XXXII - Bilera bat
Izan ere. Txo konfidentzial hurbiltzen zitzaion:
- Etorri hemendik Niko, hau interesatuko zaizu.
- Txo! -kezkatu zen Niko-, nora naramak orain?
- Egon lasai: denak lagunak dituzu -eta abiatu zirela:- zer moduz zabiltza, bestela?
- Atzo hi utzita borroka latzak ikusi nizkian kalean.
- Jo al zintuzten?
- Ni ez; beste batzuk gogorki.
- Gaur ere badago zerbait: egunero, eta hartzen ez bazaituzte eskerrak; orduan bai gogorki!
Inor fijatzen ez zen eta Nikori langileek arropaz aldatzeko erabiltzen dituztenetakoa iruditu zitzaion txabola batera iritsi ziren. Txok atea erdizabaldu zion:
- Pasa zaitez aurrera.
Niko pasatu zen. Han zegoenak bilera bat ematen zuen, eta bazeuden bai ezagunak, Izaskun ari zen mintzatzen, Niko sartu zelarik agurtu bait zuen. «Orain berriz ezagutzen al nau?», pentsatu zuen Nikok. Besteak ere ezagunak ziren: Azpitarte, Lolo. Patxiku, Ana, Tornilo eta Artzaia, Izaskun ari zen esaten:
- ...Arbrak bortxatzailea identifikatu bait zigun gauza bakarra falta genuen: haren zikiratzea; Srusta eta biok joan zitzaizkion nabalaz...
- Arbra eta Srusta, ijitoak? -galdetu zion Nikok Txori bajutik.
- Bai, Srusta eta Arbra anai-arrebak dira (Haw, baien lehengusua ezagutzen duzu, eta Mila eta Kati, Hawren izebak biak), eta Srusta ibili da Josebekin. Patxikuren alaba eta Palante osaba duena, ba osaba ere bada (hiru gizonok Kataren semeak dituzu) Izaskunen senarra. Josune alaba bait dute.
- A! -egin zuen Nikok.
Atea zabaldu zen eta amona kajatxo bat eskuan zekarrela sartu zen.
- Beti berandu iristen naiz! -kajatxoa utzi eta bufanda kentzen zuela- beti berandu! Ui! -esan zuen Niko ikustean- zu hemen! ze sorpresa ona! Ikusi, ikusi zer ekarri dudan -eta kajatxoa ireki zion- zuri gustatzen zaizkizunak... hartu, hartu.
Nikori han denen aurrean lotsa pixka bat ematen zion arren, hartu egin zion pasta bat.
- Zer daukak Niko, zuloa? -bota zion Artzaiak bere lekutik.
- Bai -esplikatu zion Nikok amonari-, hor kanpoan jana bazegoen...
- Bueno, baina pasta batek dijestioari lagundu egiten dio -esan zuen amonak, eta denek barre egin zuten; amona jarri zen eta kontatu zien:- ba, hona nentorrela, ezetz asmatu zerekin egin dudan topo...
- Kontrol batekin -esan zuen Anak.
- Horixe! Nola zenekien? -galdetu zion amonak-; baziren ez dakit zenbat eta bat neri apuntaka. «Zertarako arriskatzen duzu bizitza, mutil?», galdetu diot, eta papera bezain zuri jarri zait eta ez zekien zer esan. Ni, joan naiz badaezpadaere.
- Ondo egin duzu -esan zion Patxikuk.
- Horixe! -konfirmatzen zuen amonak.
- Asko daude kontrolak -esan zuen Txok, kanpora seinalatuz.
- Ez zuten Xelmo geldiaraziko? -galdetu zuen Lolok ajolatsu.
- Xelmo! Ez zaiguk galduko hori! -erantzun zion Azpitartek.
- Zurrutean egonen! -Patxikuk.
- Pieza ederra duk hori bai! -erantsi zuen Artzaiak, eta berehala:- baina ea, gurean, ba al dago zerbait gehiago?
- Bai -hartu zuen hitza Azpitartek-, nik badakart proposamen bat, gure taldean zehaztutakoa, zera ikusten bait da, alegia, batzuetan eztabaidatzeko materialak berandu eta ez osorik iristen direla, baina ez da hori okerrena, baizik eta, gero guk egiten dugula eztabaida eta bueltatzeko garaian horrek ez du deusik ere balio dena erabakia bait dago. Orduan zuzendaritza taldetan eta ez pertsonetan, taldetan zatikatzeko da gure proposamena...
Nikok ez zekien elealdi hartako nondik norakorik; Txok, konturaturik edo, aparte ez griña bizian Nikori iruditu zitzaionez, adierazten hasi zitzaion:
- Azpitarte ez dago behin ere ados dagoenarekin, da tipo zinparta... zainekoa dute zeren Usu bere lehengusina ere... hori. Azpitarte, nobio ibili da Ixirekin. Xelmoren iloba Antton bezala, nahiz eta Antton beste adar batekoa; gu ere bagara senide edo zera horretakoak, zeren Xelmok ez dakit ze zeharkako harremana daukan Tirasokarekin. Maxen semea; ba, Max, aitatxi dugu guk. Graxi. Lauxi eta hirurok, haren semea -erdikoa, Tornilo baitu zaharragoa eta Fela gazteagoa-. Ruiz, gure aita delako. Eta Max eta amona, lehengusuak.
- Gauza horiek eta baita ere -orain Lolo sartzen zen denen hizketan-, gauza sinplexeagoak pasatzeko, geure mailagokoak...
- Bai, zeren lehengoan -esan zuen Patxikuk- heldu zitzaigun totxo hura, nola zuen izena, kasik ezin izenetik pasatu, gero irakurtzen hasi eta, nola zen hura?
- Troski -lagundu zion Lolok.
- Horixe. Troski zen; barretan pizak egiten genituen: Troskik hau esan zuela bestea idatzi zuela... «Txakurrek ba al dakite ba, mintzatzen?», galdetu zuen Perikok, eta besteok ere...
- Txakurra zelakoan -apuntatu zuen Lolok.
- Eta hala da txakurra -esan zuen amonak-; gure Rosaritok halakoa du.
- Baina entzun, entzun -Tornilo nahiko bero zegoen eta moztu egin zuen hizketaren haria-, horiek egingo dira egin behar badira eta bestela ez dira egingo eta zer egingo da, baina gauza urjentea da nerea eta entzun ezazue ondo: atzo jakin nuen non gordetzen duten Antton, eta ez dugu biziki erraza baina mutila atera beharra dago lehenhailehen.
- Antton? -esan zuen amonak erne-erne jarrita- noski atera beharra dela! Zer egin behar da?
- Badago galeria bat, planoa hemen duzue -eta Tornillok mahai gainean plano batzuk destolestatu zituen- eta hori hartuz gero...
- Antton hori ere -galdetu zion Nikok Txori- familiakoa al da?
- Esan dizut bada. Antton Xelmoren iloba dela, eta Koletterekin erdi dabil; Kolette. Lolo horren arreba da eta Françoiseren alababitxia eta Karmenen alaba, beraz Artzaiaren biloba, zeren Artzaiak bere lehen ezkontzan izan zuen, bigarrena Katarekin egin zuela -hortik Kike eta Pilartxo seme-alabak- (Patxiku eta Palante ez bait dira Artzaiarenak), eta hirugarrenetik Pui eta Pako izan zituen, ulertzen duzu ezta?
- Den-dena ez baina -erantzun zuen Nikok diplomatiko.
- Beraz -Izaskun ateratzen ari zen konklusio hau- komandu buru, hi izango haiz Tornilo.
- Bai noski! -esan zuen Tornilok oso pozik.
- Ez badago besterik -hasi zen Ana, eta Nikok neska ederra zela zerabilen buruan- Mujikaren bahiketaz esan nahi dizuet operazioa arrakasta bat izan dela, primeran atera zaigu. Agirrerekin jeneral baten inplikazioak deskubritu gainera. Max eta biok izan genuen etxetik...
- Ester da eta! -eskapatu zitzaion Nikori, Txori.
- Horixe badela -esan zion Txok ahapeka-. Ester, badakizu, pelukeroa; hori atso sorgin baten biloba da; Artzaiaren ama dena beste alde.
- Ni Ana zelakoan...
- Itxuraldatzea gustatzen bait zaio. Baina, entzun!
Artzaia altxatu bait zen solemnidadez Nikori esateko:
- Eta horiek bukatuta, hik, Niko, ez dezakela ahaztu bueltarako trena hemendik ordubetera dukela.
- Eeeee! -bota zuen Nikok-, ordubete bakarrik? Eta nola egiten dut orain? -denei begiratu zien eta azkenez Txori.
- Orain dena erraza da -erantzun zion honek-, etorri nerekin hemendik.
Nikori musuak eta besarkadak eman zizkioten denek. Azkena, Artzaia, Nikok ezagutzen ez zion doinu harrigarriz esan ziona:
- Hi: gogoratzen haiz, piszinan utzi hindudanean, liburu bat zeraman tipo baten atzetik atera nintzela, hartaz inkesta egitera? Hi, harrapatu nuela eta bera bakean uzteko, bera ere pertsonaia zela eta bakean uzteko. Bera ere bazela. Horrek utzi naik historia honetan txunditu samarrik. Bera ere bazela -Nikok ikusi zuen Artzaiak, jartzen zuen aurpegiagatik, berak ez ziola horretaz argirik emango ulertzen zuela; izan ere, honela segitu eta bukatu zuen:- en fin, munduak buelta asko ematen dik eta zer egingo diogu! Agur, Niko, ibili bizkor!
Niko ez zen kezkarekin Artzaiaren mintzoaz handizki enteratu, eta Txori jarraitu zitzaion, ate bateraino: Txok zabaldu zuen atea, sar zedin esan zion, eta barruan zegoela, atzean «oraintxe arte» esanik hertsi egin zion.
© Pablo Sastre