XXIV - Fama txarreko ostatua ez, bestea

«Orain bai, telefonikara joan beharko nukeela; ez dut sobera denborarik, eta honezkero Agirreren enkargu izanen dut; haruntz eramanen al nau, korridore honek?», pentsatu zuen irtenbide batean, eta galdetzeko inor ez bait zegoen, arriskua hartu, eta harixe ekin zion.

Korridorearen buruko saloiak Niko apaldu zuen, halako urrezko tertziopeloz jantzirik zegoen. Mahai biribil bat zegoen erdian, eta zazpi-zortzi gizasemek elkarri pasatzen zioten hitza:

- Kontura dezagun gure sailaren menpe dagoen egitura-batzordearen bitartez hobari-bidezko laguntzazko jesapena eskuratu behar dezakegula.

- Ez ahaztu zaitez ogasun iraunkorretarako diru-ezarketa dagoela.

- Txostenak ez du argibide hoiek araupetzen.

- Berregituraketa agiripaperak azterlan zuzendaritzan dago.

- Merkataritza mailan hitz eginik epe luzerako plan partzial orokorrak da.

Gizonezko horiekin emakumezko bat ere bazegoen, brusa finez, takigrafia erritmoan hartuz besteen erranak. «Horrek jakinen du zerbait» desiratu zuen Nikok, eta hurbildu zitzaion eta galdetu:

- Aupa; aizu, telefonikara joateko badakizu...?

- Bai: atera hortik, zuzen-zuzenik segi eta tranbien estazioan hago...

- A, pues eskerrik anitz e?

- Ez horregatik...

Nikok, txistu-mistuka jarraikitu zuen norabide hartan, eta bai, geltokira zen ailegatu. «Emakume horrek -pentsatu zuen- egia esan dit; dena dela, nik telefonikagatik galdetu diot egia esan, eta honen berririk ez dit bat ere eman. Noski, hark bidean jarriko ninduen, orain berriz galdetu besterik ez daukat».

Taberna batera jo zuen; «Virginia» zuen izena taberna horrek, eta kanpoan plastikozko mahaitxoak eta aulkitxoak zituen. Haietan eseritzera zihoala:

- E! -hots egin zioten atzetik; gazte batzuk zeuden, eta batek:- ez eseri hor: fama txarreko ostatua duk hori.

- Fama txarrekoa? -galdetu zuen Nikok.

- Bai; kanpokoa haiz eta esan egiten diagu -esplikatu zion gazteak.

«On da jakitea -pentsatu zuen Nikok-, bestela eseritzen naiz eta jakin ezazu gero...» Orduan parean zegoen beste ostatu batean sartu zen.

- Gaur gora! -igo zedin agindu zion norbaitek; jende askok betetzen zuen ostatua; Nikok goi partean mahai libre bat aurkitu zuen.

- Zer behar duzu? -gainera etorri zitzaion etxekoandrea, zeinaren aurpegiak koadro bat bait zirudien.

- Txokolate-bainilazko izozkia mesedez.

- Heldu da! -abisatu zion etxekoandreak, eta zelan jakiteke han zeukan, eduki, jelatua.

Ideia argitsua bururatu zitzaion momentu horretan. «Horrenbestera ausartuko al naiz?», dudatu zuen; nonbait bai, zeren galde egin bait zuen:

- Agirre jauna ez duzu zuk, kasualidade batera, ezaguturen...?

- Agirre-Agirre? Bai; joana da arestian.

- Hemendik joana? -alegratu zen Niko-; norat, ordea?

- Hara -eta behatz batez trenbidearen direkzio bat apuntatu zuen etxekoandreak.

«Eta nora da, hara?», pentsatu zuen Nikok; baina ez zen gehiago galdetzera ausartu, eta eskerrak eman zizkion etxekoandreari. «Gero galde eginen dut, hara nora den», erantsi zuen bere golkorako.

- Or eukita zertako librauko ue uai? -entzun zuen Nikok aldameneko mahaian zen batek mahaikide zuenari galdetzen ziola.

- Reskatia paatuko ziken onezkeoz! -erantzun zion besteak.

- Aen familik, paatu? Eztituk ezagutzen!

- Paatu ezpaue paatuko itek, ikusiko!

- Paatu? Xur ek, paatu? Lenau il!

- Etzekit; ni banintz...

- Ipai! Neuk e bai! Orrek e bai! Ek ez!

«Mujikaren bahiketaz arituko dira seguru aski», pentsatu zuen Nikok.

- Lemixi kusi in biar gauza asko!

- Ze gauza asko kusi in biar?

- Ii zeñek esan dik sosak naiizkiotela?

- Ez! Begien koloria ikustearren emango ziteken!

- Igual zea espeziala izangouk!

- Leikena baño eztit uste! Etziok señaleik eta!

«Batek daki!», pentsatu zuen Nikok, eta jeiki zen, eta jelatuaren ordainak utzi zituen.

Ostatuan (tabakoa, gisatuak eta alkoholaren lurrinak) ke handia zegoen. Nikoren oinetara txanpon bat erori zen; begiratu zuen, eta emakume batek bota ziola ikusi zuen, baina ez zion Nikok garrantzirik eman eta mahai artean segitu zuen. Laster, berriz, barratik bat eta eskailera batetik bestea, bi txanpon berri erori zitzaizkion gertuan. Beste bi emakume ziren, eta beragandik zeozer nahi zutela argi iruditu zitzaion, fijo-fijo begiratzen bait zioten, eta aho pintatu gorriz «jin hunat prezioso» adierazten bait zioten. «Segur, txanponak hartuko banizkie onartzen ditudala esan nahiko luke -pentsatu zuen-; hobe ez, tigreme horiek deslumatuko nindukete eta».

Hartan, barra aurreko eszenarioan beste emakume bat hasia zen kantatzen; mahaietatik txalotzen zuten eta batek esan zuen:

- Begira, Natxa jalgi dun.

Jendeak txera onez begiratzen zion eta gehientsuek isilik entzuten zituzten haren tango zaharrak. Niko harritu zutenak, Natxa kantariaren lagungarri dantzari zeuden hiru neska zango luze: Fela, Kolette eta Pilartxo. Niko poztu zen haien ikusteaz, eta numeroa amaitu arte itxoitea erabaki zuen, eta hartarako edozein aulkitan jarri zen.

Non zegoen jarria hankatik gora etorri zitzaion kili-mili batek begierazi zion; mahai hartara agure bat zegoen, eta nexka haragi moltxo bat. Agurea Natxarekin zegoen enroilatua bete-betean; nexka -bestearen hiloba, zuen pentsatu Nikok-, begira, ezjakin nora, baina Nikoren hanka bide zeukan denborapasa, eta hark egiten zion laztan bere puntozko galtzerdiz.

Minutu erdi eskasera laztan haiekin aski zela kontsideratuko zuen, ze pixkabat inkorporatu bait zen eta:

- Etorri -esan zion Nikori ezpainak epel.

- Baina... -eta Nikok agureari buruz egin zuen seinale.

- Ezaguna duzu? -nexkak, lauki.

Nikok ez zuen jakin zer esan, eta gainetik Fela eta Kolette eta Pilartxo ahaztu zitzaizkion, eta nexka bizkotxo laztanberari jarraitu zitzaion ilunpe laketgarri batera, non nexkak musua eman eta emanarazi bait zion. «Lastima -pentsatu zuen Nikok- oraintxe izotza hartu dudala, sabore fuerteegia, eta hain hotza, ezin musu honetaz berdin disfrutatu, nere ahoa harenaren tenperaturan egongo balitz goxoago izango bait litzateke».

Hala ere ahoa gustatzen zitzaion eta estutu zitzaion begiak itxirik.

Gero Nikok ez zekien gozamen horretatik Txorekin karrika batean izatera nola pasatu zen. Egia, horixe:

- Niko!

- Txo! -elkarri ojukatu ziotela, eta hantxe zirela biak, karrika batean.

 

© Pablo Sastre


susa-literatura.com