Nire gela?

 

Nire gelan ateak, zur zaharrezko marroi iluna,

deskriba dezake malko eta irribarre; leihoak,

zuri argia, kristalaren transparentziaz

nolako desirak abiatu diren jakin badaki;

pareta berdea, eta hezea,

hormairudiz betea; lanpara baten alboan

ohea, ametsetarako bazter enea; armarioak,

erdi zabalik, inolako lotsarik gabe erakusten du

ezordenuz pilaturiko arropen irudi anizkoloreduna;

ispilurik ez;

erdian, elkarri begira, mahaia eta aulkia gaurko ia

arratsalde guztian nirekin bat izan dira; lurrean

baso bat ur, banaizezpanaiz egarri.

Musika soinua airean,

zigarroa hautsontzian,

cassette-zintak ondoan,

liburu batzu pilaturik

eta imajinazioa joanik.

 

Hau nire gela...

A!, eskuan luma eta papera,

nire gustura aldatu egiteko aukera.

 

 

 

© Kepa Fdz. de Larrinoa

 


susa-literatura.com