XIX - Jeneralak txoriak akabatzen ditu

Esnatu zenean, Nikok gela txiki eta pobre bateko ohantzean sartuta zegoela ikusi zuen. Ohantzea ere txikia zen, eta pentsio batean egon zitekeela pentsatu zuen. Mesanotxean neska baten irudia zegoen, eta paperezko manilak zituen iratzargailu bat.

Oso goiz zen, baina Niko ez zen nekatua sentitzen, eta jaiki-jantzi-jalgi zen. Nonbait, lo egin zuen gela hura orain sartzen zenaren dependentzia zen, neskamearentzakoa pentsatu zuen Nikok, zeren orain sartzen zen hau anitzez handiagoa eta luxuzkoagoa zen.

Begira zegoela, atearen zabaltzeak susto eman zion, baina:

- Niko!

- Txo!

Han zen bai mutil uniforme gorria.

- Ze poza! -deklaratu zion Nikok-, uste bait nuen betikotz galduta nengoela...

- Ez zara aise galduko, hau txikia da eta.

- Txikia diok? Nik galdu baizik ez diat egiten eta!

- Haseran bai; trukoa hartu egin behar! Nahiago nuke nik bai, inoiz edo behin galduko banintz, baina eskakeatzen hasi eta zas! harrapatzen naute guzti-guztietan. Eta zu, zer zabiltza?

- Banenki mutil! Batetik bestera, eta nahi dudanik ez diat egiten bat ere!

- Baina zer da, zer da bada egin nahi duzuna?

- Erreportajea egin behar diat, Txo, hemen gertatzen denaz erreportajea; horretarako behar nizkian bada Mujika edo Agirre edo, haiek eman behar zidateken...

- Mujika! Oraindik ez al dakizu Mujikarena?

- Ez; zer gertatu zaio bada?

- Herenegun goizez, bahitu egin zutela.

- Bahitu? Herenegun? Orain ulertzen diat... nahiz eta... noski... agian... baina... eta Agirrez, zer dakik Agirrez?

- Agirrez? Hori ez zen atzo egun guztiz bere etxetik mogitu.

- Ez zela? Orduan bera ere ez huen zitara joango...

- Zita al zenuten?

- Bai ba...

- Nik ez dakit zuk erreportajerik edo beste zerarik egingo duzun, baina daramazun martxan zeu hasiko zara egunkarietan agertzen...

- Ni? Zer ba?

- Denak dituzu atzetik eta. Neri jendehartzaileak behin baino gehiagotan, zugatik galde, bila dabilkizula eta, berdin kontsejeroek ere, eta beste banaka batzuk, bibote ikaragarrizko gizon batek ere, bart, misterio handirekin, ea banekien non zinen zu; zer egin duzu, gero?

- Egin? Orain arte, ezer ez; baina gaur aklaratuko dizkiat gauza guzti horiek, eta serio hasiko nauk lanean.

- Nik ez dakit paper hauek interesatuko zaizkizun -eta Txok, mueble batera joanik, kajoi bat irekitzen zuen-, izena badute horrekin zerbait...

Niko joan zitzaion eta paperetan izenburua irakurri zuen: «Kontrainformazioa 5. Terroristak isolatzeko prentsaren erabiltzeaz».

- Jo! -eskapatu zitzaion; eta Txori:- Nor bizi da hemen?

- Jeneral bat; zuk, nola lortu duzu sartzen? Parte honetan bijilantzia handia dago.

- Ez zekiat; hor esnatu nauk.

- Oihanarekin? Gero, galduta zaudela... bai zera!

- Hi; eta hik, zer egiten duk hemen?

- Ni, jeneralaRi bala batzuk kentzera etorRi naiz, lagunendako. Etorri -leihora eraman zuen Niko-, hor parkean eskopetarekin ikusten duzun hori?, altu hori, mostatxo txuria, horixe da hemen bizi den jenerala.

Parkean gizon eta mutil batzuk zeuden. Armak zerabilzkiten, eta muin gain batetik txoriak askatzen zizkieten, haiek tiroz akaba zitzaten. Txori txikiak ziren batzuk, eta denak akabatzen zituzten. Gero ahate bat askatu zieten, eta hura hiltzeko bala bat baino gehiago behar izan zuten, azkenik batek buruan jo zion eta luma xuriak odoletan zituela lurreratu zen ahatea. Nikok ikusi zuen Txok begietan malkoak zituela.

- Asesinoak! -esan zuen Txok; eta segituan:- Aizu, laster!, jenerala heldu da eta, zuk egingo duzu hemendik atera, hartu eskoba hau eta garbitzen duzunarena, ez zaizu konturatuko; ni -eta poltsikoak beste kajoi batetik hartu balez betetzen zituen- banoa; a, gero arte: eguerdian, geltokian, konforme?

Nikok baiezkoa egin zion -bere buruari «zergatik egiten diot baiezkoa?» galdetuz- eta Txo irteten zelarik, eskoba hartu zuen eta barritzen hasi zen.

Ohe azpitan zegoela sartu zen jenerala, eta bera agurtu eta begiratu gabe aldameneko egongelara pasatu zen pertxero batetik zintzilikatzeko eskopeta eta logelara itzuliz ispilu aurrean mostatxoa atontzen hasi zen. «Banoa oraintxe ala segitzen dut dena harritu arte?», duda egin zuen Nikok. «Eta Oihana etorriko balitz orain?», eta gogoratu zen: «gainera ez diot neskari oherik egin!» «Ikusiko al dut hura?»

Jeneralak segitzen zuen bere burua paratzen, eta Nikok dena zuen eskobatua eta pilatxo bat zeukan: «eta pala?», oroitu zen orduan. Lehendabizi pentsatu zuen pala bila ateratzea, berriro ez itzultzeko, baina, batetik, ateratzeko jenerala zen lekutik pasatu beharko zuen, jeneralari hain segur gustatuko ez litzaiokeena, eta bestetik, Txok esan zionagatik, ez zen erraza izango kanpoko kontrolak igarotzea, eta bere aitzakiez balia bazitekeen ere, eta horiek balio baziezaioketen ere, ezein ikerketak jeneralarenganaino eramango zuen, eta honek zernolako erreakzioa, garbiketa zerbitzukoa ez zela ikusita?, aparte istilu horretan seguru aski Oihana gertatuko litzatekeela inplikatua, eta ez zen ordain polita izango, eroetxetik bere ihesaldian neskak zerikusirik baldin bazuen bereziki. Horregatik, pilatxoarekin aldameneko gelara pasatzea erabaki zuen. «Badaiteke hor pala bat egotea, edo bestela irtenbideren bat», pentsatu zuen.

Aldameneko gela handia zen, ongi ipinia, kristal garden baten atzean dutxa zegoen, eta Nikok beste aldean, muebleen ezarkeragatik, irtenbide batzuk asmatu zituen. Zabor pilatxoa aurretik, ondotik eskoba eta bera hirugarrenik, gela zeharkatuz, hara joan ziren.

Izan ere, hiru irtenbide zegoen; edo irtenbide bat, hiru aukera eskaintzen zuena: eskailera, dantzalekua eta jokurako gela. Eskaileratan ibiltzen asperturik zegoen; baina dantzalekuan ez zegoen dantzatzeko inor, eta jokuan ez zekien, aparte xentimorik ez zuela. Beraz, asperturik egonda ere, eskaileretara abiatu zen.

- Bon giorno! -esan zion gizon ezkonberri batek, emaztearekin eskailerak jeisten zituena: Nikok buruz agurtu zuen, eta gogoratu zen, Txoren sorpresarekin eta jeneralaren bisitarekin, bere burua garbitzea ahaztu zitzaiola, eta ez hori bakarrik, koadrotxozko pañueloa ere, neskamearen gelan utzi zuela. «Ez dut galduko -pentsatu zuen-; gero etorriko naiz, jenerala bazkaltzen dagoela».

Orain, berriz, zabor pilatxoaz lehenbailehen libratzekotan, eskoin begira, ezker begira, eta alfonbrapean sartu zuen, gero eskoba artistikoki zutabe baten kontra ezartzeko.

Gero gelditu zen: «gora ala behera?» Seguru zegoen bidea gorakoa zuela, baina segurtasun horrek berak dudarazten zion. «Oraindaino horrela ibili naiz eta hemen naiz inoiz baino ez-takit-nonago». Pentsakizunotatik gazte batek atera zuen:

- Zer, nora jakin ez? -galdetu zion, pasota; beste bik lagunduta zegoen.

- Bai, ez dakit hortik edo hortik joan -aitortu zuen Nikok.

- Aukeran hortik -gazteak behera seinalatzen zuen-: hor, putak dituk; polbo bat, hirurehun, bi polbo bostehun.

- Hobe bi jotzea -lagundu zion beste gazte batek.

- Joan, joan -esan zion Nikori hirugarrenak.

Nikok ez zuen ongi jakin gonbidatzen zuten edo joan zedin behartzen zuten: nolanahi ere, ez diskutitzearren, eskerrak eman zizkien, eta mailarik maila abiatu zen. «Bestalde putek gauza asko dakite», pentsatu zuen.

 

© Pablo Sastre


susa-literatura.com