AHOLKUA
Ez dakit nondik heldu zaren
baina ondo etorria
insomnio honetara.
Sugea aspaldi joan zen
azal zahar bat baino ez da geratu,
brontzezko zerbaiten moldea
trumoia tximistaren ostean.
Ez dakit nondik heldu zaren
baina bakarrik zaude.
Hostoak ur azpian zorabiatu egiten dira
zoriontsuak
direlako baina zu ez
zuk hau irakur dezakezu eta zer edo zer
ulertu.
Ez dakit nondik heldu zaren
baina poesia deitzen duguna kanpamentu nomada bat da.
Bihar ez da hemen egongo.
© Igor Estankona