Basilika - Itxaro Borda

 

I

 

        Jon Kapagorri Euskal Herriko hirugarren zirkonzkripzioko diputadu berri hautatu zuten, euskaldunek. Ibarnegaraiez geroztik, beti, alderdi bereko legebiltzarkideak Pariseko parlamentura igorriak izan ziren. Erran nahi baita «xuriak». Ordea, eskuak ez zituzten berdin xuri. Azken diputaduak, adibidez, telefonoak ezartzeaz edo errepideak berregiteaz aparte ez zuen on handirik egin herrialdea sendatzeko. Arrotz obserbatzaileek zioten euskaldunek beren iduriko diputaduak hautatzen zituztela: euskaldunak, kirixtinoak, eskuindarrak. Orain arte... diogu gaur goitik ez dela batere manera berean itzulikatuko hauen errota.

        Zeren Jon Kapagorri, izenak erakusten digun bezala, «gorri» erre haietarik zen. Bere aitatxiren anaia Londresko lehen internazionalaren partaide amorratuenetarik bat zen. Osaba Patxi, zenbait urtez Mozkun egona zen, hango etxeak eraikitzeko talde batean hargin. Eta haren bidez, beste nehork ez zuen horrelakorik bizi izan Euskal Herrian, ezagutu zuen Igor Xenderovski Ukrania-tik etorria gure herri maitagarrira, aste luze batzuen iragaitera. Igor Xenderovskiren pentsamendu politikoak biziki hunki zuen Jon gaztearen buru-muina: sozialismoa, komunismoa, Karl Marxen ideiak... denak irentsi zituen hiru egun barne. Baina, geroztik jakin dugunez, Igor Xenderovski famatu hori, denbora batez Kroutcheven Laneko ministro gelditu ondoan, Brejnevek Siberiako gulagetara bidali zuen, dudanik gabe han ikas zezan lanaren egiazko balioa. Ez gaitezen trufa, trufa merkeegi delakoan.

        Igor Xenderovskik komendatu zion Jon Kapagorri mutiko lerdenari, Frantziako Alderdi Komunistan parte har zezan, karta batekin. Segidan obeditu zuen, eta Georges Marchaisen kide beroenetan kondatu abal zuen bere burua. Oso pozik zegoen Colonel Fabien delakoaren karrikan. Halatan aurtengo diputadu hanteskundeetan alderdiak diputadugaitzat izendatu zuen, Pyeénées Atlantiques departamenduko hirugarren zirkonskripzioan...

        Baina, herri ttikietan egiten zituen bilkuretan ez zituen bere komunist ideiak zabaltzen, askoz zuhurrago zen, bere programa Itosperenaren gainean kalkaturik: telefonoak, bideak, soldadogai erreformatze edo Mont-de-Marsanera igortze, eskola libroak defendatze, terrorismoaren aurkajokatze etab. Gainera, etxean gurasoekin ikasi euskaraz arras xarmanki ari zen, eta mitin politikoaren ondotik, pilotan, herrietan aurkitzen zituen pilotan atrebituekin. Jon Kapagorriren kanpaina festa bat izan zen. Egia. Itospek ez zuen horrelakorik, oizu!

        Joko politiko horretan «hordago» botaturik mahainera, herriak igande eguzkitsu batez «kanta!» ihardetsi zion, eta %68 botzekin lehen turnadan berean Itospe garaitu zuen. Astelehenean, telegrama bat bidali zion Igor Xenderovskiri Siberiara avec accusé de reception. Herri guzietan txanpaina botilak ireki zituzten, plazetan hegoaldetik ekar arazi trikitilariekin fandango bikainak dantzatzen zituztela. Festak zarraikan...

        Aspaldi bazuen (mende bat hurren) Euskal Herriak ez zuela ezkerreko diputadu «gorri»rik Parisera igorri. Arrotz begiraleak oro harrituak gelditu ziren: Frantzian diputadu gehienak eskuinekoak zimen, extremaeskuinekoak ez bazitezkeen. Horrek erakustera ematen zuen, euskaldunen bozkatzeko maneretan ez zela madarikaziorik, ez zirela herritarrak eskuin aldera bozkatzera destinatuak, elizak eta lekuko notableek sinets arazi nahi luketen bezala.

 

 

        Jon Kapagorri, diputadu berri eta ezkerreko. Hala zen, oraindik hala da. Ardura, ahapez, emana zuen, belarri batekin aditzen zutenei, hitzemana baino askoz gehiago eginen zuela bere herriarendako. Zeren, herria, gure herria keinka txarrean zegoela ohartua bait zen (ez zen naski politiko izate beharrik horretaz konturatzeko): langabezia, euskara menperatua, lurra debalde atzerriko jaunskilei saldua, laborarien ezin bizia etab. Zerbait obratu behar zen eta laster. Ez zuten euskaldunek planeta honetako azken indioak bezala desagertu gogo. Alde guzietatik arrazoin zuten... horregatik Jon Kapagorri hautatu zuten, gazte, lerden, zintzo.

        Parisen zelarik Bourbon palazioan, Barneko ministroak manatu zion bere eginbide bakarra zela terrorismoaren harraren kontra borrokatzea, nahi bazituen beste ekintzetarako kredituak erdietsi. Bazen bai, prolema bat, baina hemengo terrorismoa ez zen Parisen erraten zuten delako gangrena. Umilagoa zen, iparralde honetako ezin bizian oinarritua. Ez zukeen inolako gisetan frantses estadoaren batasuna mehatxatzen. Jon Kapagorri ez zen polizia gizon bat, eta ministroek dirua ez bazioten eman nahi, berak eta bera hautatu zuten jendeekin bildurik herriari doazkion neurriak hartuko zituen...

        Soluzioak aztertu zituen. Zentral nuklear bat egin Bankan? Ez, lau mila lanpostu sortuagatik inguruko biztanleentzat lanjerosoegi zen... Petrolioa lurrean bilatu, Amikuze alde horretan ba omen bait dago Laquetik datorren filon bat; baina han eme baztertu zuen. ikerketak karioegi zinelakoan eta petrolioa balitz, jende artean ekonomiko desberdintasun larriak ager zitezkeelakoz. Ez zuen batere desiratzen Edwing bat edo Carrington bat bere bozkatzaileetan... Pentsatu zuen Japoniako moto fabrika bati hona etortzea galdegitea. Ordea, bazekien japoniarren lan metodoen berri. Beraz utz! Lan bost egunez arizan zen herriaren geroari amesten. Soluzioak oro onak zitezkeen, baina...

        Bere aitamen etxera joan zen Jon Kapagorri. Berritan finitua zuten villan afaldu zuten hiruek. Eskaratzean, hemeretzigarren mendeko muble baten gainean, plastikozko gauza bati so egon zen. Han zen, umez betetzeko plastikozko Ama Birjina bat, dena xuri eta urdin, irri leunezko emaztea, Ama Birjina... Jon Kapagorriren ama, arras fededuna zen: urtero Lurdara joaten zen Baionako Apezkikuak kudeatu euskaldunen beilara. Han herri guzietako fededunak aurkitzen ziren: Senperekoak, Hazparnekoak, Itsasukoak, Luhusokoak, Oragarrekoak (ez azkenak ritualetan!), Buztintzekoak, Bankakoak, Maulekoak, Santagrazikoak eta Salgizekoak... Hots, Euskal Herria.

        Ideia. Ideia handia, ospetsua, ohoragarria. Ideia geniala. Euskal Hernian Lurdes bat moldatzea, Ama Birjina batekin, Soubirousa batekin, eta Basilika baten inguruan eraiki komertzioekin. Ideia ezin sinetsia. Berari gertatzen zitzaion lehen mirakulu kosmikoa, edo komikoa behintzat... Basilika: mila metro gomako urrezko dorrearekin, gotiko estiloan, Pariseko katedrala baino ederrago, Lurdeseko Chantilly meta ahantz araziko zuen basilika.

        Ideia horren alde onak eta alde txarrak miatu zituen. Hondarrean ez ziren alde onak baizik gelditzen. Ez dakit zenbat lanpostu kreatuko zituen obra hori bururaino eramateko. Lehenik beharko zen Soubirous bat atzeman, bigarrenik commission de controle des miracles bat, hirugarrenik norbaitek Ama Birjina berezi baten itxura marrazkitu beharko zuen, gero basilikaren altxatzeko harginak, maixturuak, zurginak, zizelkariak, tindalariak, artesanak bildu beharko ziren, eta azkenean tenploko komertzanteak. Komertzanteek bazuten jadanik aski esperientzia, ari bait ziren udaro turistei euskaldunez bestitu panpinen eta xahako hutsen saltzen.

        Gau guzian, ohean, bakarrik, itzuli-mitzulika arizan zen. Eta bai, hau dena egiztatzea ahalezkoa zen. Baina konplizeak, segurrak, xerkatu behar zituen. Irulegin neska bat ezagutzen zuen, Elorri izenekoa, hamabi urte zeuzkana. Bi biak ibiliak ziren eskuz esku, nehork ikusi gabe, Iratiko sasietan amets zoro egiten. Bai Elorri izanen zen; berdin ados ez bazen hilabetero zerbait pagatuko zion Soubirous berria josta sari... Bestalde, bazuen bere lagunetan apez bat gaztea eta berezia: Kepa Oihenarte. Uztaritzeko seminario ttikian egonak zinen elkarrekin eskoletan. Kepa mutiko fidagarria zen. Bi hauekin hasiko zen beraz...

 

 

        Bihanamonean, Irulegira joan zen beribilez. Elorri han zegoen plaza erdian, boketa latsen. Zeren Elorriren familia hain zen pobrea non ez bait zuten dirurik asko, garbitzeko makina baten erosteko. Elorri alaba bakarra zen, eta etxeko oihal-puska guziak pasatu behar zituen, kasik egunero. Istorio patetikoa: negarra bazerion begitartera, bere pobrezia manera horretan erakustearekin. Telefonorik ere ez zeukaten. Eta Elorrik diputatu berria ikusi zuenean irri goxo bat egin zuen. Honek telefonoa eta elektrizitatea ekarriko dizkigu pentsatuz. Ordea Jon Kapagorrik zerbait gehiago sartuko zuen Elorri zoritxartsuaren bizitzan: ametsa eta erokeria... Ez da gaizki.

        Epa, Elorri, zato...

        Agur Jon, nola zara, diputadu izanagatik nitaz oroitzen, ala samurtasun bila zabiltza?

        Ba, biak. Hurbil zaitez!

        Ostatu batean kokatu ziren, bi pelfort manatzen zituztela tabernaniari. Solasean hasi ondoan, Jon segidan gaiaren bihotzera joan zen.

        Elorri, nere proiektu batetan kolaboratu nahi bazenu arras kontent ninteke. Horra: Euskal Herria desenklabatzeko ideia handi bat badut, baina zu gabe ez dezaket deusik egin. Hona: behar duzu Bernadette Soubirosek bezala Ama Birjina ikusi, eta ikuste horren lekuko izan munduaren aintzinean.

        Ba, osoki ados ninteke, ordea nihaurek ez dakit zer den Ama Birjina delako hori. Ez naiz usu ibiltzen mezan gero, bueno katiximan ikasiekin zerbait egin dezaket zure laguntzeko.

        Irriz karkazailka hasi ziren biak. Ez zekiten irri honi Euskal Herri osoari emanen zutela, zenbait urte berantago. Jon Kapagorrik hitzeman zion xuriketen garbitzeko makina bat eskainiko ziola, bere urtebetetzeko, eta etxean ere telefonoa instalatuko ziotela.

        Horrela Ama Birjina famatu hura ikusiko dudan aldi oroz deitzen ahalko zaitut Jon, ene maitetxu! Gero elkarrekin ezkonduko gara, berdin!

        Gaixoa, ez da posible izanen; ni bezalako gizon bekatorosoak ez du zeruak eta graziek hunki saindu bat esposatzen ahalko.

        Irriak negar bihurtu ziren. Elorrik ez zuen komentuan sartu nahi. Komentuan ez. Jonek proposatu zion serora ordre berri bat kreatuko zuela, bere maitearentzat, eta halatan beren bideak segi zitzaketela.

        Elorriri azken musu laikoa emanik, Jon Kapagorri Euskal herriko diputadu berria, joan zen Ezterenzubira Kepa Oihenarteren bisitatzera. Kepa Ezterenzubiko elizaren kalastrapuan zegoen, «marixuana» erretzen, bi hankak izarrei ofreitunik. Bo, ez da hori hain harrigarri: oraingo apezak askatuak dira, eta nolaz gose grebalariak sostengatzen dituzten, normal da euskaldun arrunten pipa berdinak erre ditzaten.

        Jon eta Kepa ados jarri ziren. Kepak ez zuen Jonen ideiari oztoporik ezarri. «Bai nahi dukana eginen diat, aski daukak diretibak ematea; mana nazak, Jainkoak bakarretan manatzen nauen bezala. Han ez badut biziki obeditzen, hire gizona nauk. Ongi duk, benaz erran bezala...» Bai, Kepa presatua zen, herriko festak antolatzen zituen erakundeak bilkura inportante bat bazuelakoan, zortzietan... Baiki. Jon urrundu zen. Haize hegoan.

        Aferak orain artino ongi zihoan. Ez zukeen Jon Kapagorrik horrenbesterik espero. Oroitu zen, Kepa Oihenarte apez marjinala agertuagatik arras ontsa ikusia zela, Baionako apezpikutegian, eta bere denboretan Erroman teologia ikasle egon zela. Bere ideia egiaztatzeko sistema hierarkiko hori erabiliko zuen. Eguna zaila izan zen. Jon Kapagorri, Euskal Herriko diputadu berri, nekatua oheratu zen, bere herriarentzat zerbait obratzea ahalezkoa baino gehiago zela pentsatuz.

 

 

 

© Itxaro Borda

 


susa-literatura.com