Suzko gezi bat bezala

 

 

        1982ko maiatzaren 13an idatzia.

        Urte berean «Irun Saria» eman zioten Milagros Bidegain, Juan Maria Lekuona, Andu Lertxundi, Jose Antonio Mugika eta Antonio Zabalak.

        1983ko otsaileko SUSA 7.ean argitaratu zen bertsio bat.

        Urte bereko azaroan C.A.P.ek beste bertsio bat eman zuen argitara. Espero dezagun hau izango dela azkenengoa.

        Beren liburua argitaratzeko asmoz argitaletxe batetara joan eta ordainez itzulpen batzu egin behar zituztela esan zieten poetei.

 

 

                        «...Suzko gezi bat bezala

                        bizitza landetatik doa

                        Manitu Handiaren baratzera».

                                                     Waka-Ho

 

                        «Gaiztoaren gezi suz eraixeki guziak

                        iraungi ahal ditzazuen»

                                     Leizarraga,

                                     Ephesioei epistola VI- 16

 

Waka-Ho (uaka-jo irakurri) haur zelarik gurasoak galdu zituen. Onondagas irokes tribuko agure zaharrenak hartu zuen babesean eta aitona horren ahots leunak deskribatutako eszena ederrak, ipuin lilurakorrak, betirako pausatu ziren Waka-Horen irudimenean. Lur hobeagorik ez luke aurkituko halako haziak. Waka-Horentzat hitz bakoitzak kolore bat zeukan, arnasaldi bakoitzak erritmo bat adierazten zion. Eta hala, agurea zaharturik hil zenean, Waka-Hok, han, basoaren abartsuenean, negar egin zuen. Eta gero, aitonaren errautsak eskuan hartuz haizeak eraman zituen arte begira egon zen. Arratsean, hitzak bata bestearen atzetik erten zitzaizkion:

 

                «...haizeak ajeatzen duen gorputz zimela

                errauts da

                eta errautsa landetan barreiatzen da

                lore eta fruituen bidez nigana etortzeko...»

 

        Waka-Horen haurtzaroa bakartia izan bazen agurearen laguntzak soilik ezkutatzen zuen bakardade hori, gaztaroa are uzkurrago eta beste gazteengandik aldenduago igaro zuen. Txikitan tribuko beste haurrak ezberdin begiratzen zituen, nahiago zuen mila aldiz agurearekin basoetako babes ilunean pasiatu, solasean, haur-jolas mengeletan parte hartzea baino.

        Bakardade hori hitzez betetzen irakatsia zion agureak, eta orain, hura aldendu zelarik, atsedeneko orduak ipuinak bergogoratzen ematen zituen. Horretan eta arkuz tiratzen ere aritzen zen, laister tribuko tiralari onena bilakatu zen arte.

        Aitonak kontatutako ipuinak bergogoratzen zituenean beti asmatzen zuen zerbait berria, hemen edo han sartzeko... Bere bizitza aurrera zihoan beste asaldadura haundirik gabe. Gainera, gutxinaka, tribuko haurrak hurbildu zitzaizkion, asmatzen zituen ipuinak eta esaten zituen poemak oso ederrak bait ziren (tiralari on izatearen ospeak ere bazuen horretan zerikusirik). Euria edo elurra ari zuen neguko egun hotzetan, Waka-Horen «tipi»a adin guztitako haur eta gaztez beterik egon ohi zen. Eta, Waka-Hok, agureari ikasi zion ahots leunez esaten zituen irokesen tribuetako kontu zaharrak.

        Horietako egun batetan, otsoak kanpamentutik hurbil zebiltzan gaua zen, auhen batzu entzun ziren baso aldetik eta gero eztanda bi. Waka-Horekin zeuden guztiek arnasa eten zuten eta txintik atera gabe adi-adi geratu ziren. Waka-Ho izan zen jeikitzera ausartu zen bakarra, larru lodia gainean hartu eta gezi-arkuz horniturik gaueko elurretara erten zen, basorantz.

        Beste eztanda batek hautsi zuen elurraren erori malgua eta otsoen oihuak areagotu ziren. Basoaren argiune baten erdian gizon zuri bat zegoen, otsoz inguraturik eta antza zenez handiki zauritua odola bait zerion ezkerreko saietsari.

        Waka-Hok trebeki jaurtiki zituen geziak; eta bat, bi, hiru otso geratu ziren hilik elurretan, bakoitza. putzu gorri baten erdian. Besteek ihes egin zuten. Ordurako konorte gabe zegoen zauritua bizkar gainean hartu eta «tipi»ra eraman zuen.

        Une hartatixe aldatu zen bere bizitza. Gazte hark Edgar zuen izena eta irokesen hizkuntza ezagutzen zuen; sentsibilitate handiz entzun zituen Waka-Horen poemak zauria sendatzen zitzaion bitartean tribuarekin igaro zituen egunetan. Gizon hura biziki hunkitu zuten Waka-Horen poemek eta behin Waka-Ho poemak esaten ari zitzaiola fabore bat eskatu zion. Otsoek zauritua gertatu zen gau beldurgarri hartan zaldia ere galdu zuela eta zaldian poltsa balioso bat zeramala kontatu zion Waka-Hori. Hura ekarriko balio asko eskertuko liokeela.

        Waka-Ho segituan abiatu zen gizon hark seinalatu zion baso alderantz. Azkar baino azkarrago topatu zuen zaldiaren hezurdura, eta alboan larruzko poltsa.

        Poltsa ikustearekin Edgarren begiak distiratsu jarri ziren eta arduratsuki barnean bilatzen hasi zen. Lehenengoz likido marroia zeukan botilatxoa atera zuen eta tragoska bat hartu ondoren, poltsan bilatzen jarraiki zen. Liburu bat atera zuen bertatik eta honela esan zion sendatzen ari diren gaisoen ahots sakon, ahul eta lilurakorraz: «Nire hizkuntza irakatsiko dizut...»

        Poema liburu bat zen eta uda baino lehen Waka-Ho liburu hura goitik behera ulertzeko gai zen. Edgarren laguntza sutsua zen, eta goizaldeko orduetan ere aritzen ziren; Waka-Ho ingelesez mintzatu arte. Edgarren zauria segituan sendatu zen, eta bazuen horretan botilatxoko likidoak zerikusirik, baina, oraindik idazten irakatsi nahi zion Waka-Hori.

        Udararekin botilatxoaren likidoa agortu eta Edgarrek alde egin behar izan zuen. Waka-Hok bazekien idazten eta Edgarrek opari bat utzi zion: poema liburua eta orri zuriz osatutako liburuska.

        Waka-Hok liburua mila aldiz irakurri ondoren, laister, hizkuntza hartan idazten hasi zen, baldar hasieran eta gero eta trebekiago orriak betetzen joan ziren. Orri zuriak bukatu zitzaizkionean, behin eta berriz irakurri zituen (larrugainean idazten saiatu zen, baina ez zeukan paper elurtuaren lilura Waka-Horentzat). Edgarrek oparitutako poema liburuan ikusi zuen antzera, izenburu bat idatzi zuen liburuskaren hasieran: «Suzko Gezi bat Bezala...» eta eskeintza ere ipini zuen beste liburua imitatuz:

 

«Handa-Kari, haur nintzelarik jaso ninduelako eta zaindu eta dakidan guztia irakatsi, liburu hau, Onondagas irokes tribuko Waka-Hok».

 

        Orduz geroztik ez zuen ondo lo egiten Waka-Hok, ezinegonaren txindurriek atsedena eragozten zioten. Ideia bat zebilkion buruan: ikusia zuen Edgarrek eman zion liburuan helbide bat, Boston zeritzon herriko kale batena, liburua argitaratu zuen argitaletxearena hain zuzen.

        Bestela ezin zitekeen izan eta, behin batean, gehiago itxaron gabe, larruzko jazkirik dotoreena ipini eta kanpamentutik aldendu zen eguzkiaren printzek oraindik baso zabalak urreztatu ez zituen udazkeneko egunsentian. Inor ohartu gabe. Boston hirira ailegatzeko erabaki irmoa hartua zuen.

        Oinez legoa asko ibili zituen Albany herriraino, beti, pardelean liburuska estutuz eta zenbaitetan bidaiako arriskuetatik salbatzeko arku-geziekin zuen abilezia erabiltzera behartuta. Albanyn larru merkatari batekin tratutan hasi eta kastore larruak saldu zizkion; lortutako diruaz dilijentzian txartela hartu eta Bostonako bidaia luzean abiatu zen berriz ere; bidaiaren erdia behintzat burutua zuen.

        Bostonainoko bidaia aipatzeak ez du merezi, Waka-Hok era guztitako irainak jasan behar izan zituen eta ez zuen hitzik atera, soilik noiztik behin liburuska atera eta irakurtzen igarotzen zituen ordu luzeak.

        Boston hirian lilurak gainditu zuen Waka-Ho. Albanyn ikusitakoa nahiko txundigarri izan bazen, hura perspektiba guztien aldaketa zen beretzat: kale luzeak begiratu eta zorabioa sartzen zitzaion eta etxeak burura eroriko ote zitzaizkion beldurrez ibili zen kale estuetatik. Lilurak eragozten zion zurien mespretxuaz ohartzea. Jendeak zioen albotik pasatzean: «Begira ezazue! indiyo nazkagarri bat».

        Argitaletxearen helbidea aurkitzea kosta zitzaion, inork ez bait zion haren berri eman nahi, baina aurkitu zuen. Bi pisutako egurrezko etxe dotore bat zen eta atean gaizkin itxurako atezain indartsua zegoen. Honek nahiko desgogora eta arku-geziak bertan uztera behartu ondoren sartzeko baimena eman zion (nahiko arraroa bait zen ingelesez hain dotore mintzatzen zen irokes higuingarri eta usai-txarreko bat).

        Ia hiru ordu aspergarri itxaron behar izan zituen artega gela txiki eta estu batean editorearekin egoteko baimena jaso arte. Urduri, Waka-Hok atea bultzatu zuen... bere aurrean begirada zorrotzeko gizon ilun bat, nahiko zahartua, eskuak higidura zakarrez igurtzen zituena, begizulo sakonak nabari zitzaizkion eta kopetan inoiz ezabatzen ez ziren ardurazko hiru zimur. Argala zen, hezurtsua eta zigarro bat zeukan ezpain lehorretatik zintzilik; eskuz seinalatu zion esertzeko.

        Waka-Hok, begirada jaitsi gabe, baina lotsati, eseri eta liburuska eskuratu zion. Nazka nabarmenez eta apika gorroto piska batez hartu zuen editoreak poema liburua, egunen igarotzeaz eta bidaia luzeak ajeaturik zegoen orri mordoa.

        Editorearen lehen hitzak «poemak, e?» mespretxati bat izan zen eta gero tabakoak zakartutako ahots kraxkatu batez ozen irakurri zuen, «Suzko Gezi bat Bezala...», «ja, ja» indar gabe batekin bukatzeko.

        Waka-Hok inoiz sentitu ez zuen zerbait nabaritu zuen bularrean, mina, min estraino bat, bidaiaren nekeak, hiriaren lilurak, urduritasunak eta gizon haren ahots zakar eta iraingarriak sortutako mina. Baina, editoreak dedikatoria irakurri zuen farre algaraka hasiz, eta arnasestuka, Waka-Hori ezertarako betarik eman gabe irakurtzen hasi zen:

 

                «Triste kantatzen du buztan-zuriak

                arbola horren gainean

                eta hostro bat erortzen da

                lurrera eta haizeak altxatzen du

                Haizeak eramaten du ere errautsa

                eta kea.

                Haizearen menean mugitzen dira

                landareak baratzean

                Manituk bidaltzen digu haizea

                eta haizeak eramaten gaitu beregana

                suzko gezi bat bezala

                bizitza landetatik doa

                Manitu Handiaren baratzera...»

 

        Bukatu zuen eta berriro ere «poemak, e?» lehen bezala, eta gehitu zuen, «inditar batek ingelesez? um, um, um» eta isilunea. Gero aitakorki, liburua bueltatzeko keinua egiten zuen bitartean, esan zion Waka-Hori: «Bai, arazoa da poemak direla... orain ez asko poema liburu bat argitaratu genuen, E.A. Poe zeritzon urlia batek idatzia: «Tamerlane and other poems» eta desastre editorial bat izan zen, orduz gero poema liburu gehiago ez argitaratzea erabaki dugu». Isildu zen, baina Waka-Hok, beraganako gorrotoa nabaritzen zuen gizon haren hitzetan, erabiltzen zuen doinuan, hau aditzen zuen: «ja, ja, indio batek poemak idazten ditu eta gainera ingelesez... ja, ja, eta ez hori bakarrik, tontolapiko honek argitaratu nahi dizkik; inditar hauek zazpigarren zeruan bizi dituk, ja, ja, ja». Eta orduan editorea hizketan jarraitu zen: «Ja, ja, indio bat poemak idazten eta gainera ingelesez, ja, ja, ja...».

        Waka-Ho ez zitekeen aulki hartatik mogitu, itsatsirik bezala zegoen eta aditzen jarraiki zitzaion, «Dena dela, oso oker ez banago zu irokesa (mespretxu eta gorrotoz hitz hau) zara eta zuek edukiko dituzue kontu zahar batzu, agian horiek ingelesez idatzi eta ematen badizkidazu argitaratuko nizkizuke poema (mespretxuz) hauek», eta liburuxka bota zion.

        Waka-Horentzat gehiegi izan zen, aulkitik jeiki eta leku hartatik atera zen korrika editorearen barre nekatua belarrietan zuelarik. Atezainari bultzada eman eta arku-geziak kendu zizkion.

        Bostongo kaleetan galdurik pasa zuen ia egun guztia eta gau aldera noraezean eta goseak sabela gaztigatzen ziolarik jendez gainezka zegoen lokale ketsu batean barneratu zen. Taberna hartan sartu bezain pronto han zeuden mozkor guztiak algaraka hasi ziren, bazeukaten gauerako dibertsioa. Burlaka eta iseka hasi zitzaizkion Waka-Hori eta hau larriturik alde egiten saiatu zenean ez zioten utzi. Heldu eta barrara eraman zuten, han mozkorrek zioten, «edan ezak suzko ura, ja, ja, ja! gustatuko zaik, uooojoooiiiii!!!!» inditarren garraisiak lotsagarriki imitatzen zituzten. Hiru lagunen artean Waka-Ho atzetik hartu eta ahotik behera basokada whisky hustu zioten. Barrenak erre zitzaizkion Waka-Hori eta gero zorabioa etorri zitzaion. Bi, hiru, lau alditan errepikatu zen berbera eta guztietan irainak entzun behar izan zituen. Azkenerako taberna hartatik ostikoka bota zuten Waka-Ho kaleko hautsa miaztera.

        Burua biraka, erabat galdurik ibili zen kaleetan zehar, negarrez oroitzen zen tribuko kidetaz eta inoiz baino gehiago haurtzaroan zaindu zuen agureaz, Handa-Kaz. Gorroto bizi bat, suzko gorrotoa piztu zitzaion erraietan. Ohargabean argitaletxearen aurrean aurkitu zuen bere burua.

        Begietan argi berezi bat zeukan Waka-Hok, ordurarte inoiz izan ez zuena, eta makinalki gezi bat atera eta arkuan prestatu ondoren su eman zion. Suzko gezia zuzen sartu zen editorialeko leihotik eta segundu gutxiren buruan suziri baten moduan piztu zen edifizioa. Garraisiak entzun ziren leku guztitatik, eta edifizio barnean ere bai. Leiho batetik editoreak salto egin zuen, erropak suak harturik, eta lurraren kontra hautsi zuen burua.

        Suaren lilura galdu zuenean, antxitxika egin zuen alde handik Waka-Hok, jendearen kontra behaztopa eginez berriz ere galdu zen kaleetan. Biztanleak segituan hasi ziren bere bila.

        Tabernaz taberna ibili zen gertatutakoaz ezer ez zekitenek eskeintzen zioten «suzko ura» edanez eta irokes frase luzeak errezitatzen. Tabernako mozkorren trufarako hala zioen:

 

                «gezi bat naiz, hostro bat. ernetzen ez den hazia

                gorrotozko gezi naiz

                hostro iharra

                zoriontsu bizi nintzen eta orain bizia ez da...

                eta orduan Handa-Kak

                basoan aurkitutako hartza hartu eta

                beldurrezko tximista

                eta ni...»

 

        Hero desioz egarri jendetza hiritik zebilen inditar hiltzailearen bila. Taberna batean aurkitu zuten whiskyz moskorturik. Jo zuten odoldu arte eta soka bota zioten lepora; arrastaka erabili zuten hiriko kaleetatik, azala urratu eta desagertu zitzaion, eta plaza nagusian astigar sendo batetan urkaturik hautsi zitzaion bizkarrezurra, eten arnasa, lehertu birikak, heriotzaren plazerea...

        Hil zen Waka-Ho, liburuskaren orriak kaleetan zehar haizeak barreiatzen zituen bitartean.

 

 

© Mikel Antza

 


susa-literatura.com