MEMORIA EZ GALTZEKO OHARRAK - 2 |
Zabalik utzi nuen bart logelako leihoa
eta piztia bat sartu zen.
Aireari usnaka zebilen:
uste dut igarri ninduela izara artean kuzkurtuta.
Ez zekien biluzik nengoena, bere zain,
ezta bere izena nekienik ere.
Animalia ugaztuna zen,
burusoildua,
bularrean bilo gutxikoa,
ipurdi irtenekoa,
begiak kilometroz eta loguraz beterik
eta tabako, kresal eta ogitarteko hotzen nahastea
ahoan.
Adurra erori zitzaion alfonbra gainera,
eta infernuko itsasoen moduan
hasi zen zorua txinpartaka.
Alboetara behatu zuen,
eta lokatzezko hilobi baten moduan
desitxuratu ziren hormak.
Bizkarrean egin zuen hazka,
eta nire bularrak puztu egin ziren
mundua udaberrian ohi den legez.
Egia diot.
© Miren Agur Meabe