VII - Bertso bat edo bi
Itsasoan bakarrik gelditu zirela, Esteban zuzendu zitzaion:
- Zer egin behar duk orain: alde?
Nikok urari begira, zerumugari begira eta Estebani begiratu zion:
- Ez dakit ba; ez nuke oso urrutira joan nahi -besapea usaitzen zuen-; muda gelan bait daukat...
- Iruditzen bazaik -animatu zen Esteban- alto egingo diagu nik dakidan leku batean, eta sagardo xorta bat edango, burua argitzeko.
- Eta merkantzia? -ohartarazi zion Nikok.
Horrek ez dik eskapatuko; eta goazen lekuan, denak dituk gutarrak -eta Nikori galde gehiagorako betarik eman gabe, lema eskoinera eta kostaldera abiatu ziren.
Bidean kantari hasi zen Esteban: Nikok bertsook ulertu ahal zizkion:
Mugan
euriak garbituko gaittu
eguzkiak xukatuko gaittu
eta balen kontra
ilunak babestuko gaittu.
Tip-tap tip-tap portu txiki lanbrotsu batera hurbildu ziren. Sirimiri ari zuen, eta ailegatzean -motorra isilean, arraunka hondarraldia- ilabean korpailatuta utzi zuten batela.
- Tori hauk, bururako -eta egunkari paperak luzatu zizkion Estebanek Nikori. Batean, «bart, bi tipok bahitua» titularra ikusi zuen, baina kasurik ez, eta xapela gisakoa egin zuen haiekin.
Gero, minutu gutxitako bidean, gorta antzeko baten aitzinean gelditu ziren. Estebanek aurrena atea zabaldu eta kez nahasiriko hotsaldia atera zitzaien barrendik. Barrurako keinua egin zuen Estebanek.
Nikok, egiaz, ez zuen holakorik ikusi behin ere.
Dena zen marroi ñabar hori lastoa. Fondoan, abere animaliak, bazkari. Humanoak, mahai ustelduetan, errekinen inguruan, mauka-mauka eta aski alaiturik. Gortaren lau aldetan, kupela formidableak zeuden, hainbat partetatik zulatuak, eta seboz estaliak zulo horiek, halako gisan, ezen handik sagar arnoa isur zedin etxekojauna, gizon txepel moxkorra, etorri behar bait zen eta alanbre batez zirrikitoa libratu.
Alderdi aparta batean, tximiniaz goiti kea, txingarrak zeuden gori-gorian, plantxa, suhatzak eta beste zenbait burdinkiz, eta haien erabiltzen gizonezkoak dantzan, materian jakitun denaren plantaz.
Sartzerako momentuan txikia iruditu bazitzaion ere, gortak txoko franko zituela ohartu zen Niko, Esteban eta berak leku bila bueltak ematen zituztela. Une batez kupela arteko ertz ilun batean, galdu zirela ere pentsatu zuen, lojikaz buelta osoa emanda berriz sarreran izan behar bait lirateke, eta ez ziren.
Orduan, ondoko kupelaren oholak arrenkuratu ziren, eta gizon bat irten zen handik, oholak lehengo posiziora bueltatuz.
Gizonak berehala ikusi ez, eta ikustean:
-Ño!
Nikok segidan ezagutu zuen: hura Xelmo zen, goizean baserrira lagundu zuen gizona. Bai eta Xelmok ere, bera ezagutu, eta berriro:
- Ño! Hi hemen, ez duk sorpresa txarra!
- Zer, ondo? -erantzun zion Nikok.
- Gaizki ez behintzat! Baserrian, zer?
- Ez dakit zer gertatu zaitzaidan han -gogoratu nahi izan zuen Nikok-; baina orain, hemen berriro.
«Berriro? Non, ordea?», galdetu zion harriduraz bere buruari.
- Jana ekarriko zenuten ala? -interesatu zen Xelmo.
- Ez -Nikok, eta Estebani begiratzen zion, eta presentatu ez bait zituen:- Esteban. Xelmo.
- Bai, nik ikusia zaitut nonbaiten... -baieztatu zuen Xelmok.
- Bai, nik ere nonbaitetik... -zorroztu zuen begia Estebanek.
Nikori elkarri konplizidadeaz begiratzen ziotela iruditu zitzaion.
- Goazemak, zeozer apaltzera -esan zuen Xelmok-: badizkiat hemen adiskide moduko batzu...
Niko atzetik eta Esteban atzena, kupelondotik atera ziren hirurak eta berriro ziren jendearen saltsan.
Sagardotan hasi ziren. Arte hartan esperientziarik ez eta, lehendabizikoan basoa ez hanka baizik bete zuen sagardoz Nikok. Orduantxe ari zitzaion Xelmo adiskide bat presentatzen:
- Honi Artzaia esaten zioagu -eta pixkor erantsi:- kontuz berarekin.
Eta Artzaiak erantzun Nikori:
- Nik ibili beharko diat hirekin kontuz... ez nazaken busti.
- Ez nuen ezagutzen eta... -esan zuen Nikok lotsaz.
- Ezagutu ez?... Edo dagoenekoz gehiegitxo ezagutu?
- Ez: lehen aldia da...
- Jexux-Maria-ta-Joxe! Lehen aldia!? Gixajoa!
- Baina ona dago -desbideratu zuen Nikok.
- Bai, lehena izan behar! Sagardo hau, ona!?
- Ez bait dut entenditzen...
- Horixe! Gizon entendimentu gabea! Hau, ona!?
- Gustatu egin zait...
- Hori disgustoa!
- Txarra bada sagardoa -reakzionatu zuen Nikok-, zergatik zaude hemen?
- Hemen egon? Nor dago hemen? Ni? Zeinek esan dik?
Artzaia trufari ote zebilkion otu zitzaion Nikori, eta begizkoa bazitzaion ere, ezin zuen haren erritmoa segi; beraz, beste batekin liatzen zela aprobetxatuz haragi errea ziplatzeari ekin zion kemenez.
Jan-edanean aise zihoakion denbora Nikori. Gero hasi zinen lagunak munduko bertsorik kazkarrenak botaka -hala zirela esan zuen batek, Niko hartan ere ez bait zegoen bereziki trebetua.
Lagun gerade ta bagarela
hartua ziot nik antzik
biñipin batak bertzian kontra
eiten diagu balantzik
lagun moduan egin ditzagun
suertzen al zaizkigun trantzik
Peilok lagun hobia dik eta
kupela ondora han zik.
Sagar zumoa gustatu eta Peilo haren atzetik, Niko zihoan. Kupeletik kupelerakoan, etxekojaun txepelarekin izan zuen solasa, bere sagardoari buruzko Artzaiaren iritzia komunikatu bait zion Nikok.
- Horrek? Zer daki horrek? Ezjakitetik jakitera bazegok puxka ederra!
- Omen dago beste sagardotegi bat honakoan, eta hura bai dela... -ideiarik ez, baina entzun zituenetatik mintzo zen Niko.
- Hori? Zabaltegiz ari al haiz?
Nikok, baietz.
- Hori ez duk sagardoa motel! Badituk sagardoak eta sagardoak!
- Hura omen da...
- Omen! Nork esaten du? Batek esatea-besteak esatea, ez duk gauza bera!
- Nik, jendeak dioena...
- Esatea, esatea! Mingain beltz asko, hor barrena! Hik neri kaso egin: hark ezingo dik hobeagoa egin, sekulan, ze bertako sagarraz ari bait dira, dena bertakoaz, konprenitzen al didak? Sagar batekin egitea edo bestearekin egitea, produktu bat edo bestea aterako ez al zaik?
- Bai, baina...
- Ez, ez. Egitetik egitera...
Etxekojaunaren solasa zaila egiten zitzaion Nikori. Bestalde nola harez gero burutik aski jota bait zegoen, alegratu zen Xelmok eta besteek kanporako joera hartu zutenean.
© Pablo Sastre