XVIII - Bost izarretakoa
«Zer karajo ari da hori esaten?», pentsatu zuen Nikok burua etorri zitzaiola.
- Bai, hauxe zen!
Nikok begiak ireki zituen zuhurki. Burua atzera botata zegoen eserita, eta aurrean bi erizain izugarri eta akomodadore bat zituen. Hau zen esaten ari zena:
- Hauxe da, zalapartaria: linternaz txit ederki ikusi nuen.
- Zer ordukaldera izango zen? -galdetu zion erizain batek, libretatxo batean apuntatzekotan.
- Ordubete pasatxo, nik esaten dudana -erantzun zuen akomodadoreak.
- Zu, esan duzu, zarela...?
- Kontserje-akomodadorea, jauna, kontserje-akomodadorea naiz ni zuen zerbitzuko.
- Bueno, bueno, hau eraman beharko da hemendik -esan zuen beste erizainak. Nikogatik-: ikusi, itzarri egin da.
- Hi, zer, ontsa deskantsatu duka? -galdetu zion lehenak, halako doinutxoz.
- Nora eramateko diozue? -despistaturik. Nikok-: hotelera, menturaz?
- Bai, bost izarretakora!
Nikok ironia somatu zuen eta ezeroso sentitu zen.
- Traje txuri horiek zeri dagozkio?
- Hi, hi, hemen inork galdetzen badu, guk egiten diagu, hi isilik egon hadi -ebaki zion batek zakarki.
- Eta orain -besteak, ez manera hobean- zutitu eta lagun gaitzak -eta besoetatik hartu zuten, eta eramaten hasi.
- Behar duzuelarik... -arrastratzen zen akomodadorea erozainen atzetik.
- Bale, bale -lepogainetik, batek: eta Niko kanporatzen zutela, honek beste erizainari:- Nork daki! Igual sukurtsaleko atentatuarekin zerikusia izango dik honek.
- Hik uste duk hau miliki daitekeela? -harritu zen bestea.
- Gehiago armenio ematen dik baina!
Beste solasik gabe, Niko bi dorre haien antean darda gainean noski, bailara batean zegoen bila batera sartu zuten. «Dena dela, hemengo arduraduna, hark konprenituren du oker ba dagoela», pentsatu zuen. Horma altuetako bila zen hura, erdian etxe bat kareztatu berria, eta atzerago, etxe gehiago, eta labe garaietakoak bezalako tximinia luzeak. Bi erozainek bulegoan sartu zuten, non monstruo batek eskuak bihurritzen bait zituen.
- Aja! -agurtu zuen monstruoak-, eta honek zer egin du?
Zine bateko lurrean eseri eta gero komunera lotara joan da -erantzun zuen erozain batek.
- Horri buruz legeak zer esaten duen ikusi beharko da -eta monstruoak belarria harraskatzen zuen.
- Baina nik ez dut uste egin dudanik... -saiatu zen Niko, baina erozain batek saihetsekoa eman zion arrasa moztaraziz.
- Resistitzen zarela pentsatu beharko dut? -bota zion monstruoak, horzdura potentea erakutsiz.
- Resistitu ez da baina... -orain heste erozainak jo zion beste saihetsean, eta mutuarazi, eta berak, erozainak, egin zion galde monstruoari:
- Nora eramango dugu orduan?
- Ba, ez zait iruditzen erabat inadekuatua denik. Segurrenik inkomodatua soilik edo-ta, gehienaz ere, inadaptatua izango da -hatzazalak jaten ari zenez Nikori kosta egiten zion denaren ulertzeak-: bai, horixe da, eraman ezazue B modulora. Eta zuek, ez bistatik gal, agian adarra sartu nahiko digu eta.
Indarrez atera zuten erozainek Niko bulegotik, eta galeria batzuk ibili ondoren, giltzapean utzi zuten, haiek kanpotik begira gelditzen zitzaizkiola. «Entzun bederen egingo balute, entendituko lukete...», pentsatu zuen orduan Nikok.
Giltzape hartan ez zen bakarrik horratik, jende gehiago zegoen. Pabelloi handia zen, eta makinari gaitza zeukan. Suak, metal hotsak, terriblezko piezak, eta guzti horien artetik, hau hara eramanki, hura hona ekarki, hamaika lagun, goiti eta beheiti. «Honek fabrika ematen du», pentsatu zuen Nikok.
Tipo bakarra bide zegoen lanik gaberik. Zaharra ez zen, baina bai zimurrez josia; begietan bizi tximista esanahikorra gordetzen zuen. Tipi-tapa Nikoganaino iritsi zen, eta esan zion:
- Zer, probisionala? Ni ere haninduken eta ikusten nauk.
- Lantegian zaudela?-interesatu zen Niko.
- Ez, beleroan! Atera hadi, bestela! Orain, nik lanik ez, e?, ez diat kolperik jotzen nik; tonto nola naizen; Tornilo esaten zidatek, baten faltan omen nagoelako: ez zekiat nola ez nauten oraindik hemendik atera: haseran bai, gozarazteko: metala bezala gozarazten haute hemen: anbientea, badakik?; pse! atera egiten nauk oraindik baina hori ez zegok esaterik; ni, baserrian ondo motel!; hura hondamendian zierto, baina hau?, miseria!, neska falta gogorra!, esposatu nintzen egunaz oroitzen naizelarik!, hura izan zuken hura jataldi ederra: ogia, ardoa eta berrogeitamar kilo xerra ekarri eta benga bukatu arte; han, ni ninduken, neroni, gero inbentoak eta bapo!, mendian gelditu direnak, haiek bai kanpetxano!, normal behintzat, ni behin ere jeitsi gabea eta, behingo batez eskolara joan behar, eskolan ez niken ikasi ez! gaixtokeria franko bestenik; hona ekarri nautenak; tristea!, izan hadin txintxo: Antton dantzaria: horren aipua heldu duk hona!; mutil goxoagorik!, bihotz otzanagorik!, han jo eta hark erantzun, omen!, ez ezak!, hor zeukatek ba harrapatu berria, peligroso!, aditu al duk?, non zegok deretxoa?, tonto ez banintz komaidios! ni isilik e!; ni, tonto; entzuten ditudanak!: orain ere, laster hasiko duk fandangoa: nik ez diat dantzatuko gaurkoan!: hauek ez buru ez hankarik: nik bururik ez: hankak onak!; asanblada: zergatik asanblada?, bazegok motiburik ala!; egingo?; behar luke!; paurrika danbolina, neretzat; produzitu; haiek produzitu zituen amek aborto egin balute!; ba, goikoak barkatuko naik!
Bitartean, Nikok ikusten zuen, lana utzi eta mono urdinak ari zirela hiltzen pabelloiaren erdian. «Hori izanen da asanblada», pentsatu zuen. Ertzainei begiratu zien, baina haik, musean ari eta, ez ziren enteratzen.
- Hik, nahi duana egin -esan zion Tornillok-; ni baniak torpedo; suerte!
- Zuk ere, suerte! -erantzun zion Nikok, eta bere golkorako: «Pena orain alde egitea; interesante mintzo zen».
Beharginak batuz-batuz zihoazela, Nikok, ertzainen naipezaletasuna aprobetxatuz, hankari jo zion. Haiengandik urruntxo zegoela, hitz gutxiko mitinlari batek bota zuen:
- Ametrailadoreak behar ditugu, ametrailadoreak!
Deskarga hargatik edo, ertzainek begiratuko zuten edo, Nikoren desagertzeaz batera asanbladaz txunditurik edo, total alarma jo zutela, ertzain gehiago etorri zekien. Mono urdinak, orduan, makina bat ipini hemen eskorga bat han, barrikadak antolatzen hasi ziren. Niko, bazterrera, beldurrez. «Oxala ez banaute hementxe akabatzen», pentsatu zuen. Sarri hasi ziren konbateak.
Nikok, orduan, neska larrutsik baten irudia antzeman zuen lurrean. «Ze gauzak gertatzen diren!», esan zion bere buruari, eta jaso zuen irudia. Irudia jaso eta, bat ere arrabotsarik gabe, lurrean zulo bat. «Aibadios!», izan zen handik pozik sartu aurrez bere buruari egin zion azken komentarioa.
Lurra itxi zitzaion gainean, eta tunel zut batez labaindu zen. Salatxo batera iritsi zen, palangana handi bete ur bait zegoen. Niko garbitu zen, eta jarraitu, beheitikoan jarraitzen zen tunelaz.
Gela txiki batera iritsi zen gero, bakarrik ispilu bat zuena. Ispiluan honela zioen: «Emakumeek begiratzen nautela argiz betetzen naiz, gizonek begiratzen nautela dardarka hasten naiz». Korrika Niko aurrera.
Azkenean, gordeleku galaktiko baten gisako galeriak zeuden, laberinto bat, eta, noizhehinka, emakumeren bat, beltza, txuria, edo bestela.
Gazte rubia batetaz gustatu zen Niko. Zerbait bazuen berezia hark, fisikoki ere, eta berari neska gustatu bait zitzaion, neskari ere gustatu zitzaion bera, eta kamantza batera sartu ziren, eta hasi ziren musutan. Niko poliki asmoz, baina berehala, galtzontzilotan zegoela, korritu egin zen, eta utzi zituzten musuak eta biak zakilari begira, eznea bota eta botaka, eta neskak etsi keinua egin zuen, dena bukatu bailitzan, eta Nikok hura ez zela bukatu adierazi nahi izan zion, penaz zegoen baina aldi berean ez gaizki, korritu zen baina ez zen korritu, eta sentsazio horrekin lokartu zen.
Hor nonbait ageri zitzaion Nikori neska ile gorrizta bat, eta segituan ezagutu zuen aurreko gauez ikusitakoa. Oraingoan, aldiz, haren edertasuna trapuz jantzirik zetorkion -kolore suabe arin, ugaritako trapuak, horiak, naranjak, gorriak, moreskak-, eta gainetik larru ñabarrezko gerriko askea, urrezko apaingarriak esku-lepo-belarrietan, oinak sandalietan, eta ibilkera armoniatsuz zetorkion eta aldamenean zuen, eta irribarre majikoa zeukan eta aho gozatsu harekin musu egin zion hurbildu gaberik, eta Nikok gehiago ezinda galdetu zion:
- Neska, nor zara zu?
- Ni Zeta naiz -erantzun zion neskak: eta begi keinua egin zion eta deus baino lehen itzulia emana zuen eta etorri bezala, bero, ritmiko, delizioso, joan egin zitzaion.
© Pablo Sastre