ILARGI BETEKO GAUETAN... - 1

 

Ilargi beteko gauetan lepo gibeleko zain meharrak haserretzen

zaizkit, lotsa naiz, menturan nabil, heriotz gutizia-

ren ikara zizkolatsuak nabaditzen ditut, bai edo ez,

zalantzan nago, zuri pentsatzen dut: zure irriak,

zure begiak, zure ezpainak...

ilargi beteko gauetan hotzak dira hormak, malgoak hunki ez

ditezkeen ilunaren molekula iheslariak, non daukat

idatz makina?... maite zaitut gaua, ez dakit ordea

nola esprimituko dizudan gorrotoa...

ilargi beteko gauetan haragian min dut, gizakumea zartagailu

landerosa da, gorputzeko daldara bakoitzean Kala-

hari mortuko leize gorriak itxuratzen dˇtut, maitea

sendatu nahi dut, eraman nezazu itsas leihorrera

maitea, edo apurtuko naiz...

ilargi beteko gauetan westernetako heroe garraituen colt

herdoildua eskuetan datxikat, mendekatuko naiz,

burdinezko kutxa herabeetan lotan dauden larrosak

ebasteko banko urgulutsuetako berinak hautsiko

ditut, formarik gabeko aditza naizela dirudit, maite

zaitu, eta finitzeko bala bat tiratzen naiz bi begien

erdian...

ilargi beteko gauetan mila aldiz egiten dut munduaren itzulia

lasaitasun pixkat aurkitzearren, edo hamabost bizi-

tza desberdinetaz janzten naiz: behin diamante sal-

tzale nabil Botswanan, gero kataklismoak erre lu-

rretan Mad Maxen sekretario pertsonala naiz eta

azkenik puta merke Paramariboko Jimmyren ta-

berna argituan.

ilargi beteko gauetan nere burumuina geltoki erraldoia da: trenen

altzeiruzko erroten zarata gurintsuak entzuten

ditut, zorabiatzen naiz, ba noa, ba nator, ba hator

maitea? noraino desiratuko haut?

ilargi beteko gauetan «ni» debekatuz hantu hizkuntza

sistemak eraikitzen ditut, nortasun galduen sin-

taxiak, destroy filosofiaren gramatika aberatsak,

ezaren nor-nori-nork motelak, bizi naizela amesten

dut, amets bezala bizitzen naiz...

ilargi beteko gauetan, ai izotzak biloak koropilatzen

nehork hilen hiriko karrika desolatuetan zuri pen-

tsatzen bakarrik nabil eta nabilenean (irriak, ezpai-

nak, bularrak marrazkitzen dizkizut): zure aldame-

nean oi gozoan, segurrean, beroan nindaikeela!

ilargi beteko gauetan urruneko mendi urdinak dakuskit

irekitik, nola jakin zer ordu den, zigarroa pizten

dut denboraren oinarrizko ezaugarriak errautsetan

aˇratzen zaizkidalarik.

ilargi beteko gauetan hiruetan edo lauetan haserrea jabaltzen

zait...

 

© Itxaro Borda


susa-literatura.com