AZKEN HONDOKO TABERNAN

 

 

Azken hondoko tabernan edaten dut

Azken ondokoak garela dakienaren soseguaz

Suntsituen hezurrak berbatzen ez diren artean

Inperioaren aurka poesia baliatu behar dugula uste duten

Nire antzeko inozoak bilatzen ditut

 

Joanean datorren amorante ukatua naiz

Saritzat emandako maitasuna ez da maitasuna

Ardo amniotiko batean ostrokatu nahi ez dudalako

Poesia gure borroka bera denik uste ez duten

Nire antzeko inozoak bilatzen ditut

 

Preso makilatuak zuhaitza salatzen duen bezala

Erakusten du zauriak geziaren gramatika

Baina sakrifizioak ez du Jainkoa frogatzen

Martiri batzuk beren fedea baino ederragoak direla uste duten

Nire antzeko inozoak bilatzen ditut

 

Autokritika eskatzen dut ez oinazearen mistika

Ahularen kemenak urrikia sor badezake ere

Jokamolde duin baten ordain datza erdi bi egina bou zaharra

Munduak gu ez maitatzeko eskubidea duela uste duten

Nire antzeko inozoak bilatzen ditut

 

Hezurrari grina erantsi nahi dion inozoa naiz

Akelarrea antolatuko nuke Gernika erraustu berrian

Euskaldunek hondoratu duten euskalduna naiz

Sasiko amoranteen hilerri honek beste alderik ez duela uste duten

Nire antzeko inozoak bilatzen ditut

 

Ez iezadazue galde nola iritsi nintzen hona

Haginka utzi ninduten liburuek haragirik gabe

Odolaz idatzi behar nuen azken esaldi hura asmatu baino lehen

Geure buruaz besterik ezin dugula uste duten

Nire antzeko inozoak bilatzen ditut

 

Nire antzeko inozoak bilatzen ditut

Azken ondotik lehentasun berri bat sortuta

Uhin egin ahal izateko errealitatera

Poesiak bakarrik salba dezake Berlin

Berlinek bakarrik salba nazake ni

 

© Koldo Izagirre


susa-literatura.com