Negar egiten dut.

Neregatik, zuengatik

negarrez nago.

Madalena bezala nago negarrez.

Jostailua izorratu diozuen haur bat bezala

negarrez nago.

Lotu duzuen zoro bat bezala

negarrez nago.

Suhiltzaileak deitzen dituzuenean piromano bat bezala

negarrez nago.

Erremedio gabeko bale zauritua bezala

negarrez nago.

Armiarmaren sare etsaietan euli harrapatuagatik

negarrez nago.

Birikarik gabeko turuta bat bezala

negarrez nago.

Saxofoi ilez butxatutako isurbide bat bezala

negarrez nago.

Ospitale bat bezala negarrez nago.

Pupitre bat bezala negarrez nago.

Barnebide luze bat bezala negarrez nago.

Puntagabeko urrats bat bezala negarrez nago.

Asmatiko bat bezala negarrez nago.

Txori murriztu bat bezala negarrez nago.

Negarrez nago Villon-ek negar egin zuen bezala

patibuleko goren garaieratik mundua kontenplatuz.

Negarrez nago Van Gogh-ek negar egin zuen bezala

bere odolezko belarria Gauguin-i bidaliz.

Negarrez nago Alexandra Kollontay-k negar egin zuan bezala

iraultzaren zakil mehatxagarria ikusiz.

Negarrez nago Mesrine-k negar egin zuen bezala

balaz josirik azaroaren goiz hotz batetan.

Negarrez nago Sid Vicious-ek negar egin zuen bezala

bere zainak bilatzen, lainoan.

Negarrez nago Dylan Thomas bezala

Adamov bezala

Rimbaud bezala

Xabier Montoia bezala,

neroni bezala, azken finean.

Negar egiten, negar egiten dut

latazko sardinengatik

dentifrikoengatik

koloniengatik

xaboiengatik

txanpusengatik

desodoranteengatik.

Negar egiten dut katedratikoengatik

teologoengatik

hiritarrengatik

langileengatik

gurasoengatik

senarrengatik eta

emazteengatik.

Negar egiten dut

sekula insten ez den

rock & roll horregatik,

inoiz hazten ez den

marihuana horregatik

neregatik eta nere maitaleengatik

ohean datzate

fardo malderrak bezalaxe

beren gizonek hankatartean

katxarroa sar diezaien zain.

Neregatik negar egiten dut

-neregatik batipat-

esku artean ihes egiten utzi nuela

ohean berarekin gozatu nuen txori bakarra.

Negar egiten dut

beti negar egiten denagatik, ezer egin ezinean.

Negar egiten dut eta zuen aurrean erauzten naiz

nere ahultasun eta nere ezintasuna erakutsiz.

Negar egiten dut

zuei bihotza eta ipurdia ikutzeko.

Negar egiten dut zuen gupida eta haren losinak arrenka.

Negar egiten dut

atsegin dudalako.

 

© Xabier Montoia


susa-literatura.com