XXII - Piszinan hau eta ura

- Aupa kanpora! -esan zion Artzaiak eskua luzatzen ziola-; nola okurritzen zaik, tenore honetan bainatu!

Artzaiaren laguntzaz erantzi zen Niko, arropak sagarrondo baten abarretan lehortzen uzteko.

- Ezpartina politak e! -esan zion Artzaiak.

- Bai -gogoratu zen Niko-: itzuliko dizkizut...

- Itzultzen badizkidak ematen diat muturrekoa...! -eta ematekoa egin zion Artzaiak.

- Orduan, ez dizkizut itzuliko -eta Niko Artzaiaren ospaldiaz oroitu zen eta:- zer, ez zintuzten atxilotu e?

- Haiek ez! Herioa gertu pasa zaidak ordea: nitxo batean egin diat gaua eta!

- Zergatik iheska? -abenturatu zen Niko.

- Iheska zergatik?! -harritu zen Artzaia-; atzetik ez al zetozkidan ba?!

- Bai, baina zeozergatik...

- Hori esaten diat neronek ere: zeozergatik izango zen -eta pentsatzen gelditu zen Artzaia.

- Ni berriz -runboa aldatu zuen Nikok- ekolojista birekin juntatu nintzen...

- Azpitarte eta!

- Nola dakizu...?

- Jakingo ez dut ba!

- Eta haiekin bazkaltzera joan nintzen eta...

- Katarena!

- Bai! -«honek segitu ninduen ala?», pentsatu zuen Nikok.

- Ez -asmatu zion Artzaiak-; txori batek -informatu zion.

Niko arropak baino arinago lehortzen ari zen. Atzetik hirulau neska pasatu zitzaion, eta Niko gogoratu zen bizkarrean granu tipi gorri batzuk bazituela. «Ba, bestela ederra nago»; pentsatu zuen, baikorki, eta eguzkiak jo zezan etzanik jarri zen. Baina Artzaiak ez zuen egoten utzi:

- Hi Niko: goazemak konozimenduren bat egitera -eta jeikiarazi zuen.

- Eguzkitan ondo ez...? -protestatu zuen Nikok.

- Erre egiten dik ordea -ohartarazi zion Artzaiak.

Hasi ziren ibiltari. Piszinan jende asko zegoen, zeintzu trajebainu edo bikiniz, zeintzu larru gorriz bixi-bixi. Haurrak hemen, mortsa izterrak hor, sabel aspertuak han. Artzaiak bata-bestea agurka.

- Hori Rodolfo duk -esplikatzen zion-; amoroso den aldetik, hire joerakoa, eta ona, emakumeen iritzian: beste hori anaia dik, pilotaria, eskoinarekin ezteusa baina: eta harekin Don Frantzisko, miriku zegoena, orain albientea; hori Marixabeli, neskazaharra, ez dik horrek bere mailako pretendienterik; Joxe, zangoxabala, hori zebilkiok orain baina keba!, apolitiko gaiztoa duk hori; Pantxo kojua ikusten duk?, bai silaruedasen, daramana, Pana, hori hiretzakoa!, neska mutikokari salbajea!, planen bat egina izango dik kojuarekin horrek!; hara, Texa eta Premin, urtean behin jeisten dituk horiek, baina piszinara? sekulan!

- Eta hori? -galdetu zion Nikok, haiengana zetorren gazte bizargutxi irakurlari batek txizt egin ziolako.

- Hori berria diat -erantzun zion Artzaiak.

Baina gazteak irakurtzen ari zen liburutik bista altxatu zuen eta:

- Aupa, Niko -esan zion.

«Honek ere ezagutu behar al nau?», esklamatu zuen Nikok bere barrurako.

- Gauza bakar bat esan nahi nian -segitu zuen gazteak-: epaiketarena, gehiegizko ez ote?: alde egin duken modua, alegia. Hormetan ez al haiz pasatu? Bai Niko, pasatu egin haiz; bon, neure ustea duk e! Bestela ondo hoa, segi ezak motel! -eta tas-tas soinean jorik. Nikok galdera mihi puntan joan egin zitzaien bista berriz liburuan.

Bat ezagutu eta hura presentatu ez!? -bota zion Artzaiak Nikori.

- Nik ez bait nuen ezagutzen... -esan zion Nikok.

- Ez huela? Mmmm! Zeozer bazegok hemen...

- Zer? -interesatu zen Niko.

- Hi egon hemendik -agindu zion Artzaiak-, horrek moskeatu naik eta inkesta zonbait egitera niak...

- Agur -esan zion Nikok, eta txapela bistatik galdu zitzaion; gero, apur bat marginatua sentituz, arropetarantz itzuli zen, haiek ez bazituen galduko behinik-hehin.

Arropetara gabe, Izaskun ikusi zuen, pieza bateko trajebainu barruan.

- Izaskun! -hots egin zion: eta Izaskun itzuli zitzaion, baina ezagutzen ez duenaren harridurarekin-; hola, Izaskun -esan zion Nikok.

- Barkatu -erantzun zion Izaskunek-, uste dut konfunditzen zarela...

- Ez zara Izaskun, zu?

- Ni Izaskun naiz, baina zu ez zaitut ezagutzen inondik.

- Bai, Niko! Atzo jai batean nola izan ginen biok...

- Oker zaude nonbait.

- Oker? Ez, ez nago: ziur dakit.

- Intentzio onarekin, ez dizut ezetz esango, baina oker zaude.

- Bai emakume! Nik esan bait nizun... zuk esan bait zenidan...

- Nere azken hitza: ez; eta orain, barkatuko didazu, joan beharra dut -eta agurtzeko begiratzeke alde egin zion.

«Daitekeena da, ni oker egotea; bai, hala egonen naiz, dudarik gabe: behin irakurri nuen, testu inportante batean, seguru egon gaitezkeela munduan gu bezalaxeko beste norbait badagoela; Izaskunen doblea izanen zen hori, beharbada».

Horiek barruan, jarri zen Niko piszinaren ertzean, eta laster nahastu zitzaizkion ideia horiek eta beste batzuk eta zenbait sentimendu eta sentsazio. «On da batzutan ezerezean egotea, eguzkiak erabilia, bete-betan bihotza», pentsatu zuen abstraktoki.

Piszinaren pareko ertzetik, bi begik begiratzen zioten. Nola begiratzen zioten, Nikori gustatu zitzaion; dir-dir egiten zioten bi begi haiek, aupa esaten zioten eta egiten zioten irribarre. «Horra lagun bat», pentsatu zuen Nikok: «elkarrekin konprenitzeko modukoa». Neska bat zen, ile beltza motza orreztekea. Neskak, besoetan eutsia bait zegoen, bota zuen ezker besoa pitin bat atzera, eta Niko jeiki zitzaion poliki. «Buelta emanen diot piszinari -gogoratu zitzaion galdea- ala zuzenean joango natzaio? Ba, ez da sasoia...» Eta ertzetatik abiatu zen.

Neska zegoen ertza hasten zen angulura iristeko zegoela, piszinazain batek geldiarazi zion manera onean eta:

- Sentitzen dut jauna -esan zion gizabidez-, hemendik ezin zara pasatu.

- Ezin? Hara noa eta -eta Nikok neska zegoenera seinalatu zion.

- Hala ere, ezin. Badakit -diskulpatu zen piszinazaina-, zu bezala kanpotik datorrenari gogortxoak irudi dakizkiokeela piszinaren arauak; baina, hala daude jarriak.

- Esan nahi duzu, horra joateko atzera buelta osoa eman beharko dudala?

- Bihotzetik, jauna, ez dut beste soluziorik ikusten... Nahi baduzu, lagunduko zaitut, nahiz eta, egia esateko, merezi duenik ez nik uste, galdu gabe segituz gero ertzak berak eramango bait zaitu.

Ezinbestean, gibelera egin zuen Nikok, eta, luzearen luzean burua jada bestetan zeukala, ez usterik aurkitu zen noizpait neskaren alboan. Neska erraza zen, kuleroz jantzirik.

- Zer moduz? -galdetu zion, laztan ahotsez.

- Ongi -erantzun zuen Nikok-, eta zu?

- Ongi -bere lotsapurrean zerbait dibertigarria zeukan neskak-; nola duk izena?

- Niko -erantzun zuen Nikok, eta ez zion begirik alderatzen-, eta hik?

- Mila -eta isilik geratu zen.

- Eguzkia gustatzen, e? -galdetu zion Nikok, aldrebeski.

- Bai -eta, halako liluraz:- gonbidatzen nauk, Niko, sagar erreak jatera? -eta erantsi zuen, zurikorra:- eske ziaudek...!

- Bueno: goazen -egin zuen Nikok, eta abiatu ziren-. Zer nahi duk hik? -galde egin zion Milak. Deus ez, deus ez -erantzun Nikok.

- Txemari! -hots egin zion Milak enplegatuari-, badakik zer neretzat -eta Nikori:- honenbeste jendez apetitua piztutzen zaidak...!

- Batzuetan neri ere bai! -esklamatu zuen Nikok, hasperen batez.

- Zer iruditzen zaik -Mila interesante jarri zen- hor lizarrazpian dagoen pentze libre hori? Xarmanta ala? Beha ezak: zozo bikote horri mesedez baxterrera balute gustoa, gero beste horri izurde tripontzi horri gisa berean beheitixeago faborez, gero belarra garbitzen diagu eta toaila zabaltzen, dena prestatzen diagu, eta lanera...!

Niko, alde batetik, inarrosi zuen Milaren proposamenak, toailan pasarte ederrak ezagut zitzaketelako elkarrik, baina bestetik, pentsatu zuen: «lastima ezin erabat bereizi jendearengandik, anitz apartatzen baditugu ere ikusi ahalko gaituzte, eta detaileetan nabarmenduko dute larrutarako paratzen ditugula kondizioak, eta ez dut uste nik... suabeago menturaz...»

Zalantza horietatik Milak atera zuen, sagar errearen erdia eskuan eta beste erdia ahoan, eskutik helduta esaten ziola:

- Etorri, Niko! Begira ze jolasa egiten duten hor!

Gazte piloa ari zen bai, ehun-zango baten antolatzen, nork atzean zuenaren izterretan eseririk. Mila hartan sartu zen ilusioz, eta Niko ere, sorpresaz.

Haseran Nikori iruditu zitzaion ongi zihoazela, klinki-klanka aurrera bait ziren: baina gero hasi bide ziren aitzin-aitzinekoak erortzen, eta gibel-gibelean ere zerbait gertatzen bide zen, eta ondotik denak hankaz gora eta sekulako desmadrean.

Niko, zabal-zabal eginda, zenbaiten gainean baina heste hainbesteren azpian, ez zen bereziki aklaratzen.

 

© Pablo Sastre


susa-literatura.com