XXIII - Hola dago mundua
Niko lurrean zen, Milaren bilatzen, noiz traje beteko tipoak heldu bait zion ukondotik eta:
- Zuzendaritzaren izenean, haren delegatua bait naiz -esan zion-, jantzi zaitezen, ja.
- Baina -objetatu zuen Nikok- bilutsik beste asko dabil...
- Hori ez dakit nik -ihardetsi zion delegatuak-; zuzendaritzaren izenean zuri natorkizu jantzi zaitezen esatera.
- Zergatik, ordea, ni bakarrik? -resistitu zen Niko.
- Jakina, uko egitea daukazu; kasu horretan zuzendaritzak pentsatuko luke zure jarkieraren aurrean nola prozeditu...
«Onenean - pentsatu zuen Nikok- zuzendaritzak ulertuko eta onartuko lituzke nere arrazoiak; hala ere, honegatik sar gintezke nekez irabaz nezakeen prozesu batean».
Beraz, arropak jaso eta dutxetara sartu zen. Dutxatik xahu zilarra atera zen. Pare bat igeltsuzko eskulturaz hornitutako balkoi batean zen. Balkoian, berriz, Xelmo ezagutu zuen. Tripa gainetik estu zihoakion atorra, eta polemika latza zuen beste birekin. Niko ikusi zuenean jakinaren gainean jarri zuen:
- Biok, prantsesak badakik. Donibane Prantziakoa dela, hi! -eta gero, gogoratuz bezala Niko zela:- autobusean, ze oxtia?; bahintzen eta bat-batean: «non da Niko?»!
- Esan nizun, zita nuela...
- Zitak, buruhauste ederrak! Nik ere banian, biokin: etorri nauk eta demonio! hobe ez banintz! -eta frantsesengana itzuliz:- Donibane ez da, ba, Prantziakoa!
- Zuen batasuna -adierazi zion frantses batek konklusio gisa- utopia bat da.
- Ez dakit xuxen utopia hori zer gauza den; batasuna hori baldin bada, ni, utopiko!
- Eta eskema zaharrak dituzue -jarraitu zitzaion beste frantsesa-; hemeretzigarrenean bizi zarete.
- Zuen hogeigarrenera iritsi nahi ez!
- Ez bait zarete bilakatu herri bat bezala...
- Zuei graziak!
- Mentalki nahi dizut esan...
- Artzaia banintz -esan zion Xelmok Nikori, frantses kaskorratza seinalatuz- ederra erantzunen nioken; ni diplomatiko nauk Niko, baina badiat hauei astakeria bat esateko gogoa...!
Orduan jangelatik bi emazteki atera ziren balkoira; bata zaharra zen, bestea ez. Biak ziren negarretan.
- Hori -esan zion Xelmok Nikori- aita Errotaren alarguntsua duk. Domezaineko aditz laguntzailea sistematizatu zian aita Errotak. Bestea, haren koinata.
Frantses batek argazki makina atera zuen eta bi emaztekiei flax!-flax! hasi zitzaien. Nikok eszena hura «tipiko» zela esaten zuela entzun zion. Xelmo, bitartean, joan zitzaien Nikok segiturik eta hark musu bana ematen bait zien, Nikok atzetik; koinataren ahoak -«musu lotsagabea ez ote?» galdetu zion Nikok bere buruari- oso sabore fuertea zeukan, atraktibo.
Orain beste batzuk ari ziren irteten, eta egituren aldaketa sinple batzuengatik balkoiak handiagoa egiten zuen. Nikok entzun zuen batek (azentuagatik espainola) esaten zuela:
- Jende basatia da hemen: atzo beste bat hil zuten!
Espainol horren esanaz guatemaldar masailetako indio txiki beltzaren bat despotratzen zen.
Horiek aldamenean beste bikote bat zuten: bat lurrean, kapela mexikanoarekin, besteari baso bat emanik, eta besteak eskuaz piku eginik:
- Baina kossa da hau?
- Suzko limonada konpai; edan ezazu probatu -esaten zion mexikanoak; honek kajoitxo batean, haurtxo bat zeukan, lotan iduriz, eta bere hizkuntzaz kantu egiten zion goxo:- Todo viene en esta vida...
Txinoak eta beltzak ere bazeuden balkoian peligroso, eta arabeak, eta hauetako bati begirunezko errezeloz begiratzen zion rubio jendeak: «libiarra omen da» zen zurrumurrua.
Bazegoen heste mundutar anitz, gauzak saltzen eta erosten; puesto batean kartel batek honela zioen: «barrabilak merke». Niko gosetua zegoen, eta kuxkuxeatu zuen batean eta bestean, azkenik txori prijitu baten alde erabakitzeko, arto taloz zuku-zukutsu saltzen bait zituzten. «Artzaiak edo beste lagun batek sarturen zizkidan sos hauek sakelean, bat ere ez nuen eta», pentsatu zuen ordaintzekoa zuela konprobatzean.
Xori hezurñoez entreteniturik, pentsatu zuen: «Gauzak, hola ikusita, gaizki ere ez doazkit; baina Agirre nere bila badabil -ez bait du ematen, beste alde. Txok esan zuenagatik-, nitaz susmoak izango ditu dagoenekoz; egiaz, neuk ere baditut arrazoiak susmatzeko; ez ote dabilzkit zerbait izkutatu nahiean?; klaro. Mujikaren bahiketa, baina Agirre?; zernahi delarik ere, gaur eta bihar ditut gauza hauen argitzeko edo, bederen, erreportajea bideraturen didan norbaitekin kontaktuan jartzeko».
Honela, erdi trankil, bukatu zuen xoria jaten, musuaren koipea taloaz garbitu zuen eta -eguzkiak samurtutako neska baten bulartegia ikusten zuelarik hankarakin gona eta behera mogimendu tipi bat egiten zuela ondo-ondo sentitzen zela- berau ere klaskatu zuen; gero atera zen azokatik, horretan baten batek txermen eder bat erregalatzen ziola.
© Pablo Sastre