200 urte George Borrow jaio zela
1803ko uztailaren 5ean jaio zen, Ingalaterrako East Derehamen, George Borrow. Elkarte Bibliko protestantearentzat lanean jardun zuen Europan eta Euskal Herrian, eta gure berri eman zuen bere lanik ezagunenetako batean: The Bible in Spain. Euskarak erakarri zuen eta 1838an Evangelioa San Lucasen Guissan eman zuen Borrowk berak argitara, Oteiza medikuak euskaratutakoa. Ijito-munduan aditua, ebanjelioa calo hizkuntzan ere argitaratu zuen. Hizkuntza asko ezagutzen zituena, The Bible in Spain liburuan, pasarte solteez gain, euskarari eta euskaldunei eskainia da 37. kapitulua. Berau irakur dezakezue hemen, jatorrizko ingelesezkoa, eta baita kapitulu horren eta beste pasarte batzuen gaztelaniazko itzulpena, Justo Garatek egina eta Revista Internacional de Estudio Vascos-en 1929an argitara emana.
George Borrowri buruz artikulua kaleratu zen Oh Euzkadi aldizkarian, eta berari buruz Julio Urkixok ere jardun zuen Vascófilos ingleses izeneko artikulu batean, 1934an RIEVen plazaratua.
Lur bat zure minari
Jose Luis Otamendiren Lur bat zure minari poema liburua duzu aste honetan osorik eskaintzen dizuguna, Susak 1995ean argitaratua. Gainera, liburuko zazpi poema Otamendik berak errezitaturik entzun ditzakezu, eta nahi izanez gero beste hamalau ere bai "Zainetan murrailak" eta "Poza eta gero" liburuetakoak. Datorren astean: Unai Iturriagaren Berandu da gelditzeko nobela.
Harkaitz Canoren poemak ingelesez
Justin Crumbaugh adiskideak Harkaitz Canoren Norbait dabil sute-eskaileran liburuaren "Sismografia" ataleko lau poema ingelesera itzulirik igorri dizkigu. Hortxe dauzkazue: "Late breaking news", "Poetry is fiction (and a horn)", "12 old sardines for immediate consumption" eta "The moment".
Beti paratuko naiz gizonaren alde Lekeition
Lekeitioko Kale Antzerki jaialdiak aurrerantzean beti poema bat izango du goiburu moduan. Aurten Gabriel Arestiren Beti paratuko naiz gizonaren alde hautatu dute. Uztailaren 11tik 13ra bitartean burutzen da Lekeition Euskal Herriko Kale Antzerki jaialdia.
Efemerideak
1682 uztailak 3: Pedro Inazio Barrutia jaio zen Aramaion.
1865 uztailak 3: Karmelo Etxegarai jaio zen Azpeitian.
1901 uztailak 4: Bingen Amezaga jaio zen Algortan. Besteak beste, Shakespeareren Hamlet eta Wilderen Reading baitegiko leloa euskaratu zituen.
1893 uztailak 5: Juan Garbizu jaio zen Lezon.
1915 uztailak 5: Frantzisko Zalakain jaio zen Errenterian.
1935 uztailak 5: Jean Louis Davant jaio zen Urrustoin.
1782 uztailak 6: Bizenta Mogel jaio zen Azkoitian.
1946 uztailak 6: Felix Markiegi hil zen Bahia Blancan, Argentinan.
1875 uztailak 9: Jean Barbier jaio zen Donibane Garazin.
1877 uztailak 9: Pierre Lhande jaio zen Baionan.
1999 uztailak 9: Jose Antonio Loidi hil zen Irunen.
Agenda
Kirmen Uribek "Zaharregia txikiegia agian" ikuskizuna aurkeztuko du uztailaren 5ean (larunbata) 23:00etan, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Ruedagaz batera Gasteizko Aihotz plazan.
Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.