XXVI - Paktoak eta ostiak

- Dena hasi huen -Tirasoka mintzo zen, begia txirrimirri- plazan, piper-potearekin...

- Aditu al duk? -Nikori Palantek Tirasokari hitza kenduta- plazan, piperpotea! Majaderokeria halakoa!

- Orduan, batzuek, kontra -jarraitu zuen Tirasokak.

- Guk! -puntualizatu zuen Palantek.

- Ostiak hasi eta hemen gaituk -bukatu zuen Tirasokak.

- Ikusi!: hasi dituk prestatzen; zenbat da jefe?; goazemak Soka!; Niko, hemendik ibiliko haiz? egongo gaituk!

- Bihar naiz joateko... -esan zuen Nikok.

- Bale, etzi kontatuko didak, ariyo! -erantzun zion Palantek, tabernatik irteten zela.

«Etzi?» bururatu zitzaion Nikori galdera, zerbezatik tragu eginik kaleko maniobrak ikusten zituela; pasatu zen neska bat eta txarki mekanografiatutako orriska bat utzi zion Nikori. Nikok ozta-ozta irakurri zuen: «Altzondo auzoan, lauetan hitzaldia eta pelikula emanaldia, seietan eskualde propaganda, ondotik sospetxosoen porrualdia, zazpi t'erdiak inguruan asanblada torturatu bat egongo delarik, auzoko merienda eta tokian tokiko ekintzak, bederatzitan oto karabana, arkupetan amaitu eta hasi manifestapena».

Kanpoan baila batzuk eta zenbait kotxe ari ziren zeharka jartzen, eta Tirasokak goiti joateko, jendeari goiti joateko, han goian bide bat libre zegoela eta.

- Ni -altxatzen zen begirada galduzko gizon siniestroa- estrategiarekin konforme; baina metodoak?; hauek barrikadak nola egiten diren puta ideiarik ei dute; tanketak ekarri eta brrraust!, linpio!; hor Fermintxorenean kaskote eta burni ederrak izaki...! puta ideiarik ez! baaa! -eta nazka txualdia botata ateratzen zen tabernatik.

- Baina -esan zion Nikok tabernariari, barrikadengatik- ez badira ajenteak etorri...

- Ez: ajenteak beranduxeago etorri ohi dira -eta tabernariak erlojua begiratzen zuen-: laster hala ere, ixteko garaia izango dut...

«Arriskua al dago ba?» galdetuko zuen Nikok, baina gizonaren jarreragatik begi-bistakoa ematen zuen baietz eta, haren asmoa entendituz, bukatu zuen edana, agurtu zuen tabernaria eta kaleratu zen.

Orduan gazte batzuk gaineratu zitzaizkion eta batek:

- Ea, hi ere, goazen -esan zion, eta bultzatu bait zuten. Niko kalean behera aurkitu zen haiekin multzoan. Obra batera iritsi zen taldea eta kate eginik demolizio puxkak hasi ziren handik ateraka. Niko ere, katean zen: non bere aldamenekoaren txaketa poltsikoan apoharmatu bat ikusi zuen, eta:

- Zertarako daramazu dortuka hori? -galdetu zion lanari utzi gabe.

Aurpegi atsegina zuen gazteak eta erantzun zion:

- Beti eramaten dut borroketan; atsedenetan, ateratzen dut eta elkarri begiratzen diogu.

Baina beste batek heldu zion Nikori lepotik, honela esateko:

- Aizu, utzi hori: hor karreteran badago trafiko seinale bat eta hura ekar ezazu mesedez.

Nikok, uztearenean bederen, gustora kasu egin zion. «Ahal badut ez dut trafiko seinalerik ekarriko», pentsatu zuen, eta izkinbuelta batean zer edo hura erabakitzeko gelditu zen pixkabatean.

- Atxilotu bait zuten, hala jainkia! -bota zion han zen zabartxo batek-, eta su-hatzez hesteak ireki zizkioten!, kartzelara faki gero, gose ta ilun dituztela!, eta semeari seme zelakotz bala batez zauri!, kontrolak eta atentatuak eta kargak eta ehun eta bat deabrukeria! Loreak nahi dituztela? Hilerrian paratuko!

Niko, su-garrak urduriturik, alderatu zitzaion. «Honi gogorreko zerbait gertatuko zitzaion, mintza molde horrekin...», eta horrela zahartxoaz ari zela, mutikoska batek geldiarazi zuen:

- Surik bai? -zigarroa ahoan zuela galdetu zion.

Ez, ez dut... -diskulpatu zen Niko; baina binbi-banba! agertu ziren ajenteak orduantxe, eta amen batean kalea haiena zen, eta kale guztian Niko zen bestelako bakarra. Bere burua horrela ikusi zuenean, ajenteei nondik jotzen zien ere, zeozeri ekin beharko ziola iruditu zitzaion, eta, motor bat bertan izanik, harexekin disimulaketan: «Ze aberia gaiztoa! -kontzentratu nahi izan zuen-: ez dakit nola gertatu ahal izan zaidan». Horraino bai, berehala ordea erremintarik ezaz erreparatu zen eta «tamala!» bota zuen bere barnekoz. Hala ere, lortu zuen antza ajenteen engainatzea. «Bestalde zertarako engainatu? -atzera pentsatu zuen-, haiek lagunduko nindukete seguru asko esango banie...» Ajente batek esanak erreakzionarazi zuen:

- Komaidios baten bat akabatuko dudala gaur!

Momentu hartan Nikok -hurbil zen eta- tornilo bilakatzea desiratu zuen. Motorraren radiotartean ajente horrekin mintzatzen zena ezagutu zuen; Kaskazuri zen, ferreteriakoa! «Zer egiten du horrek hor?», pentsatu zuen Nikok; eta haruntzago beste bat: gela barritu zion jenerala. Horren aurrera atari batetik gizon bat atera zen orain, bertsolari itxuroso:

Etorri gara etorri gara
etorri gara etorri...

- Egik hemendik, e?, arin gero! -agindu zion ajente batek.

Baina bertsolaria ez zen aise lajatzekoa:

Etorri gara etorri gara
etorri gara etorri...

Orduan beste bi ajentek hartu zuten hura eta konejeran sartu zuten. Horren kantura beste lagun talde batzuk kaleratu ziren, eta Nikok abagunea profitatu zuen motorra utzi eta horiekin batsu egiteko.

Kale estu batean sartu zen; han jende gehiago zegoen. Gazte batek kotxeatze batean komentzitu nahi zion heste bati:

- Iturburu hori txibatoa duk esaten diat!

Jendea berriro usteak hartzen hasi, eta ajenteek ikaragarrizko deskarga egin zuten; «orain zer dela-ta?» inori galdetzen ez zen ausartu Niko.

- Balak! -esan zuen norbaitek, eta kalea huts-hutsik berriro. Niko ate baten kontra erori zen, non emakume bat bait zegoen, lasai-lasai bajutik esaten ziola:

- Hoa orain, gazte, hoa orain eta horko horri hots egiok, bala bakarra dik eta; kontatu dizkiat eta bala bakarra geratzen zaiok horri; hoa orain, gazte.

«Halabaina, seguruenez, bala horrekin joko lidake», pentsatu zuen Nikok, eta hots egin beharrean, sartu zen atzeko atarian.

Atarian, berriz, ajente bat zeukan:

- Klandestinoki emititzen, e? -eta porraz kaskezurrekoa eman nahi izan zion, baina Nikok, arin, ostikada jo zion hankatartean hor nonbait eta ajentea lurrean zen ondorioz. «Agian ez nion eman behar», pentsatu zuen Nikok lasterka zihoakiola; «bai, seguru aski ez nion eman behar», eta arrenkura tiki horrekin jarraitu zen lasterka. Atzera begiratu zuen eta kornetaren erritmoan han zetorkion atzetik tarrapata batean zaldi saldoa. «Amerikanuak!», deduzitu zuen Nikok, eta bizkorrago ekin zion, eta albotik indio bat pasatzen bait zitzaion, iheska bera ere, haren zaldi gainera salto egin zuen, eta amerikanoengandik urrundu ziren arrapaladan.

Patio handi batera ziren ailegatu; bertan emakume batzuk kolada egiten zeuden, eta batek «hemen seguru zaudete» esan bait zien eta beste lagun asko ere bai bait zegoen, utzi zuen indioa eta arma onak zerabilzkiten kubatar batzuengana joan zen Niko; baina haiek Julio Iglesiasez ari ziren mintzatzen, eta Nikok buelta eman zion patioari. Patioan ere barrikadak zeuden, eta obrak, eta nahasketa, eta bulla, eta beltza, eta suak eta errautsak.

Bazen gizon bat negar-odoletan, eskuan begi bat zuela, eta zioela:

- Begi honetaz oroituko dituk! Oroituko dituk nere begi honetaz!

Bost baziren beste leku batean, sute baten inguruan mondeju janarian.

- Txakur hori jartzen bazait berriz aurrean...! -esaten zuen batek terrible. Besteak ere uzkur zeuden eta amorruzko horzkadaz txikitzen zituzten ogi-mondejuak.

Haruntzagoko beste talde batean esku garbi batek esaten zuen:

- Lagunok: paktoa egin behar!

- Nola paktoa? -erantzun zion beste batek.

Nikok kanpoan tiro hotsak entzun zituen.

- Bai -esan zuen esku garbiak-, pakto egiteko garaia heldu da, eta ni horretara noa! -eta zutitzen zen, beste batzurekin.

Deklarapen horrek jendearen nahaste-borrastea eragin zuen, bere taldean eta bestetan, berria heldu hala:

- Pakto egin behar dela!

- Zeinekin pakto?

- Zertarako pakto?

- Guk pakto?

- Pakto egin behar dugula!

Barrikadetatik jeikitzen ziren zaurituak eta erdisanoak eta gehienak hurbiltzen ziren haiengana eta gutxi batzuk zeuden lekuetan gelditzen ziren.

Hutsarte batetik hasi ziren soldaduak eta ajenteak sartzen, eta harri batzuk erori zitzaizkien.

- Ez harririk! -agindu zuen esku garbiak-: gerra bukatu da!

Pozezko aupak eta bibak altxatu ziren, eta ajenteekin nahasi egin ziren, nahiz eta batzuek hura aprobetxatu ajenteren bati muturrekoa emateko, eta ajenteak eta soldaduak ere ez egon bat ere eroso.

Esku garbiari harri batek burua jo zion, eta lurreratu zuen; orduan beretarrek hasi zituzten maniobrak, utzitako armak berreskuratuz, lagun izandakoengandik zetozen atake honetatik defendatzeko asmotan.

Txiki buru gorri batek hondakin pilo baten gainetik orrukatzen zuen:

- Gezurra! Dena da gezurra! -eta hankari eman zion, zenbait paktozalek atakatua.

Nikok Palante eta Tirasoka ere ikusi zituen, hesi baten atzean petardo bat prestatzen zutela, eta badaezpadan inor ez zegoela iruditu zitzaion lekurantz korrika egin zuen.

Hasieran ajente bat hasi zitzaion pertsegitzen, baina kasualidadez bere antza handiko beste bat ari zen direkzio berean korritzen, gaineraz bera bezala ezpartinduna, eta ajentea beste horren atzetik galdu zion susmoa Nikori.

Gero gibelean danba! petardoa, eta asko lasterrean iritsi zen Nikoganaino, aurreratzen zutela. «Nerea ez da grabe, baina hauek ez naute pasatuko», pentsatu zuen, eta haserrean, salto luze-luze bat egin zuen.

 

© Pablo Sastre


susa-literatura.com