BANINTZ AFRIKAN SORTU - 2
Isiltze hormatuak amesten ditut gaur:
gauez gau zain lodi orlegietako molekula bizkorrak,
esperantzaz eta kemen zintzoz hantuak nekadura handiak
bat-batean udalatu dizkit.
isiltze hormatuak
baserrian egoten naiz ur eskasez lehortzen diren belarren
artean erdi aroko ermita inspiratua iduri, kalitate
merkezko polizi nobelak irakurtzen, edo Leonard Cohenen
songs from a room entzuten.
haserre nago ardura ez dakit ordea zergatik.
isiltze hormatuak amesten ditut gaur
arratsetako delirio beltzetan piztien begi gorrituegiak
gailurretako eremu haizetsuetan zartatzen, apurtzen,
errauts bihurtzen suma ditzazket.
isiltze hormatuak edo ezaren blues mutuak:
loa, pertsona zuzen normalen loa ezin lortuz erre eta
erre aritzen naizelarik gau osoak egun argi zaizkit.
euriaren eta ilargiaren borroka gogorrak sor arazten
dituen iluneko ortzadar koloredunak ikusten ditut,
baina nehork ez nau sinesten, edo igelen oihu sinfonikoak
gerorako poesi materia gisa zinta higatuetan grabatzen,
diote burua galdua dudala.
ezaren blues mutuak
ez dut adrenalinarik aski produzitzen estrategia zaharren
arabera atakatzen nauten konformismo lasaiaren armada
segurrei kolpeka erantzutcko,
isiltze hormatuak amesten ditut gaur
isiltze hormatuak edo kaos aurreko haur:
bizitzaren flipper zaratsuan arras malestruka naiz.
partida frango pagatzen ditut baina beti score ttikiak
ardiesten: etsiturik nago eta flipper'ak madarikatzen
ditut ondarrean.
ezaren blues mutuak
gero pentsatzen dut erreakziorik hoberena, nere kasu
debaldean negarrez hastea dela: saia eta saia ez zait
malko malerus bat ere ixurtzen. hamasei urtetan baino
altzeiruztatuago naiteke menturaz. orduan behintzat
erromantikua nintzen, orain ezer ez.
isiltze hormatuak
laino gainetako ezpazio zabatetan beldurrak, lotsak,
herabeak hegaldaka dantzari dabiltza arrano gosetiak
bezala.
elur egin dezala Tenereko mortuan...
kaos aurreko haur
izatea barnetik deskonposatu nahi dut, idealezko
ama mitologikoen sabelera itzuli, iragan garaietan
atzerago joan, ulertuko ditudan bizitzaren oinarrizko
mekanismo konplexuak isilune dorpe honetan
aurkitzearren.
isiltze hormatuak
afari gaitzak antolatzen dituzte auzo bereko lagunek
ilusioak saltsa gurintsuetan hurrupatzeko eta nik
kondenatuen azken porru salda iresten dut hertzeak
kalamitate bortitzen ondarkinetarik garbitzeko.
ezaren blues mutuak
kaos kosmikoa nere mundua da. haragia hitz bilaka
dadila bi mila urte iraun duen bitxikeria hau hortan
akabatzeko.