X - Eroen itsasontzia
- Eta -Nikok sobera harritzen ez zelakoa egiten zuen- geletara joateko, zein da bide lasterrena?
- Laster-lasterrik -erantzun zuen gizontxoak, pazientziaz-, ez dakit dagoenentz. Orain, hori informazioan esan ahalko dizute.
- Eta informaziora joateko?
- Nik egia esango dizut. Badakit hotelean bizi garela (ezkondua bait nago, jauna, emaztea eta bost alaba ditut), baina gure bizi guztia alderdi honetan egiten dugu, eta ez dugu (nik dakidanik, badaiteke alabaren batek zerbait gehiago jakitea, baina ez dut uste) gainontzekoaren berririk, ez bada zuk hezalako bidaiariren batengandik, hau edo hura kontatzen diguna.
- Orientatu bederen egin nintzakezu, zer aldera jo beharko nukeen.
Orientatu, bai. Orain dela denbora asko gabe, handik zuzen etorri batek esan zigun gauza berria, esan nahi bait da, handik etortzeko ez zela, beti uste izan genuen bezala, distantzia problema, altura problema baizik.
- Alegia...
- Alegia, garrantzitsuena igogailuak ongi erabiltzea zela.
- Horrek kezkan uzten nau, nere gelatik honaino igogailu bat bakarra ere ez bait dut erabili.
- Eskerrak, eskerrak. Denbora gehiago beharko da, gauzak diren bezala, baina igogailuak ez dira nahita nahiezkoak. Horren kontura izan dugu emaztea eta biok nahiko eztabaida. Aizu -animatzen zen gizontxoa- eta handik etorria zarenez, esango al didazu noski, han, zer moduz bizi den jendea?
- Ezin ikusi ordea, atzo iritsi bait nintzen.
- Tamala da; emaztea eta biok, alabak aldentzen hasiak eta, hotelaren bazter lasaiagoren batera joateko planak egin nahi bait ditugu, baina besteren informaziorik ezean...
- Baina ni egun batez iritsi banaiz, zuek zergatik ez...?
- Bai, baina zu, zu, eta gu, gu! -sententziatu zuen gizontxoak, eta, bekokia ilunduz, haserre legean, lanari ekin zion.
Niko -bizkitartean pastak jan eta jan-, zutik jarri zen, eta gizontxoari agur emanez -«bai» erantzun zion hark gozagaizki- diskotekaren irtenbidera zuzendu zen.
Irten eta, hiru bide kausitu zituen. Lehena goitik, bigarrena erditik, hirugarrena behetik. «Zierto hasten banaiz honetatik kontatzen hirugarrena goikoa izango da», okurritu zitzaion, berehala okurrentziaren ezteusaz ohartu zelarik. Goitik jende anitz zihoan eta Nikok ez zuen jende anitzik nahi. Erdikoa elurrez zegoen eta jende gutxi zebilen, baina zebiltzenak elur pilotekin borrokan, eta Nikok ez zuen borroka haietan sartu nahi. Gelditzen zitzaionetik hasi zen.
Bide hau landarez zerratua zegoen, eta lurrean, karrask-karrask horbela. Minutu gutxitan, gizon batzuekin elkartu zen Niko. Haiek eskurtsioan zebiltzen, fresko eta patxadaz. Nikok kontatu zien beste bi bideetan ikusi zuena. Batek esan zion goiko bideko jendea prozesioan zihoala, negar eguna zelako. Beste batek, bigarren bidekoetaz, esan zuen:
- Nori okurritzen zaio, elur botaka!
«Jende sinpatikoa da hemen», pentsatu zuen Nikok, eta harekin, landareetaz eta giroaz eta beste holakoetaz solaska, egin zuen bide puxka.
Aire zabaleko bide hark tunel baten ahoan bukatzen zuen. Han, denak sartu ziren. Hondarrezko lurra zegoen, plaietakoa hezalakoa, baina fin-fin-fina eta oso-oso garbia.
Tunelak iluminazio ona zuen, eta tartetik tartera arroka zilatua zegoen eta zilo haietan, arduraz bildurik, gorpuen hezurdurak zeuden. Nikok nola-halako beldurra sentitu zuen haseran, baina lagunen patxadak (hezetasuna komentatzen zuten, hondarraren kalidadea, eta abar) konfiantza eman zion. Hala ere galdetu zion aurrean zuenari:
- Zer dira guzti horiek?
- Arbasoen hezurdurak -erantzun zion hesteak, eta segitu zuen.
Horrela iritsi ziren ate batera, berria baina zaharren ereduan, lodia eta burdinez josia. Han batek hots egin zuen, eta barrendik ireki zieten.
Andre adintsu ile kizkur atsegina zen atea ireki zuena. Niko eta lagunak sala txukun batera sartu ziren. Txartel batean «bisita ordutegia» jartzen zuelako, museo batean zirela ulertu zuen Nikok. Lagunek, arreta handiz, gorako eskailera bat hartu zuten. Niko, han enplegatua bide zegoen hamabost urte ez zituen neskatilak geldierazi zuen:
- Nik zu nondik ezagutzen zaitut? -galdetu zion.
Nikok begiratu zion.
- Bai, nik zu nonbaitetik ezagutzen zaitut.
Atrebida samarra iruditzeaz kanpo, Nikok ez zion inondikako antzik hartzen.
- Oker hago dudarik gabe...
Nikok esanak pena ematearena eginik, eta zeozer bekatuzko proposatuko balio bezala:
- Lagun zaitzadan uzten al didazu?
- Bai... -erantzun zuen Nikok, ezpaikorra hala ere.
- Goazen hemendik -eta eskua ematen ziola, bisitari gutxi zegoen sala handi batera pasarazi zuen; eta informatu zion:- Ni Graxi naiz.
- Ni Niko naun...
- Ikusi, Niko. Sala honetan badago koadro bat gustatuko zaizuna.
Eta Graxik arin-arin zeharkatzen sala irudi handi baten aurrean ipini zuen Niko.
Beheko karteltxoak honela zioen: «Eroen barkua. Oskan Laske».
Gero Graxik ilusioz esan zion:
- Begira zenbat jende dagoen hor!
Hala zegoen, bai. Nikok ez zekien nondik hasi. Horra hor bainontzian neska bat gizonezko bat garbiketan duela, neska mutilak ohean gozatzen, eta hor bortxaketak, beste batek bere buruaz beste egiten du, aldamenean ospitala tipo bati operatzen, espiritistak ondoan mamua dariela, bilera sekretoa, dirua eta jokua, dantza suabe, dantza frenetikoa hiru neskek, marionetak, banketea, bat eguzkitan, zorabiatua ondoan, meza beste batek, katu-txakur mordoa, txikitrixa, jaun-hartzeak, urkatua, borrokak, neska batengatik disputak, bingoa, pokerra, lurperatze bat, desmadrea, gitarristak, ametrailadoristak, gerrak, jendetza sutara, buruz behera batzu, borroka librea, tenisa, kotxe karrerak, zaldizkoak, apustuak, hilketak, hiletak, prozesioak, politikoak bileran, bat gurutzaturik, txikleteroa, berbenatxoa, tiobiboa, paurrikak, millonarioak, miserableak, romantikoak, denak barku barruan eta gehiago.
- Eta hori, ezagutzen duzu? -galdetu zion Graxik koadroaren pertsonaia bat seinalatuz.
Niko hurbilagotu zen. Bai, koadroko mutil uniforme gorrizko hori ezaguna zuen.
- Txo! -esklamatu zuen.
- Niko! -bota zioten atzetik. Han zen Txo, bere begi bihurri-bizkorrez eta uniforme gorriz.
- Txo, hi hemen? -galdetu zion Nikok.
- Baiki! Egunero gosaltzen dugu elkarrekin arreba eta biok; nahi baduzu gurekin egin gaurkoa.
- Arreba duk Graxi? -berriz galdetu, Nikok.
- Bai! -erantzun zion Graxik, eta liluraz:- Benga, etorri!
- Beno, gosalduko gaitun -eta Txori:-; gainera badizkiat hiretzako galdetxo batzu...
© Pablo Sastre