ZATOZ
Nire gorrotoak ez du amaierarik ezagutzen
zure besoetan ez bada.
Leonard Cohen
Honek beste hura esateko ere balio beharko luke,
garrantzibako gertaera magikoak
paperera bihurtzeko.
Honek sare bat izan beharko luke
transparentziak harrapatu ahal izateko.
Nik maite ditut hostoen nerbioak eta gauza errugabeenak
eta sukarraren dezimak.
Harearen azpian egon behar du hitzen batek
edo lanazko gitarraren batek
beldurrik ez diona sinpletasunari
beldurrik ez diona beso bat galtzeari,
irakiteari.
Zatoz nire odolean ipar-ekialderantz.
Paper zati batean kopiatuko zaitut
jantzi bi izango gara beti gazi.
© Igor Estankona