XV - Alimalekoak
Batleku hartatik atera zenean pare-parean aszensore bat ikusi zuen. «Izanak izan, suertean nago», esan zion bere buruari.
Sartu zen, beherako xedez; bai eta, botoiari eraginda, abiatu ere. Ziztuan abiatu. Nikok deskontzierto ta zurrunbilo somatu baitzituen buruan.
Heldu zen noizpait beheraino: B letra gorri elketrikoz piztu zen, eta ate automatikoak zabaldu zitzaizkion. Irten zen Niko. Aurrean, karrika zegoen izan ere. «Kanpora eta lehen ikusten dudanari galde eginen diot nererako bideaz», erabaki zuen.
Baina atarian pentsatu ez bezala zezen bat ageri zitzaion. Nikok, hasi-hasieran, ez zuen asmatu zer egin: zezena bai, beraganatu zitzaion: orduan. Niko ere, atzera, aszensorea utzita korrika handian eskaileretan goiti. Lehenbiziko pisuan ladrilorik ez, mendia baizik: taketak eta burnisarea, hesi bat zegoen. Nahiz eta zezenik iadanik ez etorri, balanga pasa eta hantxe errefujiatu zen Niko.
Pagadia zen lekua. Nikok aurrera egin zuen. Adarje apaleko pago baten azpian gelditu zen gero, itzuli edo zen egin behar zuen pentsatzeko.
Bazeuden pagopean harri batzuk, eta han ikusi zuen eszenak erditik egin zion Nikori. Baziren harri xabal baten gainean lau xomorro eserita, bi txikixeagoak eta bi handixeagoak; handiotan ere, bata bestea baino handixeagoa zen. Lauen erdian baziren hosto mardul batzuk, antza zenez xomorroen apairu legea; marra-marra bizkor jaten zuten. Halako batean, txikietarik bat jeiki zen, eta kontentuaren kontentuz dantza batzuk egin zituen hostoen gainean. Berehala zen atzera eserita, hala ere lauetan handienak jaten ari zenari utzi, dantzariarengana joan, eta adarrondoko bat eman zion. Hasi zen txikia negarrez eta erdi tamainakoak errixtazko ai-ai-ai! egiten zuelarik buruaz, handiena bueltatu zen bere lekura janarekin segitzekotz.
Nikok begiak igurtzi zituen, baina ez, halaxe zen, harri gain hartan huraxe gertatzen ari zen. «Ez nuen behin ere holakorik ikusi», aitortu zion bere buruari.
Gero, aszensorera itzuli nahi izan zuen, baina pagondora nondik etorria zen ez zen oroitzen, eta eskuarekin bisera egin zuen, ea antzematen zuen daturen bat gidagarria. Natura ez zenik, arrano iritzi zion egitura bat baizik ez zegoen, eta hura ez ondo-ondoan; halaz ere, bost minututan iritsi zuen.
Bertatik ez zitzaion horren arraro iruditu. Ohe zabal bat zen, eta ohean oinburuka neska bat begiak hertsita. «Yoga egiten ari da dudarik gabe», pentsatu zuen Nikok.
Neskak begiak zabaldu zizkion.
- Agian -esan zion mantso-mantso- harrituko zara hartzen dudan jarreraz.
- Bai -esan zion Nikok-, egia da, harritu egin naiz.
- Ba, hau, oso ona da nork bere burua bilatu dezan -Nikori neskaren hitzak ere oinburuka etortzen zitzaizkiola iruditu zitzaion.
- Burua ez, bueltarako bidea nahi nuke nik aurkitu.
- Deus aurkitzekotan, zerorren burua beharko duzu bilatu lehendabizi -eta animatzen zuen:- Etorri nere ondora, ni bezala jarri, eta saia zaitez bilatzen.
Nikok ez zekien horretan sartu orain edo zer egin.
- Ez bait naiz horretan saiatua...
- Horregatik zabiltza galduan -esan zion neskak, segurtasun doinuz.
«Horregatik izanen ote da?», galdera bururatu zitzaion Nikori. «Bueno; hemen poliki egoten da, tarte bat eginen dut neska honekin eta segituren gero», erabaki zuen. Arropak erantzi, eta oheratu zen. Ohean zulo moduko batzuk zeuden.
- Ohe honek zuloak baditu... -erakutsi zion neskari.
- Bai. Egunero berregiten dira, segun zenbat lagun dagoen, nolakoak eta nolatan.
Gorputzaz laster erdietsi zuen neskaren gisako zerbait Nikok. Aitzinean, ispilu bat zeukan, eta hor ikusi zuen bere burua. «Nahiko mutil liraina nago», pentsatu zuen.
Lepoa begiratu zuen, eta sorbaldak; besoak eta eskumuturrak; bularrak, eta sabela. Sabelaren gainetik, zakil-barrabilak. «Masturbatzeko uste izaten den baino posibilidade gehiago dago», pentsarazi zion Nikori perspektiba berriak.
Orduan, hankatartetik tximinoak eta leopardoak hasi ziren jalgitzen. Anitz ziren tximinoak, eta, jolasean bazetozen ere. Nikok ongi antolatuak zeudela erraz ikusi zuen. Zenbait eseri zen erdinguru bat eginez, eta leopardoak haientzako dantzan hasi ziren.
Batera mogitzen ziren, leun-leunki, eder-ederki. Gero tximino batzuk ere inkonporatu ziren dantzara, eta batek anuntziatu zuen:
- Erdi-dantza!
Goxo suabe sensual mogitu ziren denak orduan, eta ama mutur luze-luze batek esan zuen, haurrari musua nola ematen zaion erakutsi behar zuela; Nikok ikusi zuen ama hori emazteki beltza bilakatzen zela, eta musua berari eman behar ziola.
Bat-batean, katakras!, beheiti inbentoa, Niko lurrean zen eta ohetik neskak galdegiten zion:
- Mina hartu duzu?
- Ez, ez dut minik hartu; baina -aitortu zuen apalki- uste dut ez dudala aurkitu bilatzen nuenikan.
- Zu, saiatu; ez etsi.
- Bai. Baina berandu egiten ari zait.
- Eta? Zer dauka txarrik?
- Ona al da bada berandu iristea?
- Horixe! Berandu iristeak burua askatzen dizu, zauden eta maite ez dituzun lurraldeetatik libratzen zaitu.
- Gauza berria, neretzat.
- Deslurreratzearen teoriak dituzu; garrantzitsuak, ongi biziko bazara.
- Ez dakit -dudatu zuen Nikok-; orain, ordea, hotelera nahi nuke joan, neure gelara, zera batzuetarako.
Neskak irri egin zion.
- Bai galduan zabiltzala benetan!
- Zer, ba?
- Uste duzu, ohe hau nik bizkarrean ekarria dela? uste duzu, hotelean ez banintz, bilutsik eta ahozpera lasai nintzatekeela hemen?
Niko gorritu zen. Ez, horrek ez zuen sentidurik, egia esateko.
- Begira -jarraiki zen neska-, xendra honi segiozu, eta hortxe zehar irtengo zara. Irteeran, baduzu edifizio handi bat. Edifizio handian, telefono bat duzu. Hots egiozu handik, nahi baduzu, nahi duzunari.
© Pablo Sastre