MEMORIA EZ GALTZEKO OHARRAK - 5
Zurekin egin nuen amets
eta ibai epel batek kilimak egin zizkion etxeari.
Mamu-lana zenuen,
nire aurpegi gainera arnasa hartzera etorrita:
lotan soilik ikus zintzakedan.
Ametsetan egin nuen zurekin
eta emakume biluziak zeneuzkan inguruan,
makurtu eta altxatzen
eta muin egiten
bizkarrean, sexuan, eskuetan, besapeetan.
Irribarreka zeunden zu, denak maite baitzenituen.
Hain aspaldian ez dute gure begiek elkar ukitu
ezen nitaz oroituta, ametsetara baitzatozkit,
eta orduan
irristaka galduz doan harea bilakatzen natzaizu
loaren beroan.
© Miren Agur Meabe