Egunsentian
langile ilunak lantegi ilunetara zihoazenean
usuak
haien urrumez aldea betetzen
esnatzen zirenean
kalegarbitzaileek kaleari
aurpegia garbitzen ziotenean
etxeruntz abiatu nindunan.
Goizeko lehen argi irrifartsua
zaldirik onena baino indartsuagoa
igo zitzaidanan burura
eta
ohean hik emandako musuek
oraindik ferekatzen zidaten bihotza.
Etxera etortzerakoan
ez nindunan dutxatu
hire usai urdinaren txoriak
ez itoarren.
Betileen artean
hire historia guztiak gorde egiten dizkinat
amoroski.
© Xabier Montoia