XIII - Bestela koartelean jarri bonba

Azpitarteren puruarekin batera, Katak Nikori enkargu ekarri zion:

- Niko haiz hi ezta?: bai ba; bi, telefonoz hots egin diate; Agirre delako batek; ordu erdi barru hire zai egongo dela; zeran, gazteluaren atean: sinfalta joateko.

- Horiek lagunak, Niko -esan zion Azpitartek-: nola enteratuko zen Agirre hori hi hemen haizela?

- Atzo ere -esplikatu zuen Nikok- ni berbenan egon eta enteratu ziren; ez dakit ba.

- Bazkaltzen ere ez haute lasai utziko!

- Zoritxarrez luzatu ezineko asuntoa daukat Agirre horrekin -eta Niko jeiki zen-: alegratzen naiz, beste alde batetik, deitu duelako. Bazen orena!

Barrara hurreratu zen Niko, zenbat zen eskatu, eta Katak:

- Hirurogei duro, dena barne.

- Eta besteena? -galdetu zuen Nikok.

- Azpirena egiten duk? Mesede bai egiten diok: pobre, horiek!: hala jaio!; zeinek berea!; aber, aber... seirehun eta hirurogeitamabost dituk; ez kasurik egin horretaz!; harrapatzen badut horietako bat!; garaiz, esango duk!; badiat puxka oraino!; baina, tira, segi, hori zai izango duk eta, ondo izan mutiko!

Nikok denak agurtu zituen, eta joan zen Azpitarte Pakori opioaren marabilak goraipatzen hasten zitzaizkiola.

Gaztelua lehen tabernarakoan ikusia zuen, eta haruntz abiatu zen. Kaleak hutsik zeuden. «Bazkalondotxoan lo kuluxka», esan zuen bere golkorako, eta Agirrek esan ziezaiokeenaz hasi zen pentsatzen. «Dudarik gabe, pisuzko arrazoiren bat egonen da Mujika ez etortzeko; nik halakoa beharko dut, bestela ez bait litzateke jaun horiena jokabide zuzena. Ze planak izanen dituzte? Segur, denbora aprobetxatu beharko da».

Horrelakotan iritsi zen gazteluaren atera. Ez zuen sorpresa txikia hartu, ezezagutzen zuen baten ordez, Xelmo ikusi zuenean.

- Xelmo! Zu hemen?

- Nonbait egongo ginen eta! -erantzun zion Xelmok, bere hitz egiteko zehar modu bereziz-; nahi baduk orain nerekin etorri...

- Orain ezina, Xelmo. Kasualidadez batekin gelditu naiz hemen eta...

- Bai, bazekiat.

«Hemen, denek dena zekitek», pentsatu zuen Nikok.

- Nerea ere jakitekoa duk ordea -segitu zuen Xelmok-; neskakoia haizela jakin diat eta, badiat hiretzako bonboia.

Orduan, autobusa zetorren; gazteluaren atarian geralekua zegoen.

- Benga, sartu -eta Xelmok bultz egin zion Nikori barrura.

- Baina nik ez...

Dena dela, autobusean zen.

- Hi neska ikustera hator eta jarri hor isilik -konduktoreari ordainduta agindu zion Xelmok.

Niko jarri zen, eta:

- Baina, ni ezin naiz orain... -eskatu zion.

- Neska batek hori eta gehiago ez al dik merezi?

- Zita hori, ordea...

- Nerea ere zita duk, zer uste duk?

- Eta nora naramazu?

- Ez; bestela -moztu zuen Xelmok eztiro, eta «hau da misterio», pentsatu zuen Nikok.

Aldamenean bi neska eseri zitzaizkien. Bata mulatoa zen, eta bestea, erdibeltxa. Elkarri begiratzen zioten eta honela mintzatzen ziren:

- Gero, etxean -esaten zuen mulatoak-, ez ahaztu titietan ukitzea, badakin nola...

- Bai, bazekinat... -irri egiten zion erdibeltxak maleziz.

- Goiti dizkinat punttak, badakin...

- Izan ere, tipoek beti irrikaz uzten gaituzte...

- Gauza jakina dun...

Xelmok, fijatu zen Niko, edo ez zuen entzuten, edo ez entzunarena oso ongi egiten zuen. Nikok mulataren kamiseta beltzean bular ederrak antzeman zituen. Haiek jarraitzen ziren:

- Ikusten errebuelta hori? -galdetzen zuen erdibeltxak-; hori dun nik esaten ninana...

- Bai hori ez zegon gaizki...

- Hor saltarazteko aukeran ziauden...

- Bestela koartelean jarri bonba eta listo.

Irri-mirrika denbora guztian.

Hirugarren geralekuan Xelmo distraitzen zela ikusi Nikok, eta «hau da nerea» pentsatuz, ateak ixtera zihoazen instantean bota zuen bere burua kalera. Xelmo barne, abiatu zen autobusa.

Niko fijatu zen buelta handi bat eman ondoren autobusak hartu zuten lekuaren gaineko, gazteluaren gaineko kaleetan egon behar zuela, eta, bertan beherakoan eskailera maila pila bateko pasadizoa bait zegoen, hortik hasi zen jauzika. Pasadizoaren bi alderdietan etxeak zeuden, eta, etxe bateko atari batetik hots egin zioten:

- Aizu, aizu!

Nikok begiratu zuen. Mutikoxka ijitoa zen; Nikok gogoratu zuen: aurreko goizean bordan zirela txokolatea eskatu ziona zen hura.

- Zer nahi duk, mutiko?

- Hor behera ez zoaz inora; hobe duzu horko atari horretatik sartu, eta pasiloari segitu, barru eskailerak aurkitu arte eta, haietatik, bai, nahi duzuna jeitsi.

- Mila esker mutiko; nola duk izena?

- Nik, Haw.

- Eta hik zer egiten duk hemen?

- Zizak biltzen ari naiz. Eta?

- Gutxi! Arbra eta besteak?

- Gaizki; bart Arbra harrapatu zuten funtzionario batzuek eta bortxatu zuten; baina badakigu nortzuk diren; larrutik pagatuko dute.

Niko berriz inpresionatu zen mutiko haren heldutasunez. Eta Haw jadanik joan bait zihoan, hark esan atarian sartu zen, eta pasiloa zeharkatu zuen. Izan ere, han zeuden barru eskailerak. «Uste dut gaztelura garaiz helduko naizela oraindik», pentsatu zuen, eta jeisten hasi zen.

Etxe bateko eskailera normalak ziren; hogeitapiko maila, eta beste pisu bat. Pisuak, beherago eta ilunago zeuden. Azkenean, ez zuen ezer ikusten Nikok, eta pisu hartako paretak ikutu-mikutu zituen, interruptore bila. Nahi gabean ate batean taup egin zuen, eta kriiiii eginez atea ireki zen. Etxe barrena argi zehar apalez iluminatua zegoen, eta portzelana finazko pitxar batek bizitu zuen Nikoren ikusmina. «Handikiren baten etxea izango da», pentsatu zuen, eta ezin izan zuen eutsi pixka batez sartzeko tentaldia.

Bere gibelean kontu-kontuz itxi zuen atea. Miresgarria zen etxe haren handitasuna, garai bateko muebleak, armiarma lanparak, ekialdeko alfonbrak eta ehunak, urrezko marko eta brodatuak, koadro beltzak eta eskultura zuriak.

Aurreska-aurreska joaki, hots tiki arraro bat somatu zuen, baten batek ai-ai egingo bailuen. Hura gela batetik zetorren, eta hartara jo zuen Nikok.

Gela hark zabalik zuen atea eta leihotik eguzki izpi bat bulego mahai gainera infiltratzen zen. Bulegoan, gizon xahar bat kontzentraturik lanean. Bi besaulki, alfonbra lodi bat eta hainbat liburu eta paperak osatzen zuten dekorazioa. Beste bazter batean, berriz, tipo bat, ai egiten zuena izan ere, esku-zangotik lotuta eta zatar bat ahoan.

«Zer egiten du gizon horrek hor?», galdetu zion Nikok bere buruari: eta, galdera zuzenean egitekotan, zatarrez askatzera joan zitzaion. Orduan, atzetik:

- E, nor zara zu?

Galdera atzetik zetorkion. Niko itzuli zen. Neska bat zegoen han pistolaz berari apuntaka, aho-begietan dezisioa zuela. Nikok atzera egin zuen.

- Baina Max: ez al dizut esan -mahaian lanean ziharduenari galdetzen zion neskak- ernetxo egoteko?

- Bai, baina -diskulpatzen zen gizon xaharra-, lanean hain ondo nengoen...

- Eta zu, nor zara? -errepikatu zion neskak Nikori;- zer egiten duzu hemen?

- Ni... eskaileran argirik ez zegoen eta, zera...

- Bueno, bueno, ez da deus gertatzen: nahi baduzu egon hortxe, irakurri edo nahi duzuna egin: baina tipo hori bere horretan utzi. Ez bait da laguna, hori.

- Zer egin du, bada? -galdetu zion Nikok.

- Laguna ez bada, zer egingo zuen? -erantzun zuen, lojikaz, neskak. Eta Nikok bere buruari «gaztelura joateko betarik izan nezake oraino?» zalantza planteiatzen ziolarik, neskak, zorroan sarturik pistola, xaharrari galdetzen zion:- Zer, aurrera, orduan?

Gizon xaharra hasi zitzaion esplikatzen suharki.

- Ari naiz ari ikusten, errealidadea ez dela osorik hartzekoa, puxkanaka hartzekoa dela, osorik ez bait da konprenitzen ahal (nahiz eta puxkak ere nekez konpreni daitezkeen), edo bestela asimilatzen gaituzte (nahiz eta zerbaitetan zentraturik ere asimilatzen gaituzten)...

Hori izan zuen hasera, eta ondotik aspaldiko fetxaz eta kimikaren sinbolojiaz nahasiriko bakarrizketa izan zuen, neska pistolariak nonbait segitzen ahal zuena, baina Nikok, saiatu arren, berehala galdu zuena.

Bat-batean, egundoko zarata. Orduan neskak lotuta zetzanarengana joan zen, galtzarbetatik heldu zion eta arrastaka eraman zuen armario batera, bertan sartzeko. Gero, esan zion xaharrari:

- Zuk, badakizu; eta zuk -beste hau Nikori-, hobe dukezu badaezpada ere hemendik ateratzea -leihoa seinalatzen zuen-, eta haruntzxeagoko alfeizarrean esperatu nik esan artio.

Nikori ez zitzaion leihotik ateratzeko ideia gehiegi gustatu, baina gauzak ez zitezen okertu aholkua segitu zuen.

Alfeizarra estu-estua zen eta apenas ahal zitekeen zutik egon bertan.

 

© Pablo Sastre


susa-literatura.com