MEMORIA EZ GALTZEKO OHARRAK - 4

 

Nire maitaleak ikusi nituen desfilatzen,

burumakur nire gorputzaren aterantz.

Bazihoazen urrats geldoz erre-oparirako bidean.

Hor ziren nire maitaleak,

geriza bozatuak ezinaren oihu builatsua irentsita.

 

Neu nintzen aldare-harria,

bildotsa,

sastakaia

eta besoa;

haiek, orkatiletatik narras zeramatzaten

aingura-zatiak,

paisaje-pusketak,

poema-birrinak,

kalimotxo-zipriztinak.

Agur egin nien eskuaz eta begiak bildu nituen:

gatza neukan betazaletan.

 

Gero giltzak jaurti nituen urrunera,

haragizko tenplu goibelaren baitara.

 

 

© Miren Agur Meabe

 


susa-literatura.com