MELODRAMA
F.J. Mendiguren
Ezkerretara, gugandik hiru mahaitara eserita zegoen bikoteari begiratu nionean neskaren azal morenoan, kaobazko adatsean baino ez nuen erreparatu. Berriro so jarri nintzaienean isilik zeudela konturatu nintzen eta oso serio gainera: haserrezko espresioz bakoitza bazter batera begira zegoen, aurrean baso bana hutsik, pentsatzekoa zen denbora franko bazeramatela hor.
Ez zuten ezer esaten baina bien artean zerbait gertatu berria zela nabaria zen bezala beste zeozer ere bazetorrela asma zitekeen. Zeharka behatzen zioten elkarri aldizka, baina inoiz begiez topo egiten bazuten azkarki erretiratzen zuten burua.
Luze iraun zuten horrela. Halako batean ez batak ez besteak begirada urrundu ez zutelarik neskak kopeta itun eta serioz, pena apur batez ere bai, zerbait esan Zion mutilari:
Ezin diat hola segi, ezin diagu hola segi. Gureak egin dik... aspaldian egin zian horixe esan ziola pasatu zitzaidan burutik, beharbada zerbait oso diferentea esan zion.
Mutilaren erreakzioa zeharo histrionikoa izan zen, deskarga elektriko batek astindu berri zuela pentsatzeko modukoa: bere aulkitik ia-ia saltatuz neskaren besoa heldu eta ezezka eginez haren errua edo adierazi nahi zion:
Ez, ez dun arrazoirik!esango zion.
Gauza bera behin eta berriro esanez neskari eragiten zion, urjentziazko larritasun batean dagoenaren imintzioak aurpegi eta soinean. Honen aurrean neskak ahal izan zuen moduan besoa askatu zuen zakarki zeozer esanez:
Utzi nazak bakean!eta burua beste aldera itzuliz norbaitek begiratzen ote zien konprobatu nahi izan zuen lotsagatik edo.
Mutilaren kuraia burbuila baten antzo ezabatu egin zen eta burua makurtu, lur jota. Isiltasuna nagusitu zen beste behin: bata serbileteroarekin jostalari, bestea atzazalez mahaian joka, elkarrekiko mututasun eta ihesketan tematsu. Pixkanaka mutila madalena itxura hartuz zihoan: lehenxeagoko furia ahazturik begiak lausotu egin zitzaizkion erabat, malkoak ere bazetozkiola aise antzeman zitekeen. Kolore argiko begiek arraultzearen zuringoa ziruditen, ojos de huevo duro pentsatuko zuen besteak.
Badakik herra diedala melodrama merkeei bota ziezaiokeen neskak, bera ere berehalaxe zotinka hasteko beldurrez.
Mutilak goiko hortzez beheko ezpainari kosk egiten zion, itxura pairakorraz, handik pixka batera uholdeka zetorkion agresibitateari eutsi ahal izateko ukabilak estutuz. Neska orduan burua jiratuz paretetako irudiei beha jarri zitzaien, Parisko kabaretetan Toulouse-Lautrecek egiten zituen dibujoek bat-bateko interesa sorrarazi baliote bezala edo. Sudurra pittin bat gorritu ez balitzaio edonork pentsa zezakeen koadrotan zehar murgildurik zegoela, halako arretaz begiratzen baitzien.
Mutilak zerbait esateko keinua egin zuen baina hobeto pentsatuz edo, atzera jo eta hasperen sakon bat besterik ez zuen bota. Hasperen honek neska bere kontenplaziotik atera zuen. Begira jarri zitzaion hasieran gupidazkoa zen baina gero gogortu zuen espresioz:
Zer, hasi al haiz hasperenekin eta? Badakik horrela ez nauala konbentzituko: gehiegitan engainatu nauk modu horretan edota antzeko zerbait esan ziola imajinatu nuen.
Mutilari begiak ireki egin zitzaizkion are gehiago, amorraturik bailegoen eskukada bat eman zion mahaiari eta atzaparrak basapiztien antzo oldarkoi erakutsi, baina instant batez besterik ez zuen iraun bere horretan, hitz gotorren bat jaurtikitzeko saio antzu bat egin eta gero etsipenez burua bularrean erortzen utzi baitzuen. Bost minutu barru edo eskua neskarenarengana luzatu zuen maitekiro, honek erretiratzen ziolarik: geroxeago berriro luzatu zuen eta oraingoan nekaturik baldarki errefusatu zion. Honengatik edo, mutilak aurpegia altxatu zuen neskak haren begi gorritu eta negartiak ikus zitzan. Benetan tankera barregarria zuen baina neska hark oso bihozpera izan behar zuen begitartea ilundu egin baitzitzaion.
Mutilak bestearen ahultasun une horren probetxu atera nahian agian, hitz bat esan zion neskari, izena besterik ez nere eritziz:
... Ima. Marian, Josune, Bego edo antzeko zerbait; « Maitia» ere izan zitekeen.
Neskak mutu zirauen oraingoan.
... izen bera errepikatu zuen mutilak.
Ez zuen fitsik esaten.
... hirugarrenez.
Aski duenaren jestu gogaitua egin zion neskak. Bestea berriz, indarberritua, bere estakurua edo entzunerazteko erabakia nonbait, hitz goxoz mintzatzen hasi zitzaion, konbentzimendua begitartean grabaturik:
... izenaz hasi zen, ziur, ez, ez didan ulertu, gaizki ulertu ditun gauzak eta okertu egin ditun, edo okertu egin zaizkigu, ez zekinat... nik ez aldizka pausaldiak egiten zituen diskurtsoan ai, ez zaizkit hitzak ateratzen... nik inolako asmo txarrik gabe egin ninan, gaizki jokatzen ari nintzelakoaren kontzientziarik gabe... eta oraindik ere ez dinat uste gaizki egin nuenik beste eten bat eta bestea, nik ez ninan hori esan nahi baina herorrek bultzatu naun.
A bai e?arrazoinamendua itxura denez ez zen hain biribila izan; haserrez burua jiratuz, jauzika Mutil gaixoak ez zian hori esan nahi, baino esan huen! ez zian deus txarrik egiteko asmorik, beti asmo onak dizkik, baino izorratua ni izan nauk beti bezala!
Ez dun hola hitz egiteko eskubiderik aurreko lasaitasuna galdurik eta zotinka hasiz, hitz egiten zuen heinean negarralditik gero eta gertuago. Ni naun beti kabroia, betiko alua eta ez dun egia; hik ere askotan min egiten didan hire hitzez eta zotinaren etena, malkoak libro agoantatzea tokatzen zaidan.
Gixajoa halakoa! Mutikotxo mindua, dialektikarako ahalmena bederen ez zaik kamusten: beti duk hitz aproposen bat heure burua zuritzeko erabateko kabreoz.
Ez ezan esan halakorik eta aharrantzaka lehertzen hasiz elkarrizketa adiskidetsu horren kapitulu bat amaitutzat jo zen.
Esaldien neurriagatik eta hauei laguntzen zieten keinuengatik halako zerbait esan bide zuten, politikaz edo angulen prezioaz ez zen solasa behintzat.
Kontzertu baten antza hartuz zihoan hura: gaia bera izaki bazituen bariazioak; eta baita fortissimo eta pianissimoko zatiak ere. Oraingoan mutilak bi eskuez tximatatik helduz mahaia blaitzen ziharduen, pixkanaka soseguzkoa egin zen negar erritmiko batean, noiz-behinka burua alde batera eta bestera eraginez ezer konprenituko ez balu bezala. Neska ere lagunaren arrenkurak indartu ahala urduriago jartzen ari zen, trankiltasuna mantentzen saiatu arren egoera hura gogoz kontrakoa zitzaiola antzematen zelarik.
Impasse berriari irtenbide orijinala eman nahian edo, mutila neskaren izena errepikatzearen leloarekin hasi zen beste behin, erantzuna jasotzeko baino gehiago terapia katartiko gisa, begiak neskagana zuzentzeke edalontzia zeharkatzen zuten bere eskuetan finko, etengabe esaten baitzion:
... bi silabatakoa zirudien izenak .....................................
Neskak, halako errekerimendu nekagarriri ihardetsiz, zerbait galdetu zion:
Zer? aspertuxea edo.
Mutila, zozo moduan, ixilik geratu zen; begiez zer esan ez zekiela adieraziz, berriro benetan plastosoa zen izena ahoratu zuen:
...
Ixilik geratu ziren. Neskak eskuak mahai gainetik kendu zituen eta apenas sumatzen zen mugimenduagatik ahopetik zerbait kantatzen ari zela pentsatu nuen, infernu horretatik aldegitearren apika. Mutilak, efektistagoa, beso bat bestearen kontra estutzen zuen atzazalak haragian sartu nahiz bezala, sabaira begira; seguruenik martiri sentitzen zen une horretantxe.
Laster mutilak jertsearen manga, besteak eskuak mahai azpian zituen eta, hatz puntez emeki ukitu zion eta larruazala bezain goxoa ez zen arren ehunean korapilatu. Hala egon zen luzaz, kotoiari xera eta xera, laztan antzutan, hainbatgarrenez begi argiak anpuloen dizdiraz edertzen zitzaizkion bitartean.
Laranja erdi edo isladatzeko joeraren bat izan bide zuten, honen malkoei horrenek erantzuten baitzieten, oboe eta pikoloaren artekoaren moduko joku musikala osatuz.
Mutilak, bere arrenkuren oihartzuna ikusirik edo, aharrantzen arteko irribarre herabetia egin zuen, baina neskari negarrontzien sinfonia gehiegi gustatzen zitzaionik ez zirudien benetan, nahiko haserre painelua eskatu baitzion mutilari:
Utzidak sikatzeko zerbait.
Hori pentsatu nuen esan ziola, besteak ezezka eginez paperezko serbileta bat luzatu zion eta.
Negar egin arazten didak eta beti bukatzen diagu berdin.
Nahiko interpretazio librea da baina horixe otu zitzaidan izan zitekeela erantsitakoa.
Mutila baretu egin zen lagun hurkoaren penak eman ohi duen patxaraz beharbada, ez dakit, eta aurrekoa jadanik mela-mela eginda zuenez beste serbileta bat eskaini: atzamarrak ere endredatu zizkion ilaje naroan: oraino negarrez zegoena kontsola nahian zebilen:
Ez ezan negarrik egin, polita: nere neskato kuttuna eite maitakorrean halako zerak esaten zizkiola irakurri nuen. Gero gauza gehiago ere bai, adixkidetzeko asmotan itxura denez:
... izena maitea, ez egon horrela besarkatu egina zuen elkar maite dinagu, ezta? azken hitz hau esaterakoan begitara begiratu zion ondoren berriro sorbalda gainean jartzeko Nere azukre koxkorra, zergatik haserretzen gaitun egunero?
Neska, oraindik osatu gabe zegoena, mutila bezain ponpox eta alai ez zen jartzen sobrare, eta zerbait esan zion, ikusi ahal izan nuenez doinu aski neutralez, baina bestea bere onetik ateratzeko haina izan zen, bai:
Beti gauza bera egingo ez bahu ez ginateke hola ibiliko.
Mutila, esan bezala, burua berriro sabaira altxatu eta suspirioka jarduteari ekin zion, ozen. Tarteka tarteka solaskideari begiratu gabe marmarka ari zen; gero marru baten antzo, neronek ere entzuteko moduan, galde esperantzagabea:
Ez al didan sekula konprenituko?
Espektakuluaz bastante nahiko nekaturik nintzen eta handik alde egitekotan nengoen; hala ere, azken momentuan, ipurdiaren itsaskortasunagatik edo zerbait hobea ikusteko irrikaz bertan geratu nintzen, fedea ez baita hain erraz galtzen.
Orduan konbentzitu nintzen bietatik inork ez zuela erretzen, bestela ordurako erreak zituzten bat eta bi zigarro baino gehiago, edo tabakorik gabe baleude erre nahi izatearen trazak egingo zituzten behintzat.
Neska bere onera etorria zen; haatik, desesperoan zirauelako edo berradiskidetu aurretik barneak erretzen zizkioten denak kanporatzeko gura zuelako zeozer jaurtiki zion, jotzekotan:
Noiz izango ote diat bakea behingoz? Hobe elkar ezagutu ez bagenu, edo betirako joango bahintz.
Showra bultzatu zuten hitzok laguna: arrenkari zerakusan bularra esaldi solemniatsuren bat zioela:
Bukatu nahi badun har ezan ganibeta eta hil nazan!
Neskak barre egin zuen eta mutilak, barne muinetan mindua, suplikatik bortizkeriara joz besoa altxatu zuen kolperen bat ematekotan edo.
Bai, orain hori neskak, asaldaturik jo egidak, aprobetxa ezak indar gehiago duala, hori bakarrik falta zitzaian.
Mutilari berehalaxe damutu zitzaion laguna jo nahi izana eta barkamen eske hasi zitzaion jarraian, iruditu zitzaidanez:
Barkaidan, ..., barkaidan faborez. Nik ez ninan jotzeko asmorik, baina aztoratu egin naun, nik guztiz seriotan esan dinat eta barre egin didan, pailazotzat hartu naun, baina ene sentimenduak benetakoak ditun, nik ez dinat itxurarik egiten,...izenaz bukatu zuen eta segitu, eskuak airean mugituz Ai, ..., zergatik ibili behar ote dinagu hola beti? Nik maite haut bi eskuetako behatzak elkartuz, otoi egitera balihoa bezala eta su handiagoz ez dinat hirekin pozik bizitzea beste asmorik, hik ere maite naun, zergatik liskar hauek? Zer dela eta elkar mintzen aritu?
Makina bat minutu eman zuen era horretan, hizketa etengabean ezti eta ezti, neska ere beratzen zihoan bitartean, hitz andana horrek hunkiturik nonbait, aldizka zerbait adieraziz erabat konforme ez zegoela agertarazteko:
Kulpa herorrek izan duk hori egitean, ez nik.
Hala eta guztiz ere notatzen zitzaion bake eta konponbiderako gogoa. Mutila ere amore emateko pronto zegoen:
Ez dun berriz halakorik gertatuko burua ttantta bat makurtuz.
Ageri zen ondo amaituko zutela afera, laster musutxo bat ere emango ziotela elkarri, beldur eta errezelo guztiak behin betirako uxatuz.
Aurrerantzean halako gehiagorik ez esango zuten biok, eskuak lotuz, itxaropena eta zoriona begi gorrituetan.
Aldamenekoa eta biok asperturik geunden kafetegi hartan egoteaz eta beste tokiren batera edo paseotxo bat ematera joatea erabaki genuenean, gu altxatzearekin batera gugandik hiru mahaitara zeuden bi haiek ere aulkitik jaiki egin ziren, gureen antzekoak ziren abrigoak jantzi zituzten, eta gu joatean ezkerreko ispilu handia ere hutsik geratu zen.
© Xabier Mendigure Elizegi