Hiri gertatutakoaren berririk

heldu zitzaidanean

zigarroa itzali zitzaidaan

nere odola ozpina bilakatu huen,

eta ilemina ere,

jarri zitzaidaan,

laguna.

Hi

belarrezko zoriona

irakatsi zidan hori,

porlonezko lau pareta hotzen tartean

aurkitzen haiz, hertsirik

eta eguzkiak ez dik gehiago hire bihotza berotuko.

Bai urrun dagoela

tropikoko bero goxoa, ezta?

Eta ba al dakik, motel?

Orain, paperak ez dik itsasten

txinak ez dituk urtzen,

zunitoek lixien zaporea ditek

eta gure rock & rollarik kuttunena

dagoeneko ez duk tabernetan entzuten.

Hik

gudari izukaitz horrek

Lope de Agirre berriak

musikazko Mirande horrek

munstro beltz higuingarriari

-besopean banjo disdiratsu bat

harma bakartzat-

aurpegia eman hion.

Baina

apaiz-polizi madarikatuek

(ala alderantziz)

egunero txistua botatzen didatenek,

hinderamaten.

Noiz erreko diagu

beste udaberri bat elkarrekin?

Donostian,

egun latz honetan, hire oroimenez,

antxetek ere

Urumearen gainean

blues triste bat

dantzatzen ditek.

 

© Xabier Montoia


susa-literatura.com