XVII - Hau da pelikula

Niko telefonoa begiratzera zihoala, tipo zainsorta bat presaka sartu zen idazkaritzan, oihukatzen zuela:

- Aguro, aguro, denak kanpora, behean bonba jarri dutela eta! -eta irten zen, berdin presaka.

Niko izan zen, gia lurrean utzita, jeikitzen lehena. Emazteki bibliotekariak egin zuen komentario:

- Beste bat! Kilo gutxitakoa izango al da bederen!

Xaharra liburuetatik esnatu zen, eta lo asperralditik gaztea, eta patxada handian atera ziren. Niko ere bai, urduriago, eta emaztekiari galdetzen ziola:

- Baina zeri jarri diote bonba?

- Behean sukurtsala dago eta -erantzun zion emaztekiak, eta urrundu zitzaion.

Nikok berriro bakarrik ikusi zuen bere burua, eta pentsatu zuen: «Apika, ibilitakoak desibiltzea litzateke hoberena, eta, beharbada, bueltarako bide bakarra»: nahiz eta ideia bera ere nekagarria egiten zitzaion.

- Aizu gazte -deitu zioten orduan; Max zen ondoan zuena, antiparrak sudurpuntan-: lehen eta orain fijatu naiz, egun galdua duzula. Zer zabiltza, ba?

- Hotelaren bila nabil, eta hura agertzen ez -erantzun zion Nikok.

Xaharra eskua lepatxokoan pentsakor instante batzuk eta gero:

- Gauzak diren bezala: ez nuen imajinatzen hori izan zitekeenik; dena dela -erantsi zuen esperantzatsu-, gauza bat iruditzen zait klaro: ordu txarrez ari zarela hotelaren bila. Zergatik ez egon, total!, iluntzerarte? Egunaren argian hotela bilatzea, ongi ikusita, disparate txikia ez al da?, gauez aise aurkituko duzu: eta, bien bitartean, pasa ezazu lasaiki denbora!, ez da gisa aurpegi hori!, joan zaitez zinera!, e?, zergatik ez zinera?, zine bat baduzu hementxe, espaloi honetan bi etxesail haratago, filme ederra duzu gaur, bai motel!, anima zaitez!

«Arrazoia du xaharrak: total!», pentsatu zuen Nikok, eta eskerrak emanda, eta xaharrak irribarrez ez da zeren erantzunda, zinealdera abiatu zen, eta oso laburrean ailegatu.

Bestibuloan, inor ez zegoen kobratzeko. «Hobe noski, bat ere sosik ez bait dut», oroitu zen: eta, inor eza aprobetxatuz, isil-isilik salara sartu zen.

Txuri-beltzezko pelikula zegoen, han urrun pantailan, baina sala, hain zen beltza, eta hain egitura bitxikoa (Niko butaka eta kolumna artean topoz-topo zebilen), ze azkenik lurrean jarri bait zen bazter uste batean, bista girotu arteino.

Apenas argumentoaren romantzeetan lekutzen hasten zela, oinmuturreko bat eman zioten eta, eman legez, eman ziona bertan behera etorri zen. Bai eta sakreka hasi ere, gisa itsusiz Nikoren hildakoak aipatzen zituela.

Haren umoreaz alarmatu zen Niko, eta berehala izutu ere, tipoak linterna piztuta harrapatu nahi zuela ikusirik. Hasi zen orduan Niko butaken gainetik lasterka, eta zinearen gibelean inortxo ez bait zegoen, eroso ibili zen, arinki. Gero, berriz, aurrerago, dena beteta zegoen, eta Nikok, ohartu orduko, kasko bat edo beste zapaldurik zeukan. Akomodadorea -hura bait zuen pertsegitzaile- Nikok zapaldutakoengana iritsi zelarik, ikusleek heldu zioten berari, matraka haren sortzailea zelakoan, eta horretan amaitu zen Nikoren ihesa.

Aurreneko lerroko butaka batean eseririk zegoen.

Arnasa oraindik estu zuela, moztu zen proiekzioa. «Nere bila ote datoz?», erdi beldurtu zen Niko, eta butakan ahal bezala izkutatu zuen bere burua. Geroxeago argiak piztu ziren, eta hogeitamar bat urtetako gizona igo zen publikoaurrera.

- Barkatu, jaun-andreak, barkatu -esan zuen, tarrapataka-, tekniko ofiziala oporretan dago eta ni teknikordea naiz; aberia bat izan da proiektagailuan, ba ote dago zuen artean honetaz dakienik?

Isiltasuna salan.

- Ez dago inor-inor-inor? -erregutu zuen teknikordeak.

Gizakume bat altxatu zen atzekaldean.

- Bai, ni! -esan zuen, eta kapela, purua eta teknikordearekin salatik irten zen, eta hura konpontzera abiatu.

Laster fokoak iraungi ziren eta berriz martxan zegoen roiloa. Niko kontzentratu zen.

Deus gutxi iraun zion kontzentrazioak, aldamenean zenbait plazerrezko intziri entzun zituelako. Behatu eta bai, ezkerreko butakan, emakume bat norbaiten gainean jezarrita zegoen, pantailari atzea emanda, hau da, bestearekin larru jotze jarreran. Nikok ez zuen aurrerakoan pantailakorik ikusi, bai albokorik sentitu; eskua luzatu zuen emakumearen ipurdira, eta han kokatu zion eri behatza, alderdi zimurtsu bigunetan, pana finazko galtzetan guri-guri.

Behatzaren laztanak eta emakumearen goitibehera suabeak polliki-polliki gertatzen ziren, luzamenduz, kamara lentan, horren kalidoki, ze Nikori pizagale bizia etorri zitzaion.

Jeiki zen gehiago ezinik eta komunera joan zen. Zinearen komuneko sarreran neska maitagarri bat zegoen. Nonbait, hark Nikorekin sartu nahi zuen komunean, elkarrekin piza egin zezaten. Nikok sartzen lagundu zion, baina behin barrura ezkero deabru bilakatu zitzaion neska maitagarria, eta haginka nahirik lepoa luzatzen zion; Niko horzkadetatik ondo defendatzen bait zen, taktika berria erabili zuen neskak: zangoak erakusten zizkion irriparrean, Niko seduzitunik hurbildu zekion.

Nikok horrela ezin berdin aguantatu, eta neska bentzitzen ari zitzaiola somatu zuen, bereganatzen zuela, eta laxatasuna sentitu zuen, eta neska kabriñaren hatzaparrak, eta min itsusi bat eztarrian.

 

© Pablo Sastre


susa-literatura.com