II
«Ixtante berriak "Gure Irratia"n. Egungo gertakari nagusiena dugu, Irulegiko eskualde horretan Elorri izeneko neska gazte batek, goiz honetan, ardiak larrera ematetik etxerakoan, Ama Birjinaren agerpena ikusi duela. Segidan, Irulegiko «Herri Irratia»ko lankide batek xehetasunak igorriko dizkigu telefonoz...» Berria, bai, ke zikin bat bezala hedatu zen Euskal herran. Jadanik entzuleek irratira deitzen zuten.
Ordu hartan, Lucien Etxezaharreta mintzo zen «Gure Irratia»n. Harritua zegoen, ez bait ginen apirilaren lehenean. Behar bada zerbait egia bazen berri ezin sinetsi horretan. «Hemen dugu zuzenki, Argitxu, Irulegitik noski; zuri beraz Argitxu» erran zuen Luzienek bihotza punpeka ari zitzaiola. Delako neska solasean hasi zen:
«Goiz honetan gentakari bat Irulegiko eskualdean. Elorri Bazterrek ardiak ematetik etxerakoan, hiruetan, hiru lekuetan, Ama Birjinaren agerpena ikusi duela. Eta madona honi eleka ari zitzaion omen, berak ulertzen ez zuen hizkuntza batetan. Etxe atarian gaixo hamalau urte atzo kunplituko neskatxa hau trenpuxartu da. Aitamek Donibaneko medikuari laster jitea erran diote, ez bait zekiten neska azkar horrek zer eritasun zuen... Medikua etorri zen, eta iratzar arazteko pikura bat eman zion, Elorri desesperatuari. Arras pena handiak zituen mintzatzeko "mama birjina! mama birjina! ikusi! nik! dut! nik!". Eta horrela jakin zen gaizkitze horren arrazoia zerutiar andere ospetsu hura minutu laburrez mirestea zela... Gehiagokorik ez dugu. Zuri Luzien...» Argitxuk telefonoa pausatu zuen. Luzienek komentario luze bat egin zuen, eta beste berrietara pasatu zen... Hitzeman zuen, entzulegoari, berak inkesta bat hasiko zuela Irulegiko kasu bitxi horretaz.
Anartean, Jon Kapagorrik Donibane Garaziko bere mediku lagunetarik bat ezarri zuen jokoan. Han zen Iñaki Karrakoil. Medikuntzarako istudio aberatsak Bordeleko unibertsitatean hasi eta bukatu zituen; mutiko ederra zen, alaia, eta medikal manera berrien zale: landare, edari trastu, pereka sakon, etab. Mediku egokia zen, abian onartu zuen diputatuaren ideia. Zin zegion osoki parte hartuko zuela afera horretan. Ez ahantz Iñaki Karrakoil izen hori...
Elorri ixila zen. Bi egunen buruan baizik ez zen irratiei mintzatu, bere historia arras xeheki kondatuz. Hitzak hautatzen zituen. Egia erran, Jon Kapagorrik erakutsi zion nola agertu behar zuen. Eta Lurdeko Ama Birjinaren argazki batekin esplikatu zion zein maneratan deskribituko zuen andere hori. Elorrik hatzez hatz segitzen zituen Jonen manamenduak.
Luzien Etxezaharreta etorri zen bere auto orlegi zahar makatuaz. Usaian bezala, lepo inguruan, oihal lodi beltza zakarren, eta inpermeable ximurtua. Horrela jantzirik, gizon publiko horrek, telebistako Colombo famatua iduri zuen. Gainera inkestak egiten ari zen aspalditik: duela zenbait urte GAL oroitzapen txarreko talde terroristak errefuxiaturen bat hiltzen edo bonbaz zauritzen zuelarik, beti lehenetarik zen ekintza ustelaren tokian bere mikroa eskuan, lekukoen inpresioak biltzeko... GAL hori frantses eskuinari josia zen, eta horko hiltzaileak espainol gobernuak pagatzen eta manatzen zituen. Geroztik, Dukosk kontseilu orokorreko buruzagia eskandalaz itorik joatera bortxatua izan zen... Hemengoek, bakea eta bi sos pentsatu zuten, irri handi bat eginez. Beraz Luzien etorri zen Irulegira...
Elorrik oihukatua zuen entzun nahi zutenei «Gure Irratia»rekin bakarrik mintzatuko zela. Hitza hitz, beste garaietan ez bezala. Luzien pozik zegoen, eskupe bat zeukalakoan. Bere tresneria Elorri Bazterreren etxeko sukaldean zabaldu zuen, eta neskaren amak kafea eskaini zion. Luzienek ez zuen sekula biziko gozotasunei ezetz erraten. Bi ordu berantago lanean hasi ziren (hona, irratiko artxiboetan gorde elkarrizketaren zati batzu).
Presentatzen ahal diguzu zure burua?
Bai aise da. Elorri deitzen naiz, eta hamalau urte ditut. Izpurako klinikan sortua naiz. Irulegin bizi naiz nire aitamekin.
Benaz neska trankila zara?
Baiki. Ez naiz gehiago eskolan ibiltzen. Hartze txarra nuela zioten errintek, eta uztea hobe nuela. Nik haiek errana egin, ez nuen batere gusturik horretarako.
Ardiekin nahiago menturaz?
Bai, ardiak mendian zaintzea biziki gustatzen zait, joare pizuen soinua, marroen barrabil-zakilen balantza hurria, txoriak haritzetan kantuz, eta mutil-nesken arteko samurtasunak sasipeetan. Neska xinplea naiz.
Ba ikusten dut, baina katiximan ibili zinen?
Segurki, gaztetandik otoitzak ikasi nituen, nor zen Jainkoa, bere seme Jesus ezagutu nuen, Izpiritu Sandua ere. Geroztik goiz guziez, ardiak deitzi eta, abere horiek larrera eman baino lehen, itzuli bat egiten dut zerukoa otoizteko, herriko eliza maitagarrira.
Norbaiti agertzekotan, zuri agertzea ongi egin du delako Ama Birjinak?
Zer erran nahi duzu? Birjina naizela? Zeruko bideak ezin zilatuzkoak baldin badira gizonentzat, nire barnekoak errexak dira aurkitzeko, aspalditik irekiak baitaude...
Umore ona ere baduzu, ez zara beraz neska trixtea? Behar bada Ama Birjinak bere gisan irri egitea maite du?
Ez dakit. Berdin bai. Duela hiru egun agertu zait, euskaraz mintzo oroitzen naizenaren aranera.
Nolakoa zen?
Emazte ederra, rnodako aldizkarietan eta jantzi-katalogoetan ikusten diren haiek iduri. Eguzkiak, edo ultrabioletek, beltzatua. Arropa xuri bat bazuen, buruko berde bat eta eskularru gorriak. Bere gonak, bular oparoak ikustera uzten zituen. Ez dakit zergatik ni bezalako neska enul bati agertu den, gizonezko batekin arrakasta gehiago ukanen bait zuen. Segur, zeren Marilyn baino ederragoa bait zen. Eta ze zango sagar finak...
Erakutsi dizkizu?
Ez, larre ondoko ibaian sartu delarik, bere arropa xuria altxatu du, eta orduan begixtatu dizkiot.
Ama Birjina sexy bat beraz?
Zer erran nahi du sexy hitz horrek, katiximan serorek ez dute hitz hori esplikatu...
Segi dezagun bada. Eta zein ziren Birjina horren solasak?
Lehenik, belaunikatzea galdegin dit. Obeditu dut. Inkase zer gerta ere, gero lurra esku ahurrean har arazi dit, eta jan arazi. Egin dut dena. Etxerata gotigin beharrean aurkitu naiz, eta kareriatua.
Zer erran dizu?
Nintzen lekuan basilika bat eraiki behar zela, Euskal Herriko jendeak hemen behar zuela bildu zerua otoizteko, eta Baigorri aldeko lur gorriari sendatzeko ahala ematen ziola. Uste dut emazte hori obeditu behar dugula.
Herriko apezarekin mintzatu zara?
Ba etxera jin delarik, erran dit ospital psikiatriko batean kartzelatzea merezi nuela. Zer dira etxe horiek?
Eri etxe berezi batzu...
Apez horrek ez du konprenitzen, nihaur ez naizela ez aski zoroa, ez eta aski abila horrelako gauzen asmatzeko. Ikusi dudana egia da.
Ba nik segurrik ez dut dudatzen. Milesker Elorri, eta Ama Birjinak erran dizu noiz agertuko zaizun berriro?
Heldu den asteartean.
Luzienek mikroa etsi zuen. Harritua baino harrituago gelditu zen solas ero horiek entzutean. Ez zekien konplote batean parte hartzen zuela memento berean. Euskaldun fededun guziek bezala funtsean. Beste kafe bat edan zuen, eta patxaran baso ttiki bat bi hurrupetan hustu. Bere arnesak bildurik Milafrankara joan zen, arratseko zazpietako berri sailean elkarrizketa hori irratian pasatzeko.
Delako astearte goizean, jende pila bat etorri zen Irulegira, Elorrik aipatu lekura. Elorri ixilik otoitzean zegoen. Egia segidan aitortzeko, derragun usaian elizetan ahozkatzen diren otoiz luze horietarik bat ez zezakeela buruan buru errepika, libururik gabe. Alegia ari zen beraz... Jendea, hura, zintzoki ari zen zeruari deika, Kipres Arbelori predikari zuela. Elorrik irri egiteko gutizia zeukan, jendeari so zegion aldi oroz. Horregatik kaskoa apalik zatxikan. Eta marmar, eta blabla, amen...
Frantses eta Euskal Telebistako lankideak hor ziren, kamera video pizuak sorbaldetan estekaturik. Maite Barnetxek talde guziak kudeatzen zituen. Hau zitekeen euskaraz zekien bakarra.
Elorrik pentsatu zuen, azkenean haiduru egote komedia honek aski iraun zuela. Besoa altxatu zuen «Hara, Ama Birjina!» oihukatuz. Begiak zeruko puntu bati itzuli ziren; miresgarri, populuaren batasuna. Elorri Ama Birjinarekin eleka ari zen. Baina ikusleek ez zuten deusik sumatzen. Bazirudien hutsarekin ari zela solasean, ordea jendeek sinesten zuten, telebistakoek filmatzen zarraikiten... Bat batean ekintza bitxi baten lekuko gertatu ziren guziak: Elorri belaunikatua zen, eta lurrera plegatu zen eskuekin lurra irauliz. Esku ahurrak lur mokorrez bete zituen eta ahora hurbildu. Zerbait orden ukan balu bezala, gogo txarrez lurra jaten hasi zen. Goitigin nahi zuen. Behatz batean zizare gorri lodi bat gelditu zitzaion. Ama Birjinari «hau ere irentsi behar dut» eskatu zion desgustatuuik. Dudarik gabe, zerutiar andere ospetsuak, baietz erantzun zion. Eta zizarea jan zuen espagettiak bailitzen. Elorri gaizkitu zen. Jendeak pentsatu zuen emozioa handiegi zuela, ezin jasanezko zorion batek trenputxarrean jartzen zuela...
Iñaki Karrakoil etorri zen lasterka. Inguruko apezak ere, haien buru, Kipres Arbelhori edo Arbelori. Medikuak jendeak bazter arazi zituen, Elorri bere etxera lehen bait lehen eramateko. Bestela berantegi agertzen ahal zen. Zizare bat, hogeitamar zentimetro luzekoa, irentsi ondoan zer edo zer gerta zitekeen. Bazterrera joan ziren, Elorri eta Iñaki... Jendea negarrez «hau da eguna jaunarena...» deiadarka kantuz ari zen. Taldearen indarra! Baina Elorrik zizarea irentsi. Zizare on, zizare on: mirakulua, diputatuaren eta bere konplizeen ideiak bururatzeko manera hoberena...
Etxeko sukaldean, tela ziratuz estali mahainaren inguruan, Jon Kapagorri jarririk zegoen, baso baten aurrean ametsetan. Elorri eri zen. Iñakik bere besoetan ekartzen zuen, eta mahain gainean utzi zuen gorputz meharra. Ama kexatu zen: «Ama Birjina deabru horrek nire alaba bakarra hilen dit! Komedia hau luzea da. Luzeegi... asea naiz!». Jonek Elorriren ama lasaitu zuen: «Ez inketa, Iñakik badaki nola sendatzen diren horrelako gaixotasunak...». Amak segidan: «Ez didazue esperantzatan ezarri bederen. Zuen batengatik haurdun gertatzen baldin bada, beharko duzue zuen erresponsabilitatea hartu...». Iñakik ez zelako horrelakorik ihardetsi zion, baizik eta Ama Birjinak manaturik, neska horren baitan noraino konfiantza ukan zezakeen probatzeko, zizare lodi gorri eta gurintsu bat irents arazi ziola. Hitz horiek entzutean zorigaitzezko ama, trenputxartu zen.
Ongi ziren bai, Jon eta Iñaki: orain bi gorputz bazituzten bizitzara ekar arazteko. Iñaki Karrakoilek bere larruzko boltsatik bi pikura bikain atera zituen, eta bien ur berezien osotasuna, bi emazteen azpi pottoloetan azken zirritaraino hustu. Elorri eta bere ama, ipurdia erdi agerian egon ziren bizpahiru orduz, iratzartu arte hain zuzen. Begiak ireki zituztenean, jadanik, gaua zen Irulegiko herrian. Zuri zuriak ziren bi emazteak!
«Beha zer ekarri dizuedan zuen kolaborazione sari: xuriketak egiteko eletrikazko maxina bat. Berria da, atzo erosia dut, zuendako. Espres! Agian gustatuko zaizue, eta behar den bezala baliatuko ere» zioen Jonek. Elorrik delako zizarea diseitua zukeen, irri bero batekin diputatuari hurbildu bait zitzaion. «Ez duta ene lana ontsa egin?». Denak zoriontsu ziren, baiezka... Beste zizare bat jan behar baldin bazuen, inkasean, amak diputatuari eskatu zion bere alabaren kuraie saritzat. etxean telefono eletronikoa ezar ziezaion. Baietz, bai, baietz, zuk desir dituzun guziak, aski duzu galdetzea, nori, bueno nihauri, ni naizelako nire buruaren jabe bakarra, etab. Hauek ziren familia horretako sukaldean entzun zitezkeen ele erdi-zoriontsuak. Elorri, ama, Iñaki eta Jon Kapagorri...
© Itxaro Borda