Demagun
hau ez dela desolamenduaren zubian eskegitako
ziega bat
eta demagun baita ere
zu ez zarela ur geldoetan harrapaturik gelditu zen
untzi ilehoria
orduan pentsa genezake zinema hustu bat eta
egun euritsu bat
edo pentsa genezake zinema bete bat eta
egun euritsu bat
nire baitako irudiak fotograma solteetara sinplifikatu
zirenetik zirimiri mengel hau baino ez dago
kapitaleko bide bustietan kokatzen zaitut
bota gorriekin plisti plasta
hor eteten zait pelikula ez the end ez betiko paris
egunero zine pantaila berberean giltzepetzen naiz
zure ulerkortasunaren begiradapean
beldurra ezin ostenduta zentsuraren sirenen zain
artega
higitzen duzu borrokalari modernoen orrazkera berria
eta ematen du bizitza eten eta zauri hilkor bat
egin didazula
zure labanaren indiferentzia harroaren
biktimen alde egiten dut otoitz burdinen kontra
delituz erratzen denaren antzera sartu nintzen aretoan
eta hemen darrait zure kateen gatibu
xirula baten orkestra oso soinu banda ona da
denbora hasi zen garaitik fanzineetako
olerki musikatuak
derrotaren gidoia bakarrik ezagutzen dugunontzat
© Urtzi Urrutikoetxea