Vivaldiren «Lau sasoiak» entzuteko magnetofoia entxufatzen dut. Berehala, udabarria lehenengo doinua laranja kolorez marrazturiko ikasgelan sartzen zaigu.
Erreferentziazko punttu bakarretik formikazko mahai gainean dagoen magnetofoitik dantzaturiko erritmo-girnaldak eskutik jolastuz irteten dira. Trinoek biraka airea kuskuilatuz eta espazioko uhinek hemen gaudenok lotuz ikasgela nota arinez betetzen dute. Doinuek, barre eginez, kanpotik bustirik dauden kristalak dardarazten dituzte, jo ondoren.
Neguko arratsaldea lorez estaltzen ari da.
Berde eta horizko aulki-mahaiak umeekin batera estu jartzen dira. Gona gorrizkoa, zattala berdezko prakaduna, ilegorriaren melena txoriduna, noizean behin Corte Ingleseko brusa marraduna. Jostaldi berria amaiturik izerdi usaina kontzentratzen da hertsitako gelan. Zarata guztiak oihu, zapalaldi, burruka eta negar musikak amatatzen ditu. Ume batzu kanpoko ura begiratzen ari diren bitartean beste batzuk orrietan margotzen edo puzleak asmatzen dituzte mekanikoki.
Doinua eguzkia da. Doinuak soilik higitzen dira ikastolako gela honetan.
Amaiaren mahai laranja aurretik pasatzen naizenean bere marrazki disdiratsua ikusi ahal dut: landa argi baten erditik erreka murgildurik dago, eta uretan, biluzik, gizon eta andre bat larrua jotzen ari dira, zutik.
Nire begirada somatzen du eta bere begi urdinak altxatzen zaizkit astiro, eta eztiki orain dela bi une etxetxu bat pintatzean egiten zuen bezala galdetzen dit:
Gustatzen zaizu, andereño? Ake bai?
Nire sorpresa ez igartzearren berriz begiratzen dut paisaia erotiko hau. Ez dago dudarik: ura belaun bietaraino heltzen zaie eta elkar laztantzen duten bitartean gizonaren zakil izugarriak andrearen sabel gardena zeharkatzen du.
Amaiaren begiek lasai jarraitu arren betertzean malizia pittin bat igarri diot.
Noski gustatzen zaidala! Baina udaberrian gaude oraindik. Uda gero helduko zaizue.
Hau, neska baten adierazbide izan dadila, arraroa iruditzen zait. Eta poztu, nire baitan.
Udaberrian zaudete, ni ez nago udaberrian berresaten diot neure buruari nireak igaro egin zuen.
Bibolinaren dardarek giroa horditzen dute, beheko kontrapunto urduritsua kontrabaxuak markatzen du. Eta azkenean, txirularen bakarrizketa mudurria.
© Eukene Martin Sampedro