Nere kitarra baino gehiago behar haunat
Conraden liburu batetan baino hire begietan
abentura gehiago irakurtzen dudalako.
Nere entsaladan hire ezpainek bakarrik
ipintzen dinate zaporea.
Antonkurkuilu bikain batetan bezala
hire belarri txikietan bakarrik entzuten dinat
itsasoko zurrumurrua.
Hire sudur-mizpiratik bakarrik
sartzen dun haizea nere biriketara.
Hire lepoak bakarrik
zerbitzen zidan mukulu gisa.
Hire besakeek bakarrik
dinate laranja usaina.
Hire hatzek bakarrik
jotzen dizkinate abesti guztiak.
Hire zilborretik bakarrik
erazten ditun harri preziatuak.
Hire sabel gainean bakarrik
atseden hartzen din nere buru lasaituak.
Hire alutik bakarrik
antzematen dun paradisua
(oraindik baldin bada)
Hire ipurdiko putzak
hashiseko lurrun deliziosoekin bakarrik, izan ahal ditun alderatuak.
Hire hileroko likidoek bakarrik
dinate esnegain, ezti eta te mendazko zaporea.
Hire hanketatik bakarrik
-tobogan arina-
irrist egiten dinat, haur bat bezala, gozatzen, kuxin
bigun eta leun diren zure lumatxozko oinen gainean
erortzeko.
Hi gabe geratzea
insomnio gauean tabako gabe
geratzea baino okerrago dun.
© Xabier Montoia