SAUDADEAREN AURKA |
Adio bost urteen lurraldea
Adio urteak mendiak zirela
Eta adiskideak hilezkorrak uste nueneko nagitasuna
Adio makila bat eskuan munduari atzera
Eraginen niola ziur nengoeneko bakardadea
Adio baforearen uberak
Nire ametsez haratago eramaten nindueneko
xalotasuna
Adio mihia atereaz idazten nueneko poza
Mirail baten aurrean gelditu zen xuka-papera
Eta gauzen elkartze berri bat aurkitu nuen
Posible zela uste izan nuen berben arteko iluna
argitzea
Ulertzen ez nuen guztia alderantziz zegoelako
Hortzetako txantxarra haginlariaren ispilutxoan
Adio hamar urteen lurraldea
Ontzi asko sartu eta irten ziren bokaletik
Mundua nire antzeko umezurtzez betea zegoela
Ikasi nuenerako bonbilak berak zirela mezu
Kontaduria kaier bat eman zidan anaia nagusiak
Lizardiren poemak ziren eskuz kopiatuak
Talaiako arroketan ezkutatu nuen bakarrean gozatzeko
Eta uda hartako ilunabarretan garratz egin nuen negar
Euskaraz ez nekielako umezurtza nintzen
Portua bonbila hutsez betea zegoen nire mezuaren zain
Baina nik ere bonbila huts bat baino ezin nuen eskaini
Bonbila huts bat nintzen uretara uzkur
Adio hamabost urteen lurraldea
Zazpi kaier berri erosi nituen
Ez dakit zenbat bolaluma desberdin hasi
Lortu nuen marinel panamar batek bere pipa sal
ziezadan
Ilea luzatzen utzi nuen izena aldatu
Baina kaierrak gatzez beteriko kutxak ziren
Berbaren ederra ez zetorren tintaren kolorean
Argi elektrikoaren aitzakia egin nuen gero
Eta behin loak hartu ninduen garra itzalita
Kandela ohepean ezkutatu ahal izan baino lehen
Amak ez zuen ulertu paperean idatzia
Orduan ez nekien arren neure buruari
Igorritako mezua zen kandela erori balitz
Mantek su hartuko zuketen
Bizia arriskatu nuen berbagatik poeta nintzen
Adio hogei urteen lurraldea
Senekozuloko laiotzean txibiak pilazka zetozen
Hurbiltzen zitzaizkigun beste txalupak
Eta labar atzera aldegiten genuen guk
Bakarrik egon nahi genuen isilik tristerik
Kulunkaren zorabioan eguzkia Matzakun gorde arte
Ni orduan tankak plagiatzen trebatzen nintzen
Takuboku baino malerusago bizi nintzen behintzat
Koch baziloa bilatzen nuen nire tuan
Hamar berba berri ikasten nituen egunero hil
baino lehen
Behar nuen azken kaier berria bete
Munduko portuetan ez zegoen nik behar adina
bonbilarik
Adio
Ubera bezala urtu ziren urteei
Adio
Arraintxoa eskutik bezala joandako asmoei
Berba berri mordoa ikasia naiz
Eta ez dut sinesten antonimoen simetria
Atzekoz aurrera ere gauza sobera zait ulergaitz
Ez dut uste nahi nukeeneraino bestelakotu ahal izanen
naizenik
Baina adio neure buruari dena den beste nonbait
jaio behar dut
Banoa itsasmugan agertzen hasia den beste lurralde
baterantz
Izendatzen ausartzen ez naizen lurranderantz
© Koldo Izagirre