekoena zera, bekite au guziek, eta aita samurrenak bere semeari dion aiñako maitasun aratzaz maite zaitut. Wittenberg'eko [5] ikastetxera itzultzeko duzun asmoari buruz, gure naiaren aitzikoena da. Emen ekuratzeko daskaizugu, beraz, gure yauregiko aurrena, gure illoba ta semea.

ERREGIÑA: Ez zaiozu utzi amari alperrik eskatzen. Hamlet. Gelditu, arren gurekin; ez yoan Wittemberg'a.

HAMLET: Zure esanera yarriko naiz gogo oroz, andrea.

ERREGE: Orixe dugu erantzuera maitagarri ta atsegiaña! Izan zaitez Danemark'en nerau bezelaxe. Zatoz, andrea. Hamlet'en erabaki zintzo ta oldezko ori; parrekoi kokatzen zait biotzean. Ori dala ta, ez da gaur edaldi alairik Danemark'en izango, suaga aundiak odeiai iragartzen ez diela, ta erregearen zurrut bakoitzean zeruak burrunbatzen ez dirala lurraren ostotsa berriz egiñik. Goazan.

 

(Turutotsa. HAMLET ez guziak irtetzen dira)

 

HAMLET: Ene, aragi au, aragi trinkoegi au, urtu, gesaldu ta intzatu al ba'ledi! Betikoaren legeak nork bere burua iltzea gebendu ez ba'leza! Ene Yainkoa, Yainkoa! Bai gogaikarri, igazi, utsal eta alperrikoak iruditzen zazkidala bizi ontako egintza guziak! Au mundu nardagarria! Belartzar garratza ta zakarra azitutzen dan baratza zera; ez dago zugan besterik. Au gertatu bearra! Bi illabete il zala... Ez, ez orrenbeste, bi ere ez. Errege ain guzizko bat, onen aldean Hiperion [6] aker-gizon baten aldean zana; nire amarekiko ain maitekorra, zeruko aizeak aren aurpegia gogorregi ukitzea yasaten ere ez zuna. Zeru ta lur! Oroitu bear dut? Erregegandik zintzilikatzen zan bera, bere irriskeria asearen asez geitu bai'litzan. Eta ala ere, illabete buruan... Ene, ez dut gogoratu nai... Yauskortasuna, emea zera!!... Illabetea ez dala, negar batean, Niobe [7] bat iduri, aita gaisoaren gorpuaren atzetik ibillitako oskiak zarbaildu baiño len. Bera, bai, ura ta bera... Ene Yainkoa! adimen gabeko iize batek luzaroagoko miña izango zun. Osabarekin ezkondua, aitaren anaia, bai, baiñan ez aitaren antzekoago ni Erkule'na naizana baiño. Illabetea ez dala! Bere gezurrezko malkoen gatzak bere begi gorrituen yarioa utzi baiño len... ezkondua! Ori arintasun dongea, oe kutsutura [8] orren laster egitea! Au ez da on eta ez diteke ongi bukatu ere... Baiñan, autsi zaitez, ene biotza, mingaiñari eutsi bear baitiot.

 

ORATI, MARKEL eta BEÑAT sartzen dira.

 

ORATI: Agur, yaun ori!

HAMLET: Zu ongi ikusteaz poztutzen naiz: Orati... ala neronen buruaz aztu naiz.

ORATI: Berbera, yauna, ta zure morroi apala beti.

HAMLET: Nire adiskide ona, esazu, ni zurea naizan bezela. Eta, zerk ekarri zaitu Wittenberg'etik, Orati?... Markel?

MARKEL: Ene yaun ona.

HAMLET: Asko poztutzen naiz zuek ikusita. (BEÑAT'i) Arratsalde on, yauna. Baiñan, egiaz, Orati, zerk ekarri zaitu Wittenberg'etik?

ORATI: Nire arloteriak, yauna.

HAMLET: Ez nioke ori esaten utziko zure etsairen bateri, ta nire belarriari indar dagiozu zerorren burua orrela iraindurik. Ba-dakit arlote ez zerana. Zer ari zera Elsinor'en? Irakatsiko dizugu atsarraldi batez edaten, itzuli zaitezan baiño len!

ORATI: Zure aitaren elizkarietara etorria nauzu, yauna.

HAMLET: Arren, ez egidazu irri, ikaskide; nire amaren ezteietara esan bear duzu.

ORATI: Urbilletik yarraiki zazkie, egitan.

HAMLET: Zurtasuna, Orati, zurtasuna! Illeta-orritserako egositako yakiak, sakote izan ziran eztei-maiean. Nire etsai kutunena zeruan yarrugitzea naiago nuke, alako eguna ikusi izatea baiño len, Orati! Nire aita... dakustala iruditzen zait.

ORATI: Nun ote, yauna?

HAMLET: Nire gogomenaren begietan, Orati.

ORATI: Bein ikusi nun; errege guzizkoa zan.

HAMLET: Gizon oso ta betea zan; ez dut aren idekorik iñoiz ikusiko.

ORATI: Yauna, bart ikusi nula uste dut.

HAMLET: Ikusi? nor?

ORATI: Erregea, zure aita, yauna.

HAMLET: Erregea, nire aita!

ORATI: Neurri ezazu apur batez zure arridura ta buru-belarriak ipiñi, zaldun auen aitor-pean, arrigarria azaltzen dizudaiño.

HAMLET: Yainkoaren izenean, mintza zaitez!

ORATI: Bi gau yarraikitan, Markel eta Beñat zaldun auek, gau erdiko bakartasun isillean begirari zeudela, zure aitaren idekoxe irudi bat, burutik oiñetara burniz yantzia, aurrean yarri ta ibilkera itzalgarriz aien albotik igaro zan geldi ta aundikiro. Irutan igaro da, aien begi arritu ta ikaratuen aurrean, bere aiztagaren irispidean, aiek, beldurrak izoztu ta mintzulik, itz bat esatera ausartzen ez zirala. Orren berri eman zidaten isil aundi pean eta, irugarren gauean egon nintzan aiekin begirari. Ta antxe, esan zidaten ordutan doi-doi, ta era berean, iratxoa agertu zan, aien itz guziak egizko ta zeatzak irtenik. Zure aita ezaguna nun; ez dira eskuok elkarren antzekoagoak.

HAMLET: Nun izan zan ori?

MARKEL: Begirari geunden zelaiean, yauna.

HAMLET: Ez al zenion itz egin?

ORATI: Egin nion, yauna. Ez zidan, ordea, ezer ere erantzun. Alaz ere bein batean, burua yaso ta mintzatzekoa egin bide zun; une artantxe, ordea, oillar goiztarrak yo zun ozenki ta, onen otsaz, iratxoa ikaratu ta laster egin zun, gure begietatik itzaltzen zala.

HAMLET: Aundia da ori!

ORATI : Ta egi utsa, nire yaun itzalgarria, arimaren gain! Eta aren berri eman bear duzugula uste izan dugu.

HAMLET: Bene-benetan, yaunak, kezkaratzen nau orrek. Begirari al zaudete gau ontan?

MARKEL eta BEÑAT: Ba-gaude, yauna.

HAMLET: Burniz yantzia zegola diozute?

MARKEL eta BEÑAT: Burniz yantzia, yauna.

HAMLET: Oiñetatik bururaiño?

MARKEL eta BEÑAT: Burutik beatzera.

HAMLET: Ez zenioten aurpegia ikusi, beraz?

ORATI: Bai, yauna; egala yasorik zeraman eta.

HAMLET: Kopet illun al zegon?

ORATI: Bere betarteak, aserrea baiño geiago, miña zerakusan.

HAMLET: Zurbil ala gorririk?

ORATI: Ez, oso zurbil.

HAMLET: Ta zugan begiak tinkatu al zitun?

ORATI: Ari ta ari.

HAMLET: Oi, an egon ba'nintz!

ORATI: Txundioak artuko ziñun.

HAMLET: Baiki, baiki. Luzaro ekuratu al zan?

ORATI: Neurriz eun arte zenbatzen daiño.

MARKEL eta BEÑAT: Geiago, geiago.

ORATI: Ez nik ikusi nunean.

HAMLET: Bere bizarra urdiña zan, ez?

ORATI: Bai, urdiñarrea: bizi zala ikusi nion bezelaxe.

HAMLET: Zain nagoke gau ontan. Berriz datorke, apika.

ORATI: Egingo nuke baietz etorri.

HAMLET: Baldin aitaren irudia ba'du, mintzatuko natzaio, naiz ta sulezeak orroaka isiltzeko agintzen ba'dit ere. Ikusi duzutena oraiñokoan isillean euki ba'duzute, eukazute oraindik ere, arren; ta gau ontako gertaria dana dala, gogora emaiozute, ez mingaiñera. Ba-dakiket zuen maitasarreari erantzuten. Agur, bada. Amaika ta amabien artean yoango naiz zelaira zuek ikustera.

GUZIAK: Gure menpetasuna zuri.

HAMLET: Zure adiskidetasuna, nirea zuei bezela. Agur, (HAMLET ez, guziak irtetzen dira). Aitaren iratxoa iskillutan! Au ez dabil ondo. Belzkeriren bat sumatzen dut. Gaua al ba'litz! Ordurarte, narerik, ene gogoa. Egin zikiñak agertuko dira giza begien aurrean, naiz ta lurraren ondoan eortzirik ba'daude ere.

 

(Irtetzen da)

 

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

POLONI'ren etxeko gela bat.

 

LAERTE ta OPELE sartzen dira.

 

LAERTE: Nire tresnak ontzian zeuden. Agur. Arreba, aizea aldeko ta ontzia gertu zegon guzian, ez lokartu ta izkidan ire berriak.

OPELE: Uste ona izan.

LAERTE: Hamlet eta aren itz-mitzai buruz, ar itzan apeta ta odeletiko naikeri bat bezela, gaztetasunaren udaberriko lili bat, goiztarra, baiñan ez luzaroko, leguna, ez iraukorra, ordea, une bateko usai ta atsegiña; besterik ez.

OPELE: Ori besterik ez ote?

LAERTE: Ez uste besterik. Izatea azitzean ez baitun azkuz ta esteriz soilki aunditzen; yauretxea zabaltzen dunan giñoan, ordea, gogoaren eta adimenaren barneko ariketa edatzen dun ere. Orain maite au, agian, eta oraindaiño ez orbanek, ez biurkerik ez din aren asmoen garbitasuna loitzen. Beldur izan bear den, ordea, aren aunditasunari begiratu ta, erregegaia ez dunala bere naimenaren yabe, bere yaiotzaren menpeko dun-eta. Ez zaion zillegi, mail apaleko lagunai bezela, beretzat aukeratzea, bere aukerari baitagozkio, yaurerri osoaren osasuna ta zoriona. Bere aukera, beraz, burua zaion gorputzaren aupide ta baietzaz mugatu bearra da. Orrela, bada, maite aula baldin ba'zion, gurbilki ariko aiz siñesten ez ba'dion, bere mail eta aginbidearen barrenan, bere itza bete dezakeneraiño baizik; ots, Danemark-erriaren autarkiak laketzen duna baiño ez aruntzago. Ausnartu, bada, nolako galtzea izango litzaken, ire izen onerako, belarri siñeskorregiz, aren leloak adituko ba'itun, ire biotza arganatuz edo aren gaizki yaurritako ausarkeriai ire garbitasunaren altxorra zabalduz. Beldur adi, Opele, beldur adi, ene arreba maitea, ire leiaren atzean gelditu adi, naiaren irispide ta galtzoritik at. Neska zogiena, zarrastelegi dun bere zoragarriak illargiari agertzen ba'dizkion. Garbitasunak berak, ezin din iraiñaren ukalditik iges egin. Arrak maizegi oinkatzen zetin udaberri-alabak, [9] auen kuskuak zabaldu baiño lenago ere, ta gaztetasunaren intza, goiztarrago ta garbiago dan giñoan, errazago ere aize itsaskorrak igartzen. Ernai ago, bada; beldurra baiño begirale oberik ez dun. Gaztetasuna berez dun matxintzale, naiz ta alboan zirikatzaillerik ez euki.

OPELE: Gogoan eukiko zetikat esakun osasuntsu oriek, nire biotzaren zaintzat. Baiñan, ene neba ona, ez adi ari aldarrikari zorrotz batzuen antzera; zerurako bide latz, lartsua besteai erakutsi, ta aiek, galuts arroak bezela, atsegiñen lorezko inda oinkatzen ditekenak, beren onuai ez-axolak.

LAERTE: Ez beldur izan neregatik. Geiegi luzatu naiz, ordea, ta ona emen aita.

 

(POLONI sartzen da)

 

LAERTE: Onespen bikoitza, esker bikoitza; birritan agur egin al izatea zorionekoa da.

POLONI: Oraiño emen, Laerte! Ontzira, ontzira! Au lotsa! Aizeak zure ontziaren txopan putz dagi ta lagunak zure begira dituzu. Zatoz onara; nire onespena zurekin ! Eta alegin zaitez zure gogoan tinkatzen arau gutxiok. Ez eman zure gogamenai mingaiñik, ez gogamen egokiezai egiterik. Izan zaitez lagunartekoa; iñolaz ere lagunabarra. Zure adiskide artuak lotu ezaiezu zure gogoari altzairuzko kakoez, ez mazkurtu, ordea, zure eskua, edozein lagun berri laztanduz. Liskarrean sartzetik begira zaitez; sartuzkero, ordea, ekin, aitzikoa zuregandik begira bear dedin eraz. Eman guziai zure belarria, gutxiai ordea, zure mintzoa. Entzun besteen espenak, baiñan ezkutatu zure iritzia. Yantzi zaitez zure zizkuak ordain lezaken bezain garesti; geikeri gabe, ordea: yoririk, baiñan ez nabarmenki; izan ere, yanzkeratik ezagutzen da gizona sarritan, eta Frantzi'n, mail eta nare goinetako lagunak agoxuriak dituzu gai ontan. Ez artu, ez eman mailleguz: mailleguz emateak, dirua ta adiskidea erabat galdu erazten baititu maiz; eta yesateak, zurtasunaren sorbatza kamusten du. Eta guziz ere: izan zaitez zure buruarekiko egitia, ta ortatik datorke, egunetik gaua bezelaxe, iñorekiko gezurtia ezin izango zerala. Ongi ibilli: nire onespenak ondu dezala guzi au zuregan!

LAERTE: Nire agur apala, yauna.

POLONI: Aldiak dei gagizu; zoaz, morroiak zure begira daude.

LAERTE: Agur, Opele, ta oroi zaitez nire esanaz.

OPELE: Nire oroimenean itxia duk eta erorrek daukakek giltza.

POLONI: Zer zesaizun, Opele?

OPELE: Hamlet yaunari buruzko zerbait.

POLONI: Ongi esana, alegia! Esan didate oraiñagotik, gero ta sarriago ari dala zurekin berezian eta zerorrek oso atsegiñez ta zabalik artu duzula. Au onela baldin ba'da oarpentzat yakin erazi didatenez esan bear dizut, ez duzula zure buruaz, nire alabari ta zure ospe onari dagokion uste garbia. Zer dago zuen artean! Aitor ezadazu egia.

OPELE: Bere maitasarrearen eskain asko egin dizkit oraiñagotik, yauna.

POLONI: Maitasarrea! Bo! Orrelako galbideak ez dazagutzin neska elduez bat bezela mintzatzen zera. Eta aren eskaiñak, deitzen dituzunez, siñesten al dituzu?

OPELE: Ez dakit zer uste izan bear dudan, yauna.

POLONI: Aladonea! nik esango dizut: uste ezazu, eskain oriek legezko dirutzar artu ditun aur bat zerala; eskain ezazu zure burua sari goragoan, ala esakuntza gaisoa ez ler eragiteko ni naukakezu zuri eskainka [10].

OPELE: Irudi onez agertu dit bere maitasuna, yauna.

POLONI: Irudi, bai, ongi diozu; utikan!

OPELE: Ta bere itzak, zeruko zin aundienez, sendetsi zitun, yauna.

POLONI: Bai, istingorretarako arteak. Ba-dakit zein oparo damazkion ziñak gogoak mingaiñari, odolak dirakinean. Ez artu, ene alaba orrek, sutzat, bero baiño argi geiago damaten pirrinta oriek, geien agintzen duten unean bertan erabat itxugintzen diranak. Zurrago izan zaitez, gaurdanik, zure neskatxa ageriari buruz; ez merkatu zurekin yardukitzeko eskerra, eragiteko dei uts bateri amor dagiozularik. Hamlet erregegaiari buruz, gogora ezazu gaztea dala ta zuri ematen zaizun baiño ibiltzeko soka lasaiagoa dula. Labur, Opele, es ziñetsi aren eskeintzak, beren yanzkiak darakusan margoaren bitartekoak ez baitira; obeki lilluratzeko sainduki mintzatzen diran andrekari malmutzak baizik. Bein ta betiko: ez dut gaurgero nai, argi ta garbi mintzatuz, Hamlet yaunarekin izketan edo solasketan astirik gal dezazula. Begira gero; agintzen dizut. Zoaz.

 

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Zelaia.

 

HAMLET, ORATI ta MARKEL sartzen dira.

 

HAMLET: Aizeak suminki ausikitzen du; otz aundia da.

ORATI: Aize gorri-gorria dago.

HAMLET: Ze ordu da?

ORATI: Amabiak zintzilikan daude, nik uste.

MARKEL: Ez, yoak dira.

ORATI: Bai ote? Ez ditut entzun. Orrela ezkero, urbil dugu iratxoa egurastu oi dan garaia. (Urrutiko turuta-otsa ta suaga-dunbotsa) Zer da ori, yauna?

HAMLET: Erregea gau guzia xuritzen ari da, zurrut ugariz ta dantza zaratatsuz alderoka, ta, edontzi bat Rhin ardo ustutzen dun bakoitzean, arratzak eta turutak irrintzi dagite aren apalondokoa goraipatzeko.

ORATI: Oitura al da ori?

HAMLET: Bai, oitura dugu. Alabaiñan, emengoa naizan arren eta orrelako ekanduetara egiña oitura ori yarraitzea baiño austea egokiagotzat daukat. Yan-edan zakar oriek dirala bide, beztutzen eta iraintzen gaitute erriek, ekeratik oixezkiraiña; gu ordiak deitu ta gure omena esakuntza zikiñez orbantzen dute. Ta, egiz, naiz ta gure egitsariak arrigarriak izan, beren aintzaren muiña ta mamia galtzen dute orrekin. Orrelaxe gertatu oi da sortzezko akatsen bat duten gizakumeetan, bai yaiotzez ta ontan ez dira errudun, nork bere yatorria ez baitezake aukeratu, bai, sarritan, gogamenaren esiak lurreratzen ditun olderen baten nagusitzagatik, edo ta, aien gizabidea garraztutzen dun aztura batengatik. Onako lagun auek, diot, alako akats baten xakia daramatenak [11] , naiz ta aien ekandunak oro, Yainkoaren eskerra bezain garbiak eta gizonak izan ditzaken bezain ugariak ba'dira ere, gutxietsiak izango dira guzien iritzian, noku berezi argatik. Gaitz tanta batek beeratzen du, bere antzera, gorputz bikain osoa.

 

IRATXOA sartzen da.

 

ORATI: Ara, yauna, ba-dator!

HAMLET: Aingeruak eta zeruko artekariak, babes gaitzazute! Naiz gogo ongille, naiz mamu gaiztoa izan; zeruko atsa, naiz sulezeko putza; zure asmoa dala ontsua, dala dongea; orrelako itxuratan agertzen zera ta mintzatu nai dizut: zuri nago, Hamlet, errege, aita, Danemark'eko bakaldun, erantzuidazu! Ez nazazu oiñazetu ez-yakiteaz; esaidazu, arren; bizigabe eortzitako zure ezur donetsiek, zergatik urratu dute beren ilyantzia?; zer dala ta, bakez ezarria ikusi ziñuzagun illobiak, bere aitzurdiñezko autz aztunak zabaldu ditu zu egozteko berriz? Zer esan nai du, zu altzairuz yantzitako illotz ori, illargitara itzultzeak, gaua izuikaraz bete ta gu, izadiaren yostailluok, gure gogoen irispidean ez dauden oldozkai minkorrez dardaratzen gaituzula? Esazu, zergatik guzi au? Zer dala ta? Zer egin bear dugu?

 

IRATXOA'k kiñuak dagizkio HAMLET'i.

 

ORATI: Berekin yoateko aieruak dagizkizu, bakarrean zerbaiten berri eman nai bai'lizun.

MARKEL: Begira nolako eskuketa adeitsuz, dei dagizun leku baztertuago batera; ez zaitez argana!

ORATI: Ez, iñolakoz.

HAMLET: Ez du mintzatu nai; narraikioke, beraz.

ORATI: Ez egizu orrelakorik, yauna.

HAMLET: Zergatik? Zeren beldur naiteke? Ez nuke eskimel bat emango nire biziaren orde; nire gogoari buruz: berriz zer legioke, bera bezelako illeziña izanda? Berriz ere, yarraitzekoa egiten dit... Banoa.

ORATI: Ta uiñetarantz ba'zarakar, yauna, ala itsaso gaiñean aurreratzen dan arkaitz orren tontor ikaragarriruntz eta an, beste itxura izugarriren bat artu ta, zure adimenaren nagusigotik erotasunera amiltzen ba'zaitu? Gogotan artu ori. Lekuak bakarrik, beste ezer gabe, etsipenezko usteak sortu litzake, itsaso sakona begiratu ta aren orroa azpian entzun duken edozein gan.

HAMLET: Dei egiten dit oraindik ere. Ots, narraikizu.

MARKEL: Ez zera yoango, yauna.

HAMLET: Kendu eskuok!

ORATI: Izan zaitez zentzuzko, ez arganatu.

HAMLET: Nire alabearrak deadarka diñardu, nire soiñaren ari samurrena Nemai'ko leoiaren [12] kirioak bezain sendoa egiten dularik. Dei dagidat oraindik ere! Ken eskuok, yaunak! Ala Yainkoa, iratxo biurtuko dut eragozten nauna! Alde, desaizuet! Zoaz, ba-narraikizu.

 

IRATXOA ta HAMLET irtetzen dira.

 

ORATI: Irudimenak beretik ateratzen du.

MARKEL: Garraizkion; ez diogu ontan men egin bear.

ORATI: Goazan aren atzetik. Nora yoko du guzi onek?

MARKEL: Zerbait ustelik dago Danemark'eko yaurerrian.

ORATI: Yainkoak ongitu dezala.

MARKEL: Ots, garraizkion.

 

(Irtetzen dira)

 

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Zelaiko beste leku bat.

 

IRATXOA ta HAMLET sartzen dira.

 

HAMLET: Nora naramazu? Mintza. Ez noake aruntzago.

IRATXOA: Entzun nazazu.

HAMLET: Ba-dantzut.

IRATXOA: Urbil dago, sulburrezko gar oiñazgarriatara bearra naizan ordua.

HAMLET: Ene, arima gaisoa!

IRATXOA: Ez errukitu nitzaz; ipiñi, bai, ordea, buru-belarriak agertuko dizudanari.

HAMLET: Mintza! Zuri entzuteko beartua nago.

IRATXOA: Nire apentzaillea izateko zaudeke entzungo duzunean.

HAMLET: Zer?

IRATXOA: Zure aitaren arima naiz; aldi batekotz, gauez noragabe ibiltzera ta egunez garretan barutzera epaitua, bizitan egin nitun ogen iguingarriak xiratu ta garbitu ditezan arte. Nire espetxeko zadorrak ageri egitea gebendua ez ba'legokit, esango nizukenaren itz xumeenak zure gogoa ikaratu, zure odol gaztea izoztu, zure begiak izarrak antzo, aien betzuloetatik erauzi ta zure lakain estu ta zizurrok banatu egingo lituke, ille bakoitza laztuz, arantzurde suminduaren ziak iduri. Betikotasunaren barne ostenok, ordea, ez dira aragizko belarrietarako. Adizu, adizu, oi, adizu! Iñoz maite ba'zenun zure aita laztana.

HAMLET: Ene Yainkoa...

IRATXOA: Apendu ezazu aren eriotze zital, zikiña.

HAMLET: Eriotze!

IRATXOA: Eriotze zitala, eriotzea beti danez; auxe duzu, ordea, zitalena, zikiñena, ta izaera-kaltekoena.

HAMLET: Yakin-eraz ezadazu bereala, irudimena edo maite-gogoetak bezain ego-arin asperkundera egaz dagidan.

IRATXOA: Adoretsu zakust. Eta Letai'0ko [13] ertzetan berez zustraitzen dan belar lodia baiño sorgorragoa izango ziñake nire esan onek eragingo ez ba'ziñu. Adizu, Hamlet: nire loretegian lotan nengola suge batek ziztatu omen niñun. Danemark-erri osoaren belarriak atzipetu ditute zakarki gezur-esan orren bidez. Yakizu, ordea, nire mutil zindo orrek; aitari orzkatu zion sugeak nire buruntza dauka orain.

HAMLET: Nire gogo igarle au! Osaba!

IRATXOA: Bai, pizti ezkontza-nasle ta aidekeri-egille orrek, bere sorgin-antzeaz ta bere emai maltzurren bidez, antze ta emai madarikatuak lilluratzeko orrelako almena dutenak nire erregiña guziz garbia zirudinaren gogoa, bere lizunkeri alkegarriaren yopu egin zun. Oi, Hamlet, aren erorikoaren aundia! Ni ta ezkontzean egin nion agintzarekin beti bat etorri zan aire maitasun garbia utzi, ta aren izatezko tasunak nireen aldean ain azpikoak diran doillor batenganaiño beeratu! Baiña garbitasuna beti ustel-eziña izango dan bezela, nai ta ari aragikeriak zeruko itxuraz zirikatu, orrela lasaikeria, aingeru distikor bateri lotua ba'dago ere, oe zerutarrean gogaitu ta sastegira bearra da bazka billa. Baiña, geldi! goizeko aizea sumatzen dut eta labur izan bear. Nire loretegian, oi bezela, abaro negin; nire atsarte artan, zure osaba sartu zan gerizka, irabelarrezko gerli aiñenekoa ontziño batean zekarrela ta nire belarri-atarian erion ustelkorra isuri egin zidan. Orren eragiteak, giza-odolarekiko ain arerioa izanik, gorputzaren bide ta odietan barna, zillarbizia bezain laster dagi ta, beingozko indarraz, esnean isuritako tanta garratzek bezela, odol me ta osasuntsua ziatu ta gantzagitu egiten du. Orrela yazo zitzaion nireari ta, sostean, legenar zikiñak nire aragi legunean sartu ta zakar nazkagarriz yosi zun. Eta orrelaxe nik, lotan nengola, bizia, buruntza ta erregiña galdu nitun batera, anaiaren eskuz. Nire ogenen loraldi betean igitaitua, elizakoak artzeke, atontzerik gabe, nire garbiketa egiteke, buru-gaiñean nire utsegite guziak nitula, ebazkuntzara bidali niñun. Izugarria! Izugarria! Oi izugarriegia! Biotzik ba'duzu ez ezazu yasan. Ez utzi Danemark'eko errege-oea lizunkeri ta aidekeri nardagarrizko etzangia izatea. Baiñan egikizuna nolanai bururatzen duzula, ez kutsutu zure biotza ez utzi zure gogoari amaren aurkakorik asmatzen. Eman ura Yainkoari ta ari zauritu ta ziztatzeko aren bularrean erne diran arantzai. Orain, agur! Ipurtargiak, zurbiltzen asi dan bere nirnir kolokaz, goizaldearen urbilla iragartzen du; agur, agur, agur! Oroi zaitez nitzaz.

 

(Irtetzen da)

 

HAMLET: Zeruko gudari taldeak! Lur ori! Aski da, ala sulezea gaiñeratu bear dut? Ez, ez. Eutsi, ene biotza; zuek, ene zaiñok, ez auldu ziztakoan eta zutik euki nazazute. Zutzaz oroitzeko! Baiki, arima zorigabe ori, buru nastu ontan oroimenak yarlekurik dukeño. Zutzaz oroitzeko! Bai, ezabatu egingo ditut nire oroimenaren lerrokadan gaztetasunak eta oartzeak irarri zituten edozein gomuta alperrikako, liburuetako esan-mesanak oro, igazitako bulko ta zirrara guziak, zure agindua bakarrik bizi dedin nire burumuiñaren idaztian, gai azpikoren nasterik gabe; bai, ala Yainkoa! Zu emakume zin ausle ori ! Zu, doillor, doillor, doillor irribera madarikatu ori! Nire oltxoak! On izango da idaztea, beti irriparrez egon ta ere, zitala izan daitekela gizona. Danemark'errian, beiñik-bein, ori ikusi daiteke (Idazten du). Ots, osaba, emen zaude. Orain nire itzera: «Agur, agur! Oroi zaitez nitzaz!» Zin egotzi dut.

ORATI ta MARKEL (barrenan): Yauna, yauna!

MARKEL (barrenan): Hamlet yauna!

ORATI (barrenan): Yainkoak lagun dagiola!

MARKEL (barrenan): Ala biz!

ORATI (barrenan): Eup, eup, yauna!

HAMLET: Urra, txikitxo ori! ator, txoritxo, ator! [14]

 

ORATI ta MARKEL sartzen dira.

 

MARKEL: Zer gertatu da, yauna?

ORATI: Zer berri?

HAMLET: Ene! arritzekoa.

ORATI: Esaiguzu, yaun maite orrek.

HAMLET: Ez, ageri egingo zenukete.

ORATI : Ez nik, ala Yainkoa!

MARKEL: Ez nik ere, yauna.

HAMLET: Zer deritzazute, bada? Zein giza buruk ziñetsi lezakean iñoiz? Baiñan, aopean daukakezute?

ORATI ta MARKEL: Bai, Yainkoarren, yauna.

HAMLET: Ez dago Danemark osoan doillor bat... zital oso ta betea ez dana.

ORATI: Ori guri esateko ez du iratxo batek bere illobitik irten bearrik, yauna.

HAMLET: Bai, egia; egian zaude. Geiagokorik gabe, beraz, eskuak elkar estutu ta yoatea dagokigula uste dut: zerok, zeron egiteko ta atsegiñetara edozeiñek baitauzka bere egiteko ta atsegiñak eta ni gaiso au, aldiz, otoi egitera.

ORATI: Oriek ez dituzu adin eta zentzun gabeko itzak baizik, yauna.

HAMLET: Mintzen zaituztelako garbai naiz biotzez; bai, biotzez.

ORATI: Ez dago miñik, yauna.

HAMLET: Bai, Orati, ba-dago, ala Patrizi gurena [15], ta aundiegia gero. Agerkari orretzaz esan bear dizuet iratxo agurgarri bat dala. Bera ta bion artean gertatua ezagutzeko zuen yakinmiñari buruz, ordea, beza ezazute al duzuten eraz. Eta orain, adiskide onak, adiskide ta iskillu-lagunak zaituztan ezkero, indazute esker txiki bat.

ORATI: Zein, yauna? Zaude guri.

HAMLET: Ez agerrarazi, egun ta beti, gau ontan ikusi duzutena.

ORATI ta MARKEL: Iñoz ere ez, yauna.

HAMLET: Ongi da, alabaiña, zin egizute.

ORATI: Nire itza damaizut.

MARKEL: Bai ta nik nirea ere.

HAMLET: Nire ezpata gaiñean.

MARKEL: Zin egin dugu, yauna.

HAMLET: Ots, nire ezpata gaiñean, ots.

IRATXOA (lurpean): Zin egizute.

HAMLET: A, a, mutil! zerorrek diozu ori? ortxe zaitugu, lagun ona? Ots, ba-dantzuzute adiskidea azpian. Zin egizute, arren.

ORATI: Erakutsaiguzu zin egikera.

HAMLET: Ez mintzatu iñoiz ere ikusi duzutenaz; zin egizute nire ezpata-gaiñean.

IRATXOA (lurpean): Zin egizute!

HAMLET: «Hic et ubique?» [16] Lekuz alda dezagun, bada. Bertara zaitezte, zaldunok. Ezarri itzazute eskuak nire ezpata gaiñean: ez mintzatu iñoiz ere entzun duzuten onetzaz; zin egizute nire ezpataz.

IRATXOA (lurpean): Zin egizute!

HAMLET: Ongi esana, sator zar. Orren laster dagikezu lurpean? Ori aitzurlari sekulakoa! Beste lekura gaitezan, berriz ere, adiskide onak.

ORATI: Eguna ta gaua! Andia da au, arritzeko beste!

HAMLET: Bestekoari bezela, bada, txera ona egiozu. Ba-dira zeruan eta lurrean, Orati, zure pillosopiak ames dagitziken baiño gauza geiago. Zatozte, ordea. Zin egizute len bezela, ta Yainkoaren ederra zuekin bego, nire yarduera guziz bakana ta nabarmena izan ta ere gaurgero gisa oiesak irudi egitea egokitzat eukiko ditut, apika; zin egizute, dasaizuet, orrelako gertarietan ikusiko nauzutenetan, iñoiz adiraziko ez duzutela, onela besoak uztartuz edo onako zirkin au buruari eraginda, edo onelako: «Bai, bai, yakin ba-dakigu», edo «Nai ba'genu, bagenezake...» edo «Baldin itz ba'genegi...», edo «Bide ba'litzakio, ba-dago norbait...» edo beste orrelatsuko itzerdiren bidez, nitzaz zertxobait ba-dakizutela. Zin egizute ta Yainkoaren onginaiak eta errukiak lagun dagizuetela zuen larrialdietan.

IRATXOA (lurpean): Zin egizute!

HAMLET: Nare zaitez, nare zaitez arima erratua! (Zin dagite) Onela, bada, yaunok, zerongan yartzen dut nire ustekaria biotz-biotzez. Eta Hamlet bezelako gizon apal batek bere onerizko ta adiskidetasuna zuei erakusteko dagiken guzia, ez zaizue peituko, Yainkoa lagun. Sar gaitezan elkarrekin. Eta eukazute beti, arren, atza ezpain gaiñean. Gizartea naspildurik dago. Oi, nire zorigaitza ura zuzentzeko yaioa naiz ta! [17]. Ots, zatozte, goazan elkarrekin.

 

(Irtetzen dira).

 

 

 

1. Ez dakigu ziur noiz idatzi zan «Hamlet». Ezta noiz ta nun lenengoz antzeztu zan ere. 1600 edo 1602'garren urtean idatzi zala uste dute geienek.

2. Entzuleen gogoa bestetara eramateko ipintzen du Shakespeare'k Beñat'en izketa au. Beñat'ek izarra beatzaz darakusan artean, Iratxoa beste aldetik agertzen da.

3. Orati'ren itz auetatik argi ikusten da «Hamlet» idaztean, Shakespeare'k idatzi berria zun «Yuli Kaisar»ez beterik zeukala irudimena.

          «Izar ezatsua» illargia da.

          Eleketa onen bidez, Shakespeare'k entzuleen gogoa barraiatzen du, berriz ere, Iratxoa'ren sarreraz geiago ikara ditezan.

4. Zimardika edo itz-yoko bat dugu emen. «Kin» (aide) ta «Kind» (on) itzak darabilzki Shakespeare'k. Guk «lenbiziko» ta «irebiziko» erabilli ditugu oskide-yoko bat dala gogoraturik.

5. Wittenberg'eko Ikastetxe Nagusia ez zan 1502'garren urteraiño irasi. Shakespeare'k ordea, ez dio axolarik ematen orrelako utsai.

6. Hiperion edo Apolon beste izenez, Edertasunaren Yainkoa zan elendarren baitan.

7. Apolo'k eta Diane'k amalau seme-alabak il zizkioten Niobe ori, ama oiñazearen iruditzat gelditu da.

8. «Oe kutsutura» («incestuous sheets»). Arrebatzako ta nebatzakoen (koñataen) artean ezkontza, aidekeria zan aldi artan.

9. «Udaberri-alabak»: loreak.

10. «Tenders» itzaz Shakespeare'k dagizkin zimardikak. Euskerara biurtzeko «eskain» erabilli ditut nik.

11. Izan ere, Hamlet bera dugu, akats bat dala bide, bere tasun eta onbideak oro ondatzen dituna.

          Emen ere; eleka luze onen bidez, entzuleak bestetaratzen ditu Shakespeare'k, Iratxoa'ren sarreraz arritu ditezan.

          Azkeneko neurtitzak:

                    «...the dram of eale

                    Doth all noble substance of a doubt

                    to his own scandal».

          ulerkaitzak dira.

12. «Nemai'ko leoia». Erkule'k erail zuna.

13. «Letai», oroitezaren ibaia zan.

14. Hamlet'ek eiztariarena egiten du. Bere buru-nastua agertzen asten da. Ondorengo neurtitzetan agiri da, arrigarriki, Hamlet bere zadorra esateko ta isiltzeko beraren buruaz burrukan.

15. Patrizi Gurena (Done Patrizi), Ireland'eko zaindaria.

16. «Hic et ubique?». Laterazko esakara: «Emen eta orotan?»

17. «Itz auetan dago Goethe'k dio Hamlet'en yokabide guziaren giltza».

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 

 

Hamlet, William Shakespeare
Antzez-lagunak / Lenbiziko atala / Bigarren atala / Irugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Itzaurrea / Antzerkiaren aria / Iztegia

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


susa-literatura.com