XXIX - Begi politak

Baina lagun mordoa sartzen zen orduan ostatuan, larru puztuak, tajugabeko aurpegiak, barre zuriak, eta Nikok aterako biderik ezin eginik zegoen.

- Zertarako atera behar zuen etxetik? -galdetzen zien besteei esku alanbre batek-; ezkonduta ez al dago ba?

- Hori esaten diat nik -laguntzen zion papardadun batek-, emakume etxean ondo ez al dago?, paga ditzala gero ateratzeko ondorioak!

- Badakik -esaten zion aurrekoari ahots gabeko batek-, putatxo dituk eta, ezin batekin konformatu!

- Gero bortxaz hartzen dituztela? -Galdetzen zuen txiki batek, ezpainak harro eta kanpora- Normal!

- Txarrean ez ziotek hankarik hautsi! -afeitatu gabeko lentedun batek-, hainbesterainoko kaltea ez duk!

- Aspaldian galdua neska bai.

- Merezia dik merezi.

- Neronek ere...

Nikok, gizon saldo hura gainean izan, eta kalea ezin erdietsi, oso txarki sentitu zen, goitigalez, eta komunera iritsi zen; ate hura berriz itxirik zegoen, eta Nikok ez zekien nora jo, non Anak atxilotu zutelarik eman zion giltzaz oroitu bait zen, agian hark irekiko ziola, eta atera zuen, arront gaizkiturik, sarrailtzuloan sartzeko.

Balio zuen, bai, eta Nikok barruan zegoela itxi zuen atea bere atzean, eta arnasa hartu zuen gozamenez.

Gela zabala zen, eta mutil bat zegoen bilutsik erdian, hanken gainean atraktibo jarrita. Niko hurbildu zitzaion; ederra zen mutila, ile motza eta irribarre trankila. Niko ondoan eseri zitzaionean, mutilak begiratu zion eta hauxe esan zion:

- Oso begi politak dituzu.

Nikok ere begiratu zion mutilari eta ez zion erantzun; Koletteren begietaz gogoratu zen: «Kolettek ere, politak ditu; nik bezalakoak al ditu?», pentsatu zuen. Ondo zegoen, eta laxo-laxotu zen gorputza atzera eginda, etzanik pausatzeko lurrean. Mutilak, eskua aurretik eraman zuen Nikori bularra ukituz, eta irribarrea hurbildu zion gero, musuan musu emateko.

Gero berezi zitzaion, zutitu zen poliki eta kajoi baterako joan-etorria eginik, argazki pilotxo bat ekarri zion; berriz alboan jarrita, erakusten hasi zitzaion:

- Hemen txiki-txikia nintzen... hondartza honetara joaten ginen udaretan... hemen amatxirekin nago... hau arreba dut...

«Beti izan da ederra», pentsatu zuen Nikok. Orduan neska pauso arin bat sartu zen gelan, hura ere bilutsik, eta Niko eta beste mutilarekin jarri zen. Mutilak segitu zion Nikori argazkiak erakusten, bukatu arte, eta gero kajoi aldera itzuli zen.

Orduan Nikok begiratu zion neskari eta:

- Zuk uste duzu -galdetu zion- nik mutil bati musua ematen diodala, korritzea egoki dela?

- Bai, noski -erantzun zion neskak, goxoki, eta arrimatu zen Nikogana, eta ezpainak hurbildu zizkion.

- Ez -esan zion Nikok, berriro etzaten zela-, orain ez dut musurik nahi.

Neskak orduan bere ahora eraman zuen behatza eta gero behatz hura Nikori ezpainetan ezarri zion. Ondotik, zutik zegoen mutilari maitasunez begiratu zion neskak, eta mutilak gisa berean neskari.

«Elkar maite dute», pentsatu zuen Nikok, eta ondo sentitu zen.

 

© Pablo Sastre


susa-literatura.com