VIII - Bat beheiti bestea goiti

Gaugiro preskoa, kanpoan.

- Zer, nora? -galdetu zuen Ruiz zeritzonak.

- Ameztin berbena zegok! -erantzun Lolo zelakoak, pisa egiten ari zen bazterretik.

- Aupa Ameztira! -Patxiku deitzen zenak-; zenbat gara?

Nikok ikusi zuen hitz egindako hirurak eta Artzai, Esteban, Xelmo eta bera bazirela; eta Artzaiak lanroberra bide zeramanez, hartan denak sartzen zirela.

- Gehiago ere! -esan zuen Patxikuk.

- Ez sexu berekoak! -Ruizek.

- Femeninoekin zer egingo huke ba? -galdetu Lolok.

- Jo! -erantzun Ruizek.

- Haiek bai, jo hiri!

- Adarra!

- Jipoia!

Horrelakotan sartu eta joan ziren.

Artzaiak abiaduran konduzitzen zuen. Harekin Nikok pentsatu zuen, errezotan jakin balu, orduantxe egingo zuela, ez zitezen bertan galdu. Bestaldetik, Artzaia tximista bazihoan, bera ere txinparta ibilki, egin bideaz ez zen sobera ohartu.

Ezin beraz tarte labur hartan inongo ideiarik ordenean jarri, komeni zitzaiola zekielarik ere. Ez bat ez bi, plazan ziren, berbenan. Amezti hura ez zen handia, antza, baina herriko bertako baserriak lau eta bost pisutako etxeetan itota zeuden.

Galtza eta kazadora larru beltzetan, beltzak ere botak, ileak eta anteojuak, zenbait apaingarri zilarrezko, talde pobre bateko neska-mutilek erritmo potablea erdiesten ahaleginak egiten zituzten.

Gazte horien tablaua, pankarta bat haizeak buelta emana eta taberna desastrea, berbenarako beste dekoraturik ez zegoen; baina plaza handia zen, eta arbolaldi zabal zerratua zegoen erdi-erdian. «Erdia da, ala plazaz landako basoa?», duda egin zuen Nikok hala ere.

Tabernara joan ziren. «Noski», pentsatu zuen Nikok. Batek aber zer nahi zuten galdetu zuen, eta Artzaiak ez beste guztiek -Nikok zer egin ezjakinki, segitu zuen korrontea- kopak eskatu zituzten. Artzaiak poltsikotik sagardo botila atera zuen.

- Zertarako kanbiatu? Ni honekin pozik niagok.

Besteek parrez ospatu zuten Artzaiaren burutaldia.

- Ez duk burutaldia -esan zion Xelmok Nikori-, bere filosofiaren garrantzizko elementua baizik.

«Filosofia horrekin, noranahi», pentsatu zuen Nikok: eta botilarekiko Artzaiaren abilidadea miresten zuela, sekulako zarata plazan, eta plazako denak gora so. Zer zen, eta bazen makal bat tabernaren ondoan altu-altua, eta haren gain-gaineko abar batetik bazen tipo bat hanka batetik zintzilik, oju-protestaka.

- Alajaiña! -bota zuen Xelmok, eta aire bereko esklamazioak beste denek.

Mutikoxe batek, hortzartean harakin labana zeramala, gora egin zuen arinaldi batean eta, zintzilikatuaren ikaraz, ris-ras hasi zen sokaren moztutzen.

- Ez, hori, eeeeez! -berandu horregatik, mutikoxeak soka erdibitu bait zuen eta publikoak tipoaren hezurren kraska entzun ahal izan zuen lurraren kontra jotzen zuela.

Tipoak ahal bezala bere burua konposatu zuelarik (inoren laguntzarik gabe, Nikok berak ere pentsatu zuen figura arrotza zela, aparte oso dotore), Artzaiak galdetu zion:

- Aizu, zer egiten zenuen altura horietan, jauntxo horrek?

Artzaiaren umore klasea ez ezagutu edo, heldu berriak erantzun zion harroki:

- Zurekin ez, gazte honekin mintatzera nator -Nikogatik esaten zuen.

- Erantzun, bada, lagunak galdetzen bait dizu -bueltan Nikok, eta orain bai portatu zela pentsatu zuen.

- Ganberro batzuek ipini naute hor... -eta bekaitzez bilatzen zuen jendetartean.

Nikok ere hedatu zuen begia, eta segun nola begiratzen zitzaien, plazako denak zitezkeen ganberro edo golfo samarrak, bere sei lagunak barne.

- Eta nigana zerk ekarri zaitu?

- Kontserjea naiz ni, primerako kontserjea, eta jendehartzaileak enkargu eman dit zuretzako, Mujika jaunak oraingoz ezina duela, eta haren partez ahalik lasterren Agirre jauna etorriko zaizula, hortaz beti lokalizatzeko eran egon zaitezen.

- Eta zuk, nola lokalizatu nauzu hemen? -galdetu zion Nikok.

- Baditugu medioak... -eta harropuzkeriaz hatzazalak behatzen zituen.

- Garraiorako medio hobeagoren bat montatzea hobe zenukete, bada -maleziz sartzen zen Artzaia-, sokarenak ez bait nau arras komentzitu...

- Txarkide ote zara? -aurpegiz aldatu zen kontserjea.

- Daitekeena da hori: ez bait dut hitz txar horren esangura ezagutzen.

- Gorrarena egitea daukazu; nik ere badaukat, zuk esanak geroko gogoratzea.

- Gogora, gogora; go-beheran iaioago dirudizu baina.

- lsekatan?

- Faborez!

Niko barreak eutsi ezinik zegoen -baina beste alde batera, kontserjeak ikus ez zezan-, bai eta, disimulo gutxiagoz, besteek ere, pilo bat orain, ikusle franko gertura bait zitzaien.

Horrenbestez kontserjea pazientzia galdua zuen, eta bultzaka irekitzen zuen joateko bidea, atzera errepikatzen zuela:

- Oroituko zara! Oroituko zara!

- Zuri baino lehenago ahaztu baietz! -Artzaiak, eta orain bai, denak barre algara nasaian.

Nikok, halere, aztertu beharko zuen Mujikaren afera, bai eta informatu ere, hura Agirrek zergatik izan zen sustituitua.

- Egia al da... -hasi zen hurbildu zitzaizkien mutiko kuriosoetarik bat, galdera mingainean.

- Txo!

- Neu! Aizu: egia al da, hor barrena esaten den bezala, zu periodista zarela?

- Egia; baina... -eta Nikori ere galdera mingainean gelditu zitzaion, han ez zen Txorik eta, irentsi behar izan zuen.

Orain, tablauan zirenek rock-trikitrixa jotzen zuten. Esteban, eta Xelmo eta Ruiz eta Artzaia eta denak hasi ziren saltoka eskuak kriskitin-kraskitin zerabilzkitela.

Nikok, beso batek ekarria, zirkuloaren beroan sartu zen, jira batera, jira bestera, besteek jirak ematen zituztela bera geldi, bera jiraka hasten zela kieto beste denak.

«Hobe jirak besterik ez ematea, eta erdia behinik-behin egina dut», pentsatu zuen. Baina sartu bezala beste beso batek handik apartatu zuen orduan.

- Zer ari zara, barritzen? -esaten zion mutil bixar antxume batek, zuri-gorriz jantzia eta eskuetan bi makila zeramana-; ikusi, eta ikasi -esan, eta makilak Nikori utzirik, hasten zen polliki eginez besteek arin-arin egiten zutena.

Nikok ez zuen jakin nola izan zen; arretaz segitzen zituen oinak bat-batez fziu! desagertzen zitzaizkion. Lurretik bista altxatu onduko, bi mutur gaizto zituen pare-parean.

- Aja! -atera zuen hotsa txerri muturra zuen batek.

- Anttonen laguna, e? -atera zuen besteak, txakur muturrekoa.

- Antton? Ze Antton? -eta inguruan ez Anttonik ez lagunik ez zuen ikusten Nikok, eta bihotza galtzen zuen.

- Inoxente... gaixo xaloa... eztakixu Antton xein den exta? -galdetzen zion txerriak.

- Eta makilak? -galdetzen zion txakurrak-; makilak ere ez duzu jakingo zelan dituzun...

- Horrek eman dizkit; dantzarako noski, makilak; makil-dantza...

- Klaro motel -txerri muturrak, katxondeoan-, dantzarako, zertarako bestela? -eta txakur muturrari:- ez al hekien, hik, makil-dantzarena?

Orain Esteban bertaratu zitzaien.

- Aber, aber -esaten zuen, eta makiletan jakintsu bailitzan. Nikori hartzen zizkion, eta alde guztietarik miatzen:- bai, ez dago ezpairik, hauek makilak dira; tori makilkada! -eta halako kaskarrekoak jotzen zizkien txerri-txakurrari seko lurreratzen bait zituen-.

- Inspektoreak ziren ezta? -galdetu zion Nikok Estebani.

- Bai.

- Iruditu zaizkit: zeren bila ordea?

- Herorri ez badabilzkik, egon lasa!

- Antton hori zein da?

- Antton aipatu dute? Ez al dakik? Dantzaririk peligrosoenetakotzat jotzen ditek hori! Gibel oneko mutila! Gibela! -eta, Nikori estraino egin zitzaion asoziazioz, bat-batean gogoratzen bide zen:- Ene! Ama! Zer egiten dut nik hemen! Eta karga pasatu gaberik! Adios, hi, bistartio! -eta eskutan makila bana zuela lasterkari ematen zion.

Azken gertaerak belozidadean nola ziren gertatu, Niko -inguruan dena musika eta dantza, hantxe aurrean bi gorputz zerraldo, eskuan amonaren pastekin poltsatxoa-, despistaturik zegoen.

Despistaturik segitzen zuen Xelmo, Artzaia, Ruiz, Lolo eta Patxiku trikitrixa amaituta izerditan blai etorri zitzaizkionean, eta Ruizek, jota gorputza izaki:

- Orain -proposatu zuen-, enbido diskotekara!

«Proposamena al zen?», pentsatu zuen Nikok, bere bost lagunekin lanroberatzen zelarik.

 

© Pablo Sastre


susa-literatura.com