LEHENENGO SAIOA

 

Neure ahotsa

hormetan errebotatzen

entzuteak izorratzen nau,

 

egunero hitz berberez

madarikatzeak nardatzen nau,

 

nire sudurraren proiekzioak

ezkerreko orkatilaren kontra

topo egiteak aspertzen nau.

 

Eta paseatu egiten naiz

itxuraz

indiferente,

zelda honetan bizi den armiarma bezala

(batzuetan barre egiten die nire belarriei

atzazalak margotzen dituen bitartean),

deusezezko txori bat bezala

 

Ederra litzateke

hamalau litro

aire

edatea,

patrikak

hodeiz

betetzea,

neure burua

mendiz

estaltzea,

ur-jauzi batean barrena

korritzea

bisera horidun

zaldi baten antzera.

 

Tira...

ez naiz bederen

begirada ilunak bizikai dituzten

harresi-ereileen bazka izanen,

 

ez ditut bederen

bekainak salduko

sekula euri usainik ez dagoeneko

despatxoetako legeei

hautsa kentzeko.

 

© Xabier Izaga


susa-literatura.com