III
Segi...!
Elementu konfliktiboa desagertzekotan, zeure arazoak oro ere desagertu.
Behin eta berriro «elementu» eta «elementu»ari ekiten dio. Bai era berezia Marisari deitzeko, arraio! Berau dela ematen du. Marisarentzat ere Naturaren gizakiak oro, elementuak. Baina ez dut oraindik ulertu zer esan nahi duen txoriburu honek «desagererazi» esateaz.
Esan diezadakezu, mesedez, ez bazaizu molestia haundirik, nola demontres egingo nukeen hori, e? Zer gomendatzen didazu, pistola, arsenikoa, ittopena, ustegabeko istripua...?
Lasai, lasai, Migel...
Une honetan nik bera eta bere lasaitasuna tiratu, pozoin, itto eta leihotik bultzatzea gustatuko litzaidake. Lasai egoteko berriro badiost, hil egingo dut, Jainkorako!
Ez da hori, ez. Burutu nahi duzuna, oso erraza... eta zaila batera...
Bai? Nola?
Ba... dena da Marisa ez ikustea.
Baina... adarra jotzen dit lerdo mokordo honek? Orain dela, hain zuzen, hiru une, lau hilabete eta... esku-nahastea eginik neure erlojuan begiratzen dut data eta hamasei egun ez dudala Marisa ikusi. Bai onerako eta bai txarrerako ere.
Egiazki, Carlos. Adarra jotzen ari zatzaizkit.
Lasai, Migel, lasai... Baina... zer duzu? Zergatik begiratzen nauzu horrela? Beldurra ematen didazu, Migel, laguna... Ez zaitezjaiki! Entzun, entzun eidazu esan nahi dizudana! Honela hobeto. Eskerrikasko.
Ixil, modorro! Ixil eta segi!
Bai, bai. Begira, aspalditik ikusi ez duzulako Marisa zure bizitik desagertua dela uste duzu. Eta klarki ikusten da ez dela egia. Bera toki guztietan duzu, nahitaez. Elkarrekin ikusi zenituzten gauzetan. Beste edonor berak egiten zuen keinuren bat egiten ikusten duzun bakoitzean...
Bai, egia da. Bera, Ereagako hondartzaren aurrez aurre dago, non lehenengoz elkar maite baikenuen. Bera, goxotegiko leihatilak begiratzen ditudanean, merenge eta txokolatezko uhinetan zehar pulunpaturik. Bera, marraskilo-erretilu izugarri gorrietan, zilo ñimiñoan dotoreki arakatuz eta
«Gustatu egiten zaizkit, bai. Pentsatu baino gehiago» esanez. Bera, nire kontsultategiko andre guztiengan, zeintzuk bere peto petoak baitira. Bera, autopistatik ikusten ditudan baserri urrunetan, eta ni, auskalo zein izango ote berea, etsiaz. Bera, nire etxeko objektu iraunkor guztietan, eta ni, hark oro aldatzeko, beraren etorreraren zain. Bera, nire mesanotxearen gainean maskorrezko irudi izugarri itsusian enmarkatua, eta ni beraz amets eginez, sutsu, gartsu, etengabe eta konstanteki, gauez, goizez, une guztietan, betirako eta betikoz.
Kaka mila bider, uzkia!
Migel, Migel, esna zaitez! Entzuten didazu?
Nola ez, zaratontzi! Gorra naizela pentsatzen, ala?
Altxatu egiten naiz besaulki posesibo honetatik. Ez dakit zergatik baina psikoanalisten besaulki guztiak ikaragarri posesiboak dira. Fernando Ardanzaren kontsultategira nindoanean gauza bera gertatu. Eta lehendik ere, Aitor... Aitor haren kontsultategian hau memoria nirea, ahaztua daukat astokilo haren abizena beno, ba besaulkietako rollo berbera.
Bai beroa! Zergatik ezin sikoanalisten leihoak zabaldu?
Hau ikaraldia zutaz pasatu dudana, Migel. Zeren...
Tira, pepelerdo! Nire pazientzia ahituz zoazela...
Lasai, Migel,-la... Ezetz... Zertan nindoan? A, esaten ari nintzen andre hori hemen duzula nahitaez. Eta hemendik alde egitea burutik kentzeko.
Alde egin, nork?
Zuk zeuk, noski.
Nola?
Bai, bai, Migel. Ez nazazu honela begira, moi. Baina zeure burua osatu nahi baduzu gauza guztiak derrigorrez aldatu behar.
Zer?
Zeure etxebizitza, zeure lagunak, lurraldea ere bai. Hitz batez esanda zeure bizimodua oro, zeren toki guztietan andre hori sartua baituzu.
Esku dardartiez txikle-pastila atera eta suminduraz mastikatzeari ematen diot. Aspaldi honetan askotan honela egin behar, neure nerbioak lasaitzeko.
Ñam-ñam-ñam artean zoragarrizko ikuskaria nire begi aluzinatuen aurrean. Carlosek, basamortu amaitugabe batetan erdi urkatua dagoelarik, hamabi zentimetrotako luzerazko mihi beltz haunditua ahotik kanpo, higidura elektrikoaz eragiten du gorputza, zein bere haragi nazkagarri bila, inurri gorri depredakariek zeharkatzen baitute. Lurretik eskorpio-armada batek pintzak luzatzen dizkio, ea Carlosen etengabeko ostikoketan beraren oina harrapa dezaketen. Urkatzen ari den kaptus erraldoi arantzatuaren kontra jotzen du gorputza, ugariro odoletan daukana. Hala eta guztiz ere, nire ustez txarrena egarria da, eguzki kiskaliaren azpitik 333 egunetan edan ezinik egon da eta. Carlos gixajoa, betiko hil zorian, astiro, leun eta sotilki. Honela in sekula sekulorum.
Bapatean txiklea irentsi egiten dut, xoxoki, eta berarekin batera irudikeria zoragarria lurrundu. Erabat defraudaturik Carlosen masail gorrixkak begiratzen ditut. Bai osasuna dariola kabroi horri! Horrez gainera sanoago dirudi, bere soinetik pisu itzela kendu baitzukeen niri esan behar zidana botaz gero.
Gehiago?
Ez.
Aa.
Zoraturik, neure egoera larria aztertzen dut. Honela eta, ni neu, hain konstante, metodiko eta errealista izanez, eguneroko zereginari sutsuki lotua, ametsa zer den ez nekiena ez nekiela diot, zeren eta orain amets lerdoetan jo eta ke ni neu, aldaketaren beldurrez betidanik, neure gauzetatik aldendu behar izate horren izuz batez ere, ni, Migel Hernandez, Mikel edo nornahik deitu nahi didan bezalaxe, hona hemen, neure oreka galdua berrartzeko, aldaketarik gehiago ez izateko, eguneroko bizimoduan berriz jarraitzeko, horretarako guztiorretarako, den dena zeharo aldatu beharrean nagoela.
Jan ezazu perla hori!
A, bizi garratza, bihozbeltza eta odolzalea. Faltsu, traidore, madarikatua. Irreala. Lotsagabe. Urdindu eta pozoindua, nazka eta ikaragarria. Bizi hiltzailea. Heriotzaren borreroa.
Ez didazu irtenbiderik ematen: bizi ala hil. Edo eta hil eta bizi batera.
Kaka, nire patua! Ez ote da hau izango lokamuts madarikaturen bat, goizeko eguzkiaren izpi gazteak lurrunduko duena?
Hala biz, Jainkorako!
********************************
Arenala lehertuta dago. Han hemenka tripak irtetzen zaizkio. Erdiko kiosko herdoildua birrindu egiten da basamortu gris honetan. Adar bihurrietatik ezki amorratuek esne txarrez ikertzen naute. Barregura sartzen zait beraien biluztasun zaharra ikusiz gero. Jantzi anpulos berdeen estriptisa egin ondoren, ez dira ezer, gixajoak! Larruaren akatsak, garaun helduak, azal zaharraren kolore tximurra agerian. Ilea jausi zaie sifilitikoak bailiran. Nori bururatu zaio inausketa basati hau? Gaixotuak zeuden atxakiaz buruak moztu dizkiete. Bestela hilko liratekeela, esan diete. Ezin beste negurik jasan, ziurtatuz. Beraien onerako litzatekeela, prometatuz.
Eta udaletxeko enplegatu sano eta honestek sarraski izugarria, jo eta ke erro ustelduak kanporatuz, urteek egindako lanaren mespretxua, haize eta euriaren xerak kontutan hartu gaberik. Beso berdeak, zerurantza luzatuak zituztenak, hautsi egin dituzte. Eta orain ezkiek ezin dute amets egin. Arenaleko eremu honetan bizitzera zigortuak, betirako.
Eta hona hemen larrugorritan, lotsa derrigorrez galduta, sanoagoak, gazteagoak. Ja! Ja eta Ja! aurreritzi nazkagarri eztitsuak. Ja! ja! ja! behazuna ahotik darienei.
Neure historia alfergaldua sorbalden gainean harroki eramango dut. Ez naiz ernegarria izango, ezetz. Eta ez dut biziaren promesen azpitik heriotza ezkutatuko. Heriotza, zuek nahi duzuen bizi moeta hori da eta!
Zarama, plastiko, fruta usteldu eta gabarra-gorpuzko azal trinkoren azpitik ibai kakaztua herrenka dabil, tarteka-marteka mokordoak txuliatuz, sigi-saga angulak bezalaxe.
Gauak ez du bere edertasun tisikoa galdu. Hala ere ez nago eroso aulki zangomotz honetan. Inguruari behatzeko higitzen naizen bakoitzean, egur ustelduak kirrizka egiten du, txorokatuek oihumina. Eroriko naizelakoan nago. Erori, betirako.
Jaiki egiten naiz Museoko eserleku bitxidun honetatik. Zerbaitek diraki han, indar opakoan. Zerbait boteretsuki erakarkorrak zeinek menpera, bultza, narras zaitzala Zazpi Kaleetako burrunba zuri-beltzarantza.
Ilargi apurtuak distira erazten du Bilboko iluntasun koipetsuan.
Eta hara noa ni Maixa herrian, Maixatxo amarentzat, Mikelentzat Marisa, Isabel lanean, Maria Isabel monjen kolejioan dena batera. Hara, esperantzaren bila, etorkizunaren zai, biziari bizi eske. Hara, anbulantzi eta polizi-sirenen hots histeriko artean, lehoiaren orroe gosetiak hiriko oihanean zehar.
Arriaga antzertokiko itzel fantasmagorikoa aldamenean, semaforo oihularia, denda hil hertsiak beraien barroteez gartzelarik, jende beltzaren bultzada aurrerantza, atzerantza batez ere atzerantza, koño! guztiok oihana-deiaren atzetik.
Animali kutsua dago Bidebarrietatik igarotzerakoan. Basapiztien lekorotzak edo, asfalto koipetsu busti gainetik. Nire buruak ere kirasten du ahuntzaz, beharbada, Gorbeiako larra batetik ihes egina bezala.
Zazpi Kaleek beraien zazpi hatz okertuak erakusten dizkidate erakusten dizkigute, alegia, kortarantza abiatzen garen artaldekooi. Punki, mozkorti, arlote, poeta frustatu eta emakume antzuak; drogazaleak, ikasle alfer, umezurtz eta kinkiak, anaitasun mendekatiaz. Zoriontsu sentitzen naiz inferno gorri honetan, neure gelan bainintzen. Platzerkiz begiratzen dut tabernetatik irtetzen den lanbro satsutua, gaueko arnasa usteldua. Kaleak direkzio guztietatik sakabanatzen dira, bideek ezker-eskumaldetik ihes egiten, eraikuntzak arrapaladan doaz, eta hor, Santiagoko plazan eliza biraka. Txilio egiten dute beraren orma mardulek: askatasuna diote kabroi, putaseme, traidore, fazista eta askatasuna, diote. Heriotza, iraultza eta mendekua. Langileak, irabazi, gurea, dirua, lana, paktuak. Herria, gizarte eta askatasuna. Pixa, kaka, barrabiloak, alua eta askatasuna. Askatasuna beti, xoxoki, burugabeki, ausart eta inozenteki. Askatasuna noretzat? Guztiontzat. Guztiontzat, pepelerdoak!
Gogoz arnasten dut airean presatua dagoen pasta kiratsua. Giroak zingira bat dirudi. Neure biriketara helduriko pozoin solidoa erabat laket zait. Beharko bainuen, neure heste mum arrakalatuek honelako sendakari errea desiratuko bailute.
Ez ditut hormetako oihuak entzun nahi, eta murru lizundutik desbideratzen ditut begiak, zalaparta amatatuz. Argi moreek seinalatzen didate norabidea, harantza, gauajaio den tokira, hara, hilek bukatzen duten zerraldorantza.
Huntzostoek urratu dituzte balkoiak. Ormetan zabaldutako aho beltzen beldur naiz, beraien hauskaden izuz, beraien zorrotz hiltzaileen ikaraz. Beso harrapakariek higuingarriro ferekatzen naute neure ibilera etenez. Hezurren kirrizka ibiltari ilunengan.
Labazomorroak espaloiak zeharka. Zangoetatik igongo zaizkidalakoan. Arratoiak ikusiko ditudala ziur, bapatean. Etsi etsian zoriontsu sentitzen naiz. Barrenkale Barrenean nago. Zeru eta infernuaren mami barne barnean.
Garai honetako mamuak heriotza eta biziaren artean burrukan, batzu besteen kontra okerturik, lanbro solido astunaren azpian harrapatuak, ezerezko itsasoan erabat ittoak. Ni ere sartua naiz olatu hauetan. Deus ez, botila hutsak, beira kraskatuak, xiringatxo zapalduak, paper zikinak eta plastikoak baizik.
Hemen oro da plastikoa, beraien zibilizazioan murgildurik baiginan. KRAK! egiten du neure oinak honetako bat zapaltzerakoan. KRAK! KRAK! beste bat hilda, handiputz hori! KRAK! KRAK! KRAK!
Guztiok hil nahi nituzke, hondakin ororekin bukatzeko.
Eta zapaltze bakoitzean, kalean geunden guztion buruak makurtu egiten dira, minez, lehertuko bailitzan. Neurea ere, noski, hainbat punttutik errementatua.
KRAK eta KRAK! jarraitzen dute nire zapata hiltzaileek, karrika oihartzun ikaragarriez betez. Odol usaina, haragi urratuaren sentsazioa, tripen zipristinak han hemenka. Poztasuna. Bihotzaren betekada.
Zilarrezko ilargiak ezpatak bidaltzen dizkigu, zeintzuk asfaltoaren kontran jotzen baitute, danbadaz. Esku arerio batek edabe pozointsua eskaintzen dit. Sagu usaina du, sagu, mokordo eta hil usaina.
Gogoz edaten dut: sua barne muinetan, sua, beruna eta azido galgaraka. Korroskada haundia eginez gero askoz hobeto nago. Aho beltz batek barre egiten dit, begi adigabe batzuk niregan iltzarurik, beso lingirdatsuek neure gorputza harrapatu.
Zer nahi du zoro honek? Nire poltsiko, zapata, galtzerdin artean arakatuz doa. Demontre! Dirua nahi baduzu, zorionez, ez daukat hogerleko bat ere. Ezetz, astuna, ken itzazu zeure matxarda nazkagarriak nire gainetik.
«Oso itsusia naizenez gero... oso itsusia naizenez gero, hil behar zaitut, hil, ederra...» alarau erlatsa kanta kutsuaz. «Gehiago, gehiago, otoi, eskatzen didazu, eder, bihotza zapaltzen dizudanean». Gehiago, eder...
Andre itxurako batek hatzazal berde luze distiratsuak nire sorbaldan ezarri, eta abereki bultzatzen nau zakarki, izugarri, jasangaizki horretariko haitzulo batetara. «Hil egin behar zaitut, eder... Gehiago, otoi, gehiago...». Barnean, ke, anfeta, belar, xeringatxo eta ginebra erresuma. «Usotxo botatzen dit aho sutsuak, begi itsaskorrei behazuna darielarik Zenbat lore ekarri diguzu?».
Kaka mila bider! Behin eta berriro eskatuz.
«Ez dut sosik, putaseme hori, ezta txokolate edo beste honelakorik ere, kabroi alena!». Tira, tira, diost, jelatinazko ezpain morantza nirearen gainean ezarriz. Puaj! goitikatzeko gogoa datorkit.
Tinpanoak eztanda zorian ditut, kaiola zoro honetan. Sabaia neure buruari datxekio, fokoen betikara burrunbatsua, laino solido kiratsuan zorroratuta gaudelarik. Itto egiten naiz, itto, baina ez naiz irtengo, topatu behar dudana topatu arte, behintzat.
Izuz jotzen dut burua ezpain higuingarriro ubeletara. «Jon Txoriaren bila nabil. Non dago?»
Barre hautsiak erantzuten dit. Mutiriki dantzatzen ari diren marikoi batzuengana joan eta orroe batetan hitz egiten die. Ezin dut ezer ulertu arramaren erdian.
Geroxeago haiek ni deskondifantzaz begira, maltzurrezko keinua elkarri egin, eta ostikoka, bultzaka, haginka irtetzen gara lapurren koba honetatik.
Airearen zapore kakadun gloriosa dastatzerakoan, lasaitasuna datorkio nire bihotz zigortuari. Zorionez, Jon Txoria topatua dut eta.
********************************
Jon Txoriaren bila pasabizu beltz amalgabeetatik, laberinto majikoen barrenean, amets-bide ezezagunetan zehar, lurraren mugara, zeruaren haserara, esperantzaren hazla landaturik dagoen lurralderantza, itsas hondarrean jaio den erresumara, bizi-arrastroaren bila, Jon Txoriaren kabira noanean.
Eskilerak igoten ari naizen bitartean argia egiten da. Argitan bizi delako giza-Jainko hau. Zuhaitz baten kukulara heltzen ari naizelakoan nago. Munduko zuhaitzaren kukulean betikoz bizi delako arrano zorrotz hau.
Gela ñimiñoan hodeiaren sentsatzioa. Larrosa eta berde biguna pareta hestuetan. Sandalo usaina, urmenda eta lore lurrinak. Hosto hegalarien dardara. Harparen adagio kristalduna. Itsasoaren arrama amatatuta. Muxika ileguritsuaren zapore goxoa. Eite leunki kirimilduak, gorputz gaztebiluztasuna itzaletan, ur freskoaren giroa, haize epelaren xera laburra, xirimiriaren ukimena.
Eta Jon, erregearen trono xuabe koloredun batetan lasto eta urrezko kotoiez eginda dagoenaren gainean, izarrak bere koroian.
Zertara zatoz, txoria?
Zeruaren erregearekin hitz egitera.
Aspalditik galdua nago. Zu zeu, ulertzeko gai bakarra. Ezin dut bizi, ezin. Ez dakit neurea taiutzen. Eta horregatik nauzu hemen, neure zera azal diezazudan.
Haseratik hasten naiz. Jende guztia erratua dagoela konturatu nintzen aspalditik. Nik uste, giza-bizia bi aldetan banandua izatea lan egiteko balio duena eta loegiteko balio duena, besteazozokeria hutsa da. Ez dut inoiz ulertu zergatik hartu behar den atsedentzat ametsaldia. Gaua, sasoi agorra. Antzutua. Eta eguna, aitzitik, bizitzeko garaia. Zeren batzuok, ordea, loa bizierazteko bihurtu baitugu.
Segi, txori! Segi ezazu hegaz egiten.
BRIINNGG!! brriiiinnnggg!!...................
Betiko itzargailu aluori! Bizia geldierazteko deihadar histrionikoa egiten duena. Eta maskara-armairua. Ateak ireki eta batera, beraren tripa lizunduak egunero lehertarazten dizkidana.
Haginlariaren kontsultatokira lehenengoz joan nintzeneko unea oroitzen dut. Haginlari-karramarroa, nire gerriaren ingurutik pintzak tinkatuz, baxo, burusoil eta gorrixka.
Kontsultaldira zetozen munstroak. Gizon zahar sifilitikoak. Etxekoandre zapuztuak. Erreformategi batetatik ihes eginiko haur zakarrak. Neskazahar erriprimituak. Akasdunak, idiotak, gaixoak, txiroak, zarpailtsuak: giza-abere mami bitxiduna oro.
.............................................
Zurekin lehenengoz egon nintzeneko unea oroitzen dut, gogoz. Zuk emandako begi majikoa. Gauez, distira dadin kristalezko pustarria igurtzitzen dudan bakoitzean, a, zein eder lurraren begirada! Lurraren baitan, norbere haragiaren haragia bezala. Nire lurrak oro bezala, bada. Eta ni, lurrarena.
............................................
Zuk erregalaturiko marraskilo miresgarria. Belarrira hurbildu eta, itsas marraskiloan lehorretako doinu oro!
............................................
Amak egindako jertseia. Berak soilik egiten dakien bezalako jertseia: samurra, xuabe, goxoa. Amaren jertseien birjaio ondoren, munduko kopa goxoan. ............................................
Armairu nazkagarrian bilaketa etsia, disfraz egokiaren bila. Kolejioaren gomuta grisa. Aitaren galdera ixila. Ganbarako historia sotila. Mikelek maite zuenjantzia. ............................................
Segi, txori. Segi ezazu. Nor da Mikel hori?
Oso gazte nintzen Mike! ezagutu nueneko sasoi hartan. Gazteegia, nerabe oraindik. Eta halako haur-maitasunez gizon heldua, heldurik helgabeena, maite nuen.
Tropelaka datozkit oroimen minduak. Marraskiloak. Berarentzat oparirik aproposenaren bilaketa setatia. Ispilu baten aurretiko tentalkeri goxoak. Geroago frustrazioa. Eta ezkontzarako itxarotearen desio obsesiboa. Ez zegoela oraindik oso ziur. Ez, inoiz ere ez. Sekula santan.
.............................................
Disfraz-armairua apurtu eta amaren baserrira joan nintzen bizimodu eske. Eta topatu egin nuen, baina gau batetan soilik: Handik hona ez dut berriz ametsik egin. Ez nahiz bizi. Siku nago. Antzutua. Senetik aterata. Abere egina. Asmatze-iturria agortua. Hila.
Zergatik hori?
Ez nago... oso ziur.
Begi itsu zorrotzak etengabeki ke-zeru txiki hurbilean. Itsasoko kresala darie bere pustarri urdinei. Aldamenean sor eta !or begiratzen duten dizipuloak eder ikusten ditut, bilo beltz luzeak iluntasunean argiztaturik, belar lurrintsua setatiro erretzen dutela, goiko maila batetan biziko bailira. A, ze platzerki ke loeragile honetan!
Maitasunean sinisten duzu?
Maitasuna? Zer da hori, ba?
Giza-tranpa, ez beste.
Bai, egia! Giza-tranpa, ni jausi nintzenekoa bezalakoa. Zergatik izan Mike! hura maite?
Oraindik oroitzen dut Mikelengandik nuen obsesioa. Berataz goiz eta egun etengabeki, ni gaixotua, hondatua, ezereztatua. Erabat pozoindua. Gaueko ametsak apurtu egin nituen egunerokoan sinesteagatik. Hura astokeria! Maitasunean zegoela koxka pentsatuz, bizitza hortan zetzala, xoxoki.
A, ezbeharrak hartatik zetozkidanak!
Hondartzan aurrez aurre, eguraldia ilun oso, Mikelen begiak olatuak bezain zikinak, mutiriki haztakatu ninduen. Eta nik, hainbat gauetan berataz maitasun-ametsetan, errealitatearen zapore kiratsua dastatu nuen. Madarikazio beltza! Non zegoen musu urdinen ukimena? Nora, xera epelen marruskaldi sotila? Zertan, gorputzen oihumin goxoa? Norentzat, heldua neukan maitasun-frutua? Nori, lurrin kaneladunak? Norekin, nire laztanak airean oratuak? Ni maite ninduena? Nor nintzen ni?
Zalantza beltzean murgildurik nengoen bitartean, bera beldurrez, automatiko, astun, modorro, odolgabe, eta batez ere pozik. Kaka, mila bider!
Desamorioa egiten jo eta ke ekin zitzaidan.
Jon Txoria dardara elektrikoaz ari da. Ez dakit neure hitzez hunkitua izango ote, edo eta hauts zuriaren falta nabariko. Gela ilargi-galdaz beterik dugu bere gorputz hegadunaren espasmo kontrolezinez. Beraren ikasleak prest ditu sendakari loeragilea eskainiz. Gau ilunean hauts zuriaren zipristinak. Biziaren izarrek gorpu hila berbiziz.
Behin eta berriro entzuten didate begi itsu zorrotzek. Behin eta berriro lasaitasun beilegia ganbara majikoan. Berriro ere airea gelditu purpurinazko eguratsean. Berriro, harparen adagio amaitugabea.
Haurdun geratu zinela diozu? Nola hori?
Amorru biziz bete zait barrua. Ezin duzu pentsatu, bururatu ere ez, zenbat bider neure buruari galdera bera. Bai horixe!
Hortik aparte, berri hori ezagutu eta gero, orduan bai, orduan ezkon gaitezen proposatu.
Eta?
Eta ez zuen umea hil nezan nahi, ulertezinki. Bere arau-erlijioaren arazoa zela uste dut: nahi, ez zuen nahi, ezin ere ez, eta orduan ezkontza. Ifernura gizon ahulak oro!
Eta ni, munduko baborik baboena, berarekin ezkontzeko era hau zela lehendik jakin izan banu, askoz ere lehenago erabiliko nukeelako.
Jon Txoriaren barre eroaz bete da zuhaitzaren kabia. Ekaitzaren arrama. Hostoen dardara. Txori-hegada urduritsua. Haizearen eragin bustia. Eztiki loak hartuak zeuden dizipuloak itzartu egin dira, izuz.
Jonen barrearen barnean unibertsoko sumindura oro, suzko meteorito-euria espazioko bide urdinetatik natura osoa dardarretan jarreraziz.
Pixkanaka pixkanaka burrunba amatatuz doa, gauzak bere senera etorriz, hodei beltzak urratu eta berriro oskarbia, bagak hondoratuz, gero ura bere emarira sartuz, lurra lotu egin da eta mendiak birgogortu. Kulunkatzen zegoen gure arbola geldi geratu, txorien bilo ilun hegalariak lasaitu eta, dizipuloak berriz kukubilkatzen dira kotoizko ganbaran.
Horietako batek orain arte ixil eta lotan egon den batek niri begira eta galdetu egiten dit:
Ezkondu egin zinen?
Txotxolo! Nola ezkondu? Itto egin beharko nukeen! Zapuztu edo. Iratu, ukatu, edo zer dakit nik!
Ba, ez dut ulertzen. Azaldu duzunaz, hori zen garrantzitsuena zuretzat.
Ez du ezer ulertzen, modorro horrek! Nola azalduko? Nik beste gauza bat espero nuen. Bestelako erreakzioa. Mikelen irudiarekin aproposago zihoan erantzuna. Baina ez horixe.
Nirekin ezkondu behar haurdun nengoelako? Hori, ahulezia zen. Oilakeria. Beldur hutsa.
Zuk ulertzen didazu, ezta, Jon?
Noski. Noiz eta orduantxe konturatu zinen Mikel ez zela zuk pentsatua zeneukana. Mikel zure ametsa zela behin eta berriro, nahi zenuena. Eta bera, ordez, errealitatea. Beraren errealitatea.
Bai horixe! Mikel ez da errealitatean, nire bizian baino.
Migel Hernandez errealitatean soilik dago.
Gaua motelduz doa eta eguna urratu zorian. Larritasunaz apoderatzen ari naiz. Irtenbidea topatu behar dut, horretarako naiz etorria.
Zer egin dezaket, Maistro?
Konponbide bakarra, hauts majikoa.
Ez, hori ez!
Zergatik ez?
Ez dakit, baina tranpa bat dela uste dut. Itsumustuko pentsamendu bat datorkit, neure burua defenda dezadan.
Gainera ez dut dirurik. Eta hautsa oso garestia da.
Hori ez da arrazoia. Hauts zuriak emango dizu behar duzun dirua. Eta beste guztia ere bai.
Izututa nago. Ez dut ondo ulertzen zergatik, nondik beldur hau. Baina Jon Txoriak pentsamendua irakurtzen dit, etengabeki. «Akaso gorputz lur joaren beldur zara? Zertarako balio du gorputzak buru hil batetan? Pentsamendua bizia asmatzeko motorea da, bera minbera bakarra».
Egia da. Ez dut gorputza zaindu beharrik.
Beste zerbait, nire kezka.
Erregeak berak atera bere zakutxoa eta mimoz laztandu. Niretzat prestatzen ari da nahasi miragarria erretilu nakaredunean. Liluratuta begiratzen dut zera. Egia ote?
«Era asko dago bizia taiutzeko. Norberak berea aukeratu. Nik begiak galdu nituenean galdua oro pentsatu. Baina hautsak begiradarik sakonena opatu. Egin ezazu gauza bera».
Ez diot ondo ulertzen. Entzuna neukan begiak hautsaz beraz galduak zituela. Nondik hitz hauek, ba?
Eztiki niri erretilua eskeini. Esku dardartiaz sostengatzen dut platertxo maltzurra.
Hautsak berak begiratzen nau, begi digante zuriak niregan iltzaturik bailitu.
Bai, era asko dago norbere bizia taiutzeko. Batzurentzat droga, beste batzuentzat alkohola, esaterako, edo janaria, edo luxozko gauzak, diruaz erosi ahal den guztia hainbatentzat, baita maitasuna ere.
Edo eta erlijioa. Migeli gertatu zitzaion bezala, arau erlijiosoa. Ohitura ere bai. Ohituraren ziurtasunaz izan daiteke bizimodu baliogarria. Migelentzat zen bezain baliotsua.
Baina gauza hauek guztiauek errealitatean dautza. Ez da behar ametsen bizia hau lortzeko. Horretaz ziur nago, bai horixe! Kanpoko presioak taiutzen du pentsamendua. Eta gizonak, subjetibitatea galdu, objetibitatearen barrurajausiz.
Ez, hauts zuriaz baliatzekotan, berak egingo dit berea, automatikoki. Ez dut gaurik beharko, ezta neure gelarik ere.
Jon Txoriaren hitzak nire zirrikitu oro inbaditzen: «Bai, hauts zuriaz, beti izango duzu gaua. Beti, zeure gelan egongo».
Egunsentia indarrez barruratzen da kaiolan, argia zipristinduz. Dizipulo batek kortina sotil berdeez babesten gaitu. Ezgoxotasuna marrazten da gau-txori hauengan, nire nahigabea bezalakoa.
Migel gixajoa! Arau-ohituraz baliatuz, eta dena deskonpondurik. Lagun batek bere egoera kondatu zidan. Hemengo gauza guztiak utzi eta ez dakit zein lurralde estrainotara joan behar. Zorotu egin zela, edo. Zoratu, nitaz, esan zidan lagunak.
Neuri berdin zitzaidan. Jadanik berdin. Beste egoeraren batetan pozik sentituko nintzateke, baina ez dut Migel Hernandez batere maite. Nik Mikel maite dut.
Hautsa, larrosa da goizez.
Mailuki usain lurrintsua. Harparen adagio iraunkorra. Lumazko epeltasuna.
Nahasi birrindua azkenean sutsuki arnasten dut.
Goiza gaua bihurtu. Mikelen esku zetaduna itsas hondarrean. Eragin egiten dit. Eder dago bere gorputz urdin ondulatua, koloretako arrain eta urmenda artean. Eskutik lotuak ur-baso batetara goaz, astiro, oso astiro, kamera geldoaz filmaturik baikinan. Ez dago jadanik presarik. Beste ezer ere ez...
********************************
© Eukene Martin Sampedro