IV - Hiru sorgin eta bi senar
Bordan sartu eta han ez zegoenik ez zegoen; baserri tresna guzti-guztietarikoak zeuden han. Ezker izkinan eta amaraunez josirik laiak bazeuden, gero kalidade eta kondizio guztietan eskuareak eta arrastailuak, sispak eta sardeak, igitaiak eta segak, medialunak eta haitzurrak, borrak eta matxeteak; denak gainetikan ikusten minutu batzu egin zituen Nikok, barrurakoan zihoala. Azkenean, hiru lau eta bost hortzetakoak zeuden.
Ale batzu izan ezik, egurrezkoak ziren hortzetakoak, baina batzu erdi usteldurik zeuden, beste batzu berriegi eta lanerako ez egoki. Sofistikatuak ere bazeuden, belarrak automatiko jirabiratzeko mekanismozkoak, hortzak garbitzeko zepilo bat erantsita zeramatenak, eta Nikok, mendian gutxi ibilia, zertarakoa inolaz asma ezin ziezaiekeenak.
Gora beha gora heha (lanabesak langa luze-luze batetik eskegita bait zeuden), bapatean braust!, ahozpez behera Niko.
Begiak ireki zituenerako -ez zuen hala ere konortea galdu- dimentsio berritako leku batera iritsi zela otu zitzaion; lasten ohartu zen ez zela hori, baizik eta leku ilun batean hanka batetik zintzilik zegoela. Ez zegoen Niko indar betean, eta ezin askatu hanka.
Lastategia bide zen hura, edonon zeuden lasto piloak behintzat. Inor ez etortzeko beldur zen Niko, luzaz irauteko posizio hura ez bait zen arront erosoa. Gazte ahotsak entzunda ez zen gutxi alegratu.
Urrera-urreratzen, hiru lagun zetozen, hi neska eta mutil bat, mutil zezena hau, biziki sendo, neskak aldiz elkarren antza handikoak, gona heltzez, galtzerdi ilunez, takoizko zapatak, brusa askea eta ezpain-begietan zenbait pintura gorri-beltz: haragiz ongi betetako larru zuriak, bi neska haienak, haien begiraden sentsualidadea areagotzen zutenak. Bera ikusi eta jeitsi zutelarik ikusi zituen Nikok xehetasun horiek eta beste.
Mutil sendoak, lastoa goxatuz, iadanik paratzen zuen lekua, lauak jarri zitezen. Bi neskak eseri eta Nikori, eser zedin esan zioten. Begi onez jarri zen Niko, eta laukia osatzeko (ez bait zen lauki geometrikoa, norbere gogora ezarri bait zen) mutil eder sendoa, eskuan zumeki luze bat jolasean zerabilela.
Ijitoak ziren hiru lagun horiek: euskaraz jakinagatik hemen artean Nikori zeharo misterioso egiten zitzaion hizkuntzaz egiten zuten, oihartzuntsua, musikala, kabalistikoa. Nikok atseginez entzuten zituen. Neska batek txokolate puska eskaini zion, eta Nikok onartu egin zion. Arbra zuen izena neska honek, eta hitz gutxitakoa zen: haren brusaren hostoek zeozer izkutuzko gordetzen bide zuten. Lilhi zen bigarren neska, eta Srusta, mutila.
Mutikoxka bizia heldu zitzaion orduan Nikori, hura ere ijitoen arrazakoa, eta esku beltxa luzatuz Arbrak emandako txokolatea eskatu zion. Ez zion Nikok eman segi-segidan, eta mutikoxkak alde egin zion.
- Hi! -hots egin zion orduan Nikok-, hator hona, tori txokolatea.
Baina ijito kozkorrak orain mesfidantzaz begiratu zion eta buruarekin ezetza eman zion. Niko harriturik gelditu zen umearen heldutasunaz, oportunidade bakarra emate horretaz, eta damu izan zuen lagun gisa eskatu ziolarik txokolatea eman ez ziolako.
Bee mintxo batek aterarazi zuen pentsakizun horietatik. Hura entzunik, zutitu ziren neska-mutilak, eta, Nikori lagun zitzan gonbidatuz, abiatu ziren.
Ibili eta ibili egin zuten. Bidean aurrera, haseran aiene entendigaitzak zirenak nabarmen egin zitzaizkion Nikori. Halako batez, anitz jende zegoen zabal handi batera heldu ziren.
Toki haren azpikaldea zimaurtegia zen, eta han gizaki batzu pululatzen ziren kakaz eta eltxoz zipriztinduak.
Goian bestela zen panorama. Han dena garbi zen, eta egurrezko lurrean, jendea txiruliru aritzen zen jolasean. Gehienak bilutsik, elkar maitaketan batzu; Nikori zakila mokortu zitzaion hura ikusita.
Hiru ijitoak eta Niko, berriak izaki, beste berri zenbaitekin elkartu ziren, eta haientzat izan ziren goiko jolastarien barreak eta ironiak. Mutil batek, grazia handiarekin maitaleen eta helduberrien artetik jirak eta errejirak ematen zituela, esaten zuen:
- Aja! Etorri dira, etorri, gure lagun berriak, zer plazer duzue?, kabirat gozamen bila?, baduzue ba, aizu gozatsua, aizu gozokia, aizu gozo-gozoa -azken hau Nikorentzat izan zen- baduzue ba gure artean txoko-moko -eta zinpi honuntza egiten zuen, eta zanpa haruntza-: baina horren gura baduzue lehenik komedia egin heharko diguzue: bestela gaua zimaurretan pasako duzue.
Eta han zirenak hasi zitzaizkien kukuka Niko eta besteei zirikatuz, graziak egin zitzaten. Etorri berriak laster jarri ziren mogimenduan. Batek berebiziko abilidadea erakutsi zuen, bikoteen gainetik bere hanka bakarraren gainean sekulako saltoak eta dantzak egiten zituela. Beste batek pintatzen zuenarena egiten zuen, eta maite sutan zeudenak geldiarazten zituen bere koadroetan balako ñabardunak plasma ahal izateko.
Hiru ijitoak ez ziren harri gelditu. Lilhi esku batean eutsirik buruzgainka zebilen. Arbrak aurrena eta atzera itzulipurdiak, eta norbaitekin topatzean musu ematen zion, sexuan edo muturrean berdin bait zitzaion. Srusta ahotik sartutako zumea belarritik ateratzen ez zelako desesperatzen zen.
Nikok ez zekien zen esan ez zen egin. Orduan, trufalari haietarik batek eskoba ekarri zion eta:
- Barrez ez badakik barriz jakinen duk, hartu eta segi: - bota zion.
Beste batek, gaiztoago:
- Zimaurra barritzen hasi eta txukun dagoela etorri.
Eta hirugarren batek:
- Iufa!
Nikok, haiek isil zitezen, eskobatze lanari ekin zion. Berehala ordea garrasi batek tinpanoa jo zion:
- Laga eskoba edo lepoa bihurtzen diat!
- Nik ez... -hasi zen Niko esaten, baina baserrian behiak jeisten utzi zuen atsoa ezagutu bait zuen:- Zu!
- Hara! -atsoak ere, pozezko sorpresaz-: animatu haiz? Jakina, gazte eta pizkorra!
Niko ere alegratu zen atsoaren ikusteaz. Haren begi mozkortiak, haren larruts zimurtua, haren bizkar tontorra eta hortzik eza, ez zitzaizkion nazkagarri.
Atsoa nagusi zen nahaspilo hartan, eta haren nahia egiten zen. Nikoren eskutik dantzan hasi zelarik, dantzan hasi ziren larrutan ez zeudenak. Nikok pasaldi batean Arbrari gonak erortzen zitzaizkiola ikusi zuen.
Gerotxo refrenatu zen desenfrenoa, eta lerro batean hasi ziren gorputza suabe astinduz, atsoa buru zutela, eta Niko haren gibelean juntu-juntu; angula-mangula pasadizo batetan barrena zihoazen, leize moduko zuloetan hagitz eszena hunkigarriak gertatzen zirela. Zulo honetarik batetan, gizonkiz lagunduta hiru neska begi zartari nabaritu zituen Nikok, eta nondik ote eta noski hotelera iristean jendehartzailearen mahaiaren atzean ziren hiru sekretariak zirelako ezagutzen zituen: Fela, Kolette eta Pilartxo. Hirurek begi-klika egin zioten gainera.
Afrikanotik zerbait bazuen zeramaten erritmoak. Atsoak, bizkitartean, eskuak atzera eta galtzontzioetan sartu zizkion, eta zakil gogortuari heldu, eskoba moduan bait zeramakion, goxo, kasik ez bait zen ohartu Niko. Berak ere, sabelera zizkion eskuak atsoari, eta bere kasarako esaten zuen: «Igual honekin joko dut larrua; gaztexeagoa nahiago nuke baina!» Eta segitu zuten, dinbi-danba, tunel hartan sartuz eta sartuz.
Orduan tunelaren beltzean argiño bat ikusi zuen Nikok. Leiho bat zen, han alturetan, eta bertan, enmarkatua bezala, emakume bat zen.
- Françoise! -bota zion hari lerroan zebiltzenetako batek.
Begiak itxi eta ireki zituen Nikok; berriro itxi eta berriro ireki zituen. Bai, ez zegoen dudarik, Françoisek berari egiten zion joateko pikardiazko keinua.
Beraz, eta erritmoa utzi gabe atsoa konpainia onean uzten zuela prozesiotik aldenduz, emakume harengana abiatu zen. Iristeko leihoa, azpian lasto besakada batzu ipini zituen, eta gero, gaintxo hartatik saltoa emanik eta Françoiseren laguntzaz, patata zaku gisa erori zen barrura.
Emakume gurina zen Françoise, eta begi alai tximista. Gerri hezur zabal eta potentea, heldutako titiak, lepo landua, ile motz zilarra. Hura besotartean izatea gezurrezkoa iruditu zitzaion Nikori; baina, halaxe zuen.
- Egarri izanen zara, nahi duzu zenbait? -laztan egiten ziola esaten zion Fnançoisek.
- Mila esker, bai, edozer gauza fresko... -abandonatzen zen Niko, eta ohantzean desmoronatzen zen.
- Bai, badut hemen... -eta armario frigorifikoa zabaltzen zuen eta han bilatzen zuen (Nikok oihalez eta ehunez ederki apaindutako gela zela ikusteko aprobetxatu zuen momentua), eta handik pitxar txiki berdea ateratzen:- aber, proba ezazu hau -eta aldamenean etzaten zitzaion, hi gorputz artean arroparen milimetroak bestenik ez zeudela.
Nikok xurrutaldi batez hustu zuen pitxarra, mahats zumoarena bait zen, eta ondoren, Françoisek muxu egiten bait zion kariñoso, erantzuten hasi zitzaion, eskuaz laztantzen gerria, bularrez presionatzen bularrak, mihiaz milikatzen belarri baxterrak.
Françoise delizioski lajatzen zen, eta behatza beheititu zion Nikok aluraino, zirrist-zirrist hantxe, gerotxo elkarri arropak galerazten zizkioten, elkar astindu ederki, estalketa egin sukarrez, eta horretan:
- Aaa, aaa, aaa! -eskapatu zitzaion Nikori; eta zerbait harritu zen, Françoiseri ere behin eta berriro eta bajutik:
- Aaa, aaa, aaa -eskapatzen zitzaiola.
Izerditan laxotu zirenean Nikok Françoiseren aurpegia gertu-gertutik kontenplatu zuen; hura apenas markatutako zimurrez zeharkatuta zegoen. Françoise ez zen gazte-gaztea, baina ume bihurriaren begiak zituen, orain ere, haren gainetik disimulatu gabeko ikusminez begiratzen ziola; ahoa erdizabalik zuen, eta hortz zuri berdin eskisitoak erakusten zituen.
- Ze ongi! -esan zuen Nikok Françoise besarkatuz, eta saihetsean ohearen alanbreren batek min egiten ziolako buelta eman zuen, eta baten batekin topatu zen.
- Mmmm! -protestatu zuen horrek, eta Nikok atzera jauzi egin zuen izuturik, lepoaz Françoiseri kokotsean ematen ziola.
- Ssss... -lasaitu zuen honek-: Karmen da, deskantsuan dagoela.
Ohe berean zuten izan ere lo antzean beste emakume bat.
- Ez zaratarik atera -abisatu zion Françoisek-, lo arina bait du honek.
Eta Nikok ez zuen zaratarik atera; baina, Karmenen ile beltzari polita iritzirik, laztan egin zion, eta laztan, Karmenek mmm-mmm eskertzen ziona. Françoisek belarrian mintzo zitzaion:
- Bizimodu tristea daramagu Karmenek eta biok. Ezkonduta gaude, baina matrimonioak ez digu deus onik ekarri. Aspertuta gaude. Hemen, elkar kontsolatzen dugu. Baina gizonak etorri eta dena izorratzen dute. Eta guk ez ditugu deusetarako behar. Neri behintzat, fruitu on bakarra utzi dit gizonak: alaba -eta sehaska handi bat zegoen aldera seinalatu zuen, eta Nikok ezpainetan musu eman zion-. Baina alaba izateko, ez neukan haren beharrik, beste edonorekin igual egin nezakeen... Zurekin, lehen ezagutu bazintut. Baina, hura lehena zela-ta, edozer gauzan esaten bait genion maitasuna...
Nikori gustatzen zitzaion Françoise horrela mintzo zekion eta, haren bizkar hezurra esku batez laztantzen eta besteaz Karmenen ilea, ahoa ireki zitzaion eta begiak, aldiz, itxi.
Bultz egiten ziotela esnatu zen.
- Altxa, altxa, hemen garela jakin omen dutela eta heldu zaizkigula senarrak! -esaten zion Karmenek alarmaturik.
Niko jeiki bai baina noragabe eman zituen lehenbiziko pausoak.
- Gorde sehaskaren atzean -agindu zion Françoisek-, ez dago denborarik eta.
Niko gorderik, Karmen heldu eta makurtu zitzaion. Goxoki esateko:
- Esku ona duzu, ez zaitut ahaztuko mutila.
Eta Niko kontent utzita hura joanik zela Françoise eta beran:
- Segituko dugu, e?, segituko dugu; orain, iso -kanpoan urrats sendoak entzuten bait ziren, eta Nikori taup-taup egiten zion bihotzak.
Bitartean, Françoiseren alabak, bestalde arront ume trankila, Nikoren esku deskuidatua hartu eta hatzamar potxoloa ahora eraman zuen, hura xurgatzen hasteko; min pixka bat ere egiten zion, baina «ikasiko du» esanez, aguantatu zuen halabeharrez. Beste eskuarekin, haien hartu-emanak baketsu izan zitezen, buruan maite-maite egin zion, zeinaz ez bait zirudien haurra deus askorik enteratzen zitzaionik.
Bin-ban atean esku oldarkorraren deia.
- Ireki ala bertan behera atea! -ez zen boza baina ortotsa; eta proposizioaren lehen partea esanahiaren apaingarri hutsa bailitzan, amen esan onduko atea lurrera zegoen.
Françoise eta Karmen «baina» esatetik ezin pasatu, senar kristo haiek ez bait zeuden arrazoitarako.
Bi ziren, eta arma gizonak agi zenetik, uniforme aparatosoz jantzita. Izkinaratu zituzten emakumeak, eta bilatzen hasita:
- Aja! -bota zuen batek, Niko aurkitu zuela.
- Aja! -besteak.
«Ezin bertzea!», pentsatu zuen Nikok bi deabruk maite emakumeengandik eramaki zutela.
© Pablo Sastre