XXI - Mapa batek galdua
Hain zen handia bi funtzionarioek eraman zuten edifizioa, ze Nikori bera txiki-txikia zela sentiarazi bait zion. Beste funtzionario asko zegoen, pasatzen zirenen mogimenduak arduratsu jarraitzen zituztenak.
Kanpoan harramantza handia zegoen. Nikok entzun zuenez, prozesu luze bat zegoen parkean larrutan harrapatua izan zen emakume gazte baten kontra, eta han kalean lagunak eta etsaiak diskutitzen zuten biolentoki.
Barnera pasarazi zutenean, Nikok itomena esperimentatu zuen, halako jendeketa zegoen. Oso gela zabala zen, eta oso garaia, baina batez ere luzea, bista iristen ez zeneraino luzea, eta banaka eta mordoskatan eta talde handitan zebilen pertsonala: beste batzuk, agian gehiago, eserita zeuden, denak beltz kezkati, hor hemenkako bankuetan eta lerroka antolatutakoetan, eta hauek epaitzeko salak zirela laster ezagutu zuen Nikok; dena zegoen kontrol-begi automatikoek superzaindua, eta gainetik funtzionarioak, dozenaka anitz, Niko bezalakoren batekin edota armatutako patruilatan.
Nikok gertu zeukan baten batek botea:
- Sorgina! -aditu zuen.
Bere eskoinean atso bati egiten zioten epaiketa. «Ez da izanen...! bai, hera da», esan zuen Nikok berekiko, baserrian behiak jeisten ezagutu zuen atsoa berrezagutzean. Orduantxe ari zen atsoa hitz egiten, esaten zuelarik:
- ...Sartu nion puñala eta berriro sartuko nion! Gu atxilotzera, zer etorri behar zuen? Ilegal biltzen garela? Zuek zarete ilegalak! -eta behatz erakusleaz tribunala apuntatzen zuen-, gure legearen kontra zaretelako! Guk segituko dugu, sasi gainetik laino azpitik, eta urkatzaile zaituztegun horiei -berotzen zen eskuartean horietako bat balu bezala-, zart, zanp, kask, motz, irrik, huts, koxk, plust, parrast, urrup...!
Jendearen ahotsen zurrunbiloan galdu zuen Nikok atsoarena, eta bistatik ere, funtzionarioek aurrera zeramaten eta.
Gero jende fuerte piloa ikusi zuen, bakeroz eta zapatilaz, eta han fiskalaren aldia zen nonbait:
- Irazokik hamalau bider pasatu du muga, juje jauna; pentsa liteke, pentsa liteke, berak dioen bezala, etxerako erosketak egiteko pasatu zuela muga; etxerako erosketak, juje jauna?; berrogei-ta-hamar metro kable, etxerako erosketak?; hamabi pila, etxerako erosketak?: nor nahi du engainatu Irazoki prozesatuak? Muga hamalau bider ez da kasualidadez pasatzen juje jauna...
Publikotik batzuk fiskalaren gainean salto egiteko disposizioan zeuden, baina inspektoreek erreprimiarazten zituzten.
Munta txikiagoko bi epaiketa zeuden gero, salak aski beterik, ijito familia bati oiloa ebatsi omen zutelako, eta Lauzierrekako bordako aitonari -hala esaten bait zioten-, prozesu horren zergatirik inork ez bazekien ere; besterik ere, gehiago ala gutxiagoko espektazioarekin.
Aurrerago, eta sala hau pankartaz beteta zegoela, anteojodun gizon ile xuria esaten ari zen:
- Oker zirezte; Jean Pierresek erran zuen, berak ez du ukatu, lehendakaria «alimalekoa» zela; bena horrekin, linguistikoki bederen...
Nikok entzun zuen mutil asko-jakin batek neska aurpegi xalo bati esplikatzen ziola:
- Hauxelar euskaltzaina dun hori...
Eta honek jarraitzen zuen:
- Baxenafarreraz «alimalekoa» izaiten ahal bait da... -baina geroz goitikoak Nikok galdu zituen.
Gero emakumeriak inbaditzen zituen bazterrak, eta ez arront baketsu: zinezko gudua gertatzen zen hor, inspektoreen gainetik manifestalariak prozesatuarenganaino -beste emakume bat- iristen ari zirelako, abortuari buruz edo zerbait oihukatzen zutela.
Niko sala haietako batean sartu zutenean, harritu zen handizki, aurreneko bankuetan behinik-behin jendeska bazegoelako, berari esperoan bezala.
Sala, izatez, ez zen handia, baina bestetan zeudenak nola joan-etortzeko bertatik pasatzen bait ziren, eta bestetatiko zurrumurruak nola entzuten bait ziren, eta irekia nola bait zen, ez zegoen non bukatzen zuen esaterik. Altuen, hiru giza-bele zegoen: bat, seko, bigarrena semiseko, eta bestea zegoen bakarrik mintzatzeko eta aditzeko eran. Salakoak guztiz zeuden isilik, edo hobeto esateko egiten zituzten solasak -ahoak mogitzen bait zituzten nabarmenki- ez zituen Nikok bat ere-bat ere entzuten.
Berant gabe bele esnak ekin zion:
- Hasten gara...
Baziren salaren gainekoan zulo biribil batzuk, eta Niko fijatu zen haietan hegoak eraginda usoak sartzen zirela, eta beste batzuk ateratzen zirela. «Ze ongi bizi diren usoak», pentsatu zuen.
- Mintzo bedi akusatzailea! -agintzen zuen beleak, jueza bait zen.
Galoirik ez zuen funtzionarioa aldendu zitzaion Nikori, igo zen tribunara eta adierazi zuen:
- Ni, juez jauna, errondan nenbilela...
Nikok bistarekin uso baten hegala segitu zuen. Bueltak eta bueltak ematen zituen haien buru gainetik, eta Nikori hura Graxi zela iruditu zitzaion. «Neskato horretaz maitemindu ote ninteke?», pasatu ere egin zitzaion gogotik.
- Defentsak hitz egin beza! -agintzen zuen juezak, lerdea zeriola.
Gizonskila bat igo zen tribunara, begirada burokratikoa bota, eta hasi zen:
- Akusazio horiei puntualizapen zenbait egin beharrean...
Jendeak abokatuaren esanak pil-pil aprobatzen edo arbuiatzen zituen, tira-bira handirekin. Haien aurpegi desitxurosoetatik goratu zituen begiak Nikok, eta irudi bat zintzilik ikusi zuen pareta batetik. Juezak norbaiti non, nola, noiz, eta zergatik galdeak egiten zizkiola erdimentzun zuen, baina hobeki fijatu zen irudi hartan.
Plano bat zen, dudarik gabe. «Hotelaren planoa izanen ote da?», pentsatu zuen. Karrika-laberintoak bazituen, eta tarte berdeak ere bai, jardinak, eta plazak eta monumentoak eta lauki urdin bat, piszina ote ere bai. «Egongo banintz piszina horretan!», zizpiru egin zuen.
- Tribunalak legegabe hori kondenatzen zaitu...
- Niko!
Artzaia zen hitz egiten ziona.
- Bizi haiz edo? -galdetzen zion.
- Bizi edo... -erantzun zion Nikok, galduxea. Artzaia aurrean zuen, bilo hutsik, eta ur kristalinazko piszina baten ondoan ziren biak.
- Zer habil Niko? -hurbildu zitzaion Artzaia-: bitako bat seguru: neska bila ala neskagandik ihesian.
- Ez dago neskarik oraingoan -Nikok irribarre egin zion.
- Mmm! Ez zekiat nik jurnalista haizen edo zer haizen, hi...
Nikok despistaturik segitzen zuen:
- Ez! Sententzia esan behar zidaten eta...
- Sententzia? Neuk emango diat sententzia behar baduk! -eta Artzaia behatz potolotik kontatzen hasi zen:- honegatik, eta beste honegatik, eta hemengo beste honegatik, eta gainerako beste guzti hauengatik, Niko... mainua! -eta danba piszinara bota zuen.
«Hau sustoa!» izan zen Nikoren lehen pentsamendua; eta hurrena: «hemen bai ondo...»; ostean pentsatzeko: «arroparik gabe hobeki baina!»
© Pablo Sastre