XIV - Hauek ondo bizi dire
Nikok, leihoari eutsita alfeizarrean zegoela, pentsatu zuen: «seguru aski hona bidaliko ninduen ez nazaten barrendikan ikus: beraz, aurreraxeago egin beharko dut». Eta, ezpartinak irrista-irristatuz, paret hutsari helduka, apartatu zen leihotik. Bete-betean jotzen zion eguzkiak burua berotzen ziola, eta mina sentitu zuen. Eskuek huts egiten bazioten ere, behera begiratzera ausartu zen.
Hara! Balkoi batetik bi metrotara ez! Ustekabe hartaz ia erortzen da; erori ez bait zen, luze gabe, bota zuen bere burua.
Balkoi txikia zen, marmol txukuna, krabeliñ loreak, elegante. Haren kristalezko atea irekia zegoen, eta Nikori, behera balkoitik ez balitz egon ze kraskatekoa hartuko zuen ikusten ari zela, musika batek belarriak ernearazi zizkion.
Musika gortinen bestaldetik zetorkion, eta suabea zen, atraktiboa. «Deitzen nauela ematen du», esan zuen Nikok berekiko. Musikak estalxeak, ahotsak ere bazetozen: han zer zen ikustearren, gortina tolestu zuen arduraz.
Jai bat zen, saloi luze-zabal batean. Saloiaren alde batean, mahai luze bat zegoen, eta bertan gizon-emakumeek jan-edatekoak egiten zituzten. Beste alde batean, aulkietan jendea beha-beha, masailaren zaintxoak gorriztaturik, gizon bizardun batek egiten zuen hitzaldi. Gainerakoan, hor eta han, talde txikiagoak mar-mar eta kux-kux, korte berdineko traje-gorbata barruan, gehienbat funtzionarioak izango ziren, ez arront altu ez arront baju proportzio beretakoak, musu aluak hizka-mizka. Bat piano joka eta besteak inguruan barretsu, neska ongi ezarri talde miresgarria zegoen bazter iluntxo batean. «Hortik musika, dudarik gabe», pentsatu zuen Nikok. Musika ozena zen, beste inork entzuten zuenik ez zirudielarik ere.
Inor ez bait zen beragan fijatzen, ahal izan zuen ezaxola tankerarik onenean, aurrera urratsa eman zuen Nikok, eta jende talde kurioso haien artean murgiltzen hasi zen, inondik hasita, lehen gauza ikusi zuena paretetan zeuden argazkiak izan ziren, ugari bait ziren eta politak. Baziren argazki haietan inaugurapenak eta klausurapenak, bilerak eta batzarrak, bandera-emateak eta bandera-kentzeak eta beste batzuk horrelakoak. Niko harritu zen, marko gorri burdigalezko argazki batean Françoise ikusi zuenean: Françoiserekin argazki hartan, Karmen zegoen: eta bi hauen artean, beste emakume bat, adin beretsukoa. Bi adiskideren kontenplazioan zegoela, atzetik ere ahotsak:
- Zer, ezagunak?
Niko itzuli zen. Argazkiko hirugarren emakumea, erdian zegoena, han zegokion, irri airez begira.
- Bai -erantzun zuen Nikok, eta bihotza taupa-taupa antzeman zuen-: beste bi hauek ezagunak ditut.
- Gaitz duk -eta emakumeak Nikori pelusaz garbitzen zion ilea, edo garbitzeko legea egiten zion- Karmen eta Françoise ezin gurera etortzea: senarrek jakingo balute hemen izan direla! -eta, keinu kapritxosoa eginik:- Politikoak! Txanpaña nahi duka, maitea?
Niko xarmatuta zegoen, zimur berriz erein aurpegi espresibo maitakor harekin. Batek hots egin ziolako, izena Izaskun zuela jakin zuen, Izaskunek bata eta bestea presentatzen zion, txanpaña eskatu zuen, eta txintxin egin ondoren zurruta eta musu eman zion Nikori. Niko asaldatu zen apurtxo bat, hainbat ezagun han, Izaskunenak behinik-behin, baina Izaskunek ez zion inori jaramonik egiten, eta jarraitu zitzaion musu tipika, samurki beste bat eta laztantxo buruan, eta barreka, eta ezpainak delizioso juntu-juntu, eta txistua, eta gogoa. Besotartean emearen gorputza urtutzera zihoakiola, ejem-ejem! ozenak ebaki zien maitaldia.
- Martin, nere aita eta senarra -presentatu zion Izaskunek Nikori, bihurri.
- Faborez, etorriko zara momentu bat? -galdetu zion Martin zelako hark Izaskuni.
- Ez -erantzun zuen Izaskunek-: orain ondo nago. Faborez, etorri -gogortu zuen Martinek doinua.
- Orain, ez -berresan zion Izaskunek.
Orduan Martinek bortxaz heldu zion, besotik, handik eraman nahirik. Nikori odola gori-gori bururatu zitzaion.
- Ez duk ikusten ez duela nahi? Uztak ba bakean!
Niko berehala harritu zen esandakoaz. Martin, berriz, bera baino harriagotu nonbait, malaostia irentsirik, gorroto eta mespretxuz begiratuz biei, joan egin zitzaien.
- Ez dik notarik eman nahi -esan zion Izaskunek Nikori-: bestek ez dik molestatzen, baina. Egun goiz hasi zaidak nazkatzen, gona motzegia neramalako, lehen tipo batek begiratu didalako... En fin... -eta, aspertu antzera:- soportaezina!
Berriz musu eman zioten elkarri. Ahoaren gozatuz Niko xoro-xoro zegoela, tas-tas eman zioten sorbaldan.
- Niko!
Estebanen ama zen, portuko etxean pastak eman zizkiona.
- Kontxo, amona, zu hemen! -agurtu zuen Nikok.
- Hementxe! Uiba! Izaskun! Ez zintudan ikusi!
- Mutilarentzat begiak zuk ere!
- Bai noski! Ez zara galtzen e!
- Pues zu ere ez itxura denez... Baina, barkatu -beste nondipait dei egiten bait zioten-, uzten zaituztet pixka bat bakarrik -eta Nikori:- gero ikusten gara -eta honek erantzuteko begiz eman zion azken laztan biguna.
- Ez dakit, ba, Niko -esaten zion iadanik amonak-zer egiten dudan nik hemen, soziedade ponpoxean.
- Zeu ere ponpox etorri zara ba...
- Ba, ba! -arropengatik:- gordean neuzkanak... Eta zu, zer, dena ondo? -interesatu zen amona.
- Galduan nabil ni, galduan -erantzun zion Nikok.
- Ez: zu ere ez zara galduko, ez -esan zion amonak pikardiaz-: zu ere, Estebantxoren gisarakoa zara, bai.
- Non da Esteban?
- Arrantzan! Aita berriz, gaixorik. Hark bidali nau eta! Burutik hala-hola dabil. Bart hasi zen esaka, hura betidanik alderdikoa izanda, alderdia utzi behar duela eta utzi behar duela. «Eta nora joan behar haiz edade horretan?», galdetu nion nik. «Sozialista egin behar naun, sozialista», arrapostu hark. «Beti horien kontrakoa izan, orain sozialista, txoriburu?», galdetu nion. «Hiltzeko eguna hurbil zegon-da, beti izango dun hobeto sozialista bat hiltzea, gutarikoa baino», eman zidan erantzun.
Nikok barre egin zuen.
- Etorri, etorri -esan zion amonari-, zeozer edanen dugu eta -eta taberna aldera eramanez:-: zer nahi duzu?
- Honezkero, txanpaña edan beharko! -erantzun zuen amonak.
Nikok kopa bi txanpañ eskatu zuen, eta gero:
- Zenbat da?
- Hogei-ta-bost duro kopa, berrehun eta berrogei-ta-hamar.
- Baina, nola? Honi -aldamenean zuenagatik- hogeitan eman dizkiozu.
- Hori misioilaria delako. Misioilarientzat, merkeago izaten da.
Misioilari hura ikaragarrizko tipo handia zen, eta barre karkailaz betetzen zuen ingurua. Koadrila handi batean zegoen, eta lehen kopak txukatu zituztela botila bat eskatu zuen. Ireki baino lehen hura, astindu zuen bortizki, eta pop! kortxoaren atzetik hitsa erreka jaurtiki zuen, eta besteak beste Niko eta amona bainatu zituen.
- Kontu pixka bat izan zenezake -esan zion, arroparengatik haserre, amonak.
Misioilariak aldiz barre ozenagoa bota zuen, bertan usteldu behar zela ematen bait zuen, eta ez adituarena eginik segitu zuen.
Segitu nahi izan zuen, zeren orduantxe amonak -Nikoren txundidurarako- eskutik kendu bait zion misioilariari erdizka beteriko botila, eta bi eskuz hartuta indar guziz sekulako koskotekoa eman bait zion bertan seko utziz.
Hura izan zen onduan saltsa-maltsa. Amonaren aldekoak eta aurkakoak hasi zitzaizkion elkarri ostikoak banatzen, etorri ziren uniformedun batzuk borrak eskuan ordena egon zedin eta okerrago izan zen, han-artean hasia zen pianoaren lagungarri koadrila bat koruan kantatzen, eta mitinlari bizardunak inposatu nahi zuen bere jarduna; inor ez zen aklaratzen. Beste batzuk, paretak erortzeko arriskuan baileuden edo, eutsi egiten zieten, eta Niko, amona galdurik eta Izaskun ikusteko esperantza gutxi zuela, atetik irten zen isilik.
© Pablo Sastre